Nietzsche: Nihilismoa, Balioen Transmutazioa eta Supergizakia
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 6,47 KB
Nihilismoa eta Balioen Transmutazioa
Zergatik du gizakiak bizitza kondenatzen duen kultura edo erlijioa sortzeko joera? galdetzen du Nietzschek.
Bi Moral Mota
- Indartsu edo jaunen morala: Indarra, handitasuna, norbere buruaren jabe izatea eta bulkadak asetzea, balio estetikoak, bizitzarekiko amodioa, eta abar, aldarrikatzen dituena. Jauna bizitzari aurre egin eta bere bulkadei jarraitzeko gai da.
- Ahulen edo esklaboen morala: Menpekotasuna, apaltasuna, etsipena, balio estetikoen mespretxua, eta abar, aldarrikatzen ditu. Esklaboa ahula da, bere bulkadak asetzeko gai ez da, eta bizitzari aurre egiteko arrazoia erabili behar du.
Nietzschek dio historian, platonismoaren eta kristautasunaren eraginez, esklaboen morala nagusitu dela, hau da, bizitzaren beldur izanik, bizitza ukatzen dutenen morala. Menpekoen ikuspuntutik irudikatutako munduaren irudia nagusitu da gure kulturan: bizitza krudela delako ustea. Ahulek, ez sufritzeko, sentimenduetatik erabat aldendu beharra aldarrikatu dute, eta jarrera honetatik sortu dira, adibidez, aszetak. Hauen arabera, bere botere-nahimena asetzen saiatzen dena gaiztoa da, eta barne-bulkada horri jarraitzen ez diona, zintzoa.
Hau horrela izanik, kultura dekadente hau gainditzeko ezinbestekoa da gizaki berri bat sortzea. Horretarako, orain arte nagusi izan diren balio guztiak suntsitu behar dira. Balio zaharrak baztertuta, nihilismoan eroriko da gizakia. Nihilismoa baliorik eza da: gizakiak ez du izango zer egin edo nolakoa izan esango dion erreferenterik; norberak bere balio propioak sortu behar ditu, bere bulkadak jarraituz eta bere bizitza oinarri hartuz. Beraz, ez zaie sentimenduei ihes egin behar. Esklabuen balioetatik jaunen balioetara pasatzea proposatzen du Nietzschek, eta aldaketa honi balioen transmutazioa deitu dio.
Moral berri bat sortzea da helburua. Moral berri honek bizitza eta bizi-nahia izan behar ditu oinarri. Nietzschek dio bizitzari ez zaiola lege, arau edo mugarik jarri behar; bizitza gozatu egin behar da.
Kristautasunari Kritika, Jainkoaren Heriotza eta Supergizakia
Nietzschek kristautasuna kritikatzen du, eta bekatuaren kontzeptuarekin sentimenduak kondenatu dituela esaten du; mendekotasuna eta dependentzia bezalako balioak baino ez ditu bultzatu, denak bizi-irriken aurkakoak. Erlijioak, ondorioz, gizakia gizaki ez izatera behartu du (bere sentimendu eta bulkadei uko eginaraziz): alienatu egin du. Bizitza ere kondenatu du, benetako bizitza haraindiko mundua (zerua) dela aldarrikatu baitu.
Egoera honetan bizi den gizakia Nietzschek gamelu baten modura irudikatzen du. Agindutakoari men egiten dion izakia da, Jainkoaren legea betetzearen zama darama, eta basamortuan bizi da, hau da, gozamen gutxi eskaintzen duen sufrimenduzko bizitza honetan.
Jainkoaren ideia indarrean dagoen artean, berarekin alderatzeko joera izango du gizakiak, eta alienaturik biziko da. Beraz, honekin loturiko balioak gainditu nahi badira, Jainkoaren heriotza aldarrikatu behar da. "Jainkoaren heriotza" kontzeptuarekin, hari atxikitutako balio eta ideiak suntsitu nahi ditu Nietzschek; gizateriak Jainkoaren ideia gainditu behar duela dio.
Jainkoaren heriotza ulertzen duenean, gizakia aske izango da morala eta baloreak eraldatzeko; gamelua izateari utziko dio, ez diolako haraindiko munduari erreparatu behar. Jainkoa eta bere balioak suntsitu ostean, nihilismoan erortzen da gizakia. Noraezean galdurik egongo da lehen unean, baliorik gabe, zein bide hartu ez dakiela. Baina, bizitzaren balioak berreskuratzen dituen heinean, eta bere nahiak haraindiko bizitzan ordez gure mundu honetan kokatzen dituenean, gizakia lehoi bilakatuko da: gizaki ezetz-esalea, esklabuen moralaren zamatik askatu dena. Izaki suntsitzailea da lehoia, aurreko bizimodu, uste eta balioen kontra erreakzionatu, eta norberaren nahiari jarraituko diona.
Ondorengo fasean, haur bihurtzen da lehoia. Haurra aske izango da "bai" edo "ez" nahi duenean esateko, eta sortzea eta esperimentatzea gustuko izango du.
Azkenik, supergizakia agertuko da. Izaki aske eta sortzailea. Ongia eta gaizkiaren gainetik dago; bizitza eta mundua diren bezala onartzen ditu, eta bere balio propioak sortu ditu.
Botere-Nahimena eta Betiereko Itzulera
Nietzschek gogor kritikatu du metafisika, baina bi kontzeptu hauekin bera ere metafisika egiten ari dela kritikatu izan diote.
Botere-Nahimena
Nietzsche Heraklitoren jarraitzaile zen, eta honek "aldaketaz" hitz egin zigun. Nietzschek dio naturan izaki guztiek bizirauteko nahia dutela; bi izakiren bizi-nahiek talka egitean, borroka sortzen da. Izaki guztiek dute sen hori, eta naturan borroka etengabea da; horregatik, etengabe gauzak sortu eta suntsitu egiten dira. Botere-nahimena ez da ahulak mendean hartzea, nork bere buruan konfiantza izatea baizik; norberaren indarren jakitun izatea. Bizi-maila handiagoa eta hobea lortzeko nahimena da. Gure kultura botere-nahimen hori ukatzen saiatu dela dio Nietzschek.
Nietzscheri Kritika
Botere-nahimena kontzeptua asmatzean, Nietzsche metafisika egiten ari dela diote bere kritikoek, munduaren funtzionamendua azaltzeko erabili baitzuen. Zergatik ez da metafisika egiten ari? Botere-nahimena munduaren barruan zegoen, beraz, ez da metafisika, fisika baizik.
Betiereko Itzulera
Nietzscheren arabera, errealitatea behin eta berriro errepikatzen da. Hau da, historian edo gure bizitzan gertatu den guztia, lehenago gertatu da, eta berriro ere gertatuko da. Beraz, denbora zirkulu bat balitz bezala ulertzen du, eta ez modu linealean, kristautasunak bezala.
Hauxe da, beraz, betiereko itzulera: gauza guztiak etengabe errepikatzen dira; behin eta berriz itzultzen dira. Honengatik, Nietzschek dio bizitza den bezala onartu, eta behin eta berriz errepikatuko dela jakinaz bizi behar dugula ("Maita ezazu bizitza, infinituki errepikatzea desiratzeraino"). Nietzschek dio gizakiak bizitza errepikatzeak beldurtuko ez duen moduan bizi behar duela. Supergizakiak, bizitza bere osotasunean bizi duenez, ez du behin eta berriz errepikatzeko beldurrik izango.