Miliband: Klase Egitura eta Botere Eliteak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,77 KB
Milibanden Klase Analisia eta Gizarte Piramidea
Miliband ados dago Wright eta Mills-ekin, gizarte kapitalista aurreratuetan botere-elite bat dagoela esateko. Gailurrean estutzen den piramide sozialaren metafora erabiltzen du gizarte kapitalista aurreratuen irudia aurkezteko:
- Goian: Klase dominantea.
- Behean: Langile klasea.
- Bien artean: Burgesia txikia eta eragina duten, baina botererik ez daukaten, beste talde sozial batzuk (funtzionarioak, intelektualak, etab.).
- Oinarrian: Langile klasearen pean, erabateko prekaritate egoeran aurkitzen diren pertsona multzo bat.
Klase Dominantea eta Kontrol Ideologikoa
Klase dominantea ez da homogeneoa, nahiz eta barne-kohesio handiaz gozatu; horrek bere interes amankomunen defentsa zein hobekuntza ahalbidetzen duelarik. Klase dominantearen helburua beti kontserbatzailea da: dagoen ordena defendatzea, horretarako eskuragarri diren baliabide material zein ideologikoak erabiliz.
Klase menderatua, aldiz, langileek eta horien menpe daudenek osatzen dute. Gutxitu edo desagertu beharrean, langile klasea handitzen doa denbora joan ahala, hirugarren sektorearen garapenari esker bada ere.
Kontrol Mekanismoak
Miliband-ek langile klasearen definizio zabal bat proposatzen du, azpimarratuz errealitate objektibo bat dela, hura osatzen duten pertsonak horretaz kontziente izan daitezela ala ez. Kokaleku orokor horretatik abiatuz, aztertzen du nola klase dominanteak bere kontrola derrigortzen duen goitik eta nola klase menderatua horri aurre egiten saiatzen den behetik.
Klase dominantea klase menderatua ideologikoki kontrolatzen ahaleginduko da. Prozesu horretan, pertsona eta erakunde sozial asko inplikatzen dira, hala nola:
- Komunikabideak
- Elizak
- Alderdi politikoak
- Eskolak
- Intelektualak
- Estatua
Estatuari dagokionez, klase dominanteak sistema politikoa erabiltzen du bere mesederako, ongizate sozialean eta zerbitzu kolektiboetan presio eginez, baita Estatuak duen gaitasun propagandistikoa eta ideologia ekoizteko ahalmena erabiliz ere.
Behetik Datorren Presioa eta Klasearen Garrantzia
Bere aldetik, behetik datorren presioa funtsean «langile periferia politikotik» datorren planteamendu iraultzailearekin gauzatzen da.
Bere aburuz, klase soziala berez gizaki izaeraren funtsezko osagai bat da; izan ere, nortasun pertsonalaren definizioan etnia edo genero osagaiek izan dezaketen garrantziaz gain, egitura sozialean kokatzen da eta klase sozial bati lotua zaio. Edozein kasutan, Miliband-en klase analisiak bizitza sozialaren azalpen arrazional bezain koherentea proposatzen du eta gizarte bateko gizabanako zein taldeen funtzioak ebaluatzeko funtsezkoa da.