Municheko Kongresua (1962): Demokraziaren Aldeko Manifestua
Europako Mugimenduaren Kongresua Munichen (1962-06-07/08)
Lehen mailako testu baten aurrean gaude, izaera politiko nabarmena duena, Espainiako ordezkariek hartutako erabakia delako. Manifestu baten antzekoa da, oinarri ideologikoak ematen ditu, eta horiek aurrera eramanez gero, estatuaren lege-oinarrietan aurkeztuko lirateke.
Idazlea kolektibo bat da: Europako Mugimenduaren kongresuko partaideak dira, eta haien artean, testu hau idazteko garrantzi handia izan zuten 118 ordezkari espainiarrak egon ziren. 1962ko ekainaren 8an Munichen idatzitako testu publikoa da, Espainiako herri osoari zuzentzen zaiona, baina zehazki, une horretan gobernuan zegoen mugimenduari, hura aldatzeko saiakera baita.
Testuaren ideia nagusia
Testuko ideia nagusia Espainian sistema demokratikoaren ezarpena da, hau ezinbesteko baldintza baitzen Merkatu Erkidean sartzeko (hala baitzegoen adierazita 1957ko Erromako Tratatuan).
Frankismoaren aurkako politikoen helburu nagusia ondoko 5 puntu hauek lortzea zen:
- Instituzio demokratikoak: Askatasunez aukeratuak herritarrengandik, baita parlamentua, gobernua eta udaletxeak ere.
- Oinarrizko giza eskubideak.
- Autonomia desberdinen aitorpena: Katalunia, Galizia eta Euskal Herria, frankismoarekin beren autonomiak galdu zituztelako.
- Greba eskubidea eta sindikatuen askatasunak errespetatzea.
- Alderdi politikoen antolaketa.
Testuaren amaieran esaten den bezala, Espainian demokrazia ezarri nahi dute une horretako egoerak ahalbidetzen duen bezain laster.
Testuinguru historikoa eta analisia
1962an, Espainiako eta erbesteratutako hainbat talde demokratiko eta errepublikano bildu ziren Munichen, erregimenaren izaera ez-demokratikoari buruz eztabaidatzeko, eta, era berean, demokrazian oinarritutako aldaketa eskatzeko. Municheko kongresura politika esparruko 118 kide bertaratu ziren, komunistak izan ezik.
Salvador de Madariagak, erbesteratuen izenean, eta Jose Maria Gil Roblesek, Espainiakoen izenean, bi batzordeen jarduerak zuzendu eta azken komunikatua sinatu zuten.
Garai horretan, Espainian, erregimenaren garapen aldia hasi zen. Frankismoaren asmoa zen nazioarteko bakartzea gainditzea eta Europara gerturatzea. 1962ko otsailaren 9an, Europako Ekonomia Erkidegoarekin bat egitea eskatu zuten. Hori dela eta, Munichen bildu zen oposizio demokratikoak, hitzarmen horretan, Espainiako egoera politikoa salatu eta demokrazia ezartzea eskatu zuen, Espainia Merkatu Erkidean sartzeko baldintza baitzen. Kongresua egin zenean, langile mugimendua une gorenean zegoen.
Kritika historikoa
Hala ere, oker zeuden pentsatzen gehiengoak demokrazia ezarri nahi zuela Espainian, erregimen frankista ez baitzen inoiz benetako arriskuan egon. Eliza katolikoak isiltasuna mantendu zuen, nahiz eta irekiera politikoaren alde egon.