Motibazioa, Emozioak eta Defentsa Mekanismoak Psikologian

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Psicología y Sociología

Escrito el en vasco con un tamaño de 15,02 KB

Motibazioa: Zer da eta Zerk Bultzatzen Gaitu?

Hasteko, komenigarria da motibazioarekin lotura estua duten termino batzuk definitzea:

  • Beharra: urritasun fisikoa edo psikologikoa adierazten du.
  • Motibazioa: behar batek eragiten duen eta hura asetzera bultzatzen gaituen indarra edo bulkada. Motibazio guztiek bi osagai dituzte: irrika edo oinarrizko energia eta lortu nahi den helburua.
  • Bulkada: oinarrizko behar fisiologiko batzuei dagokie, esate baterako, goseari.

Motibazioen Sailkapena eta Maslowren Teoria

Motibazio Fisiologikoak

Organismoaren behar fisiologikoetan sortzen dira. Jaiotzetik ditugu, adibidez, egarria, gosea, behar sexuala eta organismoaren oreka helburutzat duten beste hainbat: xurgatzea, minari ihes egitea, lo egitea, arnasa hartzea, etab.

Motibazio Sozialak

Gizarteratze prozesuan norbereganatzen dira eta ezberdinak dira pertsonen, ezaugarrien eta kulturaren arabera. Gure kulturan, adibidez, helburutzat arrakasta lortzea duten zenbait motibo daude: dirua, ospea, giza harremanak, komunikazioa, etab. Motibo horietako batzuek lotura zuzena dute fisiologikoekin, baina beste batzuek ez. Diruak, adibidez, ez du fisiologiarekin loturarik.

Maslowren Beharren Piramidea

Maslow psikologia humanistaren ordezkari garrantzitsuena da. Haren ustez, motibazioek elkarren arteko lotura handia dute. Behar batzuk goi-mailakoak dira eta ezin dira ase azpiko beharrak asetzen ez diren bitartean. Honako hauek dira Maslowk proposatutako beharrak, hierarkikoki ordenatuta:

  1. Autoerrealizazioa
  2. Estimua
  3. Afektua eta kidetasuna
  4. Segurtasuna
  5. Behar biologikoak

Gizaki bakoitzak motibazio ugari ditu eta batzuk besteak baino premiazkoagoak dira. Gatazkan dauden motibazioei aurre egiteko, honako hau proposatzen da:

  • Motiboetako bat ahaztu. Ikasi egin behar dela erabakitzen denean, telebistako programa ahaztu egin behar da.
  • Motibazioak helburua aldatu eta eskuragarriagoa den beste bat aukeratzen du. Adibidez, gazte lodi batek besteek onar dezaten nahi du eta dieta egitea asko kostatzen zaio. Orduan, beste balio batzuk garatzen ditu: nota onak atera, besteekin altruista izan eta laguntza eskaini, etab. Nahiz eta helburua aldatu, funtsezko motibazioa ez da aldatu, hau da, besteek onartzea eta baloratzea.

Motibazioen arteko gatazka oso latza bada, desoreka sakonak gerta daitezke, eta motibazioak asetzen ez dituen pertsona jokabide arriskutsuak burutzera bultzatuta egon daiteke; adibidez, drogak hartzera.

Motibazioaren Teoria Nagusiak

  • Ikuspuntu konduktista: erantzuna eragiten duten estimuluak behar dira. Motibazioa estimuluaren eta erantzunaren arteko loturak azal dezake.
  • Psikoanalisia: bulkada inkontzienteak dira (sexualak eta oldarkorrak) giza jokabidea motibatzen dutenak.
  • Homeostasiaren teoria: organismoa hutsuneren bat edo beharren bat asetzeko motibatzen da.
  • Teoria kognitiboa: gure helburuak dira gure jokabideak motibatzen dituztenak.
  • Humanista: motibazioa autoerrealizazioa lortzean datza.

Orokorrean, esan genezake motibazio guztiek molde soziala dutela. Ondorengo mekanismo hauen eraginez, motibazio sinpleak konplexu bihurtzen dira:

  • Estimulu bat beste batekin elkartzean: lagunarteko bazkari batek ez du bakarrik gosearen motibazioa asetzen; bertako giroak, lagunekin hitz egiteak, ongi pasatzeak ere badute eragina.
  • Balentzia batek beste bat eragiten du: hasieran bitarteko zena helburu bihurtzen da. Dirua irabaztea izan daiteke horren adibide argiena.
  • Motibazioen zehar-aldaketa: ama baten semearekiko gehiegizko maitasunak gorrotoa ezkuta dezake.

Motibazio Sexualaren Konplexutasuna

Motibazio sexualak eragin soziokultural handia du motibazio fisiologikoen artean. Motibazio hori ez da homeostatikoa. Sexualitatea asetzea ez da beharrezkoa gizabanako konkretuaren bizitzarako, baina bai espezieak irauteko, Grossmanen iritziz. Bizi daiteke jarduera sexualik gabe. Gizakiaren sexu-bulkada berezkoa da, baina behar hori asetzeko erabiltzen diren bideak ez dira berezkoak. Gizarte bakoitzak, legeen bitartez, konbentzionalismoen bidez..., erregulatzen du non, nola, norekin eta noiz goza dezakeen pertsona batek bere sexualitateaz. Ez da batere erraza motibazio sexuala aztertzea, izan ere, behar sexualean eragin handia baitute kanpo-estimuluek eta beste hainbat faktorek.

Pertsonen Arteko Harremanetarako Motibazioa

Pertsonak taldekoiak gara eta denbora asko ematen dugu besteekin harremanetan. Harreman horiek era askotako beharrak asetzen dituzte. Pertsonen arteko harremanetan gertatzen diren hiru alderdi adierazten dira:

  • Rol bat betetzeko jarrera: rol batzuk egoerek eragindakoak edo inposatuak dira eta beste batzuk nahita eskuratzen dira. Bakoitzak, aldi berean, hainbat rol bete ditzake. Horrela, pertsona bera ama, alaba, laguna, auzokoa, etab. izan daiteke batera, eta rol horietako bakoitzean ezberdin jardungo du, nahiz eta bere nortasuna bera izan.
  • Antolatze soziometrikoak: nola onartzen dugun eta nola onartzen gaituzten, besteekiko menpekotasuna edo askatasuna, etab.
  • Antolatze adierazkorrak: besteen aurrean hartzen dugun jarrera; lehiakorra, oldarkorra, pedantea, etab.

Emozioa, Sentimendua eta Pasioa: Desberdintasunak

Erreakzio afektiboei buruz hitz egiten dugunean, era desberdinetan adierazten ditugu: emozioak, sentimenduak eta pasioak. Baina introspekzionismoaren psikologia jarraitzen duten autoreen iritziz, hiru termino horiek ezberdinak dira:

  • Emozioak: bat-batean agertzen diren egoera afektiboak dira.
  • Sentimenduak: egoera afektibo konplexuagoak dira. Emozioak baino egonkorragoak eta iraunkorragoak dira, baina intentsitate txikiagoa dute.
  • Pasioak: aurreko bi egoeren ezaugarriak dituzte. Hau da, emozioaren indarra eta intentsitatea, eta sentimenduaren egonkortasuna eta iraunkortasuna.

Emozioen Garapena eta Lotura

Emozioen Garapena

Dirudienez, emozioak bizitzako lehen urteetan hasten dira garatzen. Lehenbiziko asteetan, estimuluek kontrolik gabeko erreakzioak sortzen dituzte. Lehenengo hilabetearen buruan, gogoko eta gogoz kontrako erantzunak edo erreakzioak agertzen dira. Gero, bata bestearen atzetik, helduenganako haserrea, nahigabea, beldurra, euforia eta afektua sortzen dira, eta, era berean, beste umeenganako inbidia eta afektua.

Giroak edo egoerak emozio ezberdinak sor ditzakete pertsona ezberdinengan, eta, era berean, egoera ezberdinek emozio berbera sor dezakete pertsona berarengan, emozioa momentuko egoerak baldintzatzen baitu. Emozioen oinarria genetikoa da, eta adierazteko era gizarteak eragindakoa. Bizitzan zehar, gure emozioak kontrolatzen eta egokitzen ikasiko dugu.

Emozioen Arteko Lotura

Emozio batzuk zeharo ezberdinak izan arren, beste batzuk antzekoak dira: haserrea eta atsekabea, esate baterako. Woodworthek ondorengo emozioen eskala proposatzen du:

  • Maitasuna
  • Harridura
  • Beldurra
  • Haserrea
  • Atsekabea
  • Gorrotoa

Adimen Emozionala: Golemanen Ikuspegia

Golemanek idatzi zuen liburuan, “Emotional Intelligence” (Adimen Emozionala), honako hau adierazten du: “... emozioa sentimendua da, eta sentimendu horrek egoera biologikoak, egoera psikologikoak, pentsamenduak eta jokabideak sortzen ditu”.

