Ortega y Gasset: Objektibismoa, Zientzia eta Elitea

Enviado por Chuletator online y clasificado en Griego

Escrito el en vasco con un tamaño de 5,26 KB

Ortega y Gasset: Objektibismoa eta Gizarte-ardura

Objektibismoa eta gizarte-ardura, baita masak eta elitea ere, José Ortega y Gasset filosofo espainiarraren pentsamenduaren ardatz nagusiak dira.

Espainiaren Atzerapena eta Objektibismoaren Beharra

Ortegaren ustez, bi ziren Espainia Europatik urruntzen zuten joera nagusiak:

  • Pentsamendu sakona landu ordez literatura egiteko zaletasuna.
  • Eztabaida antzuetan aritzea.

Okerbide horiek zuzentzeko, objektibismoa proposatu zuen. Ortegaren aburuz, espainiarren atzerapen sozial, politiko, tekniko eta kulturala gainditzeko, ezinbestekoa zen Europan indarrean zeuden jarrera intelektualak Espainian errotzea. Zientzia zen, Ortegaren iritziz, Europako herrialdeak munduko beste herrialdeetatik bereizten zituena (europartzat jotzen ez zuen Espainiatik barne) eta Europari nagusitasun morala ematen ziona.

Zientzia diziplina intelektualaren emaitza da, hots, objektibismoaren oinarria, eta gaitasun batzuk behar dira hura garatzeko:

  1. Zehaztasuna eta metodoa.
  2. Jarrera kritikoa.
  3. Arrazionaltasuna.

Ortegaren esanetan, sendabide horiekin Espainian nagusi zen subjektibismoaren gaixotasuna sendatu ahalko litzateke.

Zientziaren Oinarriak: Zehaztasuna, Kritika eta Arrazionaltasuna

Zehaztasuna eta metodoa beharrezko dira. Ezinbestekoa da zer eztabaidatzen ari den ondo definitzea eta zehaztea. Jarrera kritikoa ere behar da. Jarrera kritikorik ez izateak erraiekin pentsatzera bultzatzen du. Azkenik, arrazionaltasuna da edozein diziplina intelektual zuzentzeko behar den hirugarren osagaia.

Arrazionaltasuna ez da europarren jabego pribatua; edozein herri eta kulturaren esku egon daiteke. Beraz, zenbat eta sistematikoago izan errealitateari buruzko teoriak sortzerakoan, orduan eta zorrotzagoak izango dira teoria horiek. Hautemandako objektuak elkarrekin zerikusia duten kontzeptuen sare batean sartzen badira, jakintzaren zientzia sendo eta bateratzaile bat eraiki ahal izango da. Ortegak Marburgon bere irakasle izan ziren Natorp-ek eta Cohen-ek hartu zuten bide bera hartu zuen. Bata zein bestea ezagutza-prozesuarentzat oinarri gnoseologiko sendoak aurkitu nahian zebiltzan, eta fisika matematikoa hartu zuten eredu moduan, haien ustez jakintza zorrotzena, zehatzena eta serioena baita hori.

"Gauzetara Beraietara Jotzea": Ezagutza Objektiboa

Ortegarentzat, gakoa “gauzetara beraietara jotzea” da. Jarrera subjektiboek, iritziek, sekula ez diote emango zientziari behar duen zorroztasuna. Errealitateko gauzek izan behar dute ezagutzaren azken epailea. Gauzek dute azkeneko hitza, ez gauzen gaineko hipotesiek edo iritziek.

Nolanahi ere, gauzen behaketari ahal den etekin handiena ateratzeko, ezagumena hezi eta trebatu egin behar da. Ahalmen teorikoari esker, gauzak pentsamenduaren bitartez berreraiki behar dira. Horretarako, ezinbestekoa da distantzia pixka bat hartzea, ikuskera egokian kokatzea, eta horretan datza gauzak modu objektiboan hartzea: gauzak jarduera teorikoaren objektu bihurtzean, gauzei abstrakzioari dagokion goieremutik begiratzean, haiei buruzko ezagutza arrazionala eraiki ahal izateko.

Masak eta Elitea: Gizartearen Antolaketa

Beraz, bere filosofiaren lehen aroan, Ortegak adimen-eredu bat proposatu zuen Espainiako zientzia-zereginari eskaintzeko, oso gabezia larriak ikusten zizkiolako.

Gizartearen Gainbehera eta Bikaintasunaren Garrantzia

Ortegak uste zuen bikaintasunarekiko zaletasuna galtzen denean, gizartearen gainbehera hasten dela. Herrialdea desegin egiten da masak ez duenean masa izan nahi, masako partaideek, bekaizkeriak jota, gailentzen den ororen aurka eginez gidari izan nahi dutenean.

Elitearen eta Masaren Rolak Gizartean

Gizarteak estatua sortzen du hobeto bizitzeko. Baina, ongi bizitzeko, gutxiengo hautatu batek zuzenduko duen masa antolatu bat behar da. Gizartearen berezko izatean dagoen legea da hori. Gizartean, gizabanako bikainak gailentzen dira, eta masak jarraitzen die. Ez dira nahasi behar elite eta masa kontzeptuak aberats eta pobre kontzeptuekin.

Eliteak bikaina eta eredugarri izan behar du; masak, aldiz, bikaintasunarekiko zaletasuna izan behar du, eta amultsu eta esaneko izan behar du haren aurrean. Gizarteak gizarte izan behar du lehenik, justua izan aurretik, eta, horretarako, masak masa izan behar du, eta ikasteko gogoa eta hobetzeko nahia izan behar ditu. Hori guztia erein egin behar da, eta, beraz, benetako iraultza heziketan datza.

Ortegaren iritziz, Espainian, norbaitek maila intelektual handiagoa duenean, hura miretsi ordez, nabarmenkeriatzat hartzen da, agerian uzten duelako gainerakoen maila eskasa.

Demokraziaren Kritika eta Elitearen Legitimitatea

Beraz, Ortega bere garaiko demokraziaren aurka dago; herria gobernatuko dutenak onartzea edo ez onartzea, hori besterik ez da demokrazia pentsalari madrildarraren ustez. Ondorioz, herriak ez du eskumenik hautespen-prozesuan. Ortegarentzat, herria zuzenduko duten goi-mailako pertsona horiek —elitea— identifikatzea da garrantzitsuena; ez da ahaztu behar estatuak legitimitatea behar duela.

Entradas relacionadas: