Normalizazioa, Gutxiengoen Eragina eta Gizarte Berrikuntza
Enviado por Chuletator online y clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en vasco con un tamaño de 7,61 KB
1) Normalizazioa: eragina eta araugintza
Gizarte Psikologiaren lehendabiziko lanen gaia gizabanakoarengan masak zuen eragina izan zen. XIX. mendearen bukaeran gizarte tradizionalak eraisten ari ziren eta industri gizarte berria eraikitzen, Soziologiak antzaldatze hau azaltzen saiatu zen: gizarte tradizionaletatik gizarte modernoetara igarotzean gertatuak eta gertatu beharrekoak. Azalpen gisa hainbat kontzeptu bikote plazaratu ziren: Tönnies-en gemeinschaft (elkargoa) eta gesellschaft (elkartea edo lagunartea, kideartea), Durkheim-en elkartasun mekanikoko gizartea eta elkartasun organikoko gizartea.
Gizarte Psikologiaren abiapuntua desegituraketa anomikoa eta normatiboa eta gizarte eragile berriekiko beldurra eta mesfidantza izan zen. Alde batetik, barne egiturarik eta kohesiorik ez zuen gizarte molde berri eta handia (jakina egituratzeko arau eta lokarri berriak asmatuko ziren, besteak beste, nazionalismoa), bestetik gizarte-eragile berriek: alderdi politikoek, sindikatuek, baina batez ere, “masek” sortarazten zituzten gatazkak eta berrikuntzak.
Portaera Kolektiboa
Masen Psikologia (Tarde, LeBon, eta abar), jendetzari beldurra, masaren pentsamendu irrazionala eta emozionala, kutsapen eta sugestio mekanismoak, despertsonalizazioa, buru galtzea (erotasunaren antzekoa, barruan omen dugun piztia askatu egiten da jendetzaren anonimatuan babesturik, masaren portaera pentsatu gabekoa eta bat-batekoa da, berehalakoa eta imitazioz sortua, psikearen goi gaitasunak: arrazoia, hizkuntza, elkarrekintza arautua... alde batera uzten dira jendetzan ari garenean.
Moscovici-ren ustez, kolektiboen psikologiak aurriritzi hauek ibili ditu: masa zuzentzen duten lege psikologikoak ez dira gizabanakoak zuzentzen dituztenak, jendetza eta masa giza izaeraren agerkari patologikoak dira.
Garai horretako Gizarte Psikologiak masa ez-subjektutzat hartzen zuen: irrazionala, anomikoa edo arau gabekoa. Eta kutsapen edo sugestio prozesuen bidez sortzen zirela uste zuten.
Binet-ek eta Henri-k (1894) sugestionagarritasuna ikertu zuten: pertsona batek bere portaera eta borondatea beste pertsona baten eraginagatik aldatzeko joera.
20 urteen hamarkadan Moore-k (1921) esperimentu batzuen bidez frogatu zuen gehiengo kuantitatiboak eta gutxiengo kualitatiboak (adituek, agintariek) eragiten ziotela jendeari iritziak eratzean.
1936an Sherif-ek ezagutzera eman zuen bere izena duen eragin ondorioa, “Sherif efektua:” egoera anbiguoetan eta egitura gabeetan, arauak eta jarrerak eratzeko eta gauzatzeko orduan taldeak duen eragina.
Efektu autozinetikoaren ikerketak: “Gela ilun batean, ormaren kontra argi puntu bat igorriko bagenu, bertan dagoen subjektuak puntu hori mugitzen hautemango luke.” Bistan da, efektu hori erreferentziarik ezak sortzen duela, baina Sherif-ek taldeka egin zuen esperimentua: gela ilun batean argi puntu bat proiektatu eta puntu hori mugitzen zen ala ez, non zegoen eta abar galdetuz egiaztatu ahal izan zuen ezarian taldekideen iritziak bateratzen zirela. Apurka-apurka talde araua sortzen zela. Era berean, esperimentatzaileak iritzia emanez gero, taldeak bat egiten zuen iritzi horrekin.
Sheriff-ek zera ondorioztatu zuen esperimentu hauetatik: gizarte arauak (estereotipoak, modak, konbentzioak, balioak, ohiturak...) elkarreraginez eta elkarrekintzaz eratzen diren erreferentzi molde komunen emaitzak direla. Eta beraren ustez behar den gutxieneko elkarreragina, elkarren ondoan egotea zen.
(3) Gutxiengoen eragina eta gizarte berrikuntza
Eraginari buruzko ikuspegi klasikoak gizartearen konbergentzia edo bat egitea, konformismoa eta esanekotasuna jorratu ditu. Ikuspegi berriak, “genetikoak”, gizarte berrikuntza eta dibergentzia ditu jorragai.
Ikuspegi klasikoan gutxiengoak obeditzea ala baztertuak izatea erabaki behar duten hartzaile pasiboak diren bitartean ikuspegi genetikoan gizarte eragile txikiek ere eragile aktiboak dira, ekintzaileak eta eraginkorrak: gutxiengo trinko eta malguak aldaketak eragin ahal ditu.
Ikuspegi klasikoa ikuspegi funtzionalista da: gehiengoaren eraginak gizarte sisteman agertzen diren anomaliak berdintzen omen ditu eta honela sistemak iraun dezake. Ikuspegi genetikoak normaltzat jotzen ditu aldaketak eta berrikuntzak, “anomaliak” ez dira zuzendu edo berdindu behar diren talde edo pertsona patologien emaitzak, gizarte sistema osoaren berezko mugimenduak baizik.
Ikuspegi klasikoaren barruan egonda ere, Hollander-en “kreditu idiosinkrasikoaren teoria” (1978) ikuspegi genetikoaren aitzindaria izan zen. Teoria honek dioenez, talde edo pertsona baten aginteak gizartean zenbat eta onarpen eta legitimitate handiago izan orduan eta ahalmen handiago izango du talde edo pertsona horrek berrikuntzak sortarazteko. Baina honela izan dadin, eragileak talde arauak onartu behar ditu lehenago, antza denez, taldeak haren agintea onartu behar du geroago beraren eragina onar dezan: kide “konformista” izan denak (hots, talde arauak onartuz taldearekin “konformatu” denak) berrikuntzak ekar ditzake.
Eredu honek ez du azaltzen talde baztertu eta gutxietsiek eragin dituzten aldaketak, izan ere, kasu horietan gutxiengoek ez dute inolako “kreditu idiosinkrasiakorik” izan eta, hala ere, aldaketak sortu dituzte.
Moscovici-ren eredu genetikoak (1981) botererik ez duten gutxiengoen eragina azaldu nahi du: zelan eta zergatik eragin ahal dion gutxiengo batek gehiengoari zer edo zer alda dezan.
Eragin hau izan dadin, gutxiengoak hainbat ezaugarri izan behar ditu: modu sinkronikoan (taldekide guztiak) eta diakronikoan (denbora osoan) trinko eutsi behar dio bere ikuspuntuari (“kontsintentea” izan behar du), eta, aldi berean, malgua behar du, negoziatzeko gaitasunik ez badu, dogmatiko eta tematsu agertzen bada bere sinesgarritasuna galdu ahal du eta solaskide izateko aukera galdu (beraz, inork ez dio kasurik egingo etengabe aldatzen ari den eta moldatzeko gaitasunik ez duen talde bati).
Bestalde, gutxiengo bate eragindako aldaketak gehiengo batek eragindakoa baino sakonagoa omen da: jendaurreko “konformismoa” azalekoa izan daiteke baina iritzi eta jarduera “gutxituek” atxikimendu handiago eskatzen dute: konbertsioa.
Petty eta Caccioppo-ren iritziz (1981) gutxiengoek jarrera aldaketa sortuko duen pentsamendu aktibo bat eragiten duten bitartean, gehiengoek jendaurreko onarpena sortuko duen informazio-prozesamendu periferikoa eragiten dute.
Mosocivi-k erakutsi digu gutxiengoek subjektuen hautemateko kodeari eragin diotela, euren ebaluazio esplizituei baino, hau da, eragin hori oharkabean gertatzen dela. Honek konbertsio prozesua azaltzen du.
Gehiengoaren kasuan subjektuak, gizarte konparazio hutsaz, arauaren arabera jokatzen badu, gutxiengoaren kasuan subjektuak ebaluatu eta aztertu behar du “berrikuntza.” Ez da jendaurrean onartu beharrik, bai ordea nork berekiko aztertu beharra. Eta azterketa honen emaitza iraunkorragoak, sendoagoak eta erabakiorragoak izango dira: subjektuari bere baitatik sortu den berrikuntza dela uste izango du.
Gutxiengoen eragina inoiz “talde pentsamendu” eta “talde polarizazioa” izeneko fenomenoekin nahastu da: taldearen batasunari eusteko beharrak bultzatuta talde homogeneo batek errealitatea modu aparteko batez ulertu ahal du.
Dena den, askotan kritikatu egin da gutxiengoa berrizalea eta gehiengoa konformista delako ideia. Ez da honela derrigor: jende talde handien portaera ez da beti konformismora edo uniformizazio normatibora mugatzen.