Oroimena: Mota, Funtzionamendua eta Patologiak
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,7 KB
Iraupen Laburreko Oroimena (ILO)
Iraupen laburreko oroimena kontzientziaren erdigunea da. Bertan biltzen da, denbora-tarte jakin batean, gogameneko edozein pentsamendu, informazio edo esperientzia. 15, 20 edo gehienez 30 segunduko iraupena du. Denbora-tarte horren buruan, informazioa iraupen handiko oroimenean biltzen ez bada, galdu egiten da.
Bildutako informazioa ezin da iraupen handiko oroimenera iritsi iraupen laburreko oroimenetik pasatu ezean. Kontrako bidean, iraupen handiko oroimenetik berreskuratzen dugun edozein informaziok iraupen laburreko oroimenetik pasa behar du erantzun gisa erabili ahal izateko.
Iraupen Handiko Oroimena (IHO)
Iraupen handiko oroimena bizitza osoan zehar gureganatzen ditugun informazio guztien biltegia da. Mugagabea da edukieraren eta iraupenaren aldetik, eta ondorioz, oroimen egiturarik aberatsena eta konplexuena da; baina, ordainetan, ikertzen zailena. Bertan gordetakoak luzaroan irauten du.
Iraupen laburreko oroimena gauzen ezaugarri fisikoetan oinarritzen den bitartean, iraupen handiko oroimena gauzen esanahietan oinarritzen da. Iraupen handiko oroimenaren egiturari buruzko sailkapen bat baino gehiago proposatu izan da. Ezagunena Tulving-ek bereizitako hiru azpisistema dira:
- Gertaeraren oroimena: Iraganeko esperientziak gogoratzen ditugu; oroimen autobiografikoa da.
- Oroimen semantikoa: Pertsona bakoitzaren munduaren ikuspegia gordetzen da; hau da, munduari buruz bakoitzak duen ezagutza.
- Prozeduren oroimena: Gauzak nola egiten diren gogoratzen dugu; hortxe gordetzen da, beraz, trebetasun ezagutza.
Ahaztea eta Interferentzia
Oroitzea informazioa prozesatzea da, eta oroitze prozesu bakoitzari ahazte mota bat dagokio. Baina ahazteaz hitz egiten dugunean, iraupen handiko oroimenean gertatzen den informazioaren galera daukagu gogoan. Galera hori eragiten duen faktore indartsuenetako bat interferentzia da. Bi interferentzia mota daude:
- Interferentzia erretroaktiboa: Aurretik biltegian gordetako informazioa berreskuratzea oztopatzen duena.
- Interferentzia proaktikoa: Aurretik biltegian gordetako informazioak informazio berria biltzea eragozten duena.
Oroimenaren Patologia
Amnesia
Oroimenaren funtzio batzuen edo guztien galtzea da. Mota nagusiak:
- Amnesia Erretrogradoa (edo atzera-eragilea): Oroimen galera nahastea gertatu aurreko aldiari dagokio.
- Amnesia Anterogradoa (edo aurrera-eragilea): Oroimen galera gertaerak gertatu orduko nozitzen da. Azpimarragarria da amnesia gertatu aurrekoak oztoporik gabe gogoratzen dituztela pertsonek.
- Amnesia Lekutua: Oroimen galtzea denbora-tarte zehatz bati dagokio. Amnesia mota hau gogamen-nahasteetan eta koma-egoeran aurkezten da.
- Amnesia Hautakorra: Oroimen galera bizipen berezi batzuei dagokie. Freudek deskribatutako amnesiak sail honetakoak dira. Amnesia hautakorren barnean antsiazko egoerek sor lezaketen oroimen-galtzea ere sartzen da.
Hipermnesiak
Oroitzeko ezintasunaz ez, baizik eta oroitzeko erraztasunaz ezaugarritzen dira. Depresio-egoeratan gerta daiteke esperientzia desatseginak bizikiago eta maizago gogoratzea.
Paramnesiak
Oroitzapenak oker gordetzeagatik ezaugarritzen dira. Hauetan, jatorrizko gertaeran jazo ez ziren gertakariak gehitzen zaizkio oroitzapenari.
“Deja Vu” edo “Ikusia dut” bezala ezagutzen den fenomeno bitxia, non pertsona, egoera, paisaia edo objekturen bat aldez aurretik ikusi izan delako uste bizia, baina gezurrezkoa, nagusitzen den, paramnesien barruan aztertzen da.