Motor Elektrikoak: Funtzionamendua, Egitura eta Sailkapena
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Tecnología Industrial
Escrito el en
vasco con un tamaño de 28,33 KB
Oinarrizko Konexio Elektrikoak
- Seriea: Tentsioa elementu kopuruen artean banatzen da.
- Paraleloa: Tentsio berbera elementu guztientzat.
Serie eta paralelo konexioak elkartzean konexio mistoa sortzen da.
Motor Elektrikoak
Interakzio elektromagnetikoen bidez energia elektrikoa energia mekaniko bihurtzen duen makina elektrikoa da.
Korronte Zuzeneko Motorrak
Motorra elikatze-iturriarekin konektatzen dugunean, korronte elektrikoak haril induzitzaileetatik zirkulatzen du, elektroiman bat sortuz eta behar dugun eremu magnetikoa ezarriz. Korrontea haril induzituetatik ere zirkulatzen du, eskuiletan eta kolektorean barrena. Behin eremu magnetikoa ezarrita, haril induzituen gainean eragiten duten indar-pareek haril horiek biraraziko dituzte; harilekin batera errotore osoa ere biratuko da. Horrela, motorrari emandako energia elektrikoa energia mekaniko bihurtzen da.
Egitura
- Estatorea: Motor elektrikoaren atal finkoa da, eremu magnetikoa ezartzeko eginkizuna du. Horretarako hainbat haril erabiltzen ditu, haril induzitzaile izenekoak, elektroimanaren poloen inguruan kokatutakoak. Polo hauek karkasan finkatuta daude.
- Errotorea: Motorraren atal higikorra da. Induzitu izeneko burdinezko nukleo baten arteketan kiribildutako hainbat harilez (haril induzitu izenekoak) osatzen da. Harilen muturrak kolektorea osatzen duten delga izeneko kobrezko orri batzuetara soldatzen dira. Multzo osoa ardatz baten gainean muntatzen da. Horrez gainera, motorrak eskuilak ditu, eskuila-etxeetan muntatutakoak. Gailu hauek, kolektorearekiko etengabeko kontaktuan, haril induzituak korronte elektrikoaz hornitzen dituzte.
Sailkapena
Serie Motorra
Motor mota honetan haril induzitzaileak eta induzituak seriean konektatzen dira. Intentsitatea, motorrak korronte zuzeneko sarearekin konektatzean xurgatzen duena, berdina da motor osoan.
Ezaugarriak:
- Serie motorrak abiatzeko unean momentu eragile handia garatu dezake.
- Motorreko karga txikitzearen ondorioz xurgatutako intentsitatea murrizten denean, motorrak abiadura handiegia har dezake.
Ezaugarri hauen arabera, serie motorrak oso egokiak dira abiadura txikian momentu eragile handia (abioan) eta abiadura handian momentu eragile txikia behar diren kasuetarako.
Compound Motorra
Berez serie motorraren eta shunt motorraren konbinazioa da (zirkuitu mistoa du). Haril induzitzaileak bi atal desberdinetan banatzen dira: bata, seriean konektatzen da induzituekin eta, bestea, paraleloan. Berriro ere, motorrak xurgatutako intentsitatearen zati bat bitan banatzen da: intentsitate kantitate batek (Ii) haril induzituetatik eta induzitzaileen hariletatik zirkulatzen du; besteak, aldiz, gainerako haril induzitzaileetatik.
Ezaugarriak:
- Oro har, motor honek shunt motorrak baino momentu eragile handixeagoa du, serie motorrak baino txikiagoa ordea.
- Xurgatutako intentsitatea murrizten denean, biratze-erregimena ez da ia aldatzen eta ez dago hutsean abiadura handiegia hartzeko arriskurik.
Motor mota hau bereziki egokia da makina-erremintetan eta trakzio elektrikoan erabiltzeko.
Shunt Motorra
Shunt motorrean haril induzitzaileak eta haril induzituak paraleloan konektatzen dira. Haril induzitzaileak paraleloan daude konektatuta haril induzituarekin. Hala, motorrak xurgatzen duen I intentsitate osoaren zati batek (Ii) haril induzituetatik zirkulatzen du eta besteak (Iex) haril induzitzaileetatik.
Ezaugarriak:
- Abiatzean momentu eragilea serie motorrarena baino txikiagoa da.
- Hutsean, biratze-erregimena ez da ia aldatzen (ez du abiadura handiegirik hartzen).
Hori dela eta, motor hauek oso aproposak dira makina-erremintetan erabiltzeko: abiadura txikian momentu eragile handia behar ez delako, karga handiak sortzen ez direlako eta karga hauek desagertuz gero (hutsean) abiadura handia hartzeko arriskurik ez dagoelako.
Korronte Alternoko Motorrak
Industrian makina gehienak motor asinkrono trifasikoen bidez higiarazten dituzte, hots, energia elektrikoa hiru fase edo hariko korronte alterno moduan hartu eta energia mekaniko bihurtzen duten motorrak dira. Motor hauen erabilera oso zabalduta dago industrian, fabrikatzeko sinpleak, sendoak, erraz mantentzeko modukoak eta prezioz nahiko merkeak direlako.
Motor Asinkrono Trifasikoak
Motor asinkrono trifasikoen funtzionamendu-printzipioa korronte zuzeneko motorrenaren antzekoa da, eroale, espira edo harilen gaineko indar elektromagnetikoen eraginari dagokionez. Baina, jakina, diferentzia garrantzitsuak daude:
- Lehenik eta behin, motorrari konektatzen zaion korronte alterno trifasikoa estatoreko haril induzitzaileetatik zirkulatzeko bakarrik erabiltzen da. Ondorioz, makinak eremu magnetiko birakari bat sortzen du.
- Bigarrenik, errotorea osatzen duten eroaleetan korronte elektrikoak induzitzen dira eremu magnetiko birakariaren ondorioz. Korronte zuzeneko motorretan ez bezala, korronte hauek ez datoz motorra konektatuta dagoen saretik.
Nolanahi ere, haril induzitzaileek sortutako eremu magnetiko birakari bat dugu eta honen barnean, korronte elektriko induzitua daramaten hainbat eroale. Horrenbestez, indar elektromagnetikoek eroaleen gainean eragingo dute, errotorea biraraziz eta motorra funtzionarazten dute.
Motor Asinkrono Monofasikoak
Etxetresna elektrikoek eta potentzia txikiko makina-erremintek, oro har, motor asinkrono monofasikoak erabiltzen dituzte. Motor hauek energia elektrikoa korronte alterno monofasiko edo bi hariko moduan hartu eta energia mekaniko bihurtzen dute.
Motor Unibertsalak
Ezaugarriak:
- Korronte zuzenarekin nahiz korronte alternoarekin funtzionatzen dute.
- Abio-momentu handia dute eta, horrenbestez, bete-beteko kargan konekta daitezke.
- Biratze-abiadura kargaren araberakoa da: zenbat eta karga handiagoa, orduan eta abiadura txikiagoa, eta alderantziz.
- Edozein biratze-abiadurarako fabrika daitezke. Abiadura hau induzituarekin seriean konektatutako potentziometro edo erresistentzia aldakor baten bidez erregula daiteke.