Mugimendu Askatasuna eta Egoitza Eskubidea: Bermeak eta Mugak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Matemáticas

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,76 KB

1. Mugimendu Askatasuna eta Egoitza Eskubidea Espainian

Erregulazio konstituzionalean babes intentsitatearen graduazio bat ikus daiteke ondoko eskubideen artean: egoitza edukitzeko edo lekualdatzeko eskubideen (lehen paragrafoa) eta lurralde nazionalean sartu eta ateratzeko eskubidearen artean (bigarren paragrafoa).

1.1. Egoitza eta Lekualdatze Eskubidearen Mugak

Lehendabizikoek eduki betea daukate espainiarrentzat, beren muga arau penaletan bakarrik aurkitzen dute, zeintzuek neurri prebentiboak eta zehapenak aurreikusten baitituzte mugimendu askatasuna murrizteko eta askatasuna kentzeko ere bai. Egoitza edukitzeko eta lekualdatzeko askatasunak hainbat murrizpen izan ditzake, arrazoi askotarikoak izan daitezke: osasun-arrazoiak, segurtasun-arrazoiak, osasun-zentroetan sartuta egoteagatik, etab.

Murrizpen hauek konstituzionalki bidezkoak izango badira, organo administratibo edo judizial eskudunek legean formalki aurreikusten den ahalmenak baliatuz emandakoak izan behar dute. Legeak aurreikusitako mugapen horietatik kanpora eta eskubide horiek salbuespen edo setio egoeretan izaten duten etenaldiez gain, legegileak ezin die murriztu, eta are gutxiago administrazioak, espainiarrei lurralde nazional osoan ibiltzeko eskubidea, eta inola ere ezin dio baldintzatu edo mugatu espainiar bati bere egoitza finkatzeko askatasuna.

1.2. Egoitza-betebeharrak eta Funtzionarioak

Herri batean egoitza finkatzeak udal-betebeharrak sor ditzake, adibidez. Baina bizilekua aukeratzea erabat librea da hiritarrentzat, eta pertsonari bakarrik dagozkion erabakiek baldintzatzen dute, lana aukeratzeak, adibidez. Zentzu horretan, Auzitegi Konstituzionalak baztertu egin du askatasun honen kontrakotzat har daitekeenik funtzionarioei eragiten dien egoitza-betebeharra mugapen gisa. Batetik, hiritarrak bere borondate librearekin onartzen du administrazioarekin harreman jakin batean sartzea erabakitzen duenean, eta bestetik, arrazoizko oinarri bat ere badu horrek, lan-betebeharrak behar bezala ziurtatzeko beharra.

Auzitegi Konstituzionalak baztertu du askatasun honen aurkakoa har daitekeenik lan egiten den herriko edo lekuko egoitza-betebeharra funtzionarioei eragiten diena; izan ere, mugapen hori hiritarrak administrazioarekin harreman zehatz batean sartzeko duen erabaki asketik dator, eta arrazoizko oinarri bat du, lan-betebeharrak behar bezala betetzea ziurtatzearen beharrean oinarritua baitago. Eztabaidagarria izan daiteke, hala ere, mugapen horren konstituzionalitatea hori absolutua denean, hau da, baldintzatzat ez daukanean lanpostu jakin baterako benetan ezinbestekoa izatea, kontuan hartuta, batez ere, gaur egun hurbileko herrien artean dauden komunikabideak, eta bereziki hiri handien inguruetan daudenak. Horrela ulertzen du Auzitegi Konstituzionalak berak ere (ikus, adibidez, AKko 781/85 Autoa, azaroaren 13koa).

2. Espainian Sartu-Irten Askatasuna

Espainian sartu-irten libreak egitea legeak ezartzen dituen terminoetan egingo dela agintzen du espresuki Konstituzioak. Egia esan, lehen ere ikusi dugu nola horrelako klausularik gabe lekualdatzeko eta egoitza izateko askatasunek ere legeak aurreikusitako mugak errespetatu behar dituzte. Hala ere, dudarik ez dago Konstituzioak espresuki legearen terminoetara mugatzeak legegileari eskubideari eman beharreko garapenari buruz xedatzeko aukera handiagoa ematen diola, nahiz eta eskubidearen funtsezko nukleoa beti errespetatu behar duen. Puntu honetan, Konstituzioak berak markatzen dio muga absolutu bat legegileari, baztertzen badu legegileak arrazoi politiko eta ideologikoengatik Espainiatik sartu-irten libreak egiteko eskubidea murriztea. Konstituzio-berme bat da, eskubidearen muin ukaezinekoa dena, eta erregimen totalitarioen (Frankismoan bezala) berezkoa den mugapen antidemokratiko bat baztertzen duena.

Entradas relacionadas: