Nietzsche: Botere-nahia, Betiereko Itzulera eta Bitalismoa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 9,2 KB
Botere-nahia
Nietzschek dio botere-nahia dela bizitzaren mamia, izaki bizidun guztiek duten gehiago eta hobe izateko grinen multzoa, forma garaiagoak lortzeko eta batzuetan albokoa irabazteko indar eta bulkaden multzoa. Nahia ez da soilik biziraupenaren edo menperatzearen adierazlea; gizakien kasuan, balio berriak sortzeko eta zaharrak suntsitzeko gaitasun bihurtzen da. Jakin-mina ere botere-nahiaren mendean dago; gizakiok botere-nahiagatik sortzen ditugu errealitateari buruzko teoriak. Bizitza partida bat balitz bezala jokatu behar da, arriskuak hartuz supergizakia izatera heltzeko. Botere-nahia ez da mendekotasunaren edo ahuleziaren adierazpena, baizik eta norbere buruarekiko konfiantza, segurtasun eta autoafirmazioaren seinale. Gainera, berdintasuna edo hierarkia norbanakoen eta gizarteen egoeren araberakoa da: zenbat eta bizi-baldintza gogorragoak izan, orduan eta hierarkia handiagoa, eta alderantziz.
Betiereko Itzulera
Betiereko Itzulera Nietzschek proposatutako teoria bat da, non bizitza behin eta berriz errepikatzen den zirkulu batean. Botere-nahia garatu duen supergizakiarentzat, bizitza hain da preziatua ezen infinituki itzultzea desiratzen baitu. Horrek bizitzari emandako baietza adierazten du. Nietzscherentzat, Kanten arrazoi praktikoaren inperatiboa —"joka ezazu zure ekintza jokabide unibertsala izango balitz bezala"— honela bihurtzen da: "bizi ezazu bizitza betirako errepikatuko balitz bezala". Bizitza behin eta berriro errepikatzen den errealitatea ikuskera linealari kontrajartzen zaio. Hala ere, teoria honek kontraesanak sortzen ditu, izan ere, ezer berria sortzeko ahaleginak alferrikakoak dirudite. Etorkizuna aldez aurretik finkatuta balego bezala ulertuta, supergizakia eta Betiereko Itzulera aurkako kontzeptuak izan litezke. Ikuspuntu horren arabera, "etorkizuna" ez baita existitzen.
Kristautasunaren kritika
Nietzschek kristautasuna gogor kritikatzen du, bere ustez erlijioa beldurretik sortutako metafisika arrunt bat baita herriarentzat. Haren ustez, kristautasunak, mundu ideal baten asmakuntzaren bidez bizitza errealaren mespretxua sustatzen du. Nietzscherentzat, kristautasuna ahulentzat eta esklaboentzat filosofia eta moral arrunta da. Erlijioak balio dekadenteak bultzatzen ditu, hala nola umiltasuna eta obedientzia, bizitzaren aurkakoak. Jainkoaren heriotzak gizakiaren sormen askatasuna ahalbidetzen du, supergizakiaren garapena sustatuz. Horrela, haraindiko mundua baztertzen da, benetako mundu honi balioa emateko.
Jainkoaren heriotza
Nietzschek ateismoa aldarrikatzen du, uste baitu sinesmena bizitzaren kontrakoa dela eta gizakiaren garapena oztopatzen duela. Nietzschek dio sinesleek beren gaitasunak Jainkoarengan proiektatzen dituztela, eta horrek, gainera, bere burua garatzeko aukera oztopatzen die. Jainkoarekin batera, balio absolutu eta lege moral objektiboak ere galdu egiten dira. Jainkoa hiltzea ezinbestekoa da supergizakia garatzeko, askatasuna eta indarra lortzeko bide bakarra baita. Hala ere, bi ondorio posible daude:
Arriskutsua: Gizakia goian zerua eta behean lurra geratzen dela dio, noraezean gera daiteke gizakia. Bizitza moralaren aztoramendua eta txikikeria Jainkoa hil osteko arriskuak dira. Helbururik gabe bizi den gizakia, gizaki nihilista da.
Txalogarria: Supergizakiak sormena garatu dezakeela eta haraindiko munduan zituen ametsak lurrera ekarri ditzakeela konturatzea da. Gizakiak bere buruaren gainetik maila bat sortu behar du: SUPERGIZAKIA.
Supergizakia hiru transformazioetan
Nietzschek supergizakiaren agerpena Jainkoaren heriotzaren ondorengo urrats gisa aurkezten du, baina ez da berehalakoa izango. Supergizakia agertzeko, nihilismoa atzean utzi behar da, kate guztiak apurtu behar dira eta norbere buruaren jaun bihurtu behar da. Zaratustrak hiru transformazio irudikatzen ditu: gamelua, lehoia eta haurra. Gamelua moral objektiboaren zama jasaten duen gizakia da. Jainkoaren saria merezi duela erakusteko sakrifizio handiak egiten ditu, "nik egin behar dut" dioen gizakia da. Lehoiak lege moralak baztertzen ditu eta bere borondatearen arabera hasten da jokatzen. "nik nahi dut" dio. Azkenik, haurra sormen askatasuna duen izakia da, "nik jolastu nahi dut" esanez, supergizakiaren sinboloa.
Apolo eta Dionisos: Apoliniarra eta Dionisiarra
Nietzschek Apolo eta Dionisos jainkoak kontrako printzipioak sinbolizatzeko erabiltzen ditu. Dionisos jarrera tragiko-estetikoaren sinboloa da, eta Apolo, berriz, jarrera zientifiko-arrazionalistarena. Apolo arrazoiaren, ordenaren eta argiaren sinboloa da; Dionisos, berriz, pasioaren, mugagabetasunaren eta gauaren adierazlea. Nietzschek bi printzipioen arteko oreka beharrezkotzat jotzen du bizitzari zentzua emateko; bietako bat falta bada, bizitza ahuldu eta txirotu egiten dela uste du. "Tragediaren sorrera" liburuan azaltzen duenez, Grezia klasikoan bi joera horiek elkarrekin bizi ziren, bakoitzak bere lekua zuela. Tragediaren abesbatzak Dionisosen izaera irrazionala eta emozionala ordezkatzen zuen, katarsia eraginez; pertsonaiek, aldiz, Apoloren ordena eta arrazoia irudikatzen zuten.
Nietzschek kritikatu egiten du Sokratesetik aurrera Mendebaldeko kulturak arrazionaltasuna lehenetsi eta dionisiar sena baztertu izana. Filosofia arrazionalista eta intelektualismo moralak balio emozional eta sortzaileak zokoratu ditu, bizitzaren alde irrazionala ukatuz. Horregatik, Nietzschek bi joeren arteko oreka berreskuratzea aldarrikatzen du, bizitzaz gozatzeko, sormenari bidea emateko eta norberaren sena askatzeko ezinbestekoa dela uste baitu. Bizitzari "bai" esatea eta desioak askatasunez adieraztea dira Nietzschek proposatzen duen jarrera tragiko-estetikoaren oinarriak.
Nihilismoa eta Balioen Transmutazioa
Nihilismoa "Jainkoaren heriotza"ren ondoren sortzen da, giza balioak desagertzen direlako eta transzendentzia galtzen delako, hutsune existentziala utziz. Kristautasunak, goian omen dagoenari atxikitzera eta lurreko bizitza ukatzera bultzatuz, nihilismoaren sorreran laguntzen du, giza balioak bertan behera uzten baititu. Desioei uko egiteak etsipena eta erresumina dakar, azken finean bizitzaren zentzu eta helbururik eza dakar. Nietzschek erabaki indibidual eta autonomoetan oinarritutako moral berri baterako eraldaketa aurreikusten du, eragin erlijioso edo politikorik gabekoa, hurrengo belaunaldietan nihilismoarekiko konfrontazioari erantzuteko sortuko dena.
Nietzschek morala ikertzen eta kritikatzen du metodo genealogikoaren bidez, balioen jatorri psikologikoa aztertzen duena. Bi moral identifikatzen ditu: jauntxoen morala, boterean eta indarrean oinarritutakoa, eta esklaboen morala, apaltasunean eta errukian oinarritutakoa, erlijioaren bidez bultzatutakoa. Historia morala bi ikuspegi hauen arteko borroka da, kristautasunak esklaboen morala indartuz. Nietzschek kontzientzia morala instintu naturalak inhibitzen dituela ikusten du, krudeltasuna, esaterako, jokabide aszetikora bideratzen duela.
Nietzscheren ustez, botere-nahiak balioen sorrera bultzatzen du, funtsezkoa baita landare, animalia eta gizarte-bizitzan. Desio horrek bultzatutako bizitza da moralaren oinarria, indartsua indartuz eta ahula biziberrituz; erresuminak, aldiz, indartsuak ahultzen dituen bitartean.
Mendebaldeko zibilizazioaren kritika: Bitalismoa
Nietzschek metafisika tradizionala kritikatzen du, Platonismoaren aurkako transmutazio gisa. Haren filosofiak errealitatea aldakortasun etengabe gisa ulertzen du, Heraklitoren ikuspegiari jarraituz. Errealitatea ez da finkoa edo absolutua; bilakaera eta kontraesanen borroka da. Ondorioz, epistemologiaren arloan, errealitatea ezin da kontzeptu finko eta absolutuen bidez azaldu. Nietzschek dio entitate metafisikoak —Jainkoa, Egia edo Ongia— edukirik gabeko kontzeptuak direla, "momia kontzeptualak".
Platonek proposatutako bi munduen bikoizketa —sentikorra eta ulergarria— Nietzschek iruzur hutsa dela dio. Ez dago mundu perfektu transzendentalik; soilik mundu sentikorra existitzen da. Metafisikak bizitzari buruzko balorazio negatiboa sortu duela dio; mundu bakarra ukatu eta ihes egiteko filosofia eskapista bat eraiki duela. Nietzschek uste du filosofo tradizionalek bizitzari dioten beldurretik sortu dutela bi munduen hierarkia.
Gainera, hizkuntza ere kritikatu egiten du; uste du hitzek existentzia faltsua ematen dietela kontzeptuei, hala nola "justizia" edo "ongia". Hitz hauek ez dute benetako errealitaterik adierazten, baizik eta giza itun baten ondorio dira.
Bitalismoaren arabera, bizitza grina, sena eta bulkaden multzo aldakorra da. Nietzscheren ustez, bizitza botere-nahian datza, izakia gehiago eta hobe izatera daraman bulkaden multzoa. Intuizioa eta irudimena arrazoia baino baliotsuagoak direla dio. Bizitzaren "sentimendu tragikoa" eta sormen estetikoa gailentzen ditu arrazionalismo intelektualaren gainetik.