Pedagogia Antiautoritarioa: Askatasuna Hezkuntzan

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,2 KB

Pedagogia Antiautoritarioa

Pedagogia antiautoritarioa autoritatearen aurkako mugimendutzat jotzen da, irakaskuntzan askatasuna pertsonen edo instituzioen inposaketen aurretik jartzen duena. Antiautoritarismoak ideologia anarkistatik hartzen ditu oinarriak, hezkuntza integral eta libertarioan oinarritzen dena. Bere xedea pertsona libre eta autonomoak bihurtzea da; era berean, ezaugarri bereko gizarte bat eraikitzen lagunduko dute. XIX. mende inguruan garatzen hasi zen. XIX. mendearen erdialdean bigarren industria iraultza aurrera zihoan, eta horrekin ondorio latzak ere bai langileentzat eta nekazarientzat. Burgesia eta aristokrazia nagusi ziren gizartearen botere politiko, ekonomiko, kultural eta sozialetan. Egoera horren aurrean, langileak sindikatuetan antolatzen hasi ziren eta intelektualak beren teoriak eta proposamenak eratzeari ekin zioten. Erabateko aldaketaren inguruko sistema teorikoak sortu ziren, marxismoa eta anarkismoa, besteak beste. Bi sistema horiek helburu bera baldin bazuten ere, ikuspegi eta bide desberdinak zituzten. Hala ere, batera aritu ziren 1864-1876 bitartean Londresen eratutako “Lehen Internazionala” erakundean.

Pentsamolde utopikoak kritika gogorra egin zien botere ekonomikoa zuten erakundeei (elizari, familiari eta estatuari). Gizabanakoaren oinarrizko askatasuna aldarrikatu zuten. Mugimendu honen aitzindaria Ferrer i Guàrdia izan zen. XX. mendearen hasieran autoritarismoaren aurkako beste proposamen pedagogiko mota batzuk sortu ziren. Pedagogia honek askatasunaren alde egin zuen heinean, erakunde nahiz pertsonak inposatu edo ezartzearen aurka egin zuen. Bide horretatik Neillen eskolan, Summerhill ospetsuan, psikoanalisia izan zen autoritarismoaren kontra definitzeko modu bat. Bestetik, Rogersek, humanismotik abiatuta, zuzendaritza ezaren eragina eta norbere buruaren jabe izateko aukerak aztertu zituen. Askatasunaren ikuspegitik ere, begien bistakoak dira W. Reichen ekarpenak. Ideia hauek defenditzen zituzten egile guztiek bat egin arren, praktikan jartzeko orduan, jarrera desberdinak hartzen zituzten. Hala ere, elementu komunak izan zituzten. Izan ere, giza autonomia garatzeari inolako mugarik ez jartzea aldarrikatzen dute eta askatasunaren defentsa egiten dute, erakunde edo pertsonak inposatu edo ezartzearen aurka agertuz.

Carl Rogers

Carl Rogers 1902-1987 bitartean bizi izan zen psikologo estatubatuarra zen. Familia giro zorrotz eta kontserbadorean hazi zen. Psikologiako titulua eskuratu zuen Columbiako Unibertsitatean eta beranduago Psikologian eta Psikologia klinikoan doktoratu zen. Psikologo gisa lan egin zuen Haurren kontrako Ankerkeriaren Prebentziorako Elkartean, haurren orientazio sailean, Rochesterren. Irakasle ere izan zen zenbait unibertsitatetan, eta Pertsonen Ikerketarako Zentroa sortu zuen bere lankideekin. Psikologia humanistaren ordezkari esanguratsuena dugu. Pertsonan zentratutako ikuspuntua landu zuen, eta gizabanakoa norbere aldaketarako prozesuaren oinarria izango zela adierazi. Horrekin batera, taldeekin egin zuen lan, pertsonen arteko erlazioak arakatuz. Rogersen ekarpenik handiena psikoterapiaren munduan izan bada ere, ezin dugu ahaztu zer-nolako eragina eduki duen hezkuntzaren alorrean, bai ikaslearengan zentratutako hezkuntza defendatuko duelako, bai taldearen koordinatzaileari buruz izango duen ikuspegiagatik.

Rogers-en Nortasunaren Teoria

Rogersek nortasunaren teoria garatu zuen. Bere ustez, teoria esperientzia terapeutikoaren emaitza da. Honek bezeroekiko eta ikasleekiko jarrera parte-hartzailea definitu zuen; hau da, esperientzian oinarritutako ikaskuntzan eta ezagueran egituratu zuen bere teoria. Rogers psikologoak zioen gizabanakoek joera txikia dugula gure gaitasunak eta baliabideak garatzeko, niarekiko eta munduarekiko hautemateak bat etor daitezen. Hori guztia bideratzeko, hiru baldintza definitu zituen:

  • Zintzotasuna, kongruentzia. Irakasleak, dinamizatzaileak, terapeutak… gizabanakoaren aurrean den bezalakoa izan behar du.
  • Jarrera positiboa. Murrizketarik eta ebaluaziorik gabeko sentimendu positiboa da.
  • Ulermen enpatikoa. Terapeutak, irakasleak, dinamizatzaileak, gurasoak… bestearen sentimenduekiko sentiberatasuna duenean, sentimendu horiek bere barnean esperimenta ditzakeenean besteek bezala, eta ulermen horren bidez besteari zerbait komunika diezaiokeenean.

Norbanakoak, askatasun osoa duenean, benetan estimatzen duena aukeratzen du, eta orduan bizitzen laguntzen dioten jarrera, balio, esperientzia eta objektuak baloratzeko joera du. Rogersek praktikan giza banakoarengan eta gizabanakoak taldeetan murgilduta dagoenean jarriko du arreta. Egindako esperientziak hezkuntza mundura pasa zituen. Pertsonan zentratutako guztia berdin aplikatzen zuen ikaslean zentratutako hezkuntza prozesua aldarrikatzerakoan. Azken finean, ikaslearen autonomia eta berezkotasuna bilatzen zituen.

Alexander Sutherland Neill

Alexander Sutherland Neill 1883-1976 urte bitartean bizi izan zen pedagogo eskoziarra zen. Neillen aitak, irakaslea izan arren, ez zituen gustuko haurrak, eta uneoro zigortzen zuen Neill. Horrek eragin handia izan zuen berak garatutako pedagogia ereduan. Kimika eta Filosofia Naturala ikasten hasi zen. Ondoren, kazetaritza lanak egin eta gero, Eskoziako herrixka bateko eskolako zuzendari lanak betetzen eta heziketa gaiei buruz idazten hasi zen. 1921. urtean Summerhillgo eskola-barnetegia sortu eta Ingalaterran entzutetsu bihurtzen hasten da. Eskola horretan praktikan jarri zuen bere hezkuntzaren ikuspegia.

Neill-en Hezkuntza Printzipioak

Neillen aburuz, bizitzaren helburua zoriontsua izatea da. Tesi hori izango da gainerako printzipioen abiapuntua. Askatasunean eta autorregulazioan oinarritutako hezkuntza eraman zuen aurrera. Askatasunaren eta libertinajearen arteko muga bereiziko du: haurrak nahi duena egin dezake, baina bere ondokoa mindu gabe. Haurrak aukeratu egingo du eskoletara joan edo ez. Hautatzeko askatasun horrek ahalbidetuko du autorregulazioa. Halaber, tarteka Neillek jarrera autoritarioen alde ere egingo du, hala nola, haurraren osasuna edo segurtasuna jokoan daudenean. Aldi berean, autorregulazioaren mugak zedarrituko ditu: autorregulazioaren ulermen eremutik at egongo ginateke, haurra bere buruaren ardura bere gain hartzeko ez den unetik. Neillek askotan esango du berari interesatzen zaiona bihotza dela, eta ez burua. Haurrak bere sentimenduak lotura eta taburik gabe espresatu eta adierazi beharko ditu. Bestalde, ez du egingo sexualitatearen super baloraziorik, sexu arrotz eta erreprimitu baten aurkako protestan azalduko da.

Autogobernua eta Haurren Asanbladak

Neill eta Summerhill ulertzeko oinarriak Autogobernuan eta Haurren Asanbladetan islatzen dira. Honen bitartez, haurrak demokraziaren eta justiziaren espirituz blaitzen dira: taldean erabaki eta gero ezartzen dira zigorrak, arau-haustearekin lotura zuzena edukiko dute eta ideia morala edukiko dute bere baitan.

Neillek aurrera eramandako esperientzia azkar zabaldu zen Ingalaterra osoan, eta aldeko eta aurkako ahotsak zabaldu ziren. Halere, ideiok eztabaida pedagogikoan izan duten eragina esperientzia praktikoan baino areagoa izan da.

Entradas relacionadas: