Nazio-intereseko industriak babesteko legea
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 9,26 KB
Testua “Boletín Oficial del Estado”-n argitaratua dago (publikoa da), gaur egun ere legeak derrigorrez argitaratzen diren aldizkarian. Legea (beraz, izaera juridikoa dauka)
Aldarrikatu zen egun berberean argitaratu zen, 1939ko urriaren 25ean, hau da, Gerra Zibila amaitu eta hilabete gutxira (erregimen berria, frankismoa, finkatua agertzen den unean). Ipintzen ez duen arren, Madrilen idatzi eta argitaratzen dela suposa dezakegu. Autorea azaltzen ez den arren, frankismoko lege guztien erantzule Francisco Franco zein heinean, bera har dezakegu idazle moduan. 1939tik 1975era Espainiako agintari izan zen militarra dugu, Ferrolen jaioa, eta Marokoko gerratik heroi moduan hartua izan zena Primo de Riveraren garaian. Estatuko biztanleei zuzenduta dago baina bereziki enpresa munduan mugitzen diren horiei guztiei. Testua lehen mailakoa da. Tituluak dioen bezala, nazio-interesekoa den industria babesteko aldarrikatu zen legea, beraz, eduki ekonomikoa dauka.
Nazio-intereseko litzateke, kasu honetan autarkian oinarriturik, ekonomia aurrera ateratzeko interesgarria den enpresa oro. Helburua Espainiako biztanleentzako ekoiztea litzateke (biziraupenerako ondasunak), eta estatua aberastean lagun dezakeen edozein sektore ere onartzen zuten (adibidez, armagintza). Lehenengo parrafoan ere Gurutzada loriatsua aipatzen da, eta kontzeptu hau, nazionalen ahotan, Gerra Zibilaren berbera da. Artikuluen aurretik justifikatu egiten du legeak diru-laguntzak ematea, eta barne-merkatua potentzial garrantzitsua dela esaten du.
Testuan 1, 2, 3 eta 6 artikuluak zehazten dira. Hauetan, baldintza zehatzak ematen dira: nazio-intereseko zeri deitzen dioten zehazten da (ekonomia garatzeko edozein, publiko edo pribatu izan), 15 urterainoko epean izango dituzten abantailak (zerga murrizketa, desjabetzeko ahalmena, %4ko etekinen bermea eta zenbait baliabideetarako muga-zergetako beherapenak), estatuaren esku-hartzea onura horien truke, eta “etekinei uko egin ahal izatea” behin enpresak martxa hartuta.
II. Errepublikaren (1931-1936) aurkako altxamenduarekin, gizartearen ongizatea bermatzeko erreformak bertan behera geratu ziren, eta egoera okertu egin zen Gerra Zibilak izandako eraginagatik. Ekonomia lur jota geratu zen, eta frankismoak lurralde osoaren kontrola izan zuenean, 1939ko apirilean, egoera negargarria zen. Hala ere, industria-gune asko ez ziren suntsituak izan, eta sustatzeari ekin nahi izan zitzaion. Francok, II. Mundu Gerra amaitu arte, Ardatzarekin elkarlanean, kanpo-merkatu interesgarria izan zuen, batez ere armagintzan (Espainia hornitzaile bihurtu zen, adibidez, Alemaniak wolframioa eta gerrako materiala eskatzen ziolarik). Baina 1945etik aurrera isolaturik geratu zen estatua. Gerra Zibiletik 1950eko hamarkada amaiera arte autarkian oinarritu zen Espainiako ekonomia, eta horren helburu, lehen esan bezala, barne-merkatua sustatzea zen, espainiarrak izanik ekoizle eta kontsumitzaile. Herrialde buruaski izateko baliabideak falta zitzaizkion, ordea (energia iturri eskasak), eta ekimen pribatuak ez zuen askatasunez gozatzen, lege honetan irakurtzen den bezala, estatuak berak esku hartzen zuelarik (erregimena interbentzionista izan zen 20 urtez).
Hala ere, aipaturiko neurriek posible egin zuten enpresa batzuk aurrera joatea eta isolatua geratu arren, zigortua ez zenez izan, aurrera joan zen ekonomia. Zenbait barne-erreforma egin ondoren, Francok, nazioarteko bloke kapitalistaren erakargarritasuna ikusita, ekonomia liberalizatzea erabaki zuen, eta teknokratak sartu zituen gobernuan, falangisten boterea gutxitzen zihoan heinean. Teknokratekin ekonomia garatuz joan zen, eta inoiz baina susperraldi handiagoa eman zen aurrezte sistema gogor bati esker (soldatak izoztuz, zergak igoz… dirua enpresa handi horietara bideratuz, baina pribatuetara oraingoan). Ordura arte estatuak izan zuen kontrola gutxitu egingo da eta enpresa pribatuak indartuz joango dira, trantsizio garairako multinazionalen eta atzerriko inbertsioaren diru-sarrerek hazkunde ikaragarria eraginez.
Testuak Francoren politika ekonomikoa zein izango den markatzen du datozen hamabost urteetarako. Hau da, autarkia ezarriko du oinarrizko sistema bezala. Biziraupenerako ezinbestekoak diren elikagai nahiz ondasun guztiak Espainian ekoiztuko dira. Gobernuaren garrantzia nabarmentzen du, honen esku-hartze handia azpimarratuz, eta egia esan, enpresa publiko asko sortzen dira ere. Baina etorkizunean industria pribatizatzearen aldeko desioa aurkezten du ere, eta horrela gertatzen da interbentzionismoaren amaieran. 1960ko hamarkadan ekonomiaren eraldaketa gauzatuko da, ekimen pribatua sustatuz eta autarkia eta interbentzionismoa atzean geratuz.