Parlamentarismoa, botereak eta pentsamolde politikoak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Matemáticas
Escrito el en
vasco con un tamaño de 7,44 KB
Parlamentarismoa eta botere banaketa
Parlamentarismo izeneko sistema politikoan, herritarrek aukeratutako parlamentua arduratzen da legeak egiteaz eta gobernuaren jarduna kontrolatzeaz. Sistema horrek berekin dakar botereen banaketa, lehen aldiz John Locke-k proposatu zuena, monarkia parlamentarioaren oinarriak ezarri zituenean.
Botere legegilea
Botere legegilea: legeak sortzeaz arduratzen da. Guztien ongia izan behar du xedetzat, eta berdina izan behar du guztiontzat. Bozketa bidez hautatzen da.
Botere betearazlea
Botere betearazlea: botere legegileak egindako legeak gauzatzeaz edo betetzeaz arduratzen da. Gobernuaren esku dago.
Botere federatiboa
Botere federatiboa: beste herrialde batzuekiko harremanez, merkataritzaz eta estatuaren segurtasunaz arduratzen da.
John Locke-k dio agindupean daudenek altxatzeko eskubidea dutela, baldin eta botereak eskubideei kalte egiten badie, estatu etsai baten konkistaren ondorioz, botere legegilea modu arbitrarioan aldatzen bada edo legegileak eta betearazleak ez badituzte betetzen euren funtzioak.
Pentsamolde liberala eta gizarte kapitalista
Liberalismoan, banakoa eta haren eskubideak dira eszena politikoaren muina; estatuak banakoen eskubideak babestu, trukea zaindu eta lehia ekonomikoaren arauak errespetatuko dituen legezko esparru bat bermatu behar du. Estatu liberalak askatasun zibilak eta merkatuaren askatasunak babesten ditu.
Adam Smith-ek (1723-1790) uste zuen estatuaren xede nagusia hazkunde ekonomikoa bermatzea dela, eta, hortaz, merkataritza babestera mugatu behar duela, ekonomian ahalik eta gutxien esku hartuz. Smithen ustez, honako faktore hauen araberakoak dira gizarte batean ongizatea eta aberastasuna:
- Merkataritza-truke bateko aldeetako bakoitzaren interes propioa edo egoismo indibidualak, zeinaren emaitza den akordio justu bat.
- Eskaintza eta eskarien legea, merkatuaren erregulatzaile gisa.
- Ekoizpen-prozesuaren banaketa eta mekanizazioa.
Smith-ek dioenez, hiru faktore horiek elkarri lotuta ahalbidetzen dute merkatu librea bere kabuz erregulatzea, estatuak esku hartu beharrik gabe, eta gizartearentzat ahalik eta onura handienak lortzen direla horrela.
Azterketa marxista
Teoria marxista liberalismoaren eta kapitalismoaren aurkakotasun gisa jaio zen. Marx-en ustez, "historiaren eragilea klaseen arteko borroka da", eta, hortaz, sistema ekonomikoak aldatu egiten dira, klase zapalduak euren egoeraz jabetu eta matxinatzean.
Marx-ek gizakiaren alineazioa desagerrarazi nahi du; kapitalismoan, langileak bizirik irauteko ekoizpen-indarra nagusiarentzat saltzen behar duelako gertatzen da alineazioa. Hortaz, langileak salgaiak ekoizten ditu, baina bera ere salgai hutsa da sistemaren baitan.
Marxismoaren arabera, kapitalismoa eta haren egitura ekonomiko osoa ordeztu behar dira. Marx-ek berak dioenez, kapitalismoaren barne-kontraesanek erortze sahiestezina ekarriko dute, gero eta jasangaitzagoak izango diren heinean.
3 Pentsamolde utopikoa
Utopia hitza, Tomas Morok sortua, OÚ (ez) eta TÓTTOC (toki) hitz grekotik dator. Oro har, teoria bat utopia da, praktikan jarri ezin daitekeen irtenbide perfektu bat proposatzen badu. Estatua utopikoa da bere teoriaren baitan perfektua bada, baina ezarrita ezinezkoa izanik.
Estatu ideala, Platonen arabera
Platonen ustez, errepublika edo estatua hiru gizarte-klasek osatuko lituzkete: agintariek, zaindariek eta ekoizleek. Klase horietako bakoitzak funtzio oso argi bat izango luke: zuzendu, babestu eta hornitu, beren gaitasunen arabera egokituta.
Ustelkeriari aurre hartzeko, agintariek ezingo lukete jabetzarik, dirurik edo familiarik izan. Hartara, ez lukete anbizio pertsonalengatik edo senideei mesede egiteko tentaziorik izango.
Utopia errenazentistak
Errenazimentuan, genero utopikoak loraldi ikusgarria izan zuen. Nabarmentzekoa da Tomas Mororen Utopia lana. Bi zati ditu: lehenengoa garaiko gizartearen kritika zorrotza da; bigarrena, berriz, inongo tokitan kokatutako uharte baten deskribapena da, non herritarrek komunitate justu eta zoriontsua eraikitzea lortu duten.
Utopia uhartean ez dago jabetza pribaturik, eta, horrexegatik, guztion interesa anbizio eta interes pertsonalen gainetik dago. Horretaz gain, utopiatarren berdintasuna ekonomiko zein sozialarekin guztiz bateragarria den antolamendu hierarkiko zorrotz bat dago ezarrita.
Tommaso Campanellaren Eguzkiaren hiria lanak ere utopia bat deskribatzen du; hiri horretako biztanle guztiek komunitatearen ongia lortzeko lan egiten dute, eta arrazoiaren aginduei bakarrik men egiten diote. Francis Baconen Atlantida berria lanean, utopia posiblea da aurrerapen zientifiko eta teknologikoen bidez.
Kant eta betiereko bakea
Betiereko bakea testua, Immanuel Kant-ek 1795ean idatzia, ez da utopia bat, eta egilearen asmoa ez zen utopia bat izatea; baina, nazioarteko politikaren historia eta egungo egoera aintzat hartuta, badirudi maiz utopia bat dela.
Lanaren helburua da gerra legez kanpokotzat joko duen esparru juridiko bat ezartzea.
Lehen atala: atariko sei artikulu ditu. Horien helburuetako batzuk dira armada iraunkorrak desagerraraztea, estatu batek beste bat erostea debekatzea eta gerran amarru desohoragarriak galaraztea.
Bigarren atala: estatuen arteko betiereko bakerako behin betiko hiru artikuluak ezartzen ditu:
- Estatu orok osaketa errepublikanoa izan behar du eta errespetatu behar ditu askatasun-printzipioa, legeari begirako berdintasun-printzipioa eta guztiok herritar gisa berdinak garela dioen printzipioa; arau honen arabera: "Herriak bere buruari buruz erabaki ezin duena subiranoak ere ezin du erabaki".
- Jendeen zuzenbideak oinarritzat hartu behar dituen goi-legegile bati lotutako estatu libreen federazioa.
- Munduko hiritar-eskubidea: inongo estatutan ez emateko etsaitasunezko tratua atzerritarrei.
Distopiak
Distopiak teknologiaren neurriz kanpoko garapenaren ondorioz zibilizazio deshumanizatua eta estatu despotikoa ezaugarritzat dituen etorkizuneko gizarte deskribapenak dira. Hauek dira eragin handienetako hirurak: Bai mundu berria (Aldous Huxley, 1894-1963), 1984 (George Orwell, 1903-1950) eta Fahrenheit 451 (Ray Bradbury, 1920-2012).
Egungo ideal utopikoak
Gaur egun, utopikotzat jo genitzakeen idealak badira: Giza Eskubideen Adierazpenean jasoak mundu osoan ezarriko direla bermatzea bezalako helburuak.
Bakezaletasuna gerrarik gabeko mundu baten itxaropena da, eta etengabe izan da gizadiaren historian.
Ekologismoaren xedea da aurrerapen teknologikoek ingurumena hondatuko ez duten mundua lortzea.
Elkartasuna da arrazoi naturalengatik edo giza arrazoiengatik egoera zailean dauden kasuei edo pertsonei modu desinteresatuan laguntzea.
Eskubide- eta aukera-berdintasunaren nahia da gizaki orok bermatuta izatea bizimodu aberats eta duinerako behar dituen baldintzak.