Nafarroako Foru Hobekuntza: bilakaera historikoa eta testuinguru politikoa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 5 KB

Foru Hobekuntza

1. Sarrera

Testuaren izaera juridiko-politikoa da (lege organikoa) eta lehen eskuko iturria da. Lege bat denez, publikoa da. Testua Foru Parlamentuak eta Espainiako Gorteek onartu zuten, UCDren Gobernuaren eta Nafarroako Foru Diputazioaren arteko negoziazioen ostean. 1982an onartu zuten Foru Hobekuntza, eta 1978ko konstituzioak onartutako “autonomia erkidegoen estatua” osatzen ari ziren oraindik. Foru Hobekuntzarako hainbat artikulu agertzen dira: Nafarroaren definizioa, legearen helburuak, eskubide berdintasuna Espainiarekiko, hizkuntza ofizialak, instituzio foralak, Nafarroako Parlamentuaren eskuduntzak eta autonomia fiskala.

2. Gertakari hurbilak

1978ko konstituzioak erregioei autonomia erkidegoa osatzeko aukera eman zien, eta horiek osatzeko prozedimendu bat jarri zuten martxan. Bestetik, lurralde forudunek (Araba, Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa) zituzten eskubide historikoak onartu zituzten konstituzioan. 1978ko konstituzioko laugarren xedapen iragankorrak Nafarroari euskal autonomi erkidegoan sartzeko aukera utzi zion, baina Nafarroako Diputazioak (frankismotik sortutako alderdi frankistak) eta PSNk ez zuten onartu. Horrela, alderdi eta aldarrikapen euskal abertzaleak etengabe baztertu, eta Nafarroa erkidego autonomo eta bereizi moduan mantentzea lortu zuten.

1979an, Nafarroako Foru Diputazioaren eta UCDko Gobernuaren arteko negoziazioak hasi ziren, Nafarroako foru erakundeak “demokratizatzeko” helburuz. Lehen lege-dekretuak Foru Parlamentua sortzea agindu zuen, eta bertako ordezkariak merindade historikoen arabera hautatu behar zirela ere erran zuen.

1979an egindako hauteskundeetan, UCD atera zen garaile. Baina, alderdia bitan banatu zen eta Unión del Pueblo Navarro (UPN) alderdia sortu zen. UPNren helburu nagusia Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoan ez sartzea eta Nafarroak 1841etik zuen erregimen forala mantentzea zen (de Burgoren asmakizunak 1841eko Lege Itunduaren inguruan oinarritua). Lehen foru hauteskundeetan, honako emaitzak izan ziren: UCD (20), PSN (15), UPN (13) eta euskal alderdi abertzaleak (20) ordezkari lortu zituzten denetara. Abertzaleek emaitza horiekin, ezin izan zuten Laugarren Xedapen Iragankorra martxan jarri.

Hauteskunde horietatik ateratako Nafarroako Foru Diputazio berriaren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioek Foru Hobekuntzarako Lege Organikoa (LORAFNA) sortzea eragin zuten. 1982an, lege berria bai Nafarroako Parlamentuak eta bai Espainiako Gorteek onartu zuten. Baina, herritarrek ez zuten erreferendum bidez onartzeko deia egin. Nafarroa izan zen Estatuko erkidego bakarra erreferendumik egin ez zuena. Izan ere, eskuinak beldurra zuen herritarrek ez onartzea, eta lauko autonomiaren alde egitea. Horregatik, Del Burgoren “itun oralaren” teoria erabili zuten, eta Foru Hobekuntza Nafarroa eta Estatuaren arteko “itunaren” ondorioz zela aldarrikatu zuten.

Lege berriak frankismotik heldu zen Nafarroako Foru Erregimena errealitate konstituzional berrira egokitzeko helburua zuen. Horrela, merindaden bidezko hautaketa alde batera utzi zuten, eta Foru Parlamentuak Nafarroako Gobernu autonomoa aukeratu behar zuela erabaki zen.

3. Gertakari urrunak

Nafarroako foru erregimena historian zehar mantendu da, baina, denboraren arabera, errealitate berrietara moldatuz joan da.

1512ko Gaztelaren konkistaren ondoren, 1515ean, Burgosen bildutako Gaztelako Gorteek erabaki zuten Nafarroa Gaztelari lotzea. Bertan, erabaki zuten Nafarroak bere foruak eta erakundeak mantendu behar zituela eta Gaztelako erregeek errespetatu eta “berritu” behar zituztela. Horrelako legeak egitea zen aro modernoan, eta Nafarroaren egoera juridiko berdinean zeuden Aragoiko Koroa eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa foru probintziak.

Baina XVIII. mendean, Felipe V.aren zentralismoak Aragoiko Koroaren foruak ezabatu zituen, Oinordetza Gerran Austriar hautagaiaren alde egiteagatik. Nafarroako erresumak eta hiru euskal probintziek, foruak mantentzea lortu zuten Felipe V.aren alde egiteagatik.

Lehen karlistadaren amaierak (1840) eta liberalen garaipenak Espainiar Estatuan Nafarroako foru eta erakundeen aldaketa handia ekarri zuten. 1839ko Foru Berrespen Legeak foruak onartu arren, 1841eko Lege Itunduak ia erabat ezabatu zituen Nafarroako foruak. Erresuma izatetik, probintzia izatera igaro zen, eta bakarrik autonomia fiskala mantendu zuen. Gainerako pribilegio guztiak ezabatu zituzten.

1936an Gerra Zibila piztean, Nafarroako gehienek Frankori lagundu ziotenez, 1841etik heldu zen Foru Erregimena mantendu zuen Nafarroak.

4. Ondorioak

Nafarroak testuinguru demokratiko berrian foru erregimena mantentzea lortu zuen, eta erkidego bereizi moduan mantendu zen, eskuinak asmatutako 1841eko Lege Itunduaren gaurkotzea zela eta. Baina, legitimitate arazo larriekin hasi zuen ibilbidea Nafarroako Foru Erkidegoak. Izan ere, indar abertzaleek erreferenduma ez egitea kritikatu diote UPNri eta PSNri. Hauek, aldiz, hauteskundeetan lortutako emaitzak aipatzen dituzte Nafarroako erkidegoaren legitimitatearen iturri bezala.

Entradas relacionadas: