Ortega y Gasset: Objektibismoa, Masak eta Arraziobitalismoa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Griego
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,32 KB
Ortega: Objektibismoa eta Gizarte-ardura (Masak eta Elitea)
Hainbat ikerlariren ustez, J. Ortega y Gasset-en (1883–1955) pentsamendu filosofikoa hiru arotan garatzen da. Lehen aroa, objektibismoa, 1902. urtean hasten da, Ortega gazteak Glosas izeneko prentsa-artikulua argitaratzen duenean, eta 1914. urtera arte luzatzen da, Meditaciones del Quijote izeneko idazlana argitaratzen duen urtea, non begirada aldaketa nabarmena gertatzen den.
XX. mende hasierako urteetan, adi jarraitzen ditu 98ko Belaunaldiaren aldarrikapenak, eta haien eztabaidetan ere parte hartzen du sarritan. Ortegaren ustez, bi dira Espainia Europatik urruntzen duten joera kultural nagusiak:
- Pentsamendu sakona landu ordez literatura egiteko zaletasuna.
- Eztabaida antzuetan aritzea.
Ortegaren aburuz, espainiarren atzerapena gainditzeko ezinbestekoa da Europan indarrean dauden jarrera intelektualak Espainian errotzea. Erraiekin pentsatu ordez, buruarekin pentsatzen hasi behar da Espainian.
Hermann Cohen eta Paul Natorp neokantiarren jarraitzaile sutsu bihurtu zen. Ortegaren mezua “gauzetara beraietara jotzea” da, neokantismoaren izpiritutik gertu. Errealitateko gauzek gure ezagutzaren azken epaile izan behar dute. Gauzek izan behar lukete azken hitza; ez, ordea, haien gaineko gure pertzepzio edo hipotesiek.
Gabezia kulturalez aparte, Espainiak beste motatako arazoak ere baditu, arazo sozial larriak. Izan ere, Espainian ez dago inongo bikaintasun-zaletasunik. Azter ditzagun hurrengo lerroetan Ortegaren pentsamendu politikoaren ildo nagusiak.
Masak eta Elitea
Ortegaren arabera, gizarte “osasuntsu” guztiek masa antolatu eta diziplinatu bat dute. Eliteak bikaina eta eredugarria izan behar du; masak, aldiz, bikaintasunarekiko zaletasuna izan behar du, eta zintzoa eta esanekoa izan behar du haren aurrean.
Zer gertatzen da Europan Ortegaren iritziz? Masek ez dute masa izan nahi. Norbaitek maila intelektual handiagoa duenean, harrokeriatzat hartzen da, agerian uzten duelako gainerakoen maila lotsagarria. Espainian ez dago inongo bikaintasun-zaletasunik; hiritar gehienek ez dute euren burua hobetu nahi. Hori da La rebelión de las masas (1929) Ortegaren lanik ezagunenean burutzen duen diagnostiko kezkagarria.
Ortega: Perspektibismoa eta Arraziobitalismoa
J. Ortega y Gasset-en pentsamenduaren bigarren aroa, perspektibista, Meditaciones del Quijote (1914) izeneko idazlanarekin hasten da. Bertan agertzen da Ortegaren filosofia laburbiltzen duen esaldi ospetsua: «Yo soy yo y mi circunstancia, y si no la salvo a ella no me salvo yo». Era berean, 1916. urtetik aurrera epeka argitaraturiko El Espectador izeneko artikulu-bilduman zirkunstantziaren kontzeptua garatzen du.
Perspektibismoa
Gizaki bakoitza zirkunstantzia batean murgildurik dagoenez, errealitateari so egiten dion horrek bere ikuspuntutik egiten du. Ezin esan daiteke ikuspuntu bat besteen gainetik dagoenik. Perspektibismoak errealitatearen gaineko ikuspuntuen aniztasuna aldarrikatzen du, eta horrela aurre egin nahi die eszeptizismoari eta erlatibismoari. Egia ez da erlatiboa edo erabat eskuraezina: Egia errealitatearen gaineko irudi guztien konbinazioa baino ezin da izan.
Arraziobitalismoa
Arraziobitalismoa Ortegaren helduaroko doktrina da. El tema de nuestro tiempo izeneko idazkiaren izenburu berak Ortegaren asmo nagusiaren berri ematen digu: filosofia eredu berri bat sortzea, arrazionalismo intelektualista gaindituz. Arrazionalismo intelektualista eta bitalismoaren arteko sintesia egingo du, eta honen emaitza arraziobitalismoa da.
Ortegak gogoeta egiten du gizakia kokaturik dagoen bi faktore erradikalen inguruan: bizitza eta arrazoimena. Arrazoimen-eredu tradizionalak amildegi handi bat sortzen du gizakiaren bizitza konkretuaren eta arrazoimenaren jardungunearen artean.
Arrazoimen abstraktu horrek egi absolutu eta aldaezinak, ahistorikoak, bilatzen ditu; hortaz, ezin hauteman dezake bizitzari darion errealitate konkretua, errealitate hori, izatez, tenporala eta historikoa delako. Arrazoimen abstraktu horren aurka bizi-arrazoimena aldarrikatuko du.