Modernizazioa: Gizarte Tradizionaletik Modernora Aldaketak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Formación y Orientación Laboral

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,69 KB

Modernizazioaren Lau Ezaugarri Nagusiak

Komunitate Tradizional Txikien Gainbehera

Milaka urtean, gizarte ehiztari eta biltzaileen kokalekuetan eta Europako landa-herrietan, jendea talde txikitan bizi zen, beren familia eta auzokoekin. Halako mundu tradizionalek, zeinak belaunaldiz belaunaldi transmititutako sentimendu eta sinesmenetan oinarritzen baitziren, paper jakin bat ematen zioten pertsona bakoitzari.

Talde primario horiek pertsonen esperientzien espektroa mugatzen zuten, eta nortasunaren, komunitateko partaide izatearen eta zoriaren zentzu sendo bat ematen zieten. Halako komunitate txiki isolatuak daude oraindik ere mendebaldeko gizartean, baina orain pertsonen proportzio txiki bat bakarrik bizi da halakoetan. Landa-eremuetako biztanleek ere, garraio azkarrekin eta komunikabideekin eskura dituzte gizarte hedatuenaren eta mundu osokoaren erritmoa.

Erabaki Pertsonalen Hedapena

Industriaurreko gizarte tradizionaletako biztanleentzat, giza kontrolaren esku ez dauden indarrek mugatzen dute bizia: jainkoek, espirituek edo zoriak. Tradizioan murgilduta daudela, gizarte haietako pertsonek erabaki pertsonalen kopuru mugatu bat hartzeko aukera baino ez diete ematen elkarri.

Tradizioaren indarra higatuz doan heinean, pertsonak hasten dira aukeren segida amaiezin baten moduan ikusten beren bizitza; hau da, indibidualizazio prozesua.

Sinesmenen Dibertsitatearen Handiagotzea

Industriaurreko gizarteetan, familia-lotura estuen eta sinesmen erlijioso sendoen eraginez, uniformetasuna zen nagusi, eta dibertsitatea eta aldaketa gaitzesten ziren. Modernizazioarekin, berriz, munduaren ikuspegi arrazionalago bat nagusitu zen, eta moraltasuna norbanakoaren jarrera bilakatu.

Hirien hazkundea, organizazio inpertsonalen zabalkuntza eta hainbat jatorritako pertsonen arteko interakzio soziala konbinatzen dira, eta sinesmen eta jokabideen barietate handia ugaritu egiten da.

Etorkizunari Begiratzea eta Denboraren Kontzientzia

Gizarte modernoetako biztanleek etorkizunari buruzko gogoeta gehiago egiten dute, eta industriaurreko gizarteetako biztanleek, aldiz, iraganean pentsatzen dute gehiago. Pertsona modernoak, etorkizunera begiratzeaz gainera, baikorrak dira aurkikuntza eta asmakari berriek beren bizitza hobetzeko izango duten gaitasunari buruz.

Gainera, beren eguneroko errutinak denbora-unitate zehatzen arabera antolatzen dituzte. Mundu modernoko biztanleek, negozio pertsonalez arduratuta, denbora zehaztasunez kalkulatzen dute, eta «denbora urrezkoa» dela uste ohi dute. Bergerrek dioenez, gizarte baten modernizazio mailaren adierazle nagusietako bat da eskumuturreko erlojuak erabiltzen dituzten pertsonen proportzioa.

Entradas relacionadas: