Nietzsche: Mendebaldeko Zibilizazioaren Kritika eta Bizitzaren Aldeko Filosofia
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 10,82 KB
Mendebaldeko Zibilizazioaren Kritika: Bitalismoa
Nietzscheren ustez, Mendebaldeko kultura Platonen ideietan oinarritzen da, eta gero kristautasunak hori indartu du. Bi mundu edo bi errealitate daudela esaten dute: mundu sentikorra (hau da, gure mundua, ikusten eta ukitzen duguna) eta ideien mundua (beste mundu bat, perfektua eta ezkutuan dagoena). Platonen eta kristauen ustez, mundu hau (gurea) gezurra edo itxurazkoa da, eta beste mundua (ideiena) benetakoa eta hobea. Baina Nietzschek dio hori gezurra dela. Ez dago beste mundurik. Benetakoa bakarra da: hemen bizi garen mundua. Beste mundua asmatu dutelako da hori dena, eta hori gezur handi bat da. Hori dela eta, jendeak bizitza eta bere balioak gutxietsita ikusi ditu, eta hori oso txarra da. Nietzsche filosofia bitalistakoa da, hau da, bizitza da garrantzitsuena. Bizitza ez da logikaz edo buruko kalkuluekin ulertzen. Grinak, sentimenduak eta instintuak dira bizitzaren benetako indarra. Eta bizitzan beti dago borroka, kontrako gauzak nahastuta daude. Horregatik, bizitza ezin da ulertu soilik burua erabilita. Hobe da irudimena eta intuizioa erabiltzea. Bitalismoak (bizitzaren aldeko filosofia honek) esaten du metafisika eta arrazionalismoa (buruan oinarritutako filosofia) ez direla nahikoa, ez dutelako bizitza ondo azaltzen. Pentsamenduek errealitatea okertzen dute askotan. Nietzschek dio: bizitza da gauzarik garrantzitsuena, eta bizitza baieztatu egin behar da, libreki. Bizitzaren aldeko apustua egin behar dugu. Nietzschek esaten du: bizitzeko borondatea dugu barruan, eta hori oztopo guztien gainetik jarri behar da. Bizitzak du lehentasuna. Horren arabera, beste gauza guztiak hortik abiatuta ulertu behar dira, baita arrazoia bera ere. Azkenik, Nietzschek dio: bizitza beti ari da aldatzen eta mugimenduan dago, ez dago inoiz geldituta. Arrazionalismoak, ordea, uste du bizitza etena eta finkoa dela, eta horretan huts egiten du.
Apoloneoa eta Dionisiakoa: Bizitzaren Bi Indarrak
Apolo eta Dionisos dira bizitza ulertzeko bi modu desberdinen sinbolo edo adibide. Apolo argiaren eta lasaitasunaren jainkoa da. Neurria, ordena eta edertasuna adierazten du. Dionisos, berriz, kaosaren, emozioen eta pasio bizien jainkoa da. Gauarekin eta gozamenarekin lotuta dago. Bi jarrera hauek oso desberdinak badira ere, biak behar dira bizitzan. Bata gabe, bestea ez da nahikoa, eta bizitza hautsi egingo litzateke. Baina Europako filosofia, bereziki Platonen eraginez, beti saiatu da arrazoiak (buruko logikak) menderatzea emozioak eta desioak. Hau da, uste dute sentsazioak eta grinak txarrak direla eta kontrolatu egin behar direla. Nietzschek hau kritikatzen du, eta dio bi indarren arteko oreka berreskuratu behar dela: Apoloren arrazoia eta Dionisosen pasioa. Nietzscheren ustez, zientzia eta arrazoian oinarritutako ikuspegia (Apolo) ez da konturatzen errealitatea etengabe aldatzen dela. Hori dela eta, ez dago egia finko bat, ezta espiritu edo arrazoimen absoluturik. Horiek guztiak asmaketak dira, eta ez dute benetako baliorik. Antzinako Grezia Apoloaren mundu perfektu moduan aurkeztea, Nietzscheren arabera, bizitzaren benetako indarra gutxiestea da. Apoloren ikuspegian, bizitza arrazoimenaren menpe jartzen da, eta horrela bizitza itotzen da, mugimendurik gabe geratzen da.
Nietzscheren Pentsamenduaren Testuingurua
XIX. mendearen bigarren zatian, Nietzschek Mendebaldeko balio tradizionalen aurka egin zuen: moral kristaua, erlijioa eta filosofia arrazionala kritikatu zituen, bizitzaren aurkakoak zirelakoan. Bere kritikek Mendebaldeko kontzientzian eragin handia izan zuten, eta ohiko balioen oinarriak zalantzan jarri zituen.
