Nerbio-sistema Periferikoa: Egitura eta Funtzioak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Psicología y Sociología

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,94 KB

Nerbio-sistema Periferikoa

Nerbio-sistema periferikoa nerbio-sistema zentralaren eta gorputzeko organo eta egituren artean kokatzen da. Gorputz osoan zehar banatzen diren zuntzez eta kordoiz dago osatuta. Nerbio-sistema periferikoak zentzumen-errezeptoreekin, muskuluekin eta guruinekin lotzen du nerbio-sistema.

Nerbio-sistema Periferikoaren Azpisistemak

Nerbio-sistema periferikoa bi azpisistematan banatzen da: somatikoa eta autonomoa (edo begetatiboa).

Sistema Somatikoa

Sistema somatikoaren lana estimuluen mezuak igortzea da, bai kanpotik nerbio-sistema zentralera doazenak, bai nerbio-sistema zentraletik muskulura doazenak. Adibidez, liburu bat hartzea nerbio-sistema somatikoaren zuntz-sorta bati dagokio. Nerbio sentsitiboek (begikoak kasu honetan) gorputzetik garunera informazioa igortzen dute, eta liburua kontzientearen eremuan sartzen da. Informazioa prozesatu ondoren, nerbio motorrek garunetik muskulura igortzen dute informazioa, eta horrela, liburura iristean, besoa luzatu eta eskua zabaldu egiten da. Sistema somatikoak organismoaren alderdi eragileak erregulatzen laguntzen du, hau da, organismoaren eta inguruaren arteko harremanak errazten ditu. Beraz, borondatezko eginkizunak eta mugimendua sistema somatikoari dagozkio.

Sistema Autonomoa edo Begetatiboa

Sistema begetatiboa erraietako funtzioak kontrolatzen dituen nerbio-sistemaren azpiatala da. Bihotzaren, digestio-aparatuaren eta giltzurrunen mugimendua eta funtzionamendua kontrolatzen ditu. Sistema autonomoak edo begetatiboak beste funtzio batzuetan ere badu eragina, besteak beste, gorputzaren tenperaturaren erregulazioan, presio arterialean eta izerdiaren jarioan. Fenomeno horiek ez dute garunaren kontrol beharrik, beraz, inkontzienteki gertatzen dira. Horregatik deitzen zaio sistema honi autonomoa: nahiz eta borondatez kontrolatzeko aukera izan, bere kabuz egiten duen lan, gure barne-funtzionamendua antolatuz.

Nerbio-sistema autonomoa ere bi azpisistematan banatzen da: sinpatikoa eta parasinpatikoa.

Sistema Sinpatikoa

Sistema sinpatikoa, anatomikoki, bizkarrezurraren bi aldeetan zehar doazen bi nerbio-kateek osatzen dute. Sinpatikoaren ibilbidean lodiuneak agertzen dira, gongoil sinpatikoak, alegia. Gongoil horietatik ateratzen dira erraietara doazen nerbio-adarrak. Sistema sinpatikoak jarduera fisikorako eta ekintzarako prestatzen du gorputza. Aktibatzen denean, bihotz-taupadak arintzen ditu, presio arteriala handitzen du eta glukosa odolera eramaten du.

Sistema Parasintatikoa

Sistema parasinpatikoa entzefaloaren azpitik ateratzen diren nerbio-adarrek osatzen dute. Bi sistemok, sinpatikoak eta parasinpatikoak, zenbait organo erregulatzen dituzte. Sinpatikoak organoak kitzikatu egiten ditu eta parasinpatikoak lasaitu. Parasinpatikoak, aktibatzen denean, kontrakoa egiten du: bihotz-taupadak moteltzen ditu, presioa gutxitzen du, etab.

Entradas relacionadas: