Pentsamendu Kritikoa: Desinformazioari Aurre Egiteko Giltza
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,74 KB
Gaur egun, informazioaren ugaritasunak eta horrek dakarren desinformazioak erronka handiak sortzen dituzte. Sare sozialek eta komunikabideek gure ikuspegia baldintzatzen dute, eta horrek zalantzan jartzen du benetan modu askean pentsatzeko eta erabakitzeko gai garen. Filosofiaren historian, pentsamendu kritikoa funtsezkoa izan da egia bilatzeko. Descartesek, adibidez, “Pentsatzen dut, beraz banaiz” esaldiarekin, edo Nietzschek, egia absoluturik ez dagoela ulertzeko eta gizarteak inposatutako balio moral eta sinesmen faltsuak desmuntatzeko, beharrezkoa dela adierazi zuten. Baina gaur egungo gizartean, haren garrantzia desegiten ari da, informazio azkarra eta eskuragarria nagusitzen delako.
Disertazio honetan, pentsamendu kritikoa ezinbestekoa dela defendatuko dut, informazio fidagarria bereizteko, manipulazioetatik babesteko eta bakoitzak iritzi propioak eraikitzeko tresna nagusia delako. Pentsamendu kritikoa ez lantzeak, itsu-itsuan arazo ezberdinez beteriko zirkulu batera eraman gaitzake, erabaki txarrak hartzera bultzatuz. Beraz, ez badut nik pentsatzen, zeinek egingo du? Ez al du horrek autosufizientea ez zarela erakusten?
Pentsamendu Kritikoaren Aldeko Argudioak
Pentsamendu kritikoa betidanik izan da jakintzaren eta askatasun intelektualaren oinarrietako bat. Filosofian, hainbat pentsalarik, hala nola Kant, Arendt eta Nietzschek, garrantzi handia eman diote zalantzan jartzeari eta gogoeta autonomoari. Kantek “Sapere aude!” esaten zuen, hau da, ausardia izan norbere pentsamendua erabiltzeko eta gauzak zalantzan jartzeko.
Bakoitzak bere ideiak bereizi behar ditu, bere balioekin bat datozenak, horrela desinformazioaren eta Fake News-en aurrean ez erortzeko eta inguruko informazioa egia ala gezurra den bereizteko, besteak beste erabaki propioak hartzeko. Ez badugu guk pentsatzen, zeinek pentsatuko du gure lekuan? Besteen esku utzi behar dugu pentsatzea? Eta haien ideiak ez badatoz bat gureekin? Ixildu egin behar gara?
Pentsamendu Kritikoaren Aurkako Ikuspegiak
Hala ere, pentsamendu kritikoa ez da beti positibotzat jo izan. San Agustinek eta, neurri batean, Kantek ere adierazi zuten pentsamendu kritikoa adituen esku uztea komeni dela, herritar guztiek ez baitute jakintza nahikoa egia absolutua bilatzeko edo ulertzeko.
Horrez gain, askok nahiago dute bide erraza hartu, hau da, pentsamendu kritikorik gabe bizitzea, egia zalantzan jartzeak segurtasun falta eta estresa sortzen dietelako. Koldarra dirudien arren, lasai bizitzeko modu segurua da, batzuetan beldurra ematen baitu besteekiko iritzi desberdina izateak, epaitu edo gutxietsi egingo zaituztelako. Gainera, gaur egun egia eta gezurra askotan nahastu egiten dira, eta politikariek eta hedabideek informazioa beren interesen arabera erabil dezakete jendea manipulatzeko eta haien alde izateko, zuk haien pentsamendu bera izan dezazun.
Ondorioa
Gaur egungo gizartean, pentsamendu kritikoak balio handia du, informazioaren gehiegikerian galduta ez geratzeko eta iritzi propioa garatzeko. Fake News-ek eta sare sozialetako manipulazioek gure pertzepzioak baldintzatzen dituzte, eta horregatik, ezinbestekoa da informazioa zalantzan jartzea, alderatzea eta iturri fidagarriak bilatzea.
Hala ere, egia absolutua aurkitzea ezinezkoa izan daiteke, eta batzuek nahiago dute pentsamendu kritikorik gabe bizitzea, horrek ekar dezakeen ziurgabetasunetik ihes egiteko. Dena den, gizarte demokratiko eta justuago bat lortzeko, pentsamendu kritikoa sustatzea funtsezkoa da, gure erabakiak ahalik eta informatuenak eta autonomoenak izan daitezen.