Oihenarten Idazlanak eta Euskal Poesiaren Kritika
Enviado por Chuletator online y clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,34 KB
Oihenarten Idazlanak
Notitia utriusque Vasconiae (1638)
1638an Parisen argitaratu zuen Notitia utriusque Vasconiae, tum Ibericae tum Aquitanicae… izeneko lana. Euskaraz honela itzul genezake: “Bi Euskal Herrien, bai Iberikoaren eta bai Akitaniakoaren, berriak”.
1656an berrargitaratu zuen, oso berrikusia eta osatua.
Antzinarotik hasi eta Erdi Aroaren amaiera arteko historia egiten du, obra hiru liburutan banatuz:
- Lehen liburua (14 kapitulu): Obra osoaren hitzaurre gisa, baskoi eta kantabroen arteko bereizketa, euskal geografia, hizkuntza, ohiturak, eta abar jorratzen ditu.
- Bigarren liburua (17 kapitulu): Nafarroako antzinako historia, erregeen genealogia, Aragoi eta Bizkaiko kondeen zerrenda, eta abar agertzen dira.
- Hirugarren liburua (13 kapitulu): Baskonia du gaitzat. Erdi Aroko amaierako gorabeherak aztertzen ditu, euskal ikuspegitik, Ahuñamendiren (Pirinioen) bi aldeetako herrien funtsezko batasuna azpimarratuz eta Fernando Katolikoak Nafarroaz jabetzean burutu zuen bidegabekeria salatuz.
Jakintsuek historiagile ontzat jotzen dute. Honela zioten: “Batez beste, Oihenarten aburuak eta ondorioak egiatzat hartu behar dira gaur egun ere.”
Les proverbes Basques (1657)
1657an Parisen argitaratu zuen Les proverbes Basques recueillis par le Sr d´Oihenarta, plus les poésies basques du meme auteur izeneko lana. Bi zati ditu:
- Atsotitzak edo Errefrauak: 706 atsotitz biltzen ditu, frantsesezko itzulpenarekin. Badirudi beste atsotitz bilduma batzuetaz ere baliatu zela, berea osatzeko.
- Oihenarten Gastaroa Neurthizetan: Olerki gehienek maitasun gaia darabilte. Maiteminduaren penak eta maite dituen emakumeen edertasuna dira kanta-gai. Margarita, Argia, Txuria, Beltxarana eta Joana dira olerki bidez goratzen dituen emakumeak.
Bertso laburrak darabiltza gehienetan, eta euskara garbia, gaur egun ia erabiltzen ez diren aditz trinkoz josita.
Gaia, maitasuna, Etxeparek erabili zuen bera izan arren, ezin ditugu parez pare jarri bi olerkariok. Etxepareren bertsoak askoz ere indartsuagoak eta sakonagoak dira; Oihenartenak, landuagoak baina hotzagoak, artifizialagoak dira.
Badira Jainkozko bertsoak ere, zenbait salmo eta latinezko eliz abestien itzulpenak tartean direla.
L´art poétique basque (1967)
1967an Lafitek Oihenarten argitaratu gabeko lan bat eman zigun ezagutzera: L´art poétique basque. Arestian aipatu dugun poema liburuaren sarreran ere salaketa gogorra egiten die Oihenartek euskal olerkariei, poesiaren arauak ez dituztelako ezagutzen eta ez betetzen. Berak beste liburu batean emandako arauak jarraituz, euskaraz ere bertsoak egin daitezkeela frogatu nahi izan zuen.
Lan hori, 1667an Lapurdiko apaiz bati zuzendutakoa da. Bi zati ditu:
- Lehen zatian, arau orokorrak.
- Bigarrenean, euskarari aplikazioa.
Oihenart, Kritikari eta Arauemaile
Zuberoako lehen euskal idazle eta apaiz ez zen lehena izateaz gain, beste olerkarien lehen kritikari zorrotz eta arauemaile ere badugu Oihenart.
Erdi Aroko latinaren metrikaren lege eta arauak ezarri nahi izan zizkion euskal bertsogintzari ere.
Etxepare eta bere garaikidea zen Ziburuko Etxeberriren bertsoak txartzat zeuzkan, beharrezko omen ziren arauak betetzen ez zituztelakoan. Bere teoriaren arabera, euskaraz ez dagoela inoiz azken silaban azenturik. Beraz, silaba bateko errimarik ezin dela onartu. Gutxienez silaba eta erdikoa beharko lukeela, horixe baita azkenaurreko silaban dagoen azentuari dagokion errima. Esdrujulari, berriz, bi silaba eta erdikoa dagokiola, gutxienez.
Ez dugu honetan sakonduko. Aski dugu esandakoa, Oihenartek egiten duen kritika bertsoen kanpo-egiturari dagokiona dela konturatzeko.
Patxi Altunak azterketa sakon baten bidez frogatu duenez, Oihenartek berak ere ez zituen bete bere arauak kasu bakan batzuetan izan ezik. Oihenartek beste hizkuntzetan zeuden arauetara egokitu nahi zuen euskal metrika ere, azentuan oinarrituz. Altunaren ustez, euskaran funts gehiegirik ez zuen teoria bat baizik ez zen izan.
Gaian jakitun direnentzat, behintzat, Etxepare edo Ziburuko Etxeberriren bertsoak oso onak dira.