Nietzsche “susmoaren filosofiaren” barruan kokatzen da, Marx eta Freudekin batera. Hiru pentsalariek sistema zaharrak auzitan jartzen dituzte: Marxek ideologia politiko eta juridikoen atzean interes ekonomikoak ikusten ditu; Freuden arabera, gure jokabidea ez dute arrazoiak gidatzen, baizik eta barneko bulkada inkontzienteek. Nietzschek, berriz, kristautasunaren eragina eta bizitzaren ukapena salatzen ditu.
Testuinguru horretan, galdera nagusi bat planteatzen da: zer funtzio betetzen dute gaur egun erlijioek? Eta, agian, horiek betetzen zuten lekua beste zerbaitek hartu al du?
Nihilismoa: Jainkoaren Heriotzaren Ondorioak
Nihilismoa agertzen da jendeak Jainkoarengan sinisteari uzten dionean. Une horretara arte, pertsona askok ideia eta arau batzuetan konfiantza zuten, seguru sentitzen laguntzen zietelako eta bizitza nola bizi jakiten. Baina ideia horiek desagertzen direnean, ez dakite zer egin edo zertan sinetsi. Mendebaldeko filosofia (Europan denbora luzez pentsatzeko izan den modua) askotan sinestarazten digu mundu honetatik haratago beste mundu bat dagoela. Baina benetan, mundu hori ez da existitzen. Eta ez bada existitzen, orduan ez dago ezer. Jendeak hori konturatzen denean, triste, galduta edo hutsik senti daitezke, bizitzak ez duelako zentzurik ematen eta ez dutelako helburu argirik ikusten. Halaber, norbaitek bere desioak edo zorionaren iturriak jarraitzeari uko egiten badio, eta dena baztertzen badu, irtenbiderik gabeko egoera batean amai dezake, harrapatuta bezala. Hutsune hori sentitzeko beste bide batzuk ere badaude, adibidez, historia (mundu honetan gertatzen dena) plan jakin batekin gertatzen dela pentsatzea. Baina konturatzen bazara ez dagoela inolako planik, horrek ere tristura ekar dezake. Orduan, pertsonak ohartzen dira munduak ez duela azalpen argirik, eta bakarrik sentitzen dira, laguntzarik gabe, abandonatuta bezala. Ezerezean erortzen ari balira bezala da.
Balioen Transmutazioa: Moral Berri Baten Bila
Nietzscheren ustez, Mendebaldeko kulturan erabiltzen diren balio gehienak txarrak dira, bizitzaren aurka daudelako. Horregatik, balio horiek aldatu egin behar dira. Bi moral mota bereizten ditu:
Morroien Morala
Hau da ahulen eta esklaboen morala. Pertsona hauek ezin dituzte bizitzako balioak bizi, eta horregatik, etsipena, obedientzia, sufrimendua, pazientzia, errukia eta gaixotasuna "gauza on" bihurtzen dituzte. Moral hau judaismoarekin hasi zen eta kristautasunak indartu zuen. Pertsona hauek ez dute bizitza honetan zoriontasunik aurkitzen, eta beste mundu batean (heriotzaren ondoren) aurkituko dutelakoan daude. Bizitza disfrutatzen dutenen aurka erresumina (gorrototik hurbil dagoen sentimendua) sentitzen dute, eta uste dute haiek zigorra jasoko dutela beste munduan. Morroien moralarentzat gaizki daude bizitzaz gozatzea, osasuna edukitzea, askatasuna izatea edo norbere desioak betetzea.
Jaunen Morala
Hau da indartsuen morala. Pertsona hauek askatasunez bizi dira, ez dute beste inoren agindupean bizi nahi. Bizitza bizitzeko indarra eta ausardia dute. Haien balioak dira: bizipoza, indarra, boterea, handitasuna, plazera, eta garrantzitsuena: instintuak arrazoiaren (zuhurtziaren) aurretik jartzea. Horrelako morala zen Grezia zaharrean, Platon agertu aurretik, nagusi zena. Nietzschek dio Supergizakiak moral hau berreskuratu behar duela. Azkenik, Nietzschek proposatzen du: "lehen ona zen baina gero txartzat jo genuen hori berriz ona bihurtzea." Hau da, bizitzako balioak berriro onartu eta ospatzea.
Kristautasunaren Kritika
Nietzscheren ustez, erlijioa beldurragatik sortu da. Gizakiak bizitzan dituen beldur eta tristura handiek eragin dute. Erlijioak ez du egia esaten; Jainkoa edo beste mundu bat bezalako gauzak asmatzen ditu, baina hori guztia gezurra da. Horregatik, Nietzschek kritikatzen du kristautasuna, judu-kristau tradizioa, budismoa eta erlijio-arau guztiak. Mendebaldeko historian, kristautasunak antzinako balio onak baztertu ditu (adibidez, Greziako balio alaiekin), eta beste mundu bat asmatu du, egiazko mundu hau mespretxatuz. Erlijioak balio txarrak proposatzen ditu: apaltasuna, menpekotasuna, obedientzia, sufrimendua… hau dena bizitzaren kontra doa.
Gainera, bekatua, damua eta penitentzia bezalako ideiekin, bizitzaren kontrako erasorik gogorrenak egiten ditu. Nietzsche oso gogor mintzatzen da kristautasunari buruz Antikristoa liburuan. Ez du Jesukristo edo Jainko bera kritikatzen, baizik eta Eliza eta moral kristaua. Elizak beldurra erabiltzen du pertsonak kontrolatzeko eta otzan bihurtzeko. Nietzscheren ustez, bekatua da Elizak erabiltzen duen arma nagusia. Azken batean, kristautasunaren kontrako kritika hau Mendebaldeko pentsaera osoaren aurkako kritika ere bada. Nietzschek dio ez dela beste mundurik, ezta bizitza betierekorik ere: benetan existitzen dena hemen eta orain bizi dugun mundua da.
Jainkoaren Heriotza
Nietzschek Honela mintzatu zen Zaratustra liburuan dio Jainkoaren heriotza gertakizun historikoa dela. Ez da Jainkoa “hil” dela, baizik eta gizakiok Jainkoarengan sinesteari utzi diogula. Erdi Arotik aurrera, pentsaera aldatu egin da: jendeak gutxiago sinesten du Jainkoarengan, eta azkenean Nietzschek esaten du Jainkoa “hil dela”. Horrek esan nahi du: ateismoa (Jainkorik gabeko bizimodua) da hemendik aurrerako pausoa. Jainkoa “hilda” dagoenez, orain gizakiak sortu behar ditu bere balio propioak. Hasieran, jendea galduta senti daiteke, lehengo balioak galdu direlako. Baina Nietzschek dio: supergizakia izango da egoera berria ulertzen duen pertsona, eta bizitza berria sortuko du bere sormenarekin, ez dagoen beste mundu batean amets egin beharrean.
Supergizakia: Gizaki Berriaren Etorrera
Nietzschek iragartzen du supergizakia etorriko dela Jainkoaren heriotzaren ondoren. Zientzialariek esaten zuten gizakia eboluzionatzen joan dela historian zehar. Nietzschek ere hori sinesten du, eta dio: etorkizunean beste gizaki mota berri bat etorriko da, indartsuagoa, askeagoa eta sortzaileagoa. Supergizakiak ez du sinesten jainkoetan, ez du moral zaharrik jarraitzen, ez da ezer edo inoren menpekoa. Ez da artaldeko kidea. Bere kasa bizi da, bere arauak sortzen ditu eta ausarta da bere bizitza bere kabuz bizitzeko. Supergizakiak ez du esklaboen morala jarraitzen (hau da, apaltasuna, obedientzia…), baizik eta bizitza ospatzen duten balioak: askatasuna, indarra, plazera…
Supergizakira iristeko 3 fase daude:
- Gamelua: Mendebaldeko pertsona zaharra da. Zama guztiak onartzen ditu eta ez da kexatzen. Betiko moralaren menpe dago. Nietzschek dio hau mespretxatu behar dela.
- Lehoia: Pertsona honek ez du gehiago moral zaharra jasan nahi. Bere indarra erakusten hasten da eta bere borondatea jartzen du lehenengo.
- Haurraren fasea: Lehoiak ez du balio berriak sortzeko nahikoa indar. Horregatik bihurtzen da haur, haurrek soilik baitute sormena. Haurrak jolasten du, ez du beldurrik gauza berriak probatzeko eta ezezaguna onartzen du.
Nietzscheren ustez, jolasa bizitzaren metafora da. Jolasean, pertsonak aurrera egiten du, eta bide horretan supergizakia jaio daiteke noizbait.