Moralaren Hezkuntza eta Haurren Garapen Morala
Enviado por Chuletator online y clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en vasco con un tamaño de 12,59 KB
Oinarrizko Kontzeptuak
Moralaren Hezkuntza eta Dagozkion Balioak
Moralaren Hezkuntza
Gizakia izaki soziala den heinean, elkarbizitza errespetuzkoa lortzeko irizpide moralak, gizarte-arauak eta balioak eraiki behar ditu. Haurrek balio horiek helduen bidez jasotzen dituzte hezkuntzari esker. Unitate honetan moralaren hezkuntza aztertzen da, eta haren helburua da haurrek beren irizpide moralak garatu eta barneratzea, autonomoak izan daitezen. Hezkuntzak ez du balioak inposatu behar, baina ezta baztertu ere: haurrari lagundu behar dio bere jokabideak epaitzen ikas dezan, betiere guztion ongizatea errespetatuz. Azken xedea da pertsonaren autonomia eta bidezko bizikidetza lortzeko elkarrizketa sustatzea.
Moraltasuna eta Morala
Gizarte-bizikidetza lortzeko pertsonen arteko hitzarmenak eta irizpide moral komun batzuk behar dira; horiek lortzen direnean, moraltasuna dagoela esan daiteke. Moraltasuna balio unibertsalen (adib. altruismoa, errespetua) eta arauen arabera eraikitzen da. Arauak kulturaren eta ohituren arabera alda daitezke (adib. janzkera, portaera publikoa). Balio eta arauek gizarte bakoitzaren bizimodua eta kode morala osatzen dute. Gizarte-antolaketak arauak ezartzen ditu jokabide egokia bermatzeko, baita familia edo talde txikietan ere. Hala ere, ez da beti erraza bereiztea balio moralak eta hitzarmen sozialak, kulturaren arabera esanahi desberdina izan dezaketelako. Adibidez, Koreako ikasleentzat helduak ez agurtzea oso larritzat jotzen zen.
Moraltasunaren Osagaiak
Moraltasuna ez da soilik giza eskubideak eta besteen premiak errespetatzea, baizik eta osagai emozionalak, kognitiboak eta jokabidezkoak dituen fenomenoa da.
- Osagai emozionalak: erruduntasuna eta enpatia bezalako sentimenduak.
- Osagai kognitiboak: pentsatzeko eta balio-irizpideak egiteko gaitasuna.
- Osagai jokabidezkoak: sentimendu eta pentsamenduen arabera jarduteko gaitasuna.
Hiru osagai horiek elkarrekin eragiten dute moralaren garapenean.
Haurraren Garapen Morala
Garapen morala garapen kognitiboarekin, emozionalarekin eta norbere burua zein ingurunea ezagutzearekin lotuta dago. Moralki hazteak ulermen handiagoa, malgutasuna eta erabaki propioak hartzea esan nahi du, betiere guztion ongizatea kontuan hartuta. Haurrek agindutakoa betetzetik beren erabakiak hartzera igaro behar dute, eta horretarako esperientziak eta aukerak eskaini behar dira.
Piaget-en arabera, hezkuntza moralaren helburua pertsona autonomoak sortzea da. Garapen morala batez ere eskola-urteetan garatzen da, ikaskideekin elkarreragitean: negoziazioa, konpromisoak eta errespetua ikasten dituzte. Garapen kognitiboak aurrera egin ahala, haurrek logikoki pentsatzen eta besteen eskubideak hobeto ulertzen hasten dira. Piaget-ek garapen moralaren mailak neurtzeko parametroak egon zitezkeela proposatu zuen, besteekiko iritzi moraletan oinarrituta.
Gizartearen Araberako Emozio Morala
Haur txikiek emozio moralak (lotsa, erruduntasuna, harrotasuna) adierazten dituzte, eta horiek autoebaluazioaren eta enpatiaren bidez garatzen dira, ez helduen eragin hutsaren bidez. Haurrek bere burua ispiluan ezagutzen dutenean edo zaintzaileen emozioak imitatzen dituztenean, emozio moralak bereganatzen hasten dira. Enpatia da erruduntasuna eta portaera morala garatzeko funtsezkoa. Genero-desberdintasunak daude: neskek enpatia handiagoa eta erruduntasuna gehiago adierazten dute, gurasoen hezkuntza-estilo desberdinaren eraginez.
Jolas Sinbolikoa
Adin txikitan, haurren jolas sinbolikoaren bidez euren eta besteen emozioekin jolasten dute, eta egoera afektiboei buruz asko hitz egiten dute, batez ere anai-arrebekin. Jolas hauek emozioak ulertzen eta partekatzen laguntzen diete, eta irudimenaren bidez besteen egoerak bereganatzeko gaitasuna garatzen dute. Jolas sinbolikoan aritzen diren haurrek, etorkizunean, enpatia eta komunikazio afektibo hobea izaten dute.
Gizartearen Araberako Emozio Moralak
Unitatean ikusi denez, lehen eta bigarren urtean emozioak eta emozio moralak agertzen hasten dira. Haurra bere burua kontziente izaten hasten den heinean, sen morala eta horrekin batera emozio moralak garatzen dira.
Enpatia
Enpatia emozio moral garrantzitsua da, eta besteek sentitzen dutena ulertzeko eta hori komunikatzeko gaitasunean oinarritzen da. Oinarri biologikoa du, baina garapen kognitiboa, arrazoiamendu morala eta komunikazio-trebetasunak ere behar dira. Martin L. Hoffmann-en arabera, enpatiaren garapena lau etapatan banatzen da:
- Enpatia orokorra: haur txikiak ez du bere burua eta bestea bereizten.
- Enpatia egozentrikoa: bestea bereizten hasten da, baina bere ikuspegitik interpretatzen du.
- Besteen sentimenduekiko enpatia: besteen emozioak hobeto ulertzen hasten da, sinpleak zein konplexuak.
- Besteen ezbehar orokorrarekiko enpatia: nerabezarotik aurrera, pertsona ezezagunekiko ere enpatia senti dezake.
Haurrak sentitzen duena ahoz adieraztea funtsezkoa da, emozioak ulertzen eta kudeatzen laguntzeko.
Gizartearen Araberako Beste Zenbait Emozio Moral
Enpatiaz gain, beste emozio moral garrantzitsu batzuk dira lotsa, erruduntasuna, harrotasuna, altruismoa eta erasoa. Emozio horiek guztiak haurraren garapenarekin batera garatzen dira.
Haurren Arrazoiamendu Morala
Moraltasuna Lehen Haurtzaroan
Piaget eta Kohlberg-en lanetan oinarrituta, Elliot Turiel-ek frogatu zuen haurrek txikitatik bereizten dituztela balio moralak (adibidez, lagun bat jotzea) eta arau sozialak (adibidez, kalera jantzita ateratzea). Arau sozialak gizartearen hitzarmenetan oinarritzen dira eta kultura bakoitzaren arabera alda daitezke, baina balio moralak unibertsalak dira eta ez dira gustu edo ohituren araberakoak.
Haurren Gizartearen Aldeko Jokabideak
Haurrek, txikitatik, gizartearen aldeko jokabideak izaten dituzte, nahiz eta hasieran jokabide horiek trukean oinarrituak izan. Garapen kognitiboa eta enpatia funtsezkoak dira jokabide horien garapenerako. Haurrek laguntzeko gaitasuna dute 2-3 urterekin, baina benetako altruismoa ohikoagoa da 4-5 urterekin. Sozializazio-esperientziek eta besteen sentimenduak ulertzeko gaitasunak jokabide horiek areagotzen laguntzen dute.
N. Eisenberg-en Gizartearen Aldeko Arrazoiamenduaren Lanak
N. Eisenberg-en gizartearen aldeko arrazoiamenduaren lanak:
- Lehen maila (hedonista): Haurra laguntzen du bere onurarako; bere interes propioak dira nagusi.
- Bigarren maila (premien araberakoa): Haurra bestearen premien arabera laguntzen du, baina ez du errudun sentitzen laguntzen ez badu.
- Hirugarren maila (onespenaren araberakoa): Haurra laguntzen du besteen onespena lortzeko; garrantzitsuena onartu eta baloratua izatea da.
- Laugarren maila (enpatikoa edo trantsiziozkoa): Haurrek enpatia eta errua sentitzen dute, eta ondo jokatzeak pozten ditu; arrazoiamendua sentimenduetan oinarritzen da.
- Bosgarren maila (barneratutako maila): Laguntza barne-balioetan eta printzipioetan oinarritzen da; norberaren printzipioak ez betetzeak eragin emozionala du.
Ohar osagarria:
Adinarekin gizartearen aldeko jokabideak garatzen dira, baina E. Staub-ek dioen bezala, faktore negatiboek (adibidez, onarpenaren beldurra edo arauak) jokabide horiek oztopa ditzakete.
Justizia Banatzailea: W. Damon
Justizia banatzailea baliabideak modu bidezkoan banatzea da. William Damon-ek 3-10 urteko haurrekin lan eginez aztertu zuen kontzeptu hau, eta haurrei dilema errealistak planteatu zizkien (adibidez, nork merezi duen paga handiagoa edo logela hobea). Bere ikerketa Piaget eta Kohlberg-en lanetan oinarritzen da, eta moralaren garapena aztertzeko testuingurua eta egoeraren ezaugarriak kontuan hartu behar direla defendatzen du.
Damon-ek moralaren sendotasuna edo ahultasuna azaltzeko hiru printzipio proposatzen ditu:
- Egitura-printzipioa: Haur batek egoera jakin batean maila altuko arrazoiamendua izan dezake, baina beste egoera batean maila baxuagoa erabil dezake.
- Garapenaren printzipioa: Moralaren ahultasuna garapen-prozesuaren parte da, eta heldutasun handiagoko mailak lortzeko urrats gisa ulertzen da.
- Printzipio funtzionala: Egoera eta balioen arabera arrazoiamendu moral desberdinak agertzen dira, eta hori normala da.
Bere ikerketetan, Damon-ek frogatu zuen haurren justizia-ulermena adinarekin garatzen dela:
- 3-4 urte: Haurrek nahi pertsonalak eta justizia nahasten dituzte.
- 5-6 urte: Berdintasunaren printzipioa nagusitzen da; denei gauza bera eman behar zaiela uste dute.
- 6-7 urte: Ahalegina kontuan hartzen hasten dira (merituaren arabera banaketa).
- 8 urte inguruan: Beharra baloratzen dute; gehien behar dutenek gehiago jaso behar dutela uste dute.
- 10 urtetik aurrera: Ikuspegi erlatiboa hartzen dute, eta egoeraren arabera iritzi desberdinak izan ditzakete.
Balioen Hezkuntza
Familiaren Eginkizuna Balioen Hezkuntzan
Familia izan da betidanik balioak transmititzeko erakunderik nagusiena, nahiz eta gaur egun eskolak gero eta protagonismo handiagoa hartu duen arlo horretan. Hala ere, gero eta korronte gehiago dira familiari balioen transmisioaren ardura nagusia esleitzen diotenak. Familiak altruismoa, laguntza, zintzotasuna eta konfiantza bezalako jokabideak sustatu behar ditu, betiere jokabide koherente eta eredugarriak eskainiz.
Gurasoek haurrarekin harreman ona izan behar dute eta portaera-eredu egokiak irakatsi, haurrak bere kabuz jarduteko gaitasuna garatu dezan. Familia koherenteek seme-alaba osasuntsuagoak hezten dituzte autoritarismoan oinarritutako familiek baino.
Hoffman-ek gurasoek erabiltzen dituzten hiru diziplina-mota bereizten ditu:
- Agintea finkatzea: Indarkerian eta obedientzian oinarritua; eraginkorra ez eta kaltegarria.
- Maitasuna kentzea: Xantai emozionala baliatzen du; seme-alabengan nahasmena eragiten du.
- Indukzioa: Jokabideen ondorioak azaltzen ditu eta enpatia sustatzen du; metodo egokiena da.
Azkenik, guraso eta hezitzaileen helburua haur autonomoak heztea da, eta hori eredu onak eskainiz eta haurraren hausnarketa bultzatuz lortzen da.
Eskolaren Eginkizuna Balioen Hezkuntzan
Eskolaren Eginkizun Konpentsatzailea eta Laguntzaile Eginkizuna Moralaren Hezkuntzan
Nahiz eta haurrak balio moralak familian ikasi, gaur egun eskola ere arduratzen da horretaz, batzuetan ardura hori guztiz bere gain hartuz. Eskolaren eginkizuna konpentsatzailea izango da familia ezin delako edo ez dakielako balioak transmititzen, eta laguntzailea, familiari laguntzen dionean. Hala ere, haurraren garapen morala inguruko heldu guztien ardura da, eta hezkuntza-agentzien arteko elkarlanik gabe, ikaskuntza-prozesua moteldu egingo da.
Arauak Barneratzea eta Zigorra Eskolan
Moralaren hezkuntzaren helburua haurrek arauak barneratzea da, moral autonomoa garatu dezaten. Zigorrak ez dira egokienak, haurrak helduaren agindu hutsagatik arauak betetzera bultzatzen baititu. Horren ordez, garrantzitsua da haurrarekin hitz egitea eta bere ekintzek besteei eragin diezazkieten ondorio negatiboak ulertaraztea.
Adibidez, haur batek beste bati gauza bat kentzen badio, komeni da sufrimenduaren inguruan hitz egitea eta ez soilik zigortzea. Zigorrak, bestela, ondorioen arabera eta ez ekintzaren moralaren arabera ikastera eramaten du haurra.
Eskolan, askotan, konbentzio sozialen gaineko arauak lehenesten dira, eta moral autonomoa bazterrean uzten da. Hori gainditzeko, beharrezkoa da elkarrizketa eta eztabaidarako espazioak sortzea, eta haurrei tresna afektibo eta kognitiboak eskaintzea, familia eta eskolaren elkarlanean.
Kontuan hartu behar diren alderdi garrantzitsuak 3 dira:
- Haurraren eta hezitzailearen arteko harremana funtsezkoa da balioen transmisiorako. Haurra haur-eskolan ordu asko igarotzen duenez, lehen egunetik nola hartzen den, gatazkak nola kudeatzen diren eta hezitzailearen komunikazio-moduak (begirada, tonua, aginduak) eragin zuzena dute haurraren balioak barneratzeko prozesuan.
- Haurrek balioak barneratzeko, esperientziak pilatu eta eredu egokiak behar dituzte, ikasitakoa gero praktikan jarri ahal izateko.
- Haurra hazten den heinean, gero eta autonomoagoa bihurtzen da, eta, ondorioz, familiaren eta ikastetxearen arteko harremana gutxituz doa.