Mendizabalen Desamortizazioa eta Burdinbidearen Legea: Azterketa Historikoa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 11,45 KB

Mendizabalen Desamortizazioa

Testu hau Mendizabalek eginiko desamortizazioaren azalpen historiko-politiko bat da, Maria Kristina erreginaordeari zuzendua eta era berean herritarrei helarazi "Gaceta de Madrid" egunkariaren bidez. Egilea Juan Alvarez Mendizabal da, 1836ean ogasunburu izendatu zen liberal progresista. Gutun honen bidez erreginaordeari elizaren desamortizazioaren abantailak azaldu eta honen onespena lortzea zen xedea. Elizaren ordenak jada nazioaren esku zeuden (1835), eta hauek salmentan jartzea zen Mendizabalen hurrengo helburua. Bestalde, 1836ko otsailaren 21ean idatzi zen testu hau, Gaceta de Madrid-en, zehazki. Garai hartan, Maria Kristina zegoen erreginaordetzan (1833-1840), Fernando VII.a hiltzean Isabel II.ak oraindik 3 urte bakarrik baitzituen. Gainera “La Granja”-ko “sarjentuen” altxamenduaren ondorioz, gobernu liberal progresista zegoen agintean, Jose Maria Calatrava gobernuburu zelarik.

Testuan, lehen paragrafoan, elizaren ondasun pribatuak nazioaren jabego bihurtu eta saltzeak sortuko lituzkeen onura ekonomiko, politiko eta sozialak azaltzen dira: zorion publikoa bermatzea, industria eta zirkulazio kanaletako oztopoak kentzea, aberria zabaltzea… Hau da, desamortizazioaren helburua ez da dirua lortzea soilik, Isabel II.aren erreginaldiko Espainiaren politikaren pizkundea bultzatzea ere bai. Bigarren paragrafoan, Erreginaren onespena eskatzen du idazleak, ondasunen salmenta aurrera eraman ahal izateko. Horretarako, desamortizazioaren abantailak aipatzen jarraitzen du. Hala nola, zor publikoaren murrizketa, eta goi-mailako instituzioen garapena.

Fernando VII.aren heriotzaren ostean (1833), Isabel II.a, bere alaba, izendatu zen erregina, baina gazteegia zenez Fernando VII.aren emazte Maria Kristinak hartu zuen erreginaordetza. Honek auzia sortu zuen, Fernando VII.aren anaia Karlos infantearen aldeko absolutistek ez baitzuten erabaki hau onesten, eta elkarren aurkako bi talde sortu ziren: Isabelen aldeko liberalak eta Karlosen aldeko karlistak (absolutistak eta kontserbadoreak). Gatazka honek karlistaldiak ekarriko zituen gerora.

Maria Kristinaren erreginaldian estatu liberalaren sorrera eta finkapena eman zen, eta gobernu liberalak izan ziren agintean. Hala ere, liberalen artean banaketa bat ari zen gertatzen, moderatu eta progresistak bereiziz. Hasieran, Francisco Cea Bermudez kontserbadorea izendatu zuen gobernuburu; baina liberalen eta armadaren presiopean, 1834an Francisco Martinez de la Rosa moderatuari eman behar izan zion postua. Neurri iraultzaileagoen eske matxinadak eman zirenez eta karlistaldia zela eta, 1835ean Maria Kristinak Juan Alvarez Mendizabal progresista izendatu behar izan zuen gobernuburu; baina moderatuek presioa egiten jarraitu zuten, eta 1836an, Francisco Javier Isturiz kontserbadoreagoak hartu zuen haren lekua. Azkenean, La Granjako sarjentuen altxamenduaren ondorioz, Maria Kristina erreginaordeak Jose Maria Calatrava progresista gobernuburu izendatu behar izan zuen, eta Mendizabal Ogasunburu, azken hauen gidaritzapean hasi zen iraultza liberala.

Elizaren ondasunen desamortizazioa 1835 eta 1837 urte bitartean egin zen, Mendizabalen gidaritzapean. 1835ean, klero erregularraren ordena erlijiosoak deuseztatu zituen. Ondoren 1836an, dekretu honen ondoren, ordena horiek enkante publikoan jarri zituen. Eta, azkenik, 1837an, Calatrava gobernuburu eta Mendizabal ogasunburu zirela, desamortizazioa klero sekularrera hedatu zen. Izan ere, Espainia lur jota zegoen: zor publiko handia zegoen, latifundismoa zen nagusi eta karlistaldia ari zen gertatzen. Beraz, desamortizazioaren helburua zor publikoa txikitzea eta karlisten aurkako gerra finantzatzea zen. Horrekin batera, testuan azpimarratzen den bezala, Espainiaren ekonomia eta politika bultzatu nahi ziren, nazioaren pizkundea, alegia. Era berean, nekazal egoera aldatu nahi zen, nekazariei ere lurren jabe izateko aukera izan zezaten horrela testuan aipatzen den zorion publikoa bermatzeko.

1837an, progresistek konstituzio berri bat aldarrikatu zuten. Hala, nazioaren subiranotasunaren printzipio liberalak finkatu ziren, eta ondorioz, Hego Euskal Herrian foru erakundeak deuseztatu eta erakunde konstituzionalak ezarri ziren. 1837ko hauteskundeetan, ordea, moderatuak izan ziren garaile eta 1840ra arte egon ziren agintean. 1837ko konstituzioa mantendu zuten, nahiz eta lege erradikalenei mugak ezarri zizkieten moderatuek. 1840an, udalen legea eman zuen gobernuak. Honen arabera, alkate eta zinegotziak Barne Ministroaren esku geratu ziren. Oso lege zentralista zen, eta jendea aurka jarri zen. Miliziano eta progresistek Espartero jenerala erregeorde izendatzeko eskakizuna egiten hasi ziren, eta 1840ko urrian Maria Kristina erreginaordeak abdikatu egin zuen.