Definizio horren bidez, Golemanek psikologian adimenari buruz eman izan den iritzi klasikoa kritikatzen du, bizitzarako ezinbestekoak diren gaitasun asko albo batera uzten dituelako. Zerebroaren eta jokabideen ikerketetan oinarrituz, autoreak azaltzen du zergatik adimen-koziente handiko pertsona batzuek bizitzako hainbat arlotan porrot egiten duten eta beste batzuek, adimen-koziente txikiagoa izanez, arrakasta izaten duten.

Adimen emozionalaren kontzeptuan beste trebetasun batzuk sartzen dira: sentimenduak, bultzaden kontrola, autokontzientzia, motibazioa, grina, pertseberantzia, enpatia, etab.

Giza Agresibitatea: Motak eta Jatorria

Agresibitatea kezkatzen gaituen gizakion jokabide bat da. Gizakien arteko bortizkerien aitorpenak aspaldikoak dira. Hala ere, gaur egun, oraindik gerra eta hilketa ugari izan arren, jakina da gizakion gehiengoa ez dela oldarkorra; alderantziz, gizaki gehienengan lankidetza eta elkartasun jokabideak dira nagusi.

Agresibitate “ona” deitzen duguna daukagu, hau da, bizitzako zailtasunei aurre egiten laguntzen diguna. Bestetik, agresibitate “txarra” deitzen dugun beste agresibitate bat daukagu, min egitea eta, zenbait kasutan, hiltzea dakarrena, alegia. Agresibitate txar hori da, bereziki, giza agresibitatea.

Agresibitatearen Teoria Nagusiak

  • Freuden hil-irrika: Freuden iritziz, edozein organismoren joera nagusia plazera bilatzea da, tentsioak lasaitzea, estimulu guztietatik askatzea, eta askatasun hori, azken finean, heriotza da. Besteenganako agresibitatea gure tentsioak lasaitzeko bidea da, eta tentsio horiek lasaitzea lortuko ez bagenu, gure buruari eraso egingo genioke eta gure buruaz beste egitera bultzatuko gintuzkete.
  • Bulkada pilatzearen teoria: Agresibitatea barne-indarra da. Eraso egiteko gogoa instintuaren nerbio-zentroetan jaiotzen da, eta instintuzko jokabidea burutu arte ez da desagertzen.
  • Frustrazioa eta agresibitatearen teoria: Agresibitatea frustrazioaren ondorioa da.
  • Ikasketa teoria konduktista: Ez dute onartzen gizakiaren instintu oldarkorra berezkoa denik, ikasketa prozesuaren ondorio dela baizik. Bortizkeriarik gabeko inguruan hazten den gizakiak, ez duenez borrokan egiten, ez du inoiz min fisiologikorik edo psikologikorik hartuko. Pertsonak, bere garapen prozesuan zehar, agresibitateari aurre egin behar dio, eta gizarteak eta zentzuak agintzen duten mugen barnean mantendu.

Frustrazioa: Zergatiak eta Ondorioak

Gure helburuak lortzen ez ditugunean, frustrazioak jota gaudela esaten dugu. Behar bat asetzen bada, organismoak saria jaso duela sentitzen du. Behar bat ezin badugu ase, frustrazioa sentituko dugu eta emozio desatsegina askatuko dugu; ez dakigu zer egin edo era desegokian erantzungo dugu. Zenbat eta motibazio handiagoa, orduan eta frustrazio handiagoa.

Telebistan partida bat ikusten ari garela garagardoa nahi eta hozkailuan ez aurkitzea, eta basamortuan zehar gabiltzala putzua aurkitu eta lehortuta dagoela ikustea ez dira gauza bera. Oztopo motak ere badu zerikusia frustrazioaren intentsitatean. Normalean, asko motibatzen gaituen partida bat ikusi ezinak frustrazio handiagoa eragingo digu argia joan delako izan bada, gure beharra duen lagun bati laguntzeagatik izan bada baino.

Orokorrean, ondorengo arrazoiengatik gertatzen da frustrazioa:

  • Pertsonak berez dituen urritasun organikoak zein psikikoak (adibidez, hitz motela izanik ezin naiz telebistako aurkezle izan).
  • Oztopo fisikoak (adibidez, ez da sarrerarik gelditzen, debekatuta dago).
  • Dezepzioa (adibidez, jakin izan banu...).
  • Atzerapena (adibidez, bihar arte ezin izango dugu konpondu, ez dit denborarik eman).
  • Etena (adibidez, gai honetaz beste egun batean hitz egingo dugu).
  • Hausnarketa eztabaidagarria (adibidez, ez dakit zer aukeratu).

Defentsa Mekanismoak: Frustrazioari Aurre Egiteko Bideak

Frustrazioari aurre egiteko, irtenbide praktikoak aurkitzen saiatzen gara, eta aurkitzen ez ditugunean, defendatu egiten gara egonezinetik aldentzeko asmoz. Hori lortzeko, defentsa mekanismoak erabili ohi ditugu. Mekanismo horien bidez, barne estutasunak lasaitzea, sentimendu penagarriak baztertzea edo menperatzea, eta jasanezinak diren kanpo estimuluei aurre egitea lortzen dugu.

Honako hauek dira defentsa mekanismorik garrantzitsuenak:

  • Errepresioa

    Mekanismo horren bidez, sentimendu desatseginak, onartezinak edo mingarriak baztertzea lortzen dugu. Gehienetan, sentimendu horiek jatorri sexuala edo oldarkorra izan ohi dute, edo gure balioekin bat ez datorren beste edozein baliok eragindakoa (adibidez, umetan eraso sexuala jasan duen norbaitek gertakari horren oroitzapena baztertu egin dezake).

  • Erreakzio-eraketa

    Sentitzen ditugun jokabideen eta sentimenduen kontrako jokabideak eta sentimenduak izaten ditugu (adibidez, gustatzen zaigun pertsona mespretxatzea).

  • Desplazamendua

    Irrika edo bulkada baten energia objektu batetik bestera aldatzen da; adibidez, irakasle edo nagusi baten gehiegikeriak jasan ondoren, agresibitate guztia etxekoekin deskargatzea; etxekoen kontra desplazatzea, alegia.

    Norbere hutsuneak beste batek bete ditzala nahi dugunean, desplazamenduari konpentsazioa deitzen diogu; adibidez, ikasi ez duten gurasoek beren seme-alabek ikas dezaten nahi izatea.

    Desplazamendua helburu kulturalei, erlijiozkoei edo politikoei zuzentzen zaienean sublimazioa deitzen zaio; adibidez, norberaren irrika sexualak jarduera sozialean ezkutatzea.

  • Proiekzioa

    Besteentzako uzten ditugu jasanezinak egiten zaizkigun motibazioak eta sentimenduak. Adibidez: “Horrek gorrotatzen baino ez daki”, “Batek daki norekin egongo den”, “Hemen bakoitzak berea egiten du”.

  • Erregresioa

    Hazkundearen aurreko estadioetara itzultzea izango litzateke. Adibidez, txiza kontrolatzen ikasi duen ume batek, beste anai-arrebetako bat jaiotzean, berriro kontrola galtzea.

  • Arrazionalizazioa

    Gure jokabidea justifikatzeko, egoera azaltzen saiatzen garenean erabiltzen dugun mekanismoa da (adibidez, azterketa ez dut gainditu, irakasleak gorrotatu egiten nauelako).

    Argumentu batzuk:

    • Gutxiespena: lortu ezina den helburuari garrantzia edo balioa kentzea (adibidez, “Tira! Azken batean, mutil hori ez zen hain ederra”).
    • Zoritxarra: helburu bat lortzen ez dugunean, zoritxarrari, gobernuari edo Jainkoari errua leporatzea.
    • Salbuespena: apartekoa dela esanda, egoera justifikatzea (adibidez, “Lehen aldiz izan da, inoiz ez zait horrelakorik gertatu”).
    • Zorte alternatiboa: nolabaiteko arrakasta batekin porrota justifikatzea (adibidez, “Matematika ez dut gainditu, baina psikologian bikain atera dut”).
    • Aitzakiak: azterketa egunean buruko mina nuen, ez nuen iratzargailua entzun, etab.
  • Identifikazioa

    Miresten ditugun pertsonekin edo taldeekin identifikatzea (adibidez, Athletic-zale batek: “Gaur irabazi egin dugu”).

  • Konbertsioa

    Gure arazo psikologikoak fisikoki agertzen direnean konbertsioa gertatzen da (adibidez, “Gaixotu egin nintzen azterketa egunean”).

Entradas relacionadas: