Mendizabalen Desamortizazioaren Dekretua: Testuaren Analisia eta Testuingurua

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,43 KB

Sarrera

Testu hau Maria Kristinaren erregeordetzaren biurteko aurrerakoian eta karlista eta liberalen arteko gerra betean onartutako desamortizazio dekretuaren zati bat da. Dekretu edo lege bat den heinean, dokumentu juridiko bat dela baiezta dezakegu; baina, aldi berean, dokumentu ekonomiko eta sozial bat da, gizartean aldaketa proiektatzen duten finantza-neurri batzuk planteatzen baititu.

Lehen mailako iturri zuzena da, 1836ko otsailaren 21ean Madrilgo Gazetan argitaratu zena. Egilea Juan Álvarez Méndez Ogasun ministroa da, zeinak bere bigarren abizena Mendizabalengatik aldatu zuen jatorri judua ezkutatu eta odol garbitasuna erakutsi ahal izateko.

Testua Maria Kristina erregeordeari zuzenduta badago ere, edukiak (eta lege bat izatearen gakoak) agerian uzten du bere izaera eta bokazio publikoa.

Testuaren Analisia

Maria Kristinaren erreginordetzaren biurteko aurrerakoiean Ogasun ministroak landutako Desamortizazio Legearen hitzaurrea dugu. Hitzaurre guztiak bezala, ondoren datorrenaren elementu motibatzaileak edo asmoak azaltzen ditu; kasu honetan, elizari desjabetuko zaizkion ondasunak ondoren enkantean (subastak egiten diren tokian) saltzeko prozesuaren onuren azalpena.

Desamortizazioa gobernuak edo administrazioak berezko jabeari ondasun bat desjabetuz, eta ondoren enkantean jarri eta eskaintza onenari esleituz, etekinak lortzeko prozesua da. Prozesu horiek, ideologia liberal kapitalistaren eraginez, XIX. mendean hasi ziren eta kasu honetan elizaren ondasunei zuzentzen zaie, baina egongo dira aurrerago herri-lurrei edo maiorazkoei ere zuzenduriko antzeko prozesuak (Madozen desamortizazioa).

Aurkezten zaizkigun bi paragrafoetan, prozesu horrek sortuko lituzkeen ontasunak eta prozesu hori sustatu zutenen asmo nobleak defendatzen dira. Horrela, hainbat kontzeptu eta adjektibo esanguratsu aurkezten zaizkigu: “zorion publikoaren iturri oparoa irekitzea”, “hildako aberastasuna berpiztea”, “industria eta zirkulazioaren oztopoak kentzea”, “aberria zabaltzea”... Nork egin liezaioke aurre halako helburu nobleei? Lehen paragrafoa, beraz, diskurtso erretorikoa da, legean proposatzen dena lortzeko, egokitasunez ohartarazi edo konbentzitu nahi duena.

Ondoren, zer ez den azaltzen du: “ez da merkataritzako espekulazio hotz bat, ezta kreditu-eragiketa bat ere”... Beste era batera esanda: ez da modu bat etekin ekonomikoak hotzean edo modu txarrean eskuratzeko modu bat (...). Azken honi, noski, "excusatio non petita acusatio manifesta" latinismoa aplika diezaiokegu, hau da, inork salatzen ez dion zerbaitetaz barkatzen denak bere burua inkrimatzen du.

Egia esanda, proiektuaren asmoa azken paragrafoan ikusten da. Hor, argi eta garbi adierazten dira proiektuaren funtsezko bi helburuak: zor publiko handiari aurre egitea (gerrak areagotua) eta jabe-familia berri bat sortzea (desjabetutako ondasunak enkantean eskuratuko dituztenak).

Ogasun Ministerioak erresumaren egoera ekonomiko larriari aurre egiteko diru-sarrerak behar ditu. Handitasun koloniala galdu eta gutxira, gerra zibil gogor batean murgilduta dago. Lurren zati handi batek ordea ez du aberastasunik sortzen (esku hilak deritze) eta horri buelta eman nahi zaio merkaturatu eta aberastasun-iturri bihurtuz.

Lege honen bidez saldu ezin ziren ondasunak desjabetuko dira eta “jabe-klase” berri bat eratuko da, ordainean kausa liberala besarkatu eta gobernuari atxekituko zaiona.

Azkenik, aipatutako lege-proiektuaren asmo ezkutua, edo behintzat ikusi ezin dezakeguna ere azaleratu behar dugu: erreginaren aurkako matxinada bultzatzen duen eta Don Karlos erregegaiaren indar leialak induzitzen dituen elizaren botere-galera bideratzea. Eta ezkutuan dago, erregeorde berak saihestu egingo lukeelako elizarekin talka egitea. Gogora dezagun Maria Kristinak liberalen laguntza behar duela bere alaba tronuan sartzeko, eta zentzu horretan liberalekiko egingo dituen “kontzesioak” ezinbestekoak direnak baino ez dira izango.

1835eko dekretuekin Jesusen Lagundia bezalako ordenak desegin eta 12 fraide/moja baino gutxiagoko monastegiak eta komentuak itxi ziren. Hauen ondasunak nazioaren jabetza bihurtu ziren eta ondasun hauek izango dira aipatu guztia bideragarri egingo zutenak.

Testuingurua

Fernando VII.ak Lege Salikoa indargabetzeko Berrespen Pragmatikoa onartu zuen eta horren bidez tronura igo zen haren alaba Isabel. Adin txikikoa zenez, honen amak, Maria Kristinak, bere gain hartu zuen erreginaordetza, eta hori guztia bideratzeko ezinbestekoa izan zitzaion liberalen babesa; izan ere, sektore kontserbadore eta tradizionalistenak Fernando errege hilaren anaia, Karlos Maria Isidroren aldeko hautua egin zuten. Liberalen babes behar horrek ateak ireki zizkien erreforma liberalei, eta hor kokatzen dugu 1836ko dekretu desamortizatzaile hau. Dekretua beraz erreginaordetzako aro progresistan kokatu behar dugu, lehen karlistadaren erdian, Maria Kristinak gogoz kontra hainbat neurri hartu behar izan zituen garaian zehazki.

Porrot ekonomikotik ateratzeko, Ogasun Ministerioak zerga gehiago ordaintzeko aukerarik ez zuen eta aparteko diru-sarreren iturri bakarra maiorazkoei (noblezia), monasterioei (kleroa) edo udalerriei lotutako lurretan zegoen. Liberalei bereziki erakargarria zitzaien dohaintzen eta erosketen bidez elizak metatutako lur eta ondasunak liberalizatzea (horretan saiatu ziren aurretik Jose Bonaparte eta Godoy). Esku hilen arazoari hortza sakon sartuko dion lehena Mendizabal izango da (ondasun eklesiastikoen (elizarenak) desamortizazioa: 1836) eta beranduxeago Madozek emango zion jarraipena (herri-lurren desamortizazioa: 1855).

Elizaren desjabetze prozesu hau gerrate karlistan kokatu behar dugu: Isabel umearen aldekoen eta Karlos Maria Isidroren aldekoen arteko gerran, edo beste era batera esanda, estatu eredu liberala defendatzen zutenen eta erregimen zaharrari eusteko apustua egiten zutenen artekoak. Honek erregeordetzaren gobernua eta kleroa aurrez aurre egotea eragin zuen. Eliza ezinbesteko sostengua zen kausa karlistarentzat, eta neurri liberalen sustatzaileen aurka herria hauspotu zuen. Horrela, liberalek dekretu honekin sistemaren sostengurako onurak ez ezik, gerran etsai garrantzitsuenetakoa zen eliza bera zigortu eta ahulduko zuten.

Mendizabal ministroaren desamortizazioak hiru helburu izan zituen: batetik, gerra karlistarako eta Zor Publikoa murrizteko hain beharrezkoak ziren baliabide ekonomikoak lortzea; bestetik, klase ertaineko jabe berriez osaturiko soziologia liberalismora erakartzea. Eta azkenik, aipatu dugun hirugarren helburu ezkutu bat: Elizaren boterea murriztea, bere jabetza eta ondasunen bidez gerrara zuzentzeko lortzen zuen dirutza gutxitzeko.

Garrantzia eta Ondorioak

Dokumentu hau, zentzu batean, Espainiako estatu liberalaren sendotze prozesuaren helburu garrantzitsuenetako bat da, eta agerian uzten du ere gobernuaren eta altxamendu karlistari adore eman, babestu eta sustatu zuen elizaren arteko enfrentamendua.

Emaitzak ez ziren espero zirenak izan: salmenta ez zen uste bezain errentagarria izan; desjabetutako ondasunekin ez zen “klase ertaineko jabe” talde berri bat sortu, izan ere burgesak eta nobleak izan ziren gehienbat ondasun horiek eskuratu zituztenak; eta kasu askotan eliza bera izan zen, hirugarren pertsonen bidez, bere ondasunak berrerosi zituena. Kaltetuenak nekazariak izan ziren; izan ere, lantzen zituzten lurrak erosteko aukerarik ez izateaz gain, aurrerantzean jabe berriei ordaindu beharko zizkieten zergak handiagoak bihurtu ziren.

Entradas relacionadas: