Ortega y Gasseten Pentsamendua eta Garapena
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,47 KB
Ortega y Gasseten Pentsamendua: Doktrinaren Garapena
Ortegaren doktrinaren garapenak hiru aro nagusi izan zituen:
- Aro objektibista (1902-1914)
- Aro perspektibista (1914-1923)
- Aro arraziobitalista (1923-1955)
Objektibismoa eta Gizarte-ardura: Masak eta Elitea
Ortegaren ustez, bi dira Espainia Europatik urruntzen duten joerak: pentsamendu sakona landu ordez literatura egiteko zaletasuna, eta eztabaida antzuetan aritzea. Ortegaren aburuz, espainiarren atzerapen sozial, politiko, tekniko eta kulturala gainditzeko ezinbestekoa da Europan indarrean dauden jarrera intelektualak Espainian errotzea. Pentsalari madrildarrak atzerapen zientifikoari egozten dio bere herriaren gainbehera.
Zehaztasunik eta metodorik ezak eztabaida antzuetara eramaten gaitu, ezinbestekoa delako ezer baino lehen zertaz ari garen ondo definitzea eta zehaztea. Zientzia egiteko, Descartesek egin nahi duen bezala, metodo zehatz bat behar dugu nahitaez. Horiek horrela, gauzek dute azkeneko hitza; ez, ordea, haien gaineko gure hizketek edo hipotesiek.
Era berean, gizakien bikaintasun-zaletasuna galtzen denean, gizartearen gainbehera hasten da. Gizartean, gizabanako bikainak gailentzen dira, eta masak jarraitzen die. Baina ez dira nahasi behar elite- eta masa-kontzeptuak aberats- eta pobre-kontzeptuekin. Eliteak bikaina eta eredugarri izan behar du; masak, aldiz, bikaintasunarekiko zaletasuna izan behar du, eta amultsua eta esanekoa haren aurrean.
Ortegarentzat, herria zuzenduko duten goi-mailako pertsona horiek identifikatzea da garrantzitsuena; hau da, ondo aukeratzea. Dena dela, ez da ahaztu behar estatuak legitimitatea behar duela, masak onespena eman behar diola.
Perspektibismoa (1914-1923)
Aro honetako esaldi ezaguna da: Ni naiz ni eta nire zirkunstantzia, eta hori salbatzen ez badut, ez dut neure burua salbatzen.
Ezinbestekoak dira pentsamendu judu-kristauaren zirkunstantzia eta filosofia grekoaren zirkunstantzia Mendebaldeko gizakia ulertzeko. Gogoeta filosofiko orok urruneko zirkunstantzia horiek hartu behar ditu kontuan. Errealitateari so egiten dion bakoitzak bere ikuspuntutik begiratzen dio. Norberaren ikuspuntua edo perspektiba errealitatearen beharrezko osagaia da, eta ezin esan daiteke ikuspuntu bat besteen gainetik dagoenik.
Perspektibismoaren teoriak, hortaz, errealitatearen gaineko ikuspuntuen aniztasuna aldarrikatzen du. Irudi bakoitzak errealitatearen zati bana dakar. Egia arian-arian erdietsiko da, ikuspuntuetatiko irudiak bateratu ahala. Pertsona baten iritziak balioa du, ez nire iritziarekin bat datorrelako, guztiz alderantziz baizik, nire iritziarekin bat ez datorrelako. Desadostaun hori pertsona horren pentsamenduaren autonomiaren seinale da.
Horiek horrela, Ortegak besteen ikuspuntuak onartzeko behar den tolerantzia nabarmentzen du. Ulertutako tolerantzia oinarrizko balioa da gizartearen bizikidetzarako. Hala eta guztiz ere, pentsalari madrildarrak aurre egin nahi die eszeptizismoari eta erlatibismoari. Joera horien arabera, alferrik ahalegintzen gara egia ziurra bilatzen.
Aldi berean, arrazionalismoaren asmoa ere gainditu nahi du; hau da, ikuspegi bakarra aurkitzea denbora eta pertsona ororentzat. Ortegak proposatzen du nia eta gauza batzean oinarritzen den alternatiba epistemologikoa: niak gauzak bizitzen ditu. Errealitatearen hautematea elkartze horretan oinarritzen da. Ortegak paisaiaren irudia proposatzen du perspektibismoa izeneko metodo filosofiko berri hau azaltzeko.