Narrazioaren eta Lirikaren Oinarrizko Elementuak
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Latín
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,71 KB
Narratiba: Elementuak eta Egitura
Espazioa
Gertaerak jasotzen diren lekua da, espazio erreala edo asmatua izan daitekeena.
- Espazio erreala: narraziotik kanpo ere existitzen da.
- Espazio asmatua: ez da narraziotik kanpo existitzen, irreala da. Narrazioko espazioa, benetakoa ez izan arren, sinesgarria da; nahiz eta ez den benetan existitzen, leku batzuen oso antzekoa izan daiteke.
Bi modutan deskriba daiteke:
- Objektiboki: argazki bati begira bezala deskribatzen du lekua.
- Subjektiboki: narratzailearen edo pertsonaien sentimendu eta emozioekin nahastuta heltzen zaigu.
Pertsonaiak
Pertsonaiak istorioa osatzen duten gertaeretan parte hartzen duten pertsonak edo animaliak dira. Haiek dira narrazioaren ezaugarririk garrantzitsuena. Sailkatzeko, hainbat irizpide daude: garrantzia, nortasuna eta karakterizazioa.
Garrantziaren arabera
- Nagusiak: garrantzitsuenak dira. Erabakigarriak dira gertaerak garatzeko, haiek gabe ekintzak ez bailuke aurrera egingo.
- Protagonista: ekintzak aurrera ateratzen dituena.
- Antagonista: protagonistaren aurkaria.
- Bigarren mailakoak: ekintzetan parte hartzen dute, baina garrantzi gutxiagokoak dira. Bigarren mailako pertsonaiei pertsonaia laguntzaile ere deitzen zaie. Pertsonaia nagusiei gertatzen zaizkien gorabeherak bultzatu edo korapiloa gainditzen laguntzen diete.
Nortasunaren arabera
- Pertsonaia lauak: nortasun sinplekoak dira, ez dira aldatzen. Pertsonaia onak beti dira onak eta inoiz ez dute okerrik egiten. Pertsonaia txarrek, aldiz, beti jokatzen dute gaizki.
- Pertsonaia biribilak: konplexuak dira, psikologikoki landuak, eta bilakaera agertzen dute narrazioan zehar. Gaizto zirudiena protagonistaren salbatzaile bihur daiteke.
Pertsonaien karakterizazioa
Pertsonaien berri emateko moduari karakterizazioa deritzo. Garrantziaz eta nortasunaz gain, funtsezkoa da pertsonaiak taxutzeko.
- Karakterizazio zuzena: narratzaileak berak esaten digu zuzenean pertsonaia nolakoa den, fisikoki zein psikologikoki. Mota hau deskribapen-zatietan aurki dezakegu, eta kontakizunaren erritmoa moteldu ohi dute, intentsitate-maila jaitsiz.
- Zeharkako karakterizazioa: ez digu zuzenean pertsonaien ezaugarririk ematen; informazioa kontakizunean zehar banatzen da. Karakterizazio honek ia oharkabean marrazten ditu pertsonaiak, ez ditu ekintzak eteten, eta kontakizunaren erritmoak intentsitate-maila gorena mantentzen du.
Denbora
Denborak adierazten du noiz gertatzen den ekintza eta horren iraupena. Noiz gertatzen den zehazteak istorioa kokatzen laguntzen du.
Hiru narrazio-mota daude denboraren antolaketari dagokionez:
- Denbora lineala: gertaerak ordena kronologikoan kontatzen dira (hasiera, korapiloa eta amaiera).
- Iraganerako jauziak (flashbackak): aurretik gertatutakoa irakurleari azaltzeko erabiltzen dira.
- Etorkizunerako jauziak (flashforwardak): geroago gertatuko den zerbaitetara salto egiten da.
Egitura
Narrazioa gertaera edo ekintzen hurrenkera da. Normalean, hiru ataletan banatzen da:
- Hasiera: pertsonaiak eta haien arteko harremanak aurkezten dira, eta kontakizuna non eta noiz gertatzen den azaltzen da.
- Korapiloa: arazo edo gatazka batek egoera aldatzen duenean sortzen da. Gatazka horrek historia garatzen du.
- Amaiera: korapiloan azaldutako gatazkari irtenbidea ematen zaio.
Amaierak bi motatakoak izan daitezke:
- Itxia: jarraipenik onartzen ez duena.
- Irekia: jarraipena onartzen duena.
Lirika: Poesiaren Berezitasunak
Poesiak ez du bat-bateko identifikazioa ahalbidetzen, poema gehienetan ez baitago tramarik. Poemetan istant bat jasotzen da: ideia, sentimendu edo sentipen bat. Arlo formalean ere baditu berezitasunak: batzuetan neurtitzetan idatzita dago, eta errima ere izaten dute.
Egitura
Ez dute narrazioek bezain egitura zurruna, eta pasartea edo istorioa elipsiz beteta egoten da. Bizitzaren aurrean agertzeko jarrera, ideia edo sentimendua adierazten dute.
Esanahia
Poema guztiak maila sinbolikoan interpretatu behar izaten dira. Poemek inoren lekuan jartzeko aukera ematen digute, gure sentimendu eta esperientziez osatu behar baita besteak sentitutakoa.
Hizkera poetikoa
Hizkera landu eta berezia erabiltzen da, estilo-baliabide ugarirekin. Hauek bigarren mailako interpretazioa ahalbidetzen dute, eta ahalik eta hitz gutxienekin adierazkortasun-maila handia bilatu ohi da. Baliabide fonetikoek musikaltasuna ematen diote, semantikoek adiera zabaltzen dute eta sintaktikoek erritmoa markatzen dute.
Gaia
Gaiak askotarikoak dira, eta bizitzari aurre egiteko jarrera, ideia edo sentimendua garatzen dute. Hortaz, norbanakoaren barne-munduaren isla da.
Ahots poetikoa
Narratzaileari buruz ez dugu inolako xehetasunik izaten, pertsona gramatikala izan ezik. Honi ahots poetikoa deitzen zaio.
- Lehen pertsonan (ni poetikoa): agertzen den ahotsari horrela deritzo. Irakurlea norbanakoaren eremu pertsonalera hurbiltzen du.
- Bigarren pertsonan (zu poetikoa): idatzita dagoenean, narratzaileak zuzenean sartzen du irakurlea poeman, eta elkarrizketa moduko bat garatzen da.
- Hirugarren pertsonak: sentimenduak orokortu edo unibertsalizatu egiten ditu.