Ontogenesia eta Filogenesia: Bizitzaren Bilakaera

Enviado por Chuletator online y clasificado en Biología

Escrito el en vasco con un tamaño de 8,57 KB

Filosofia Azterketa

Ontogenesia eta Filogenesia

Izaki bakoitzak eraldaketak izaten ditu jaiotzatik hil arte. Adibidez, hazi batetik landare garatu bat izatera, edo arrautza batetik hegazti bihurtzera. Aldaketa multzo horri ontogenesia deritzo. Filogenesia, berriz, espezieak denboran zehar aldatu direla adierazten du: espezie batzuetatik beste batzuk sortu direla, eta horrela, filum edo leinu bat osatu dute.

Hau da, ontogenesia banakoen aldaketei eta garapenari dagokio, eta filogenesia belaunaldiz belaunaldi sortzen diren aldaketak dira, pixkanaka pilatzen joaten direnak prozesu luze batean.

Espeziea

Izaki bizidunen multzo batek espezie bat osatzen dute, izaki horiek antzeko itxura badute eta, batez ere, haien artean ugaltzeko gai badira. Adibidez, dalmata bat eta alemaniar artzain txakur bat espezie berekoak dira.

Filogenesiari buruzko azalpenak

Fixismoa

Duela urte asko, espezie bakoitza aldaezina zela uste zen, bai eta betirako zirela ere. Teoria fixistek adierazten zuten norbanakoak aldatzen zirela, baina espezieak ez zutela inolako aldaketarik jasaten. Aristoteles izan zen fixismoaren defendatzaile nagusietako bat. Teoria honen arazo handiena fosilen aurkikuntza izan zen, animalia eta landare ezezagunen aztarnak.

George Cuvierrek proposatu zuen animalia eta landare horiek guztiak kataklismo edo hondamendi handi baten ondorioz desagertu zirela, baina ez zuen kontuan hartu desagertutako espezie horiek gaur egungo espezie batzuen jatorri izan zitezkeenik. Horregatik, fixismoa aurrera egin zuen. Teoria fixistek ez zuten filogenesia kontuan hartzen.

Eboluzionismoa

Lamarck

Espezieen eboluzio biologikoari buruzko lehen teoria proposatu zuen. Bertan adierazi zuen izaki bizidunak berez sortu zirela materia inorganikotik, bi lerro nagusi jarraituz: animaliak eta landareak.

Denborarekin, izaki bizidunak inguruarekiko interakzioaren ondorioz eraldatu dira. Organo batzuen erabilera organo hori sendotzen zuen, eta organo bat ez erabiltzeak ahuldu egiten zuen, desagertu arte. Hau da, “funtzioak organoa sendotzen du”.

Eboluzioak xede bat duela adierazten zuen teoria honek: gizakion kasuan, perfekzio gailena lortzea. Baina teoria honek hainbat akats zituen.

Darwin

Darwinek bultzada handia eman zion eboluzionismoari. Izaki bizidunen organoen askoren formei azalpen zientifikoa eman zien; funtzio jakin batzuk betetzeko “diseinatuta” zeudela azaldu zuen. Izaki bizidunak bizimodu askotara egokituta daude; bakoitzaren organoak eta gorputz-atalak inguruarekiko interakzioaren mende zeudela esanez.

Bizirauteko, bizidun guztiak gogor jardun behar dute. Batzuk aurrera egiten dute, hobeto egokituta daudelako ingurunera; beste batzuk, berriz, hil egiten dira, gutxien egokituta daudenak. Horregatik, hoberen prestatuta daudenak biziraungo dute eta beren geneak ondorengoei transmitituko dizkiete. Prozesu horri “espezieen hautespen naturala” deitu zion.

Lamarcken teoria

Izaki bizidunen eraldaketak inguruarekiko interakzioaren ondorio dira. Inguruak, beraz, presioa egiten du; faktore aktiboa da. Ingurunera moldatzeko beharrak izaki bizidunen organo baten erabilera handitzea dakar, horrela organo hori sendotuz. Organoa ez bada erabiltzen, desagertzen da denborarekin.

Banakoak bere organismoan sortutako eraldaketak bere ondorengoei transmitituko dizkie, modu honetan espeziea aldatuz, eboluzionatuz. Espezieak sortu zirenetik hoberantz eboluzionatu dute, gero eta perfektuagoak bihurtuz (Teleonomia).

Baina Lamarcken teoria ez zen guztiz zuzena. Bere ustez, espezie bateko banako batengan aldaketa bat gertatzen bazen, bere ondorengoek aldaketa berdinarekin jaioko ziren, eta ez da horrela. Baina bere teoria ez zegoen guztiz oker; esan zuenez, banako batek dituen ezaugarriak bere gurasoengandik jasotzen zituelako, eta horretan arrazoia zuen.

Darwinen teoria

Garai desberdinetako zientzialariek hartu dute parte hautespen naturalaren teorian, eta denen ekarpenak izan dira funtsezkoak berau osatzeko. Baina teoria honen oinarria Charles Robert Darwinengan fokatzen da; espezieen eboluzioa teoria honekin azaldu zuena. Bere “Espezieen jatorriaz hautespen naturalaren bidez” liburuak polemika handia sortu zuen, alde batetik ez zetorrelako bat Bibliarekin, eta bestetik, gizakia gainerako izaki bizidunen mailan eta haiekin harremanean jartzen zuelako, jatorriaren eta eboluzioaren arabera.

