Modernitatearen hastapenak: Descartes, Hume eta Berrizkundea

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 14,17 KB

René Descartes eta filosofia modernoaren hastapena

René Descartes (1596–1650) filosofo frantsesarekin hasten da filosofia modernoa, eta haren pentsamenduaren ardatza ezagutzaren teoria da. Testuinguru historikoan, Antzinaroan filosofiaren oinarria mundua izan zen; Erdi Aroan, berriz, Jainkoa; eta Aro Modernoan, aldiz, nia edo subjektua bihurtu zen gogoetaren abiapuntu nagusi. Platon eta Aristotelesek ez zuten zalantzan jarri gizakiak errealitatea ezagutzeko duen gaitasuna, mundua erreala eta arrazionala zela uste baitzuten. Erdi Aroan, ordea, giza arrazoimenarekiko mesfidantza agertu zen, eta ezagutza Jainkoaren argipenaren menpe zegoen, arrazoiaren autonomia mugatuz.

Ezagutza ziurtatzeko helburua

Testuinguru horretan, Descartesen helburua arrazoimenaren autonomia berreskuratzea izan zen. Bere kezka nagusia honakoa izan zen: nola ziurta daitekeen zerbait egia dela, hau da, ezagutzaren ziurtasunaren arazoa. Descartesen ustez, gizakiok dugun gauza bakar ziurra pentsamendua da, eta hortik abiatuta eraiki behar da ezagutza osoa.

Metodo kartesiarra

Horretarako, Metodo Kartesiarra garatu zuen. Metodo honen oinarria zalantza metodikoa da: zalantzan jar daitekeen guztia baztertzea, baita begi-bistakoa dirudiena ere, egia zalantzaezin bat aurkitu arte. Zalantza horren erdian, Descartesek egia ukaezin bat aurkitu zuen: “Cogito, ergo sum” (Pentsatzen dut; beraz, banaiz). Zalantzan ari naizenez, pentsatzen ari naiz, eta pentsatzen duenak existitu behar du. Hau da lehen egia ziurra.

Arrazoimenaren funtzionamendua azaltzeko, Descartesek bi ezagutza-eragiketa nagusi bereizi zituen: intuizioa (askotan indukzioarekin nahasten dena), zeinak egia ebidente eta zalantzaezinak ematen baititu (adibidez, 2=2), eta dedukzioa, egia sinple horietatik abiatuta egia konplexuagoak modu logikoan eratortzeko aukera ematen duena. Horrela, ezagutza seguruak eta sendoak eraiki daitezke.

Metodoaren lau arauak

  • Ebidentziaren araua: argi eta bereizi gisa, intuizio intelektualaren bidez antzematen diren ideiak bakarrik onartzea.
  • Analisiaren araua: ideia edo arazo konplexuak elementu sinpleagoetan deskonposatzea.
  • Sintesiaren araua: ideia sinpleetatik abiatuta, dedukzioz, ideia konplexuak eratortzea.
  • Berrikuspenaren araua: egindako arrazoibide guztiak berrikustea, akatsik ez dagoela ziurtatzeko.

Descartes: substantziak eta ideien sailkapena

Metodo honen bidez, Descartesek ondorioztatu zuen errealitatea hiru substantziek osatzen dutela. Lehenengoa res cogitans da, substantzia pentsatzailea: nia edo subjektua, bere existentziaz ziur dagoen bakarra. Substantzia honen baitan, Descartesek ideiak hiru motatan sailkatu zituen:

  • Eratorriak: mundutik datozkigunak, pertzepzioz jasotzen ditugunak.
  • Irudimenezkoak: aurrekoetan oinarrituta sortzen diren irudiak (adibidez, sirena — arraina + emakumea).
  • Jatorrizko ideiak: arrazoiarekin batera datozen ideiak, eta garrantzitsuak direnak ezagutzaren oinarrian.

Bigarren substantzia Jainkoa (res infinita) da. Jainkoaren existentzia frogatzeko, Descartesek bi argudio nagusi erabili zituen. Batetik, infinituaren argudioa: gizakia finitua izan arren, infinituaren ideia daukagu, eta ideia horrek kausa infinitu bat behar du, hau da, Jainkoa. Bestetik, argudio ontologikoa: Jainkoa substantzia perfektua denez, eta perfekzioak existentzia barne hartzen duenez, Jainkoa existitu behar da. Jainkoa perfektua eta ona denez, ez gaitu engainatzen.

Hortik ondorioztatzen da hirugarren substantziaren existentzia: res extensa, mundu fisikoa. Jainkoa engainatzailea ez denez eta mundua sortu duenez, errealitate materiala existitzen da. Hala ere, Descartesen sisteman Jainkoa ez da Erdi Aroan bezala abiapuntua; haren existentzia subjektu pentsatzailearen ziurtasunetik ondorioztatzen da. Jainkoak sortu gaitu, baina guk geuk erabiltzen dugu arrazoimena.

Dualismoa eta arazo harremanaren inguruan

Azkenik, Descartesek giza izaera dualista defendatu zuen: gizakia arimaz eta gorputzez osatua dago. Arima substantzia pentsatzailea da, hilezkorra eta benetako ni; gorputza, berriz, substantzia hedatua da, makina edo automata baten moduan funtzionatzen duena. Hala ere, dualismo horrek arazo bat sortzen du: nola elkarreragiten duten arima espiritualak eta gorputz materialak. Descartesek arazo hori azaltzeko guruin pineala proposatu zuen bi substantzien arteko harremanaren gune gisa.

David Hume eta enpirismo modernoaren oinarria

David Hume (1711–1776) Eskoziako filosofoa izan zen eta enpirismo modernoaren ordezkari nagusietako bat. Bere filosofiaren ardatza giza ezagutzaren azterketa da, batez ere esperientziaren balioa eta arrazoimenaren mugak azpimarratuz.

Humearen ustez, ezagutza guztia esperientziatik dator. Ez dago berezko edo jatorrizko ideiarik; gizakia jaiotzean tabula rasa da. Gure adimenean dauden eduki guztiak zentzumenek emandako datuetatik eratorriak dira. Horregatik, Humek bi pertzepzio mota bereizten ditu:

  • Inpresioak: zentzumenek zuzenean ematen dizkiguten pertzepzio biziak.
  • Ideiak: inpresioen kopia ahulagoak direnak.

Ideiak inpresioetatik eratortzen ditugu, beraz, ezagutza oro esperientziatik eratortzen dugula uste zuen Humek. Azkenik, substantziak ez du baliokidetasunik mundu errealean: izenak ezaugarri multzo bat gogoratzeko asmatzen ditugun etiketa batzuk besterik ez dira (gure pertzepzioak). Guk gure buruan egiten ditugun taldekatzeak, ideiak eta etiketak dira (adibidez: zaldiaren ideia).

Arrazionalismoa eta enpirismoa: kontraste nagusiak

Arrazionalismoak, René Descartes filosofoaren eskutik garatua, arrazoimena jotzen du egia ezagutzeko tresna nagusitzat. Descartesek zalantza metodikoa erabili zuen ezagutza ziur bat aurkitzeko, eta zalantzan jar ezin zitekeen egia bakarra aurkitu zuen: “Pentsatzen dut; beraz, banaiz” (Cogito ergo sum). Hortik abiatuta, arrazoimenaren bidez ondorioztatu zituen Jainkoaren existentzia eta mundu fisikoa. Arrazionalisten ustez, zentzumenak ez dira fidagarriak, engainatu egin baitezakete, eta horregatik egiazko ezagutza a priori da, hau da, esperientziaren aurretik datorrena. Gainera, gizakiak jatorrizko ideiak ditu, argiak eta bereiziak, eta arrazoimenak ez du muga epistemologikorik. Ezagutza lortzeko metodo egokiena metodo matematiko edo deduktiboa da, ziurtasuna bermatzen duelako.

Enpirismoak, aldiz, batez ere David Humearen eskutik, esperientzia jarri zuen ezagutzaren oinarrian. Enpiristen arabera, ezagutza guztia zentzumen-esperientziatik dator, eta ez dago esperientziatik kanpo dagoen ezagutzarik. Gizakia jaiotzean tabula rasa da, hau da, adimena hutsa dago eta esperientziak betetzen du pixkanaka. Horregatik, enpirismoaren arabera, ezagutza a posteriorikoa da. Gainera, gizakiaren ezagutza mugatua da, esperientziak berak mugak baititu. Hume bezalako enpiristek kausalitatearen printzipioa ere zalantzan jarri zuten, eta ondorioztatu zuten naturari buruz lortzen dugun ezagutza probabilitatean oinarritzen dela, ez ziurtasunean. Ezagutza lortzeko erabiltzen duten bidea metodo esperimentala da: behaketa, hipotesien formulazioa eta esperimentazioa.

Laburbilduz, arrazionalismoaren eta enpirismoaren arteko eztabaida nagusia honakoa da: ea ezagutza arrazoimen hutsetik datorren ala esperientziatik. Bi korronteek, ikuspegi desberdinetatik bada ere, filosofia modernoaren garapenean ekarpen erabakigarriak egin zituzten.

Berrizkundea eta antropozentrismoa

Berpizkundea: Erdi Aroaren krisiak (elizako ustelkeria, izurriteak, ehun urteko gerra...) Aro Modernorako bidea zabaldu zuen. Berrizkundea Erdi Aroa eta Aro Modernoaren arteko zubi gisa funtzionatu zuen. Konstantinopla erori zenean, jakintsuak Italiara joan ziren eta Greziako kultura berriro garatzen hasi zen; unibertsitate eta akademiak sortu ziren. Merkataritza eta politika, bestalde, ezagutzari ateak ireki zizkioten, eta Florentzian mezenasgoa garatu zen, kultura finantzatzeko aberatsen ekimenez.

Antroprozentrismoa (liberalen ikuspegia): Berrizkundearen oinarri ideologikoa gizakia erdigunean jartzea izan zen. Gizakiaren autonomia, harrotasuna eta independentzia sentimenduak zientzia garatzera eta erlijioaren eragina murriztera eraman zuten. Aurrerapena arrazoimenaren bidez lortu zen, eta arrazoimena hiru arlo garrantzitsutan definitzen da: autonomia, askatasuna eta kritikotasuna. Horri esker, gizakiak mundua eta unibertsoa arrazoiaren bidez ulertu eta azaldu zezakeela uste zuten.

Gizarte-eraldaketa, ekonomia eta erlijioa

Gizarte-eraldaketa eta aldaketa politikoak:

Erdi Aroko feudalismoan, jabetza nagusi batek lurra zuen, eta bertan lan egiten zutenek zergak ordaintzen zizkioten jabe horri. Berrikuntzen ondorioz, sistema hau monarkia absolutura pasatu zen: botere zentralizatuagoa eta erregearen nagusitasuna nagusitu zen.

Ekonomia: Garai honetan, kapitalismoa sortzen hasi zen, hainbat faktorek eraginda: Amerikaren aurkikuntza, merkataritzaren garapena, diruaren zirkulatzea eta inperialismoa. Honek oparotasuna eta biztanleriaren hazkundea ekarri zuen.

Estatua: Eraldaketa politiko-ekonomiko honen ondorioz, estatua paktu sozial bat bezala ulertzen hasi ziren: merkatuak (botere ekonomikoa) eta erregeak (botere politikoa) elkarrekin funtzionatzen zuten burgesiaren mesedetara. Estatua finantzatzeko, burgesia sortu zen, ekonomiaren eta boterearen lotura bermatuz.

Erlijioa: Berrizkundearen garaian, erlijio batasuna hautsi zen. Martin Luterok protestantismoa sortu zuen, elizaren hierarkia zalantzan jarriz eta fede indibidualaren garrantzia defendatuz. Kalbinok, Luteroren jarraitzaile bezala, lanaren etika (arrakasta lortzeko lan gogorra) eta predestinazioa (Jainkoak zehaztuta dauka nor izango den arrakastatsua) azpimarratu zituen.

Zientzia-iraultza: Antropozentrismoaren eraginez, gizakiaren jakinmina naturara bideratu zen, eta zientzia modernoa (behaketa + matematika) garatu zen. Zientzialariek, hala nola Kepler eta Galileo, aurkikuntza garrantzitsuak egin zituzten, eta lege naturalak aurkitu zituzten, mundua gobernatzen dutenak. Garai honetan, gizakiaren eta naturaren arteko harremana erradikalki aldatu zen, ikuspegi mistiko eta jainkotiarretik erabilera praktiko eta zientifikoetara igaroz.

Eztabaida metafisikoa eta substantzien arazoa

Eztabaida metafisikoa: Modernitatean, errealitatea eta ezagutza aztertzeko ikuspegia aldatu zen: Erdi Aroko metafisikan izakia objektibo gisa aztertzen zen; Aro Modernoan, ordea, arreta subjektuan, kontzientzian eta kritikotasunean jarri zen. Honek zientzia eta arrazoiaren garrantzia nabarmendu zuen, eta gizakia erdigunean jarri zuen. Eztabaida metafisikoaren gai nagusiak Jainkoa, arima eta mundua dira. Filosofoek galdera honi erantzuten saiatu ziren: nola elkarreragiten dute arimak eta gorputzak? Descartesek substantzien kontzeptua erabili zuen: substantzia da existitzeko beste ezer behar ez duen zerbait. Horren bidez, metafisika modernoak arrazoiaren eta gizakiaren rola azpimarratu zuen.

Arazo nagusia

Arazo nagusia: nola elkarreragiten dute bi substantzia horiek? Descartesek honela proposatu zuen: guruin pineala da elkarreraginaren gunea. Bertan, arimak gorputzak transmititutako bulkadak jasotzen ditu, eta gorputzak arimaren aginduak betetzen ditu. Analogia sinple batekin: arima gidaria da, eta gorputza kotxea. Baina konponbide hau nahikoa ez zenez, arrazionalismotik beste erantzun batzuk bilatzen saiatuko ziren. Haien artean:

Malebranche

Malebranche: Kartesianismoa eta San Agustin konbinatuz, eta dualismoa mantenduz, bi substantzien arteko eragin kausal zuzenik ez dela dio; biak elkarri ez diote kausalki eragiten. Hau da, pentsamendua inmateriala bada, eta gorputza materiala, batek ezin du kausalki bestean eragin.

Ontologismoa

Ontologismoaren arabera, arimak ez ditu bere kabuz ideiak sortzen, eta ez dauka ideia matematiko innatorik. Ideia aldaezin eta betierekoak Jainkoarengan bakarrik daude, hark ematen digun argitasunaren bidez ezagutzen ditugunak. Ideia horiek, matematikak barne, Jainkoaren jakinduria infinituaren parte dira. Horregatik, substantzia sortu guztiek estatuz ontologiko bera dute, eta Jainkoa da estatuz ontologiko gorena duen bakarra.

Okasionalismoa

Okasionalismoaren arabera, substantzia sortuek ez dute efektu errealak sortzeko ahalmenik; Jainkoa da efektu guztien kausa bakarra. Gertaerak Jainkoak bere kausalitatea gauzatzeko erabiltzen dituen «okasio» hutsak dira, eta mugimenduaren kausa bakarra ere Jainkoa da.

Jainkoak lege orokorren arabera jokatzen du beti, arrazoimena jarraituz. Legeak zenbat eta sinpleagoak izan, orduan eta baliogarriagoak direla uste zuen. Hemen Jainkoak erabaki, ez guk.

Spinoza: monismoa eta panteismoa

Spinoza monismoa eta panteismoa defenditu zuen.

Gorputza eta arima errealitate baten eta berberaren bi alderdi/atributu baino ez dira. Substantzia bakarra dago, unibertsala: «Jainkoa edo Natura» (ez da Jainko kristaua), eta izatea duen guztiarekin bat dator. Hain handia da gauza batzuk ezin ditugula ulertu. Substantziak atributu infinituak dauzka, baina gizakiok bi soilik atzemateko gai gara: pentsamendua eta hedadura. Horregatik iruditzen zaigu desberdinak direla, baina egiaz Jainkoaren adierazpenak baino ez dira.

Cogito: zalantza metodikotik lehen printzipiora

Descartesek dena zalantzan jarri nahi zuen egia ziurra aurkitzeko, zentzumenak engainagarriak direlako eta arrazoiketan akatsak egin daitezkeelako. Pentsatzen du, agian, dena ametsak bezalakoa dela, eta horregatik faltsutzat jotzen du zalantzarik sortzen duen guztia.

Baina zalantzan jartzen ari den bitartean ohartzen da ezin duela ukatu bere burua pentsatzen ari dela. Hortik ondorioztatzen du ezin dela zalantzan jarri bere existentzia: “Pentsatzen dut, beraz, banaiz”. Hau da bere filosofiaren oinarria, egia seguru eta zalantzarik gabeko lehen printzipioa.

Entradas relacionadas: