Nafarroako Foruen Hobekuntza (LORAFNA) 1982: Analisia
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,56 KB
Aurkezten dugun testua 1982. urtean onartutako Nafarroako Foruen Hobekuntzaren (LORAFNA) 7 artikulu dira. Lehen mailako iturria dugu, izaera juridiko-politikoa duena. Argitaratutako legea izanik, testu publikoa da. Egileari dagokionez, kolektiboa da, Nafarroako Diputazioak eta UCDren Espainiako Gobernuak adostutako testua baita.
Aurrekari Historikoak
1. Aurrekari Urrunak: Erregimen Foralaren Iraupena
Historian zehar Nafarroak izan duen erregimen forala aipatu beharra dago. 1512ko inbasioaren eta gero, 1515ean Gaztelarekiko atxikimendua eman zen, baina bertan Nafarroak bere erakunde eta foruak mantenduko zituela hitzartu zen. Mendeak aurrera egin ahala, foruek beste mehatxu batzuei egin zieten aurre, besteak beste, Aragoin ezarri ziren Planta Berriko Dekretuei. Ondorengotza Gerran Borboien alde parte hartu izana oso lagungarri suertatu zen lege propioei eusteko garaian.
Baina XIX. mendeko Lehen Gerra Karlistaren ondorioz, Estatu liberalaren eraketari ekin zioten irabazleek. Testuinguru honetan, oso zaila zen Nafarroaren status-a defendatzea, are gehiago, Erreinu Zaharrak Karlos hautagaiari emandako babesa kontuan hartzen badugu. 1841ean Lege Hitzartua (Lege Paktuatua) onartu zen, eta honekin batera Nafarroa Espainiako probintzia bihurtu zen, erregimen foralaren hondar batzuk mantentzen baziren ere, besteak beste, kupoa edo hitzarmen ekonomikoa.
Frankismoaren garaian, Gerra Zibilean Nafarroak matxinatuei emandako babesari esker, berezko erakunde eta eskubide batzuk mantendu ziren. Diktaduraren amaierak erakunde hauen berrikuspena ekarri zuen.
2. Aurrekari Hurbilak: Trantsizioa eta Konstituzioa
Aurrekari hurbil bezala, 1978ko Konstituzioa aipatu behar dugu. Bertan, lurraldeei autonomiak eratzeko aukera aitortzen zitzaien. Lurralde Foralen eskubideak ere onartzen ziren, eta Nafarroari Euskal Autonomia Erkidegoan integratzeko aukera ematen dion “Laugarren Xedapen Iragankorra” (Disposicion Transitoria 4ª) ere aipatzen da.
Hala ere, nafar ordezkari gehienek berezko autonomia eratzearen aldeko jarrera hartu zuten, erregimen forala oinarritzat hartuta.
LORAFNAren Negoziazioa eta Onarpena
Nafarroako Diputazio Foralak eta Madrilgo Gobernuak elkarrizketei ekin zieten, frankismotik zetozen erakunde foralak demokratizatzeko asmoz. 1979ko hauteskundeetan UCD izan zen bozkatuena. Negoziazioek LORAFNA izeneko legea lortu zuten, Foruen Hobekuntza bezala ezagutzen duguna.
Aipatu behar da Foruen Hobekuntza ez zela erreferendum bidez bozkatu, erakundeetan baizik. Lege honek erregimen forala 1978ko Konstituzioari egokitzen zion praktikan, Nafarroako Autonomia Estatutua bihurtuz.
Testuaren Edukia: Artikulu Garrantzitsuenak
LORAFNAk jasotzen dituen zazpi artikulu nagusiak honako hauek dira:
- Lehenengoa: Nafarroaren definizioa.
- Hirugarrena: Legearen helburuak.
- Seigarrena: Espainiarrekiko berdintasuna aitortzea.
- Bederatzigarrena: Hizkuntza ofizialen aipamena.
- Hamargarrena: Foru erakundeei dagokiena.
- Hamaikagarrena: Legebiltzarraren eskumenak.
- Berrogeita bosgarrena: Autonomia fiskalaren aipamena.
Ondorioak
Ondorioz, erregimen foralaren egokitzapenari buruz hitz egin dezakegu. Nafarroak testuinguru demokratiko eta autonomiko batean, bere berezko erakunde eta legeei eutsi egin zien, beti ere 1978ko Konstituzioaren barruan.