Napoleon, Kolonialismoa eta Euskal Nazionalismoaren Hastapenak

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 10,46 KB

Napoleonen Garaia: Kontsulatua eta Inperioa

Kontsulatua (1799-1804)

Napoleonek botere politiko indartsua finkatzea zuen helburu. Horretarako, Iraultzak ekarritako aldaketarik garrantzitsuenak sendotu zituen. Frantzia barruan, Napoleon iraultzaile konkisten salbatzaile eta ordena sozialaren babesle gisa hartzen zuten.

Boterea hiru kontsulen eskuetan jarri zuen; Napoleon zen lehena eta egiazki jaun eta jabe. Napoleonen jarduera honako puntu hauen bidez labur daiteke:

  • Konstituzio Berria: Konstituzio horretan eskubideak ez dira aipatzen, eta Napoleoni botere legegilea eta betearazlea aitortzen zizkion; benetako diktadura bat sortu zen horrela.
  • Estatu-egitura osoa berrantolatu: Ia funtzionario guztiak Napoleonek berak izendatzen zituen. Halaxe, betiko finkatuta geratu zen Frantziako estatuaren berezko ezaugarri den zentralismoa.
  • Irakaskuntza Publikoaren Antolaketa: Irakaskuntza propagandarako bide garrantzitsua zen. Horregatik, ardura berezia izan zuen irakaskuntza Frantzia osora zabaltzeko. Maila guztietako irakaskuntza Estatuaren kontrolpean zegoen.
  • Kode Zibila: Kode haren bidez, klase gizartearen oinarrizko arauak finkatu zituen: berdintasuna legearen aurrean, jabetza pribatua, ezkontza zibila eta dibortzioa, etab.
  • Erlijio-arazoaren konponbidea: Iraultzaren garaian, Elizari muga jarri nahi izan zioten, bestetik, Eliza ez zegoen prest ordura arteko bere egoera pribilegiatua galtzeko. Napoleonek, Elizarekin akordio bat lortzea beharrezkoa jo zuenez, 1801ean Erromako Elizarekin Konkordatua sinatu zuen. Hitzarmen horren arabera, elizgizonek Estatuaren nagusitasuna onartu behar zuten eta Napoleonek gotzainak izendatzeko eskubidea zuen. Horren truke, erlijio katolikoa Frantziako gehiengoaren erlijiotzat hartu zuen Estatuak.

Inperioa (1804-1815)

1804an, Napoleonek bere burua enperadore izendatzea erabaki zuen Aita Santuaren aurrean. Handik aurrera, politika inperialista eta erasotzailea egin zuen. Napoleonen garaipen militarrek Gibraltarretik Errusiako mugarainoko bidea zabaldu zioten, eta kontinenteko etsai guztiak behin eta berriz menderatu zituen.

Baina urte berean, Errusiako inbasioak huts egin zuen, eta Europako potentzia guztiak bere kontra jarri ziren. 1814an Frantzia inbaditu zuten eta Napoleonek dena galduta ikusi zuenez, abdikatu egin zuen; Elba uhartera erbesteratu zuten.

Napoleonek Elbatik ihes egin zuen, Frantziara heldu zen eta boterea berreskuratu zuen 1815ean. Europako potentziek armada bat prestatu zuten eta Waterloon behin betiko garaipena lortu zuten Napoleonen kontra. Santa Elena uhartera erbesteratu eta han hil zen.

Napoleonen eragina Europako politikan

  • Bere armadaren bidez, Iraultzaren deiak Europa osora zabaldu zituen.
  • Frantziako ereduari jarraituz, Europa osoan eredu zentralizatuko estatuak sortu ziren.
  • Frantziako gudaroste inbaditzaileari aurre egitearren, mugimendu nazionalistak sortu ziren Europa osoan.

Vienako Biltzarra eta Berrezarkuntza

Napoleon menderatutakoan, Iraultzaren aurreko egoerara itzuli nahi izan zuten. Horretarako, lehen helburua bakea ziurtatzea zen.

  • Zilegitasunaren Printzipioa: Botere politiko onargarri bakarra zilegi zena izango zen; hots, tradizioan, historian eta erlijioan oinarritutakoa. Printzipio horri jarraituz, Luis XVIII.a ezarri zuten Frantzian errege eta Fernando VII.a Espainian.
  • Estatuen Arteko Oreka: Ez zen onartuko inolako nagusitasunik.
  • Interbentzio Politika: Zilegitasun osoa eman zitzaien sinatzaileei beste estatuen barne-kontuetan sartzeko, baldin eta bertan jazotako gertaerek erregea edo Europa berriaren oinarriak arriskuan jartzen bazituzten.

Erabaki horiek ezartzen zirela ziurtatzeko, Errusia, Prusia, Austria eta Frantziak Aliantza Santua eratu zuten. Dena den, errege absolutista haien asmoak erdizka baino ez ziren bete. Bakeari eustea lortu zuten, baina Antzinako Erregimena berrezartzeko asmoan porrot egin zuten. Burgesiak ez zuen antzinako egoerara itzultzeko asmorik eta ideia berriak gauzatzeko hainbat iraultza bultzatu zituen, 1820tik aurrera Europa zehar.

Kolonialismoa eta Inperialismoa

Hedapen Kolonialaren Zergatiak

Garapen ekonomikoari esker, Europak munduan barrena hedatzeko beharrezko baliabideak zituen. Zergatiak hainbat faktoretan oinarritzen ziren:

Faktore Ekonomikoak eta Baliabideak

  • Baliabide Ekonomikoak: Estatu boteretsuek kolonizazioak zekartzan inbertsio handiei aurre egiteko adina diru zuten. Kapital soberakinak inbertitu beharra zegoen.
  • Lehengaiak: Europako estatuen protekzionismoaren ondorioz, lehengaiak lortzeko baliabideak jarri ziren abian.
  • Baliabide Teknikoak: Komunikabideen eta garraiabideen garapenak garrantzi handia hartu zuen, lurrunontzien nabigazioak batez ere.

Faktore Demografikoak, Politikoak eta Kulturalak

  • Giza Baliabideak: Iraultza demografikoaren ondorioz, Europak biztanle asko zituen eta batzuetan ezinbestekoa gertatzen zen emigrazioa bultzatzea.
  • Faktore Politikoak: Enpresa kolonialek aukera ezin hobea ematen zuten espiritu nazionalista lantzeko. Potentzien arteko lehia ere oso garrantzitsua izan zen.
  • Faktore Kulturalak eta Erlijiosoak: Kolonizazioa misio zibilizatzaile gisa aurkeztu zen. Horrez gain, Europan erlijioak izan zuen susperraldiak oihartzun handia izan zuen misiolaritza lanetan.

Potentzia Kolonialak eta Beren Lurraldeak

  • Ingalaterra: Kanada, Australia, India, Bechuanaland, Rhodesia, Nigeria, Egipto, Guyana Britaniarra, Hegoafrikako Batasuna, Kenia, Urrezko Kosta, Sudan Anglo-Egiptoarra, Birmania, Zeelanda Berria.
  • Frantzia: Indotxina, Maroko, Aljeria, Ekuatore Afrika Frantsesa, Mendebaldeko Afrika Frantsesa, Madagaskar, Kaledonia Berria, Guyana Frantsesa.
  • Alemania: Kamerun, Tanganika, Hego-mendebaldeko Afrika, Togo.
  • Portugal: Angola, Mozambike.
  • Espainia: Sahara, Ginea.
  • Belgika: Kongo Belgikarra.
  • Italia: Libia, Somalia, Eritrea.

Kolonialismoaren Ondorioak

  • Ondorio Demografikoak: Biztanleriaren hazkundea medikuntzaren aurrerapenei esker.
  • Gizarte Arloko Ondorioak: Bertako gizartearen antolaketa desegitea.
  • Ondorio Ekonomikoak: Nekazaritzaren monokultiboa, Metropoliaren interesen arabera; Industrializaziorik eza (Metropoliaren merkatu soil bihurtu ziren); Meategien ustiatzea.
  • Ondorio Kulturalak: Europako hizkuntza, erlijioa eta ohiturak sartu eta inposatu, bertakoenak zapalduz.
  • Ondorio Politikoak: Muga artifizialak ezartzea.

Nazionalismoa Euskal Herrian

Hastapenak eta XIX. Mendeko Mugimenduak

Ideia liberalak eta nazionalistak Europan zehar zabaldu ziren XIX. mendeko iraultzen ondorioz. Guregana ere iritsi ziren ideia nazionalista horiek, bereziki gobernu liberalen politika zentralistei aurre egin nahiaren eraginez.

Nazionalismoaren sorreran eragin zuten faktoreak

  • Estatu mailako hezkuntza-sistema, hizkuntza ofizialtzat gaztelania ezartzen zuena.
  • Foruak deuseztatzea Euskal Herrian.
  • Guardia Zibilaren boterea hedatzea.
  • Burgesia liberala sendotzea. Madrilekiko autonomia fiskalari eutsi nahi zioten, eta euskal lurraldeetan ez zuten uste Kontzertu Ekonomikoak aski zirenik. Foruak gorde nahi zituzten.
  • Emigrazioa: Industrializazioak Espainiako beste guneetatik langile ugari ekarri zituen.
  • Industrializazioak Euskal Herrian aldaketa sakonak ekarri zituen, gizarte nekazaria izateari utzi eta gizartea hiritartu egin zen.

Lehen Erakundeak

Euskal Herrian, Arturo Campiónek 1878an Asociación Euskera de Navarra sortu zuen, eta 1879an Ramon de la Sotak Sociedad Euskalerria de Bilbao. Foruak deuseztatu zituztenez, bizitza politikoa erabat aldatu zen.

Karlismoak gerra galdu zuen arren, oraindik eragin handia zuen, eta hainbat zatiketa izan zituen. Talde batek karlismoaren oinarri erlijiosoa nabarmendu zuen eta beste batzuek foruak berreskuratzea hartu zuten helburu nagusi.

Mugimendu horiez gainera, beste mugimendu bat aipatu beharra dago: 1885etik aurrera, Alderdi Sozialista, Pablo Iglesiasen aginduari jarraituz, Facundo Perezaguak zabaldu zuena, Bilbon lehenik eta Ibaizabaleko itsasadar osoan barrena gero.

Sabino Arana Goiri eta EAJren Sorrera

Testuinguru politiko horretan Sabino Arana Goiri agertu zen. Jatorri karlista izan arren, bere anaia Luisen eraginez jarrera aldatu zuen, eta euskal abertzaletasunaren aita bihurtu zen. Aranaren lehen adierazpen politikoa 1894an argitaratu zen: Bizkaya por su independencia.

Aranaren Ideologiaren Oinarriak

  • Euskal lurraldeen jatorrizko independentzia.
  • Gizarte tradizionalaren defentsa.
  • Industrializazioak ekarritako aldaketen aurkako jarrera.
  • Foruak deuseztatzeak ekarritako egoeraren aurkako jarrera.

Hori izan zen Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ) / Partido Nacionalista Vasco alderdiaren muina. Hasieran, EAJk nahiko eragin mugatua izan zuen, Bilbon eta inguruko zenbait herritan zuen indarra soilik. Arana Bizkaiko Aldundiko diputatu aukeratu zuten eta bere alderdiko bost zinegotzi hautatu zituen Bilboko udalerako.

Mugimendu nazionalista Bizkaiko eta Gipuzkoako herrietan oso azkar hedatu zen, ez ordea Araban eta Nafarroan, batez ere karlismoaren nagusitasuna oso nabaria zelako. Iparraldean ia ez zuen eraginik izan.

1902ko egunkari batean independentzia alboratu eta autonomiaren aldeko Liga Vaso-Españolista elkartea sortzea proposatu zuen. Gaixoaldiaren eta heriotzaren ondorioz, hutsean gelditu ziren planteamendu berri haiek. EAJ-PNVren buru berria Luis Arana, Sabinoren anaia, berriz ere Sabinoren hasierako ideiak aldarrikatzen saiatu zen.

Ekarpenak eta Sinboloak

  • Hainbat sinbolo eta hitz asmatu zituen: Euzkadi hitza, Zazpiak Bat, Euzko Abendaren Ederkija, Aberri Eguna (Pizkunde Igandean).
  • Euskararen arloan, euskara garbiaren aldeko borrokan, euskarak beste hizkuntzen kutsadurarik izan ez zezan, hainbat hitz sortu zituen: urrutizkina, izparringia, etab.

Entradas relacionadas: