Ornogabeak: Sailkapena, Ezaugarriak eta Talde Nagusiak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Biología

Escrito el en vasco con un tamaño de 11,18 KB

1. Ornogabeen Ezaugarri Orokorrak

Ornogabeak planetako talde ugariena dira: 100 espezieetatik %95 baino gehiago dira.

  • Neurria: Ur-arkakuso mikroskopikoa nahiz txipiroi erraldoia aurki ditzakegu talde honetan.

  • Lekuz aldatzeko moduak: Gehienak modu aktiboan aldatzen dira lekuz. Dena den, badaude animalia sesilak ere, substratuari atxikita daudenak (koralak, adibidez).

  • Eskeletoaren presentzia: Animalia batzuen gorputza (intsektuena, adibidez) kanpo-eskeletoak edo exoeskeletoak estaltzen du; eta beste batzuek ez dute (zizareek, adibidez).

  • Bizi diren inguruneak: Ornogabeak lehorrean nahiz uretan bizi dira, ur gezatan edo ur gazitan.


2. Poriferoak eta Knidarioak

Poriferoek eta knidarioek ez dute organo edo aparatu espezializaturik. Uretako ekosistemetan bizi dira.

2.1 Poriferoak (Belakiak)

Poriferoak, edo belakiak, animalia sesilak dira. Gehienak itsasokoak dira.
Belakiek zaku formako gorputza dute. Barruan, barrunbe nagusi bat dute, atrio-barrunbea, eta oskulu izeneko zulo baten bidez komunikatzen da kanpoaldearekin. Pareta lodiak eta poro ugariak dituzte. Poriferoek barne-eskeletoa dute, espikula gogorrez eta zuntz leun eta malguz osatua.
Animalia hauek uretatik iragazketa bidez elikatzen dira.

2.2 Knidarioak

Knidarioek simetria erradiala dute eta gorputz biguna. Erdialdean barrunbe gastrobasikularra dute, eta bertan digeritzen dute elikagaia.
Barrunbe hori garroz inguratutako irekigune bakar batekin komunikatzen da, eta aho eta uzki modura erabiltzen dute. Garroen funtzioa harrapakinak harrapatzea eta beren zelula erresumingarrien bidez geldiaraztea da.

Gorputzaren antolaeraren arabera, bi forma hauetara ager daitezke:

  • Polipo fasea: zaku forma dute.

  • Marmoka fasea: aterki forma dute.

Batzuetan, animalia berak bi faseak izan ditzake bere bizitzan zehar.


3. Platihelmintoak, Nematodoak eta Anelidoak (Zizareak)

Ornogabeen hiru talde dira platihelmintoak, nematodoak eta anelidoak, eta zenbait ezaugarri komun dituzte:

  • Aldebiko simetria dute.

  • Gorputz bigun eta luzanga dute.

  • Har forma dute eta hankarik ez dutenez, herrestan mugitzen dira.


3.1 Platihelmintoak

Animalia hauen ezaugarri nagusietako bat da beren gorputz zapala.
Ia platihelminto guztiak parasitak dira, hala nola teniak (animalien eta, beraz, gizakiaren hesteetan bizi direnak). Badaude aske bizi diren uretako espezieak ere, planaria, adibidez.

3.2 Nematodoak

  • Nematodoek gorputz zilindriko mehea dute, eta muturrak punta-forma izan ohi du.

  • Uretan edo lehorrean, aske bizi dira; baina batzuk parasitak dira, eta gaixotasunak sortzen dituzte, hala nola trikinak eta heste-zizareak.


3.3 Anelidoak

Anelidoen ezaugarri nagusiak dira gorputz zilindriko eta luzanga izatea, eta metameria.

  • Termino horrek adierazten du gorputza metamero deritzen segmentu edo eraztunetan zatituta dagoela, eta segmentu horiek animalien bizi-funtzio guztiak egiteko gai dira. Horretarako, goragoko mailako animaliek dituzten organoen antzeko zenbait errepikatzen dira eraztun bakoitzean, modu sinpleagoan.

  • Hankarik ez badute ere, anelido askok harizpi zurrun batzuk erabiltzen dituzte mugitzeko: ketak.


4. Moluskuak

Talde honetan, askotariko animaliak sartzen dira, hala nola bareak, muskuiluak eta olagarroak. Oro har, antolamendu bera dute guztiek:

  • Aldebiko simetria dute.

  • Gorputz biguna dute, eta segmentatu gabea.

  • Hiru atal dituzte:

    1. Burua: Hainbat egitura dituzte, zentzumen-organoen euskarri direnak: ahoa, begiak eta garroak.

    2. Masa biszerala: Animaliaren barne-organo gehienak daude bertan. Mantuak inguratzen du masa hori, eta mantuaren zelulek karekizko egitura bat sortzen dute: maskorra, barnean nahiz kanpoan egon daitekeena.

    3. Oina: Organo gihartsua da, eta funtzio bat betetzen du molusku mota bakoitzean.

Hainbat molusku mota daude; horien artean, gasteropodoak, bibalbioak eta zefalopodoak nabarmentzen dira.


4.1 Gasteropodoak

Gasteropodoak dira moluskuen barnean ugarienak. Gehienak uretakoak dira, baina lehorrekoak ere badaude. Hauen barruan sartzen dira, besteak beste, barraskiloak eta bareak.

  1. Burua: Organo oso garatua da. Lau garro ditu: bi ikusmen-funtzioarekin eta beste biak ukimen-funtzioarekin.

  2. Masa biszerala: Maskor kiribila du gorputza babesteko.

  3. Oina: Organo gihartsua da, ibiltzeko erabiltzen duena. Sabela du barruan.


4.2 Bibalbioak

Bibalbioak dira, besteak beste, muskuiluak, ostrak eta txirlak. Itsasoko animaliak dira, hondarretan edo arrokei itsatsita bizi direnak, eta iragazketaren bidez elikatzen dira.

  • Bibalbioei ez zaie burua bereizten.

  • Masa biszerala: Maskorrak babesten du, eta bi piezak edo kuskuk osatzen dute maskorra. Kuskuak atzetik lotuta daude eta muskulu indartsuekin zabaltzen eta ixten dira.

  • Oina: Txikia dute, aizkora-formakoa. Oinarekin zulatu egiten dute harean ezkutatzeko eta poliki-poliki mugi daitezke.

4.3 Zefalopodoak

Moluskuen klase konplexuena da zefalopodoena. Klase honetakoak dira txipiroia, txibia, olagarroa eta nautilusa. Aske bizi dira itsasoan, eta haragijaleak dira.

  • Burua: Oso garatua dute, eta bi begi handi dituzte. Horiei esker, ikusmen bikaina dute.

  • Masa biszerala: Luzatuta dute, eta forma hidrodinamikoa. Espezie gehienek barnean dute maskorra (txibiak, adibidez). Nautilusek kanpoan dute maskorra eta olagarroek ez dute maskorrik.

  • Oina: Burutik ateratzen da eta bentosadun garroak dituzte. Harrapakinak harrapatzeko erabiltzen dituzte garro horiek.


5. Artropodoak

Izaki bizidunen arteko talderik ugariena da artropodoena, eta milioi bat espezie baino gehiago identifikatu dira talde honetan.

  • Aldebiko simetria dute.

  • Hiru atal bereizten dira: burua, toraxa eta sabelaldea.

  • Gorputza kanpo-eskeletoak edo exoeskeletoak estalia dute, eta kitinaz osatutako gai gogor batez dago osatuta eskeleto hori. Exoeskeletoak ez dio uzten hazten; horregatik, aldian-aldian galdu egiten du, eta handiagoa osatzen du. Prozesu horri mudatzea deritzo.

  • Apendize artikulatuak eta, beraz, mugikorrak dituzte (hankak, hegoak, antenak eta barailak, adibidez). Ezaugarri horiexek zor dio izena talde honek (*artro*: artikulatua, eta *podo*: hanka).


5.1 Miriapodoak

Multzo honetakoak dira ehunzangoa eta milazangoa. Lehorreko ingurune hezeetan bizi dira, orbel artean edo harri eta enbor azpietan, adibidez. Gorputz luzanga dute, bi ataletan bereizia.

  • Burua: Antena pare bat, begi soilak eta ahoan mastekatzeko pieza pare bat dituzte.

  • Enborra: Toraxa eta sabelaldea ditu. Gorputza segmentatua dute, eta segmentu bakoitzean hanka pare bat (ehunzangoak) edo bi pare (milazangoak) dituzte.


5.2 Araknidoak

Araknidoen taldekoak dira armiarmak, eskorpioiak, akainak eta opilioiak. Inguru bero eta idorretan bizi dira, eta haragijaleak dira gehienak. Gorputzean, bi atal bereizten dira: zefalotoraxa eta sabelaldea.

  • Zefalotoraxa: Buruaren eta toraxaren bat-egitea da. Aurreko aldean, kelizeroak (azazkal edo matxarda formako bi apendize, jateko erabiltzen dituenak) ditu. Beste pareak, pedipalpoak, zentzumen- eta babes-funtzioa betetzen du. Gainera, lau hanka pare ditu.

  • Sabelaldea: Araknido gehienetan, ez dago segmentatua, eta puxika forma du. Armiarmetan, irun-organoak ditu amaieran, zeta-guruinen euskarri.


5.3 Krustazeoak

Krustazeoen taldearen barruan, itsasoko espezieak dira gehienak: abakandoa, izkira eta lanperna, adibidez. Badira ur gezakoak ere (iba-karramarroa, adibidez) eta lehorrekoak ere bai (kukurutxa, adibidez). Gehienen gorputzak bi atal ditu: zefalotoraxa eta sabelaldea.

  • Zefalotoraxa: Oskolak babesten du. Buruan, bi antena pare ditu (ukimen- eta usaimen-antenak); eta begi parea eta baraila mastekatzaileak ditu. Toraxean, bost hanka pare ditu, lehen bi pareak matxarda-formakoak dira.

  • Sabelaldea: Uretan batetik bestera errazago mugitzeko, lamina formako segmentuak ditu. Azken segmentuak, telson deritzenak, igeri-parea du.


5.4 Intsektuak

Arrakasta biologiko handiena duen animalia taldea da. Itsaso zabalean izan ezik, askotariko inguruneetara moldatu dira. Intsektu dira, besteak beste, kakalardoak, kilkerrak, sitsak, eltxoak, inurriak, landare-zorriak...

Hiru atal bereizten dira, argi eta garbi: burua, toraxa eta sabelaldea.

  1. Burua: Ukimen- eta usaimen-funtzioa duen antena parea, elikadura motara egokitutako ahoa, eta bi begi konposatu handi eta zenbait begi bakun.

  2. Toraxa: Hiru hanka pare artikulatu ditu, eta, zenbaitetan, hego pare bat edo bi pare.

  3. Sabelaldea: Segmentatua da, eta ez du apendizerik.


6. Ekinodermoak

  • Itsas hondoan edo itsasertzean bizi dira.

  • Helduak direnean simetria erradiala dute, eta larbak direnean alde biko simetria.

  • Gorputza ez dute segmentatua eta burua ez da bereizten. Ahoa beheko aldean izan ohi da.

  • Barne-eskeletoa dute, karekizko plakaz osatua. Batzuek arantzak dituzte. Hortik datorkie izena (*echina* = arantza, *derma* = azala).

  • Aparatu anbulakrala dute; hau da, barruan urez betetako hodi batzuk dituzte. Barruko uraren presioa erabiltzen dute ibili ahal izateko, oin anbulakralak deritzenak. Hodiaren bukaeran bentosa bat dute.

Entradas relacionadas: