Motor Elektrikoak eta Etxeko Instalazio Elektrikoak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Tecnología Industrial

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,5 KB

Motor Elektrikoen Funtzionamendua

Korronte Elektrikoa eta Eremu Magnetikoak

Korronte elektriko batek zirkulatzen duenean, korrontearen inguruan eremu magnetiko bat induzitzen (sortzen) da.

Elektroimanak

Elektroiman bat bere barruan burdinazko nukleo bat duen kobrezko haril bat da. Elektroiman batetik korronte elektriko batek zirkulatzen duenean, bere inguruan eremu magnetiko bat induzitzen da, solenoideak (burdinazko nukleorik gabeko kobrezko harila) sortzen duena baino askoz handiagoa.

Korronte Zuzeneko Motorra: Estatorea eta Errotorea

  • Estatorea: Motorraren atal finkoa da eta eremu magnetikoa sortzen du. Burdinazko nukleo (polo) batzuen inguruan biribilkatzen diren kobrezko haril induktoreez osatuta dago.
  • Errotorea: Motorraren atal mugikorra da eta ardatzean muntatuta dago. Burdinazko nukleo artekatu baten inguruan biribilkatzen diren kobrezko haril induzituez osatuta dago.

Indar Elektromagnetikoak eta Biraketa

I korronte elektriko bat igarotzen den eroale bat B eremu magnetiko batean badago, eroale horretan F indar elektromagnetiko bat agertzen da. Indar hau I eta B bektoreek osatzen duten planoarekiko perpendikularra da, eta bere noranzkoa ezkerreko eskuaren arauak ematen du.

Errotorea errotorean dauden haril induzituetan sortzen diren indar pareek birarazten dute. Indar pare hauek sortzen dira haril induzituetatik korronte elektriko bat igarotzen delako eta haril induktoreek sortutako eremu magnetikoaren barruan daudelako.

Indar Kontraelektroeragilea

Motorraren errotorea biratzen denean, haril induzituak eremu magnetiko baten barruan (estatorearen haril induktoreak sortutakoa) biratzen direnez, haril induzituetan indar kontraelektroeragile izeneko tentsio bat sortzen da. Tentsio honi horrela deritzo motorrari aplikatutako tentsioaren kontrakoa delako.

Etxeko Instalazio Elektrikoak

Energia Elektrikoaren Ezaugarriak

Gure etxebizitzetara iristen den energia elektrikoak ezaugarri hauek ditu:

  • Korronte elektriko mota: Korronte alternoa
  • Tentsioa: 230 V
  • Maiztasuna: 50 Hz

Lotzeko Instalazioaren Atalak

  1. Banaketa sare elektrikoa
  2. Hargunea
  3. Lur-hargunea
  4. Babes-kutxa orokorra
  5. Linea banatzailea
  6. Kontagailu-gela
  7. Banakako deribazioa
  8. Aginte eta babes-koadroa

Babes-etengailuak eta Segurtasuna

  • Potentzia Kontrolatzeko Etengailua (ICP / PKE): Aldi berean konektatutako etxetresna elektrikoen potentzien batura kontratatutakoa baino handiagoa denean, korrontea eteten du.
  • Etengailu Orokor Automatikoa (IGA / EOA): Korrontearen intentsitatea handiegia denean edo zirkuitulaburra gertatzen denean, etxe osoko korrontea eteten du.
  • Etengailu Diferentziala (ID / ED): Pertsona batek elektrizitatearekin kontaktu zuzena edo zeharkakoa badu, korrontea eteten du pertsonak deskargarik jasan ez dezan.
  • Etengailu Automatiko Txikiak (PIA / EAT): Etxebizitzaren zirkuitu bakoitza babesten dute. Zirkuitu jakin batean intentsitatea handiegia denean edo zirkuitulaburra gertatzen denean, zirkuitu horretako korrontea soilik eteten dute.

Lur-hargunea

Faseak etxetresna elektriko baten zati metaliko bat ukitzen duenean, korronte elektrikoa lur-harguneko kabletik lurrera doa. Horrela, pertsona batek etxetresna ukitzen badu, ez da korronterik igaroko bere gorputzetik.

Zirkuituen Banaketa eta Kableen Koloreak

Zirkuitu kodeak:

  • C1: Argiztapenerako zirkuitua.
  • C2: Erabilera orokorreko eta hozkailuko korronte-harguneak.
  • C3: Sukalde, labe eta termo elektrikoko korronte-harguneak.
  • C4: Garbigailu eta plater-garbigailuko korronte-harguneak.
  • C5: Bainugelako korronte-harguneak.

Kableen identifikazioa:

  • Fasea (Beltza, marroia edo grisa): Korronte elektrikoa etxeko zirkuituetara sartzeko kablea.
  • Neutroa (Urdina): Korronte elektrikoa etxeko zirkuituetatik irteteko kablea.
  • Lur-harguneko kablea (Berdea eta horia): Pertsonak deskarga elektrikoetatik babesteko kablea.

Entradas relacionadas: