Nietzscheren filosofia: Bitalismoa, botere-nahia eta erlijio-alienazioa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 9,38 KB

Bitalismoa

F. Nietzschek Mendebaldeko kulturaren balio eta oinarri guztiak suntsitzea proposatzen du. Sokrates eta Platonen filosofiatik hasi, kristautasunarekin jarraitu eta Kanten arrazoimenarekiko konfiantza itsuarekin amaitu arte, arrazionaltasunak mendetan zehar gizakia eta haren bizitza pozoitu eta lardaskatu egin duelakoan.

Nietzscheren arabera, Europan goresten diren balioak norberaren izaeraren kalterako dira. Jokaera horren arrazoi psikologikoa, filosofoak mundu fisikoarekin gustura ez dagoenez, haraindiko munduaren irudia asmatzen duela da, heriotzarekiko beldurrak eta ziurtasunekiko nahiak eta desirak mamitzeko. Eta horri deritzo Nietzschek dekadentzian erortzea, egia bilatu nahian gezurra asmatu eta sinestean.

Nietzschek, mendebaldeko pentsamoldearen aurka idazterakoan, gorrotoa, ironia eta aforismoak erabiltzen ditu (idazkera asistematikoa). Kritika honen bitartez, Nietzsche Marxekin eta Freudekin batera susmoaren filosofia deritzon filosofo taldean koka dezakegu. Marxek dioenez, gizartearen ideia politikoak, filosofikoak eta juridikoak gizarte-klase nagusiaren menpe eta zerbitzura daude, baldintza ekonomikoen menpe.

Freudek, berriz, esango du gure jokabidearen gidari ez dela arrazionaltasuna, inkontzientean dauzkagun bulkada irrazionalak baizik. Eta Nietzschek esango du filosofian eta erlijioan erabili izan diren eredu transzendenteak eta finkoak (egia, ongia, jainkoa…) ez dutela gizakiaren egiazko naturaz hitz egiten.

Metafisikaren kritika

Metafisika tradizionala kritikatzen du etengabe eraldatzen ari den munduan, ez baitago eredu etiko estatikorik. Arteak, musikak eta dantzak hobeto islatzen dute egiatan existitzen dena, bizia, eta horretan gizakiaren bizitzaren (bitalismoa) errealitatea. Bizitzaren gorabehera guztiak ulertzeko, zientzia eta artea biak dira ezinbestekoak, baina zientziak alde batera utzi beharko luke egia finkoen eta unibertsalen jabe izateko egiten duen ahalegina. Biziaren muina ezin baitaiteke kontzeptu finko eta unibertsalen bidez adierazi.

Nietzschek berreskuratu nahi ditu bilakaera ontologiarekiko eta zentzumenezkoaren ezagutza epistemologiarekiko ezagutza ereduak. Bitalismoak erlijioak sortutako transzendentzia kritikatzen du; gizakiak bere barnean aurkitu behar du bizitzarako helmuga, inongo gezurrezko munduetara jo gabe. Gizakiak bere burua hobetzeko eta goresteko ahalegina egin behar du, baina mundu honetara loturik, beste mundu finko hura, espazioaz eta denboraz haraindikoa, asmakizun bat baino ez baita.

Egia dena da bai izenak bai izateak ere etengabe eraldatzen ari direla, bizitza bezala. Filosofia bitalistaren ustez, funtsezko errealitatea bizia da, eta intuizioa eta irudimena adimena bera baino baliotsuagoak dira errealitate bitala atzemateko, hots, bizitzaren benetako muina: tragediak, jaiotza/heriotza, loraldia/hondamendia bizitzaren osagaiak dira. Bitalismoarentzat, existentzia bilakaera da, eta bilakaera hori atzeman dezakeen ezagutza iturria intuizio sortzailea da. Arrazionalismo intelektualistarentzat, ordea, bizitza etenean eta geldirik dago, eta hori kontraesan edo gezur handi bat da. Écrasez l'infâme!

Apolo eta Dioniso

Arrazoimena eta sentimenduak irudikatzeko, Apolo eta Dionisos jainko greziarrak erabiliko ditu Nietzschek. Arrazoimena, ordena, perfekzioa Apolok irudikatuko ditu. Dionisosek, ordea, sentimendu tragikoa; gauaren, irriken jainkoa da. Bizitza hobekien atzematen duena ez da arrazoimenaren bidez (Apolo) egia bilatzen duen filosofoa, zientzialaria; horren ordez, zentzumenen bidez (Dioniso) artista, mozkorra, ankerra dena baizik, hark pasioen, grinen bulkadari baietz esaten diolako.

Sinboloak arbitrarioak dira, beraz, eginkizun horretan artista soilik ohartzen da mundua eta bizitza guztiz aldakorrak direla, etengabe darion erreka bateko uraren bezalakoak (Heraklito).

Baina bereizketa eta aurkakotasuna nabarmenak izan arren, ezin daitezke bata bestea gabe bizi. Bi joeren arteko oreka bilatzearen aldeko aldarrikapena egingo du Nietzschek.

Mundua ezin da esentzien bitartez ezagutu (zientzia, Platon, arrazionalismoa, kristautasuna), etengabe eraldatzen ari baita. Eta are gutxiago pentsatu behar da esentzia horien ezagutzaileak (zientzialariak, profetak…) besteen gainetik daudenik. Bizitza den bezalakoa da, gogorra, ankerra, atsegina batzuetan… Gertaera hori Dionisosek irudikatzen du hobekien, horrexegatik bizitzari aurre egiten dion artistak, musikariak, hobeto irudikatzen du bizitza.

Egiazko filosofoa artista bihurtu behar da, eta filosofia estetika. Hortik dator, modu adierazgarrian, Nietzschek idazteko zeukan modu hautsia, asistematikoa, eta, sarritan, enigmatikoa.

Botere-nahia

Bizitza indar-jokoa da, botere-nahia. Botere-nahia garaiagorako etengabeko desioa da, gero eta botere handiagora igarotzeko grina, bai besteen aurrean, baita norberaren buruaren aurrean ere.

Nietzscheren iritziz, gizakia bera ere etengabe ari da bere burua hobetzeko eta gainditzeko ahaleginean, horrek gizabanakoen arteko bereizketa dakarrelarik. Horrexegatik baztertzen du Nietzschek gizakien arteko berdintasuna eta berdintasunaren alde diharduten ideologia guztiak. Gizakiaren kasuan, botere-nahimenak aro berri baten etorrera dakar, non berak ezartzen baititu bere arau eta balioak.

Arau eta balio horiek lurrera lotuta daude, eta balio berrien sortzaile edo artista hori supergizakia da. Supergizakiaren botere-nahia bizinahian gauzatzen da, hau da, bizi nahi hori zenbat eta indartsuagoa izan, orduan eta gizakien arteko desberdintasuna areagotuko da.

Botere-nahia bere buruan uste sendoa eta osoa izatea da. Bizitzaren posibilitateak aintzat hartzean dago gakoa, eta posibilitate horien aurrean norberaren indarren jakitun izatea. Horregatik, ezagutza ere botere-nahiaren menpe dago, giza eboluzioaren eragile nagusia ez delako adimena edo jakiteko grina, botere-nahia baizik.

Zientzia egiten duen gizakia ez da errealitate objektiboa ezagutu nahi duen subjektua, errealitate hori mendean hartu nahi duen botere-nahiaren subjektua baizik. Horrexegatik, bizi nahiaren adierazlerik zintzoena ez da Apolo, Dioniso baizik.

Baina, orduan, zer da berez ezezaguna den hori, izatearen muina dena? Izatearen oinarrian botere-nahia dago. Gero eta hobea izateko ahalegin hori behin eta berriro, etengabe, errepikatzen ari da unibertsoan. Errealitatea ez da hasiera eta amaiera duen lerro bat, ziklikoa baizik.

Jainkoa hilik badago, hasierarik ez dago, beraz, oraingotik atzerantz dena infinitua bada, gertaera guztiak jada noizbait gertatu izan dira, eta, beraz, aurrerantzean gertatzear dagoen guztia ere ez da guztiz berria izango. Supergizakia horretaz kontzientea izanik, bizitza aintzakotzat hartzen du eta betiereko itzuleraren sortzaile egiten da. Ez direlako bakarrik gertaerak errepikatzen, baita pentsamenduak, ideiak eta sentimenduak ere; hortaz, sufrimendua eta poztasuna berriro itzuliko dira.

Hori onarturik, supergizakiak ez du egindakoaz inolako damurik sentitzen, momentua baino ez delako bizi duena. Ez dugu iraganari begiratu behar, baizik eta hobetze lanari kemenez ekin, betiereko itzuleraren teoriak aukera ematen baitigu momentuak berriro bizitzeko, onerako zein txarrerako. Bizitza hau, lurrekoa, dagoen errealitate bakarra da, eta den bezala onartu eta errepikatzea desiratu behar dugu. Horren alde tragikoa da ez dugula iragana ezagutzen, ez eta etorkizuna ere, baina hori da daukaguna, besterik ez.

Gizaki dekadenteak, errealitate horri erreparatu nahi ez dionak, jainkoak eta ideia finkoak sortzen ditu itxaropen, kontsolamendu izan daitezen. Nietzschek, bere filosofiaren kontzeptu bezala dio: “Maita ezazu eta bizi ezazu bizitza infinituki aldiz errepikatzea desiratzeraino”. Ez da hitz gehiago behar zentzua barneratzeko.

Erlijio-alienazioa

Alienazio kontzeptuaren bitartez, bere baitatik zerbait galtzen duen gizakiaren egoera adierazten dugu. Norberaren burua alienatzea, norberaren buruarekiko arrotz bihurtzea da. Marxen iritzian, lanarena da alienazio nagusia, eta hortik sortzen dira gainerakoak (gizarte-alienazioa, erlijio-alienazioa eta alienazio filosofikoa), denek ere sustrai ekonomikoa dutelako.

Langile edo proletarioak bere izate osoa (bizitza, denbora, ahalegina) jartzen du objektuan (ekoiztutakoan), eta jatorriz berea izan beharko zen objektu hori kentzen diotenean, bera ere gauza edo objektu bihurtzen da. Gizakia bera salgai dago, askatasuna kendu diotelako soldataren truke. Horri alienazio ekonomikoa deritzo.

Gizarte-alienazioan, gizarte-klase batek (burgesiak edo kapitalistak) beste klase bat (proletalgoa) menderatu eta ustiatzen du. Alienazio filosofikoan, filosofiak funtzio ideologikoa betetzen du klase menderatzailearen alde. Erlijio-alienazioan, gizarte-klase menderatzaileak erlijioa sortzen du klase menderatua uztarpean edukitzeko.

Erlijioaren esanetan, giza zoriontasuna haraindiko munduan dago, eta gizakia mundu honetara sufritzera etorri den arren, ondoren zerua (zoriontasuna) lortu ahal izango du. Erlijioak, beraz, lotarazi egiten du ustiatuen kontzientzia hartuz, eta iraultzaren edo praxis askatzailearen posibilitatea moteldu egiten da.

Bai Nietzsche bai Marx ateoak dira, eta erlijioaren kontra jotzen dute gogor, baina badago aldea bataren eta bestearen artean: Nietzscherentzat, erlijioa jabeen aurkako herri xehearen matxinada den bitartean, Marxek aurkakoa defendatuko du; Marxentzat, erlijioa klase menperatua uztarpean edukitzeko dago.

Entradas relacionadas: