Misererea: Euskara Arkaikoko Ezaugarri Filologikoak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en
vasco con un tamaño de 27,14 KB
Filologoarentzat hizkuntza-ezaugarriak dira testuak nongoak diren eta noizkoak diren jakiteko erabakigarri diren argudio bakarrak, baina egia da batzuetan hizkuntzaz kanpoko laguntzaren bat aurkitzen dugula. Ordea, Misererea izengabea da: norena den ez dakigu; lekugabea ere bada: nongo euskara den ez dakigu; bai eta datarik gabekoa ere: noizkoa den ez dakigu, ezpada berarekin batera koadernatutako dokumentuak XVI. mendeko dokumentuen XVII. mendeko kopia omen direla. Horregatik bereziki interesgarria da gure metodologia saiatzeko. Testuaren iruzkina egiteko hizkuntza-ezaugarriez eta ezaugarrion hedaduraz (non eta noiz?) dakiguna erabiliko dugu, bai eta aztertutako beste testuez gogoratzen duguna ere.
EUSKARAREN HISTORIA II Testua iruzkintzeko oharrak (2023/2024) Blanca Urgell (2024-05-13)
1. Testua nongoa da?
Hizkuntza azterketan, testua noizkoa den jakiteko, lehenik nongoa den asmatu behar, gutxi gorabehera behintzat, zeren bestela ez baitago jakiterik arkaismoek zer esanahi duten. Adibidez, aditzoina ezaugarri arkaiko bat da, Euskara Arkaikoan Euskal Herri osoan erabiltzen baitzen, baina harrezkero mendebaldetik hasita Hegoaldean galduz joan da; alabaina, arkaismo hau Iparraldeko euskaldunek bizi-bizirik gorde dute. Beraz, testua Iparraldekoa balitz, aditzoinak ez liguke esango testua noizkoa den, zeren eta hala XVI. mendean nola XXI. mendean, bietan erabiliko baitute aukera dagoen guztietan.
Oharrak
- Mounole & Lakarra (2018) zein Mounole & Gómez (2018) sarri aipatuko dudanez, “M & L” eta “M & G” laburdurak erabiliko ditut.
- A = arabera, B = bizkaiera, G = gipuzkera, GN = goi-nafarrera, BN = behe-nafarrera, L = lapurtera, Z = zuberera, eta abar erabiliko ditut, Bonaparteren mapan daukaten geografia zehatza adierazteko, ez XVI. mendean euskalki horiek existitzen zirela pentsatzen dugulako: ez horrelakorik.
Adibidez, testuan det, dezu... daude. Baliteke norbaitek bi ezaugarri horiei erreparatzea lehenik eta, beraz, testua gipuzkerazkoa (G) dela erabakitzea, beste aukerarik kontuan izan gabe. Baliteke, noski, G-koa izatea —izan ere, horixe uste dugu, Bonapartek G-tzat hartu zuen eremukoa dela, alegia—, baina ezin horrela jokatu, honek berekin baitakar arriskua geruza lektal ezberdinei ezikusia egitea eta, beraz, euskararen dialektalizazioaren lehenagoko urratsez ezer ez ikastea. Esate baterako, gaur dezu oso gipuzkerazkoa ematen du, baina Euskara Arkaikoan G-tik kanpo ere lekukotua dago, zehazki A-n: sinistetan det (Betolatza);1 eta GN-ko Burundan gaur arte iraun du: Urdiainen (Zuazo 2010: 134) paradigma dot - dezu - dau da. Azken batean *daduzu > *dauzu > deuzu > dezu bilakabidearen bukaera baino ez da, eta azken aurreko urratsa ere (deut, deuzu, deugu) A-n zein G-n dago lekukotua. Objektibotasunaz jokatuko badugu, aurreiritziak alde batera utzi behar, bada. Horretarako, ahalik eta eremu zabalena definituko dugu lehenik (gure testua zer da: MEZ ala EEZ?), eta gero eremua murrizten joango gara eskoletan ikasi dugun bezala, ahalik eta eremu hertsienera heldu arte.
1.1. Mendebaleko Euskara Zaharreko ezaugarriak (MEZ)
Gure testuan badira Mendebaleko eremu zabalenean kokatzen duten ezaugarriak, Lakarraren Mendebaleko Euskara Zaharrarekin (MEZ) lotzekoak. Hiru landu ditugu testu honetan, eta hauek aski eta sobera izango dira testua MEZen kokatzeko:
- a + a > ea disimilazioa,
- egin aditz laguntzailea eta
- *edun-en adizkien txandakatzea.
Lehenengo biak MEZeko berrikuntzak dira, eta hirugarrena MEZen inon baino luzaroago gordetako arkaismoa. [Testu honetan ez dago, baina balego, hemen kokatuko genuke baita -rean ablatibo arkaikoa].
a + a > ea berrikuntza (culpea 9), Euskara Arkaikoan B, A eta sartaldeko G-z lekukotua omen da (M & L 422). Gainerako lekukotasun eta aztarnak erabiliz baiezta dezakegu ezaugarri honen eremua zabalagoa zela, Gipuzkoako zati handi bat hartzen baitzuen (Urolaldea eta Goierri gutxienez) eta GN-ko ipar-mendebaldea (Burundaz gainera, euskara aspaldi galdu zuten Ameskua eta Lana ibarrak ere behintzat). Bi testuingurutan gertatzen da: deklinabidean eta adizkietan. Testua MEZekoa dela frogatzeko lehenengoa bakarrik hartu behar dugu kontuan,2 eta Refranes y Sentencias-ekin (amea, alabea RS 35) zein Lazarragarekin (gauçea 17, medeçinea 21) lotzen du Misererea.3
Eremu berean kokatzen du egin aditz laguntzaileak, ekialde zabalean *ezan erabiltzen den bitartean (ekialde murritzagoan baita *iron ere). Alabaina, Euskara Arkaikoan biak agertzen zaizkigu MEZean, banaketa osagarrian agertu ere. Misererea-k erakusten digu zein zen banaketa hura: *ezan nor-nork denean agertuko da (borra eçaçu 4, eguin naçaçu 7, etab.), eta egin nor-nori-nork denean (quendu eguidaçu 8). ArrasErre-n *ezan-en adibideak baino ez daude, denak ere nor-nork-ekoak. Oposaketa hori Mendebal Hertsian (MEH) galduz joango da egin-en mesedetan. Oposaketaren galera honen zantzuak badaude Lazarragarenean (ençun eguian ‘entzun zuen’ 13): begiratu zuk ea zer gertatzen den RS-n. Euskara Zaharrean *ezan iharturik dago Kapanaga, Mikoleta eta besteren testuetan (M & G 508).
Azkenik, MEZekoa da *edun-en adizkien txandakatzea ere: 1 eta 2. pertsonak era batera edo bestera monoptongatu dira (berrikuntza), baina 3. pertsonak ez (arkaismoa): deçun (3), estet (21) vs neban ‘nuen’ (13; < neuan < neu-an), debana ‘duena’ (47; < deuana < deu-an-a). Euskara Zaharraren amaieran Irazusta Hernialdeko erretorak (1739) du dauka, baina oraindik deban (hark) eta debela (haiek) < deu (hark) eta deue (haiek; M & G 507), diptongoa lehenago hedatuago egon zen seinale. Honek esan nahiko luke, zehatzago mintzaturik, MEZaren muga Oria ibairaino hedatu zela ezaugarri honi dagokionez behintzat (Urgell 2020). Ahozko euskaran orain arte iraun badu ere hala Urolaldean nola Goierrin, Lehen Euskara Modernoan deu testuetatik desagertuko da literatur gipuzkeraren eraginez (M & G 507).
1.2. Ekialde zabaleko ezaugarriak
Testua MEZean kokatzen duten ezaugarri horiekin batera, ez dugu Mendebaleko Euskara Hertsiko (MEH) ezaugarririk aurkitzen (-etan, *edutsi edo -gaz bezalakorik, alegia: cf. aytearequin 62), ez eta Arabakorik ere (adibidez, nor pluralarekiko komunztadurarik eza), eta bai gure testua ekialde zabalarekin edo erdialdearekin lotzen dutenak, Araban, Bizkaian edo Deba ibarrean ez gauden seinale.
Ekialdeko Euskara Zabaleko ezaugarri bat topatu dugu, *eradun laguntzailea: diraust ‘dizkit’ (19). Laguntzaile ditrantsitiboa *edutsi da mendebal hertsian, *enin erdialde zabalean eta *eradun ekialde zabalean. Honek esan nahi du erdialdeko eremu zabal batean azken bi laguntzaileak aurkituko ditugula lehian. Batetik, hego-nafarreran, L, BN eta Z-n *eradun da nagusi, eta pertsona, denbora eta numero guztietan erabiltzen da. Alabaina, Materrarenean ikusi dugunez, *enin-ekin dago lehian, baina hau nori ‘hari’ denean bakarrik agertuko da (dio, diot, etab.). Aldiz, *eradun-en eremuaren mendebaleko muturrean, Gipuzkoan, alderantziz gertatzen da: *eradun NOR plurala denean bakarrik lekukotzen da (ik. M & L 431-432), gure testuan bezala: adibide bakarra egongo, eta hura pluralekoa. Honen adibideak ugari dira oraindik Lehen Euskara Modernoan, Larramendi, Mendiburu, eta abarretan. Larramendik berak Azpeitian eta Azkoitian kokatu zuen ezaugarria (1745: xxvi): diauztan ‘dizkidan’, diauzku ‘dizkigu’, ziauzkan ‘zizkion’, etab. (Urgell 2018: 622). Ahozkoan iraun omen dute non edo han, baina idatzizkoan geroko literatur gipuzkerak uxatu ditu.
Ekialde zabaleko eremuan kokatzekoa da, halaber, -tu partizipioekin -tze aditzizena erabiltzea: ofreçiçeric (72; ikus M & L 428), mendebalde hertsian -etan ageri ohi zaigun bitartean (adib. ofrezietan): RS-n ugaritasun gehiago dago, bere zahartasun handiagoaren seinale, baina -etan dugu nagusi Lazarragarenean eta bakarra Kapanagarenean. [Berriz, gure testuak etorten edo ebilten ‘ibiltzen’ bezalakoak balitu -i partizipioetan, ez genekike nongoa den, Euskara Arkaikoan ez baitago, dakidalarik, etortzen bezalakorik oraindik inon (ikusi Etxepare eta Leizarragaren testuetan). Euskara Zaharrean agertuko dira lehenengoak, Nafarroa Garaian agertu ere (cf. Urgell 2006), eta ordutik aurrera gero eta zabalago bihurtuko den erdialde baten ezaugarria izango da. Ostera, bai mendebalean, bai ekialdean, bi muturretan gaur egun ere bizirik daude forma arkaiko horiek.]
Ekialdeko Euskara Zabaleko ezaugarri horiek baditu gure testuak, baina ez da oso ekialdekoa izango, zergatik eta geroaldian -ko baitu (quenduco 19, nayco 58), eta ez -(r)en, Etxeparek eta Leizarragak bezala. Dena dela, -n partizipioen adibiderik ez dugunez, ezin jakin emango ala emanen egingo lukeen. Ezaugarri honen arabera bakarrik begiratuta, beraz, badakigu ez dela BN edo Z-koa izango, baina ezin jakin G, GN ala L-koa den.
1.3. Erdialdeko ezaugarriak
Gogoan izan dezagun Euskal Herriaren garaian garaiko erdialdea zein den ezaugarriek eurek markatzen dutela. Euskara Arkaikoan (eta geroago ere, agian XVIII. mendera arte) erdialdea ez zen G, inondik inora ere ez, GN, L eta batzuetan aldiriak (G eta BN) baizik, oro har hitz eginik. Eskoletan landu ditugun erdialdeko ezaugarri nagusietako bi ditugu Misererea-n: -de pluralgilea izan-en adizkietan eta -tik ablatiboa. Ordea, ez dago ergatibo pluraleko formarik, -te (dute, dakarte...) ala -(d)e (due, dakarde, daroe) egiten zuen jakiteko.
-de pluralgilea izan-en adizkietan: dirade ‘dira’ (26). G-tik hasi eta Garaziraino (Etxepare) lekukotua Euskara Arkaikoan. Lakarraren arabera, erdialdeak gordetako arkaismo bat da (vs gara, zara, dira, bai eta vs zarete modernoagoa ere). Zergatik arkaismoa, eta -de pluralgilearen forma zaharrena delako. Honetarako, Trask-en legea izan behar dugu gogoan: atzizki batek hiru forma dituenean, bata herskari ahostunduna, bestea ahoskabea eta azkena herskari gabea, hala nola -de / -te / -e), ahostuna da zaharrena. Lakarrak uste du antzina -de-k markatzen zuela garade, dirade formen pluraltasuna, baina, naiz eta da hain ezberdinak izanik, alferrikakotzat jo bide zutela hiztunek -de pluralgilea, eta kendu egin zutela.
Ablatiboari dagokionez, MEZean -rean eta -(r)ik ablatiboak topatu ditugu lehian Euskara Arkaikoan, eta erdialde zabalenean -tik singularrean eta -tarik pluralean, gehi -ganik bizidunen ablatiboan (azken biak -(r)ik atzizkitik atereak dira: -ta + -(r)ik eta -gan + -(r)ik); singularrean -(r)ik iharturik aurkitzen da, eta bakanki, Etxepare eta Leizarragaren testuetan (ez guk landu ditugunetan, ordea). Z-n, aldiz, -ti baino ez da aurkitu (zehazkiago, sing. -ti, pl. -tarik, biz. -ganik).4 Gure testuan -tik dago (presentiatic 35, enetic 36), eta -ganik (niganic 34), BAINA pluralean -tatik lekukotzen du (entrañaetatic 37). Honek erakusten digu ez dela MEZeko testu tipikoa, ez dela mendebal hertsikoa inondik inora ere ez, ezta Iparraldekoa ere, baizik eta Euskara Arkaikoan oso hertsia bide zen erdialde batekoa, M & L-k (426) ez baitute adibiderik beste inongo testutan aurkitu. Berrikuntza honen eremua nondik nora zabaltzen zen zehaztu ahal izateko, Gipuzkoako eta Nafarroa Garaiko testu arkaiko gehiago beharko genituzke.
Testuan badira erdialde zabalean koka daitekeen beste ezaugarri bat: Bacarrica ‘bakarrik’ (12), non -(r)ika arkaismoa dakusgun. Honelakoak G-tik hasi eta Etxepareren Garaziraino (BNeki) daude lekukotuak (-tika-z ikusi M & L 426); ustez, -rika orokorrak bera baino hobeto ezagutzen ditugun bi ondorio dialektal izan zituen: -(r)ik eta -(r)ikan, batean azken bokala galduta eta bestean lokatiboarekin indartuta.
1.4. Ondorioak
Esandako guztiaren ondorioak garbia ematen du, gaur den egunean ditugun datuen arabera: Bonapartek G-tzat hartuko zuen lurraldearen barruan kokatu behar dugu testua. Horren barruan ezaugarri batzuek —testua Mendebalde zabalean kokatzen dutenek— Urolara edo Goierrira eraman gaitzakete; XVIII. mendean Larramendik *eradun ere Gipuzkoan Azpeitian eta Azkoitian bakarrik kokatu zuen (Urgell 2018a: 622). Hala bada, bat etorri gaitezke oraingoz Mounole & Lakarrarekin balitekeela testua G-ko mendebaldekoa izatea, baina argi izan behar genuke ez dela ziurra: izan ere, gutxiegi ezagutzen dugu XVI. mendeko Gipuzkoako euskara.
2. Testua noizkoa da?
Testua nongoa den jakinik, errazago koka dezakegu denboran. Noiz da testu bat arkaikoa? Oso erraz: arkaismo handi eta ugariak dituenean. Jakina, arkaismoak aurkitzeko aukera ez da bat eta bera dialekto-eremu guztietan: bazter eremuetan (ekialdean eta mendebaldean) arkaismo gehiago eta handiagoak topatuko ditugu edozein garaitan dela, erdialde zabalean baino, eta ahozko tradiziotik datozen testuetan (ArrasErr, RS) garaian garaiko testu arruntetan baino. Misererea mendebaldearen eta erdialde-ekialdeen eragin lektalak elkartzen diren ingurune batekoa dela erabaki dugunez, arkaismo handi batzuk aurkitzea aski izango litzateke arkaikotzat jotzeko: izan ere, Euskara Zaharreko leku bereko testuetan nekez agertuko dira horrelakoak berriro. Dena dela, gure testuan nahi adina arkaismo daude hizkuntzaren atal guztietan, Euskara Arkaikokoa den seinale. Azterketan arkaismo batzuk aipatzea —garrantzitsuenak bederen— eta ondo iruzkintzea (zer den, non erabiltzen zen/den, etab.) hobe, asko eta iruzkinik gabe baino. Ezaugarri zerrenda hutsek ez dute iruzkina gainditzeko balio.
2.1. Grafia
<ç> eta <c>-ren arteko banaketa klasikoa honako hau da: <c> / — a,o,u vs. <ç> / — e, i. Euskara Zaharrean horixe topatuko dugu, oro har, Euskal Herri guztian. Euskara Arkaikoko testuetan, ordea, <ç> e,i-ren aurrean ere topatzen da maiz. Hauxe da gure kasua: çinçam (15). Gauza bera edo bertsua ikusi dugu ArrasErr eta Lazarragarenean ere.
- <v> vs <u> hitz bukaeran: garai honetan bakarrik topatu dugu, testu honetan (çinçam 15) eta Iruñean saritutako Pedro Ezkurraren poesian (1609). Latinaren ereduari egoztekoa ematen du, hots, latinez bezala idatzi nahiari.
- <s> = [si] / — V: presentiatic (35). Idazkera etimologikoa, hau ere latinetik hartua.
TXISTUKARI FRIKARI ETA AFRIKATUAK berdin adieraztea (sabaiaurrekoak alde batera utzita):
- /s/ eta /ts/ = <c> eta <ç> gorago ikusi dugun banaketan; silaba edo hitz bukaeran: bioz (36), çureçat (46).
- /ś/ eta /tś/ = <s> edozein testuingurutan: usoc (54); <ss> bokal artean: desseaçalea (32).
Honek dakarren ondorioa: ahotsdun ostean (eta hapaxetan, baina hemen ez dago) ez dakigu zein zatekeen, frikari ala afrikatua: vençutu (15), mansoa (52)... Halere, ikasi dugunez, egiantzekoa da Euskara Arkaikoan frikariak izatea, hots, gaurko grafian benzutu /s/-z eta mansoa /ś/-z transkribatu beharrekoak izatea. Biak bereizten dituzten testu bakanek (Etxepare, Landucci) ez dute behin ere afrikaturik ahotsdun ondoan. Ahotsdun ondoko afrikatuen lehenengo zantzu argiak lapurtera klasikoan aurkitu ditugu, baina Lehen Euskara Modernoan oraindik Larramendik-eta alabantza idazten dute, baina enzun, demagun. Ematen du ahotsdun ondoko txistukari sail bien oposizioaren galera, beraz, erdialdean (G, GN, L) gertatu zela aurrenik, eta berankor xamarra izan zela. Ekialde murritzean (BN, Z) ez omen da oraindik gertatu. Gainerakoan, ikusi M & L (413-414) txistukariei buruzko zure iruzkina aberatsagoa izan dadin.
2.2. Hotsak
BOKAL BIKOITZ EDO LUZEAK (M & L 414-415): aa, ee, etab. Erroaren barruan (chaala, aaria 59, leenean 64), elkartu-eratorrietan edo flexioan gerta daitezke (gure testuan ez dago azken bion adibiderik, baina ArrasErr-en bai, adibidez).
BOKAL BATU GABEAK: M & L-k (416) kontatzen dutena laburbildurik, B eta G arkaikoenetan ae gorde da a-z amaitzen diren erroen jokoan, izan izena (amaen), izan aditza (amaetan ‘amatzen’). Bilakabidea hauxe da: ae > ee > e. RS-n jadanik dago ee adibideren batean, eta Kapanaga ere ikusi dugu bigarren urratsean dagoela oro har. A-n joera ezberdinak daude (ae > ai Landuccirenean: amaitan ‘amatzen’), eta ekialderago oro har ae > e jadanik gertatu da. Gure testuan ae (entrañaetan 30) eta ao ere badago (murallaoc 53), egungo entrañetan eta murallok-en ordez.
2.3. Izen morfologia
-(R)IK ABLATIBOA (‘nondik’; M & L 426): erruric (20). A eta B-ko testuetan -rean-ekin batera erabiltzen zen; ekialderago oso bakana da singularrean, gorago esan dugunez. Gure testuan gainerako adibideetan -tik berrikuntza dagoenez, eta are pluralean -tatik ere (ikus gorago), arkaismo handia litzateke -(r)ik ere egotea. Ez da ezinezkoa; alabaina, nire ustez adibidea gaizki ulertu da: çuri naçanean munduan erruric (euskara batuaz esanda) zuri nezanean munduan errurik izan liteke, hots, ez ‘berak ni nazanean’, baizik eta ‘nik hura nezanean’, kontuan izanik testu honetan a/e oposaketa neutraldu eta a dagoela e-ren ordez: cf. daçagunean (57) ‘dezagunean’. Etxepareren testuan ere gertatzen da e > a aldaketa *ezan-en adizkietan: Eztaçala gayzeriztez damna heure buruya ‘ez dezala’ (84). Bestalde, partitiboaren erabilera hedatu hau testu arkaiko gehiagotan ere antzeman dugu: adibide nabarienak ArrasErr-koak dira (11-14): Gomizec asco lagunic, / Çabal arabaarric, / Guipuz hondo ederric, / Vizcaytar vrduri gogor[r]ic).
MUGAGABEA: Irakurri M & L (423). Gure testuan predikatiboan (garbiago eguin naçaçu 6) eta osagarri zuzenean (eguin neban becatu 13).
IZENORDAIN INDARTU ARKAIKOAK: ceur (12). Euskara Arkaikoan Lazarragak bakarrik (neurk, zeur, geur), eta Leizarragak zeurok, geurok (M & L 424), azken hauek ziurrenik jadanik fosilduak. Orokorrak ziratekeen antzina: cf. neure, zeure, geure (< *neur-e, etab.). Euskara Zaharrean badago Etxeberri Ziburukoaren testuetan (neuri, 1636) eta Axularren testuan (neurk, 1643). Lehen Euskara Modernoan Iztueta zaldibiarrak eta Gerriko segurarrak ere badituzte neur, geur modukoak tarteka (Urgell 2018a: 619). Esan gabe doa Mendebaldeko neu, zeu, geu formak hauetatik datozela: normalean r lehenik C aurrean galduko zen (neurk > neuk), eta gero analogiaz absolutiboan ere bai (neu vs neuri, neure).
-OK 1. ETA 2. GRADUKO ARTIKULU PLURALA: murrallaoc (53), usoc (54). -ok artikuluak gaur arte iraun du mendebalde zabalean, baina beste era batera erabilita, “gu” edo “zuek” pertsonekin lotua (gu emakumeok, zuek gizonok). Gure adibidean, ordea, badirudi “zu” pertsonarekin lotua dela, “hor, zu zauden lekuan dauden murallak” esan nahiko balu bezala, baina izan 3. pertsona bati dagokio (murailak, asientuak), testu arkaiko gehiagotan ikusi dugun bezalaxe (gogoratu ArrasErr, adibidez). Garrantzizkoa: gogoratu orduan Euskal Herri osoko ezaugarria dela.
2.4. Aditz morfologia
2.4.1. Adizki jokatugabeak
ADITZOINA: Euskara Arkaikoan Euskal Herri osoan erabiltzen zen, baina mendebalde zabalean galeraren lehen zantzuak ageri dira (cf. RS 10 Aspertu banekio, asper lekiket), eta zehazkiago -i partizipioetan oro har ez dago lehen testuetarik, salbuespenak salbuespen (M & L 427-428). Gure testuan *edin eta *ezan-ekin egindako 16 perifrasitan 12k aditzoina daramate (%75): bi aldiz jokatugabea da (34 Esquendu ‘ez kendu’, 36 ez... apartadu) eta beste bitan jokatua (19 vençutu çinçam, 35 quendu ez çaiteala).5
2.4.2. Adizki jokatuak
*EDIN-EN ADIZKIETAKO PLURALGILEA (M & L 430): Euskara Arkaikoan EH osoan adizki hauen forma zaharrak topatzen ditugu, -z pluralgile pleonastikorik gabekoak: çaiteala ‘zaitezela’ (35) < zaite(ala) ‘zaitez(ela)’, non pluralgilea -te den (*za-(d)i-te). Halere, garai berean jadanik badira EH osoan-edo -z-dun formak ere: M & L-k aipatutakoez gainera, Leizarragak ere bai (ditezen, zaitezte). Lekukotasun zaharrena: alegra zaitez (Matxin Zalbaren gutuna, 1415). Paradigma: agintera zaite > bat[uaz] zaitez; subj. orain. gaite(a)n > bat. gaitezen, zaite(a)n > bat. zaitezen, daitean > bat. daitezen; lehen. gintean > gintezen, zintean > zintezen, zitean > zitezen.
B- AURRIZKIDUN AGINTERA: Biz eta viz ‘izan bedi’ (62, 63), izan aditzaren adizki trinkoa; içambidi ‘izan bedi’ (65), *edin-ena. Testua zaharrago eta honelakoek aukera gehiago, baina ez da arkaismo esanguratsu bat, zeren eta XVIII. mendean ere oraindik ugaritxo agertuko baitzaizkigu. XVII. mendean Materrak lapurteran Biz hala erabiliko du latinezko Amen itzultzeko —eta mendetxo batzuk beranduago Hala bedi (Lizardik, adibidez).
ADIZKI TRINKOAK: Eus. Arkaikoan joko trinkoa zuten aditzak askoz gehiago ziren; Mounolek (2011: 22, 19. oh.) 68 zenbatu ditu, gaurko euskaran Euskaltzaindiak 26 bakarrik —erdiak baino gutxiago— aipatzen baditu ere. Testu honetakoak arruntak dira (ez dago ArrasErr-en hapaxen edo RS-ren arkaismoen modukorik): *edun ‘eduki’ (deçun 3), ezagutu (badaçagut 9), salbu eta ikusi berri dugun biz (62, 63).
2.4.3. Denbora, aspektua eta modua
AORISTO PERIFRASTIKOA: [adoin. + *edin/*ezan] eta (mendebalde zabalean) [part. + egin] perifrasiekin adierazitako lehenaldi burutua da, egun [part. + izan/*edun] perifrasiarekin adierazten dugunaren ordez: etor zedin = etorri zen; ekar zezan/(z)egian = ekarri zuen. XVII. mendean ia osoki desagertuko da: XVII. mendean bazter hizkeretan baino ez dago: bizkaieraz eta zubereraz (Mounole & Gómez 2018: 501). Bizkaiko sartaldean iraungo du gehien: Zabalak (1848) ipar-sartaldean (Plentzia, Getxo eta inguruko herrietan) zein hego-sartaldean (Laudio, Orozko, Baranbio eta inguruetan) kokatu zuen; Ulibarrik (2015: 199) Aiaraldekotzat (Arabako ipar-mendebaldean) duen Dotrinazko sermoitegia eskuizkribuan (c. 1775) bizirik topatu du eta beranduago Laudioko dotrinan ere (1858) agertuko da. Gamindek Plentziako euskaran aurkitu du gaur oraindik. Erreparatu testuan lehenaldi burutu modernoaren adibideak ere badaudela, Eus. Arkaikoko testu guztietan bezala: irten çençan (14) ‘irten zenezan = irten zenuen’, vençutu çinçam (15) ‘irabazi zenitzan (zuk haiek) = irabazi zenituen’ (19).
2.5. Sintaxia
LINSCHMANN ETA ARESTI LEGEA (M & L 447-448): Testua egokia da legearen egoera aztertzeko, adibide asko daude eta. 14 adibide kontatu ditut eta 14tan 13 legearen araberakoak dira: posesiboa aditzaren argumentu batekin bat datorrenean indartua erabiltzen du (nere, zeure) eta ez datorrenean arrunta (ene, zure): adibidez, badaçagut, Jauna, nere culpea (9; nik → nere < neureren monoptongazioa) vs. Yrequiquo deçu ene aoa (40; zuk → ene) edo ene contra dago becatu enea (10; hura → ene). Halere, badago legearen aurkako adibide bat: çeure altura ygo daçagunean (57; guk → zeure). Haustura hau geroago Mendebaldean nagusituko den ereduarekin dator bat, bidenabar esanda, alegia, ene, zure erakoak utzita neure, zeure erakoak bakarrik erabiltzea.
TOG (Testu Ordena Gramatikala): çure alabançaen beti esaten / egongo nayz (42) ‘Zure alabantzak beti esaten...’. Euskara Arkaikoan EH guztian ditugu adibideak, baina gaur ekialdeko hizkeretan bakarrik gorde da (ikus M & L 447). Dena dela, are Euskara Arkaikoan ere bakanak dira oso Mendebaldeko lekukotasunak, testu honen arkaikotasunaren seinale.
SOZIATIBOKO KOORDINAZIO ZAHARRA (Xkin Y, Xgaz Y; M & L 448): aytearequin semearençat ‘aita eta semearentzat’ (62). Adibideak ugari daude Euskara Arkaikoan; besteak beste, aztertu ditugun beste bi testuetan: Beragaz Presebalen caltean (ArrasErr 35) eta oragaz heroen elicatura ‘txakurraren eta eroaren...’ (RS 246).
1 M & L-k (431) ez dute datu hau kontuan hartu.
2 Bigarrena Mendebaleko euskara hertsikoa da ⎯berankorragoa, beraz⎯ (Zuloaga 2020): badago ArrasErr (çirean ‘ziren’ 28), Lazarragarenean (çirean 5), bai eta RS-n ere (hoeaneâ ‘hoanean’ 36; cf. gaur doianean < doeanean < doa + -an + -ean); zoritxarrez, ez dago adibiderik Misererea-n, baina pentsatzekoa da egotekotan ez liratekeela zirean/zireala modukoak, ziran/zirala modukoak baizik.
3 Gure testuetan adibiderik ez izan arren, beste kasu guztietan ere agertzen da: amearen, alabeari, gauzeak (erg. sing.), etab. Bi salbuespenetan ez da a + a > ea araua betetzen: absolutibo pluralean eta inesibo singularrean, hots, amaak eta gauçaan Euskara Arkaikoan, bokal bikoitzekin (ikus beherago).
4 Gaur egun oraindik bada -(r)ik leku-izen berezietan Zuberoan (Maulerik, M & G 502).
5 Oharra: vençutu çinçam (15) adibidea 2.4.3 atalean ere aipatzen da.