Teorian eragina izan zuten ideiak:

  1. Beagle ontziak munduan zehar 5 urtez burututako espedizioan egindako behaketak eta datu-bilketak hautespen naturalaren teoria inspiratu zioten. Gehienbat, Galapago irletara egindako bidaia. Hurbil egon arren, baldintza desberdinetan zituzten irletan antzekoak baina desberdinak ziren espezieak aurkitu baitzituen.
  2. Thomas Maltusen populazioari buruzko ikerketek ere lagundu zuten. Bertan azaltzen zen nola populazioak egonkor mantentzeko joera zuten; hau da, beharrezkoak baino banako gehiago jaiotzen baziren, batzuk ez zirela adin ugalkorrera iritsiko.
  3. Abeltzainek abereekin egindako hautespenak: produkzioa hobetzeko ezaugarri onenak zituzten abereak hautatzen zituzten, eta gainerakoak baztertu, espezie produktiboagoak lortzeko.

Teoriaren ideia nagusiak

  • Bizitzaren aldeko borroka: beharrezkoak baino kume gehiago jaiotzean, populazioak egonkor mantentzeko joera dutenez, bizidunak jakiak baino ugariagoak izanik, hauen artean “bizitzaren aldeko borroka” hasten da. Batzuk bizirik iraungo dute ugaltzeko, eta beste batzuk ez.
  • Espezie bereko izakien artean desberdintasunak daude; hau da, espezieen barruan aldakortasuna dago.
  • Inguruneko baldintzak ez dira konstante mantentzen denboran zehar. Horregatik, une batzuetan, espezie berekoak diren banako batzuen aldaerak mesedegarriak izango zaizkie, eta bizirauteko ingurunera hobeto egokituta egongo dira.
  • Espezie bereko banako batzuek beste ingurune-baldintza berrietan bizitzeko gai bihurtzen dituzten ezaugarri bat izango dute; naturalki hautatuak izango dira, biziraungo dute.
  • Biziraungo duten horiek ugaltzeko aukera izango dute, eta beren ezaugarriak ondorengoei transmitituko dizkiete.

Teoria sintetikoa

Aldakortasunari dagokionez, Mendelek burututako ikerketek erakusten dute geneetan gertatzen diren zorizko aldaketak direla haren kausa, ugalketa bidezko birkonbinaketa genetikoarekin batera. Aldaketak ez dira gertatzen egokitzeko helburuaz, baizik eta, esan bezala, zoriz. Herentziari dagokionez, geneak dira ezaugarriak transmititzeko bide bakarra.

Zoria ala teleonomia?

Eboluzio-prozesuak helburu jakin bat du; prozesu teleonomikoa da. Eboluzio biologikoa prozesu kosmiko baten zati bat da, izaki bizigabeetatik hasi eta gizakietara iristen dena. Hiru etapa nagusi ditu:

  1. Geosferaren estadioa: unibertso bizigabetik bizitza sortzeko baldintzak eratu.
  2. Biosferaren estadioa: bizia sortu.
  3. Noosferaren estadioa: gizakiaren agerpena, eboluzioaren gailurra (xedea).

Jacques Monodek esan zuenez, izaki bizidunek zorizko mutazioak izaten dituzte etengabe. Batzuk mesedegarriak dira norbanakoarentzat eta espeziearentzat, eta beste batzuk kaltegarriak. Mutazioa gertatzean, aldaketa hori finkatuta geratzen da, bideragarria izanez gero, ondorengoei transmititzen zaie, herentzia genetikoaren legeen arabera. Hautespen naturalak mugatzen du mutazio-prozesua: baliagarria denari eusteko joera du, eta kaltegarriak desagerrarazi ohi ditu.

Kreazionismoa eta eboluzionismoa

“Kreazionismo” hitzak bi sinesmen desberdin ditu:

  1. Jainkoak unibertsoa sortu du, eta horren ondorioz sortu dira izaki bizidun guztiak.
  2. Gaur egun existitzen den guztia Jainkoak sortu zuen, eboluziorik gertatu gabe.

Bigarren sinesmen honek ezin da bateratu eboluzionismoarekin; hauek ikuspegi fixista dute. Hasiera liburuan, kreazioari buruzko bi kontakizun zeuden: batean, Jainkoak gizakiak sortu zituen gainerako gauza guztiak egin ondoren, eta emakumea eta gizona batera sortu zituen; bestean, berriz, Adam buztinez sortu zuen, landareak eta animaliak sortu aurretik, eta gero, Eva, horretarako Adamen saihets-hezur bat hartuta.

Zientziak eta erlijioak munduari buruzko galdera desberdinak erantzun dituzte. Zientziaren eginkizuna da gertaera zehatzak deskribatzea eta azaltzea, baina ezin du oraingo existentziarik harago xederen bat dagoen jakin. Erlijioak, berriz, mundu osoaren azken zentzuari buruzko galderak planteatzen ditu, eta aintzat hartzen du hil ondoren gizakien bizitzak jarraipena izan dezakeela.

Entradas relacionadas: