Paulo Freireren Hezkuntza Askatzailea: Printzipioak eta Metodoa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,48 KB

Paulo Freirek hezkuntza askatzailea planteatu zuen, klaseen arteko borroka defendatzeaz gain, ikasle aske eta kritikoak sortzea helburu zuena.

Helburuak eta Ikuspegia

Hezkuntza askatzailearen helburua errealitatearen kontzientzia kritikoa hartu eta horri aurre egitea da. Elkarrizketaren bidez defendatzen du gizartea eraldatzeko beharra, garai horietako zapalkuntza egoeratik ateratzeko. Pertsonengan mundua aldatzeko fedea du (zapalduak eta zapaltzaileak barne).

Freirek "banku-hezkuntza" kontzeptua kritikatzen du, ezagutzak, gertaerak eta datuak transmititzera mugatzen delako.

Printzipio Pedagogikoak

Ezagutza etengabe birsortzen da, denon artean ikasiz. Elkarrizketaren bidez sortzen da ezagutza.

  • Alfabetatzea: hitza esatea eraldatzea da, hau da, mundua ikuspegi kritiko batez aztertu eta hori praktikara eramatea.
  • Kontzientizazioa: hausnarketa kritikoaren bidez egoerak sakonki ezagutu, zergatiak bilatu eta egoera eraldatzea.
  • Praxia: teoria eta praktikaren arteko uztarketa. Subjektu historikoak sortzea.
  • Elkarrizketaren onarpena: denok dugu gaitasun sortzaile bat; dena jarri dezakegu zalantzan, eta horretarako, ikuspegi kritikoa garatu behar dugu.

Metodo Dialogikoa

Freireren alfabetatze metodoa pertsonen eguneroko bizimoduaren ikerketa zehatz batekin hasten zen. Horrela, adibidez, herrixka batean hezitzaile talde batek bertako biztanleekin lan egingo zuen, haien bizitzako hainbat momentutako emanaldiak garatzen laguntzeko. Emanaldi hauek biztanleei marrazkien bidez, entzuteko zinten bidez eta abar aurkeztuko zizkieten. Haien bizitza ulertzen lagunduko zieten hitzak erabiliz, pertsonak norberaren jakinduria handitzen joango dira irakurmen eta idazmenean aurrera egiten duten heinean.

Freirerentzat ezin zen banandu teoria eta praktika; dena praxian oinarritzen da. Praktika teoriarik gabe koja dago, eta teoria praktikarik gabe itsua da.

Freirek alfabetizatzeko asmatu zuen metodoa zapaldua zegoen jendearen egoeraz ohartzeko asmoarekin egin zuen, eta haien bizimoduan erabiltzen zituzten hitzetan oinarrituz.

Metodoaren Etapak

Paulo Freireren metodoa beti dago oso lotuta erabiliko den ingurune ekonomiko, sozial, historiko eta politikoarekin. Beraz, bere metodoa testuinguruaren arabera aldatzen da. Bere metodoak ondorengo etapak ditu:

  1. Irakurle izango direnen hitzen ezagutza: Hau lortzeko, hezitzaileek topaketak antolatzen zituzten, non alfabetatu beharrekoen istorioak, kantuak eta abar entzuten zituzten. Horrela, haien interesa sortzen zuten gaiak ezagutzea lortzen zuten, eta hemendik hasten ziren hitz gakoak (sortzaileak) sailkatzen.
  2. Hitz sortzaileen sailkapena: Hauek izango dira erabiltzean entzuleen motibazioa sortzen dutenak, eta, aldi berean, hitz berriak sortzeko erabilgarriak direlako aukeratzen dira.
  3. Alfabetatu beharrekoen egoera esperimentalak sortu: Hitz sortzaileak abiapuntutzat hartuko dira irudi edo argazki sekuentzia baten kodifikaziorako, eta irudi bakoitzaren ondoan dagokion hitza egongo da. Horrela, haien egunerokotasuneko egoerekin lotuta egongo dira.
  4. Fitxak egingo dira koordinatzaileentzat: Hemen hitz sortzaileak egongo dira parte hartzen dutenei deskodetzean laguntzeko.
  5. Fitxak egingo dira hitz sortzaileen familia fonetiko bereko hitzak lortzeko.

Ikaslearen Rola

Ikaslea subjektu politiko-historikoa da, eta koherentea izan behar du pentsatzen duenaren eta kanpoan dagoenaren artean, benetan bere ekintza delako hezkuntza-ekintza; bere elkarrizketarik gabe ez dagoelako hezkuntzarik. Ikasle-irakaslearen dikotomia hausten du, biak berdintasun plano batean jarriz.

Irakaslearen Rola

Irakaslea autoritate koherenteki demokratikoa izan behar du, eta ez ditu inposaketarik egin behar. Hau da, gakoa autonomia bultzatzea da, bai pertsonarena bai taldearena, umiltasunez. Irakaslearen testigantza etikoa ezinbestekoa da hezkuntzan; irakasten saiatzen garenaren eta egiten dugunaren arteko koherentzia izan behar du.

Gatazkak, eztabaidak eta elkarrizketak bideratzen direla uste du, eta bere ustez egoera horiek garapen prozesuaren parte dira. Irakasleak dinamizatzailearen lana burutu behar du, ikaslearen irrika moztu gabe. Beraz, irakasleak eztabaidak bideratzeko gai izan behar du, egoerak identifikatuz eta eztabaidak prestatuz.

Entradas relacionadas: