Penintsulako Barnealdeko Nekazaritza: Mesetak eta Ebroko Depresioa
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Geografía
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,06 KB
Penintsulako Barnealdeko Nekazaritza-Paisaia
Penintsularen barnealdeko nekazaritza-paisaia Bi Mesetak eta Ebroren Depresioa hartzen ditu. Bertako inguru fisikoan, batez besteko altuera handiko erliebea da nagusi Mesetetan, eta klima mediterraneo kontinentalizatua. Udan prezipitazio gutxi dago, eta iparraldeko inguru zabaletan izozteak izateko arriskua.
Nekazaritza-Egiturak eta Ezaugarriak
- Biztanleriak emigratu egin du azken hamarkadetan eta, horren eraginez, biztanleak galdu eta lurrak bertan behera gelditu dira inguru askotan. Biztanleria herrietan dago pilatuta; herri horiek txikiak dira Dueroren eta Ebroren haranetan.
- Jabetza-sistema askotarikoa da: minifundioa nagusi da Dueroren haranean, baita Ebro aldeko sail ureztatuetan ere. Jabetza handiak Salamancan, Burgosen, Gaztela-Mantxan eta Aragoiko eta Extremadurako lehorreko sailetan dira nagusi.
- Lurzoruaren erabilerak askotarikoak dira.
Lurzoruaren Erabilera eta Laborantza Motak
Nekazaritza-azalerak osoaren %44 hartzen du, eta desberdintasun handiak daude lehorreko sailen eta ureztatuen artean.
Lehorreko Sailak eta Laborantza Estentsiboa
Lehorreko sailak Mesetako eremuetan eta landazabaletan eta Ebroren haraneko ureztatu gabeko inguruetan dira nagusi. Laborantza estentsiboak egiten dira eta, batez ere, trilogia mediterraneoa delakoa hazten da: zerealak, mahastiak eta olibondoa.
Iraganean, zerealak (batez ere garia) lur zabaletan ereinda, lugorriarekin edo lekadunekin txandakatzen ziren, eta ardiak ere agertzen ziren, uztondoetan bazkatzen zirenak. Gainera, lehorreko sailetan, mahastiak eta olibondoak eta, bigarren mailan, almendrondoa eta algarroboa hazten ziren.
Gaur egun, artoaren ordez, gehienbat, garagarra ageri da; eta, lugorri osoaren ordez, lugorri erdia ezarri da, ekilorea atsedenerako laborantza gisa erabiliz. Lugorria erabat desagertu da ureztaketari eta ongarri kimikoen erabilerari esker. Joera horrek PAC izenekoaren erreforma du aurrez aurre. Laguntzak lortzeko, nekazariak, azalera arruntaz gain, beste lurzoru bat ere lugorrian utzi behar du.
Zerealak Gaztela eta Leonen dira nagusi, eta Gaztela-Mantxan, Aragoin eta Extremaduran olibondoa eta mahastia dira garrantzitsu. Mahastia Errioxan eta Nafarroan ere ageri zaigu, kalitate eta hedadura handikoa.
Sail Ureztatuak eta Laborantza Intentsiboa
Ureztaketari esker, ustiaketa intentsiboagoa izan daiteke. Tradizioz, espazio ureztatu bakarrak ibaiertzetan eta herrietatik hurbil zeuden azalera txikiak ziren. Bertan, batez ere, autokontsumorako barazkiak eta ortuariak ekoizten ziren.
Gaur egun, ureztaketak gora egin du, urtegietako eta lurrazpiko ura erabiltzen delako. Horrela, produkzioa dibertsifikatu ahal izan da: industria-landareak (azukre-erremolatxa, lupulua eta tabakoa), bazkak (alpapa, artoa), frutak eta barazkiak (kontserba-industriaren oinarria dira).
Abeltzaintza eta Bere Garrantzia
Abeltzaintzak garrantzia du inguru batzuetan:
Gaztelako eta Ebroko Abeltzaintza
Gaztelako lehorreko sailetan eta Ebroren Depresioan, ardiak dira nagusi. Uztondoetan bazkatzen dira eta, atzerriko arrazekin gurutzatzean, hobetzen ari dira. Behi ukuiluratuak eta txerriak asko ugaritu dira.
Dehesa Paisaia Extremaduran
Extremaduran, paisaia nagusia dehesa da eta Salamancarantz eta Zamorarantz hedatzen da. Nekazaritzako eta abeltzaintzarako erabilitako ustiategi handia da eta, mendi inguruetan, basorako aprobetxatzen da. Dehesa tradizionala abeltzaintzarako erabiltzen zen, ardiak eta txerriak bazkatzeko, eta bigarren mailan, behientzat. Lurzoru laboratuetan, elikagaiak eta uztondoak ekoizten ziren abereentzat, baita arteen eta artelatzen fruituak, txerriak gizentzeko azken etapan. Gaur egun, behiak pisu erlatibo handiagoa dute; lurzoru hobeko inguru batzuk nekazaritza mekanizaturako erabiltzen dira; eta beste erabilera batzuetarako, ehizarako adibidez.
Basogintza eta Bere Garrantzia
Basogintza garrantzitsua da inguru batzuetan; esaterako, Soriako Tierra Pinariega delakoan.