Motor Elektrikoa: Oinarriak, Funtzionamendua eta Osagaiak

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Tecnología Industrial

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,48 KB

Motor elektrikoa energia elektrikoa energia mekaniko bihurtzen duen gailua da.

Oinarri Zientifikoa

Eremu magnetiko batek, geldirik dagoenean, ez dio karga elektrikoari eragiten. Baina karga mugitzen ari bada, eremu magnetikoaren indar-lerroak ebakiz, indar bat jasaten du eta bere norabidetik desbideratzen da.

Eroale batetik doan korronte elektrikoa, elektroien (karga negatiboen) mugimendua denez, eremu magnetiko baten barruan badaude, Lorentzen indarra jasango dute eta mugitu egingo dira. Haiekin batera, eroalea ere mugituko da. Eroalea mugitzen duen indarra maximoa izango da eremu magnetikoa eta eroalea perpendikular daudenean, eta zero paralelo daudenean.

Korronte Zuzeneko Motor Elektrikoaren Funtzionamendua

Imanek sortutako eremu magnetikoaren barruan dauden espirako eroaleek biratzeko indarra jasoko dute, baldin eta espiran korronte elektrikoa igarotzen bada, sorgailu batek elikatuta.

Kolektorea eta Eskuilen Papera

Sorgailutik datozen eroaleak, metalezkoak diren eta erdian isolaturik dauden bi zilindro erdiko kolektorera konektatzen dira. Honek, bira erdi bakoitzean, espiran korrontearen noranzkoa aldatzen du. Ondorioz, polo baten aurrean pasatzen den espirako edozein eroaletan, korrontearen noranzkoa beti berdina izaten da; eta biratzeko indarrak noranzko berekoa izaten dira.

Horrez gain, eta kableak ez biribiltzeko, sorgailutik datozen kableak ez daude kolektorearekin lotuta, kolektorearen kanpoko azala ukitzen duten bi eskuilekin baizik. Eskuilak material eroalez eginak daude, elkarren aurrean kokatuta, bata sorgailuaren positiboarekin eta bestea negatiboarekin konektatuta.

Makinetan erabiltzen diren korronte zuzeneko motor elektrikoek espira ugari dituzten haril batzuk izaten dituzte, eta kolektoreek bi delgen ordez haril kopurua bider bi delga izaten dituzte. Horrela, motorraren indarra eta abiadura handitzen da.

Motorraren Zati Nagusiak

Motorrak bi zati nagusi ditu:

  • Estatorea
  • Errotorea

1. Estatorea

Estatorea geldirik dauden elementuen multzoa da. Karkasak, imanek, eskuilek eta estalkiek osatzen dute.

  • Karkasa eta Estalkia

    Motorra eusten eta babesten dute. Motorrak, elektrizitatearekin konektatzeko, behar dituen konektoreak estalkian daude.

  • Imanak

    Eremu magnetiko estatikoa sortzen dute. Ipar eta hego poloak elkarren aurrean daude.

  • Eskuilak

    Kanpoko zirkuitu elektrikoarekin konektatzen dira, eta hauetatik sartzen eta ateratzen da korronte elektrikoa espiretara. Bi eskuila daude: bat positiboarekin eta bestea negatiboarekin konektatuta.

2. Errotorea

Errotorea biratzen duten elementuen multzoa da, ardatzek, elektroimanek eta kolektoreek osatuta.

  • Elektroimana

    Haril batez eta burdinazko nukleo batez osatuta dago. Harilak korrontea jasotzen duenean, iparra eta hegoa duen eremu magnetiko mugikorra sortzen du eta iman finkoen eremuaren eraginez, biratzen hasten da.

  • Kolektorea

    Eskuiletatik jasotzen duen korronte elektrikoa harilari ematen dio eta espirako eroaleetan korrontearen noranzkoa aldatzen du, bira erdi bakoitzean. Delgak dira eskuilekin kontaktua egiten duten kolektorearen zati eroaleak. Delgen artean isolamendua dago.

  • Ardatza

    Elektroimanak sortzen duen biraketa indarra jasotzen du eta kanpora transmititzen du.

Entradas relacionadas: