Ortegaren Perspektibismoa eta Arraziobitalismoa: Bizitza eta Egia
Enviado por Chuletator online y clasificado en Griego
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,86 KB
Perspektibismoa
Perspektibismoa Ortegaren ezagutzaren teoriaren muina da. Perspektibismoaren ideia nagusia da ez dagoela errealitateari buruzko ikuspuntu egoki bakar bat, ikuspuntu egoki asko baizik. Errealitateari so egiten dion bakoitzak bere ikuspuntutik begiratzen dio, eta norberaren ikuspuntu edo perspektiba hori errealitatearen beharrezko osagaia da. Ezin da esan ikuspuntu bat besteen gainetik dagoenik.
Behatzaile guztiak ikuspuntu banatan dauden subjektuak direnez gero, perspektiba guztiek dute berezko balioa, elkarrekin bat ez etorri arren, eta are baliotsuagoak dira zenbat eta lotuago egon pertsonak berariaz duen ikuspegiari. Beraz, Ortegak nor bere ikuskerari leial izan behar zaiola aldarrikatzen du. Beste pertsonen iritziek balioa dute, ez norberaren iritziekin bat datozelako, alderantziz baizik, bat ez datozelako. Desadostasuna pentsamenduaren autonomiaren seinale da.
Horiek horrela, Ortegak besteen ikuspuntuak onartzeko behar den tolerantzia nabarmentzen du: besteen ikuspuntuek norberarenak beste eskubide dute existitzeko, ez osoak direlako, osagarri direlako baizik. Era horretan ulertutako tolerantzia oinarrizko balioa da gizartearen bizikidetzarako.
Hortaz, perspektibismoak errealitateari buruzko ikuspuntuen edo irudien aniztasuna aldarrikatzen du, eta egia errealitatearen irudi guztien konbinazio antolatua gisa ulertzen du. Irudi bakoitzak errealitatearen zati bat antzematen du, eta egia ikuspuntu guztiak bateratzearen emaitza da.
Perspektibismoarekin Ortegak aurre egin nahi izan zien eszeptizismoari eta erlatibismoari, baina, aldi berean, arrazionalismoa ere gainditu nahi izan zuen, ez baitzuen onartzen garai eta pertsona ororentzat onargarria den ikuspegi bakarra dagoenik. Hau da, perspektibismoa arrazionalismoaren eta erlatibismoaren artean kokatutako ezagutzari buruzko ikuspegia da. Ortegaren arabera, egia oro perspektiba baten araberako egia da, eta beste egia askoren osagarria da. (Ortegak paisaiaren irudia proposatu zuen perspektibismoa azaltzeko: ez dago ikuspuntu bereziki onik paisaia jakin bati begiratzeko; ikuspuntu guztiak dira onargarri.) Are gehiago, Ortegaren arabera perspektibismoa da errealitateari so egiteko ikuspegi zehatzena eskaintzen duena, perspektiba desberdinek perspektiba horren sortzailea ere biltzen dutelako, baita errealitatea bere ikuspegitik behatzen duen edonor ere.
Aipagarria da, halaber, perspektibismoaren arabera, errealitatea ezin daitekeela interpretatu subjektuaren eta objektuaren arteko ohiko bereizkuntza baztertzailearen eremuan, niaren eta ez-niaren arteko aurkaritza hertsian. Beraz, idealismoaren aurrean —gauzen gaineko niaren nagusigoa azpimarratzen duena— eta errealismoaren aurrean —gauzen berezkotasuna nabarmentzen duena—, Ortegak nia eta gauza batzean oinarritutako ikuspegi epistemologikoa proposatu zuen: niak gauzak bizitzen ditu. Errealitatearen hautematea elkartze horretan oinarritzen da.
Arraziobitalismoa
Aro arraziobitalistan, niaren eta gauzen arteko elkarrekintza bizitzaren nozioarekin lotu zuen Ortegak, bizitza errotiko errealitatetzat hartu zuelarik. Arraziobitalismoa Ortegaren pentsamenduaren oinarrietako bat da, eta, izenak dioen moduan, ikuspegi horrek bizi-arrazoiaren (razón vital) kontzeptua du ardatz.
Arraziobitalismoaren arabera, arrazoia ez da biziaren gainetik dagoen printzipio edo axiomen multzo bat. Bizitza da erabateko errealitatea, eta gainerako guztia, arrazoia barne, bizitzaren menpe dago. Hala ere, hori ez da jarrera irrazionala, historiaren barnean arrazoia eta bizitza bat eginda ageri direla azpimarratzen duen jarrera baizik. Hortaz, bizi-arrazoia arrazoi historikoa ere bada.