Nietzsche: Bizitzaren Ukazioa eta Balioen Transmutazioa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 15,59 KB
Terminoak
Jainkoa
Jainkoaren ideiak, Nietzscherengan, giza errealitatearen ukazioa dakar, etorkizuneko bizitzaren perspektiba, irauteko eta bizitzeko nahia. Jainkoak gizakia bere baitan denaren kontrakoa justifikatzen du. Heriotza da, bigarren aukera bat da, itxarotea da, besteen nahimenari men egitea eta etortzeko dagoenari aurre egitea. Horregatik aipatzen du antinomia bat dela eta bizitzaren ukazioa dela. Jainkoa hil dela pentsatzeak askatasun osora garamatza, gure barneko irrikak eta barruan daramagun bizitzari aurre egiteko desire asetzera, benetan modu basatian bizitzeko gai izan behar dugulako.
Arima hilezkorra
Arima hilezkorrak pentsamendu platonikora eta kristau erlijiora garamatza. Gizabanakoaren ikuspegi dualista da, gorputza kartzela bat da, eta arima askatzen denean gure izatea beste bizitza batera pasa daiteke. Ikuspegi hori filosofiaren jatorri sokratiko eta platonikoetan oinarritzen da, eta existitzen ez den mundu bat asmatzea eta egiazkoa ez den errealitate bat baieztatzea planteatzen digu. Gorputzaren papera berreskuratu behar da, bizitzaren ikuspegi dionisiakoa, bizitzaren eta unearen gozamena, eta dionisiakoa apoliniarraren aurretik jarri.
Teologoak
Teologoek, apaizek eta erlijioaren ordezkariek eraman gaituzte mendebaldeko kulturaren gainbeherara. Pentsamendu filosofikoa erlijio bihurtu da eta bizitza ukatzera eraman gaitu. Bigarren bizitza bat asmatu dute eta gizakia engainatu dute bere borondatearen menpe jartzeko. Haiek sortu zuten moral inozo, zapaltzaile eta gorrotagarria. Eta moral horrek justifikatzen du proposatzen diguten nahimena betetzen ez badugu ez garela heriotzaren ondoren dugun bizitza errealera iritsiko. Proposatzen duten bizitza ezerezaren ukazioa da, eta planteatzen duten morala deuseztapenaren aldarrikapena, bizitzaren amildegia.
Bizitza
Nietzscheren arabera, bizitza, funtsean, gobernatzeko desioan datza. Bizitza Macht da (indarra, boterea), beraz, dinamismoa, aldakuntza, oztopoen aurkako borroka, esanahi erlatiboak. Bizitzan ez dago ezer absoluturik, baina bizitza erreferentzia bat da gauza guztiak ebaluatzeko: egiazkoa dena bizitzari laguntzen diona da, eta ona bizitzari laguntzen diona da.
Kritika mendebaldeko kulturari. Bitalismoa
Nietzscheren ustez, Mendebaldeko zientzian, filosofian, erlijioan eta beste zenbait esparrutan erabili diren ereduak gizakiaren kalterako izan dira. Prozesu honek Platonen pentsamenduan du hasiera eta kristautasunarekin sendotu zen. Platonengandik datorren tradizio filosofikoaren arabera, ezinezkoa da etengabeko bilakaeran dagoen munduan egia ziur eta finkoa aurkitzea. Beraz, bi mundu daudela esango dute eta benetako mundua mundu fisikoa ez den mundu perfektu eta aldaezina dela defendatuko dute. Nietzsche ideia honen aurka egongo da: mundu bakarra dago, eta mundu hori mundu fisikoa da. Mundua zer den eta gizakia zer den azaltzeko ez dugu izaki transzendental batera jo behar; azalpen naturalista bat egingo dugu. Ezin da aurkitu egia absoluturik ezagutza ikuspuntuaren mende dagoelako. Nietzscheren ustez, giza bizitza ulertzeko biak ezinbestekoak dira: arrazoia eta pasioa. Mendebaldeko tradizioan gizakiak mundu fisikoan bizi arren, haraindiko munduari begira bizi dira. Nietzscheren ustez egoera horretatik atera behar dira, eta gizakiak bere baitan aurkitu behar du bere bizitzarako helmuga, kanpora jo gabe. Nietzsche bitalista da eta bitalismoa lortzeko, mendebaldeko kultura guztia berraztertu beharra dago, uko egin ziolako bizitzaren balioari.
Apolineoa eta dionisiakoa
Apolo arrazionaltasuna, neurria, argia, oreka, harmonia eta alaitasunari jarraitzen dio. Dioniso, berriz, irrazionaltasuna, gehiegikeria, iluna, borondatea, desira, gaztetasuna, mina eta eromenari. Bi elementuen arteko bereizketa eta aurkakotasuna nabarmena den arren, ezin daiteke bata bestea gabe bizi, bizitzan 2 alderdiak agertzen direlako. Greziar tragedia klasikoan elementu dionisiakoa eta apolineoa harmonia osoz batzen ziren. K.a. V. mendetik aurrera, greziarrak gero eta garrantzi handiagoa ematen hasi ziren elementu arrazional eta apolineoei. Alderdi dionisiakoa apolineoaren menpe egon behar zen. Nietzscheren ustez, prozesu horretan Sokratesek garrantzi handia izan zuen arrazoia beste guztiaren gainetik ezarri behar zela defendatzen zuelako. Nietzschek Wagner-en operarekin apolineoaren eta dionisiakoaren arteko harmonia berriz ere ezarriko zela uste zuen, baina, konturatu zen arrakasta komertziala bilatzen zuela arte forma berri bat bultzatzea baino gehiago. Beraz, Nietzschek Antzinako Greziako tragediaren eredua jarraitu nahi du, non apolineoaren eta dionisiakoren artean oreka dagoen. Mendebaldeko kulturan alderdi apolineoari eman zaio garrantzia, eta Nietzschek joera hau kritikatuko du.
Nihilismoa eta baloreen transmutazioa
Nihilismoa, ezereza, bizitzaren zentzuaren galera da. Nietzscheren arabera, pozoia da gizakientzat, giza ahulezia goraipatzen duelako eta gizakiaren porrota eta haren miseria tronuratzen dituelako. Kristautasunean, nihilismoaren balioak gorpuztuta ikusi zituen —gorrotoa eta bizitzarekiko izua—, eta, haren arabera, «ezerezaren nahia» ziren; hau da, balioen ukazioa. Mundu transzendentea eman nahi digute, bizitzarekiko erresuminean oinarritzen dena. Nihilismoaren jatorria, bizitzaren ezeztapena bezala ulertua, filosofia grekoan kokatu behar da, Sokrates eta Platonen artean. Sokrates eta Platonen pentsamenduak, kontzeptuen idealismoaren bidez, existentziaren esanahi amaigabea eta bizitza ukatzen duen mundu haratago bat sortu zituen. Horregatik, balioen kontrasteak aniztasuna eta etengabeko bilakaera eragin du, eta horiek bihurtu dira bizitzaren aldeko baieztapenaren jomuga. Zorionaren baieztapen hori filosofiaren tesi bakarra da. Dauden balioak aldatu egin behar dira, esklaboen moraltasunak aldarrikatzen duen transmutazioa: koldarkeria, erabilgarritasuna, pobrezia, apaltasuna, zuhurtzia, onginahia, eskuzabaltasuna, errukia, eskasia, apaltasuna. Eta zaldunen moraltasuna: adorea, esker ona, luxua, aberastasuna, gorentasuna, kultua, berekoikeria, ugaritasuna, harrokeria. Nietzschek jaunaren balio moralak defendatzen ditu, gure bizitzan berreskuratu eta zentratu behar direnak.
Kritika kristautasunari
Nietzscheren ustez, erlijioa beldurretik sortzen da, gizakiak bizitzan dituen larrimin eta ezintasun sentimenduetatik. Beldurrez jarduten du indarra eta ausardia goraipatu ordez. Tradizio judu-kristauaren aurka jotzen du, budismoaren aurka, eta oro har, erlijio-arau ororen aurka. Mendebaldearen historian, kristautasunak antzinatasun klasikoaren balio dionisiakoak baztertzen ditu, mundu ideal baten asmakizunaren bidez. Begien aurrean dugun mundu hau besterik ez da existitzen, eta betierekotasunaren ideia asmakuntza hutsa da. Nietzscherentzat kristautasuna platonismo herrikoia da, filosofia eta moral arrunta, ahul eta esklaboentzat. Erlijioa herri xehearen matxinada da jabeen aurka, eta, beraz, herri xehearen balioak dira erlijioan nagusi. Erlijioak balio dekadenteak soilik proposatzen ditu; artaldearen balioak, esklaboenak. Bekatuaren, erruaren, damuaren eta penitentziaren kontzeptuekin egiten ditu erlijioak bizitzaren aurkako eraso larrienak. Nietzscherentzat bekatua Elizaren maltzurkeriaren tresna nagusia da. Bekatuaren beldurrak bizitzaren idealak gaiztotu eta biziera ederra, osasuntsua eta ausarta zapuzten du. Grinak, bulkadak, senak, balio estetikoak eta oro har gorputzak gogoko duen oro errefusatzen du erlijioak. Jainkoaren heriotzak ateak zabaltzen dizkio gizakiaren erabateko garapenari. Erlijioak, eta batez ere kristautasuna eta budismoa, gaixo eta ahulen erlijioak direnez, gizakiak bere mugak gainditzeko oztopo gaindiezin izan dira. Erlijioak nahita asmatzen ditu hil ondoko bizitza, epaia, berpizkundea..., zorionekoari emango zaion ordaina, hil ondoko bizitza saritzat aurkezteko. Eta eliza era honetako antolakuntzaz baliatzen da, azken epaiketaren beldurra, Elizako kideak artaldean atxikitzeko.
Jainkoaren heriotza
Indarra, askatasuna eta espirituaren independentzia sendotzeko, Nietzschek ateismoa aldarrikatzen du, sinesmena ahultasunaren eta koldarkeriaren adierazle delako, bizitzaren aurkako jokaera. Jainkoa desagertzean, desagertu egiten dira ere hari atxikitako balio kristauak. Lehenago edo geroago, Jainkoaren heriotzak balio absolutuaren eta lege moral objektiboaren suntsipena ekarri du. Balioei dien gutxiespena (kritika) nihilismoaren ezaugarri da. Kristautasunaren aginduak eta debekuak desagerturik, Jainkoarenganako fedearen gainbeherak gizakiaren jatorrikoz indar sortzaileak askatuko ditu, eta jada gizakiak ez dio haraindiko munduari erreparatuko, honako honi baizik.
Jainkoaren heriotza eta azken gizakia
Jainkoaren heriotza ezinbesteko erreferentzia-puntua da gizaki askeak moralitatearen eraldakuntzari ekin diezaion. Jainkoaren heriotzaren ondoren, gizakia ez zaio Jainkoari hitzez zuzenduko, ez ditu Jainkoen izenak aipatuko. Gizakia bere moduko gizalagunari mintzatuko zaio, eta aurrez aurre elkarri aldarrikatuko diote gizakiaren erabateko garapena benetan gertagarri dela. Jainkoaren heriotzaren ondorengo urratsak bi dira: arriskutsua (gizakia noraezean gelditzeko arriskua) eta txalogarria (gaingizakia konturatu behar da gizon berriak sormena gara dezakeela eta haraindiko munduko ametsak mundu honetara ekar ditzakeela). Gizakiak bere buruaren gainetik beste izaki-maila bat sortu behar du.
Supergizakia
Jainkoaren heriotzaren ondorengo urratsa supergizakiaren etorrera da. Supergizakia ez da bere horretan agertzen, eta geroago izango delako itxaropena aipatzen du Nietzsche. Proiektu oro ekiteko gogoa galduta, gizakiaren pasibitateak nihilismoa eragingo du; hau da, azken gizakiak “egonean egon” besterik ez du egingo. Nietzschek eboluzioan sinestu zuen, beraz, aurrera begira eboluzionatzen jarraituko duela uste du; supergizakia etorriko dela uste du. Nietzschek iraganarekin apurtu nahi du gizaki berri bat sortzeko, eta gizakiak aurrera begiratu behar du beti, nork bere etorkizuna bere gogora egokitzeko. Supergizakia gizakiak gutxinaka hobera egin eta aurrekoa gainditzeko duen borondatearen adierazlea da eta gauzatzeko gogoak gaur egungo egoerarekiko desadostasuna adierazten du, eta baita bizi-maila hobea lortzeko ahalegina ere.
Gizakiaren eraldaketa prozesua
Giza esentzia etengabe eraldatzen ari den zerbait da; gizakiak pobretua eta bihurritua du bere burua hasieran, eta ondoren, Jainkoaren heriotzan, askatu egiten da. Eraldaketa horiek irudi batzuen bidez azaltzen ditu: gamelua, lehoia eta haurra. Idealismoaren menpe dagoen gizakia gameluaren antzekoa da. Agindu astunak eta zorrotzak bere nahi ditu eta Jainkoaren esanak betetzen ditu. Mendebaldeko gizakiaren bizitza basamortukoarekin parekatzen du: bizitza neketsua, sufrimendu-bizitza, erraztasun eta gozamen gutxikoa. Basamortuan gamelua lehoi bihurtzen denean, idealismoaren gainbehera dator. Lehoiak bere zama aritzen du. Ordura arte estutu duen larrimina bizkar gainetik kentzen du. Lehoia lehian hasten da moral objektiboarekin. Lehoiak ez du indar nahikorik balio berriak sortzeko, eta haur bihurtzen da horretarako. Haurrak soilik du balio berriak sortzeko sormena.
Botere nahimena eta betiereko itzulera
Botere-nahimena da nihilismo aktibo eta pasiboaren arteko desberdintasuna markatzenduena. Botere-nahimena duenarentzat, bizitza: norbera izateko, nork bere burua gainditzeko eta nork bere burua baieztatzeko nahiada. Bizidun orok duen bulkada, desira eta sena baieztatzen eta kanporatzen du. Inoiz gelditzen ez den bulkada bat da, eta oso modu desberdinetan agertzen da giza adierazpen kultural guztien gainditze-nahian eta sormen-kemenean. Bulkada dionisiakoaren betetasun- eta indar-sentimenduari lotuta dago. Balioak sortzeko borondatea eta horrekin mendebaldeko zibilizazioaren balio moral dekadenteak baztertzen dira. Gorputzaren eta lurraren balioa aldarrikatu behar dira. Botere-nahimenaren baieztapena gizaki berri bati dagokio: SUPERGIZAKIARI. Betiereko itzuleraren ikuspegitik, mundu fisikoa ez dago beste mundura )zabalik, mundua berebaitan duena besterikez da, eta ez du haraindian inolako ihesbiderik. Nietzschek mundu hau onartzeko deiadar egiten du, bizitzaren hautabide guztiak mundu honetan bilatu eta burutu daitezen. Erronka honi, bizitzari, kemenez eta poz handiz heldu behar dio gizakiak. Denbora ez da lineala, munduaren ikuspegi zirkularra defendatzen du. Munduak ez dauka hasierarik ezta amaierarik.
Erlijio alienazioa
Erlijioa alienazio mota bat da. Alienazioa gizakia bere buruarekiko kanpotar eta arrotza sentitzea eragiten duen prozesua edo egoera esan nahi du. Erlijioa kontzientzia ideologiko konplexu baten ageriko lotura dela susmatzen du, eta gizakien gizarte-errealitate kontraesankorra eta izugarria ezkutatzen du. Erlijioak gizakia mundu errealetik hartu eta fikziozko mundu batera darama. Erlijioak alienatu egiten du,hau da, gizakiari bera bizi den mundu konkretuaren eta bilatzen duen mundu idealaren arteko banakuntza eragiten dio. Gizakia erlijioak promesten dion fikziozko munduaren bilaketaren bidez geratzen da alienaturik. Erlijioa klase gorenak erabiltzen duen tresna da bere menpe daudenak zapaltzen ditu. Hori dela eta, erlijio-alienazioak funtzio sozial bat betetzen du: “Erlijioa herriaren opioa da”. Erlijiozko sentimendu gorena: apaltasun osoa eta men-egite obedientea da.
Sentimendu horrek bere izaeratik bereizten du gizakia, grinak eta gorputza arrotz eta etsai bihurtzen dizkiolako. Eliza alienazio honen elementu bideratzailea da. Gizakion ahaleginak errealitatetik kanpo dagoen justizia bat bilatzera bideratzen du, errealitatea aldatu beharrean. Erakunde erlijiosoak menpeko klaseak zapaltzeko agintzen duten klaseen esku dauden tresnak dira. Zerua injustiziak ordaintzen edo konpentsatzen diren lekua da. Injustizia horiek Lurrean bere horretan diraute.Azkenik, Erlijioa ez da gizakiaren problemak konpontzeko gai, beraz, gizakiak ezin du haren bidez askapenik espero.
Disertazioa
Historian zehar, Jainkoaren ideia, bizitzaren antinomia gisa, behin eta berriz agertu da diskurtso filosofiko eta teologikoan. Ideia horren arabera, izaki goren, orojakile eta transzendentearen ideia erabili da giza esperientziari eta bizi garen munduari dagozkion konplexutasun eta kontraesanei aurre egin edo aurre egiteko. Zenbait filosofok ideia hori garatu eta eztabaidatu dute, bai eta giza izaera eta existentzia ulertzeko dituen ondorioak ere.
Lehenik eta behin, kontzeptu horrek oinarri etiko eta morala ematen du. Arau eta balio moralak ezartzen dituen izaki goren batean sinesteak esparru etiko bat ematen du, pertsonek beren ekintzak eta portaerak gidatu ahal izateko. Jainkoaren moraltasun horrek gizarte-ordena eta kohesioa ere mantentzen ditu komunitatean. Gainera, Jainkoaren nozioa giza ulertzetik kanpo dauden fenomeno metafisiko eta naturalak azaltzeko ere erabili izan da. Horrela, Jainkoa azalpen kontsolatzaile bihurtzen da ezezagunarentzat eta azalpenik gabekoarentzat.
Izan ere, Esperientzia sakon eta esanguratsu erlijioso edo espiritualak ezin dira giza asmakizun gisa soilik azaldu. Esperientzia horietan sartzen dira jainkoarekin lotzeko sentimenduak, errebelazio pertsonalak eta transzendentearekin elkartzeak; horrek adierazten du Jainkoaren ideia ez dela soilik eraikuntza mentala, baizik eta mundu osoan pertsonek bizi duten errealitatea.
Nire ustez, Jainkoaren ideia, bizitzaren antinomia gisa, galdera existentzial eta metafisikoen erantzun gisa ez ezik, giza gizartearen behar emozional, sozial eta politikoei aurre egiteko tresna gisa ere sortu da. Erlijioak eta jainkozko sinesmenak giza esperientzia moldatu eta definitu dute historian zehar, nahiz eta Jainkoaren ikuskera horren baliozkotasuna eta egiazkotasuna eztabaidagai izaten jarraitzen duten.