Desamortizazio honek, aurrerago, 1855ean eman zen desamortizazio zibilari bidea ireki zion. Biurteko progresistan eman zen desamortizazio hau, Madoz ogasunburuaren gidaritzapean.

Dokumentu hau oso garrantzitsua izan bazen ere, zoritxarrez, desamortizazioaren helburua ez zen bete. Lurrak enkantean jartzean, erosleak noble eta burges aberatsak izan ziren, nekazariek ez baitzuten dirurik. Honek latifundismo burgesa sendotu zuen, eta nekazarien baldintzak okertu ziren. Hala, elizaren eta nekazari txikien jarrera are atzerakoiagoa egin zen, eta karlisten aldekoagoak bihurtu ziren. Noble eta burgesak, aldiz, sistema liberalaren aldeko bihurtu ziren. Hala ere, desamortizazioa oso baliagarria izan zen ogasunaren diru sarrerak handitu eta zorra txikitzeko, eta karlisten aurkako gerra finantzatzea ere lortu zuten liberalek. Horrez gain, ideiak ongi azalduta eta garatuta daudela iruditu zait, eta ulerterraza egin zait testua.



Burdinbidearen Lege Orokorra

Aurkeztu zaigun testua juridikoa da, artikulutan banatutako lege bat baita. Burdinbidearen lege orokorra Madrileko Gorteek idatzi (diputatuak → egile kolektiboa) eta Isabel II.a Espainiako erreginak onartu zuen, eta espainiarrei zuzenduta dago. Egile kolektiboa du, hortaz: Aranjuezko Gorteetako diputatuak, liberal progresista zirenak gehienbat.

Testu hau estatuko herritarrei dago zuzenduta. Testuaren xedea burdinbidearen legea azaldu eta hauen eraikuntza arautzea da; hau da, nork egin behar duen, zein dirurekin eta atzerriko kapitalari zein balio emango zaion arautzea. Testua 1855eko ekainaren 6an idatzi zuten Aranjuezen, Isabel II.aren erreginaldiko (1843-1868) biurteko progresistan, Espartero gobernuburu eta Pascual Madoz progresista ogasun buru zirelarik hain zuzen ere. Nahiz eta Isabel II.aren erregealdian gobernu liberal moderatua nagusitu, 1854-1856 bitartean progresistak egon ziren agintean.

Testuaren hasieran erreginak herritarrei azaltzen die Gorteek burdinbideen lege orokorra agindu dutela, eta berak berretsi egin duela. Zerbitzu orokorreko trenbideen eraikuntza Gobernuak edota partikular edo konpainiek egiaztatu ahal izango dute (4. artikulua). 6.artikuluan partikular eta konpainiek trenbideak eraiki ahal izateko aurretik behar duten kontzesioa aipatzen da. Zerbitzu orokorreko trenbideak eraikitzeko funts publikoen laguntza ezberdinak jaso daitezkeela aipatzen da 8. artikuluan. Trenbidearen eraikuntzan erabilitako atzerriko kapitalak edo maileguak esatutaren babesa izango dute 19. artikuluaren arabera. 20. artikuluan trenbide enpresei emandako laguntzak aipatzen dira. Azkenik 30. artikuluan trenbideak eraikitzeko baldintzak ezartzen dituzte. Hala nola, hauen zabalera.

Aurrekariak

1843an, Espartero jenerala erbesteratu ondoren, Gorteek adin nagusitasuna onartu zioten Isabel II.ari urte bereko azaroaren 11n, eta horrela hasi zen bere erreginaldia (1843-1868), 13 besterik ez zituela. Garai latzak izan ziren, estatu liberal zentralista eta moderatua behin-betiko finkatzen zen bitartean liberalen arteko barne-zatiketak areagotu eta karlistaldiak eman baitziren. Garai honetan, alderdi liberal moderatua izan zen agintean 1854-1856 bitartean izan ezik.

1843 eta 1854 bitartean Gobernu moderatuak ekimen garrantzitsu batzuk burutu zituen: estatu liberal zentralista finkatu zuen; 1845ko Konstituzio erabat moderatua idatzi zuten; Narvaez liberal moderatua gobernu buru izendatu zuten; zerga sistema aldatu zuten; 1851an Elizarekin Konkordatua sinatu zuten; prentsa zentsuratu zuten; eta Milizia Nazionala desegin zuten, Guardia zibila sortuz. Hauteskundeak manipulatzen zituztelakoan, haserrea zabaldu zen progresisten artean, eta oposizioa antolatu zuten. Antonio Canovas del Castillok Manzanaresko agiria idatzi zuen 1854ean, eta urte bereko uztaileko matxinada erradikalekin garaile irten ziren progresistak: biurteko progresista hasi zen (1854-1856). Espartero jenerala izendatu zuen gobernuburu Isabel II.ak. Progresistek 1837ko hauteskunde sistema ezarri zuten berriz ere, eta gizonezko gehiagok lortu zuten politikan parte hartzeko eskubidea. Denbora gutxiko agintaldia izan arren, progresistek garrantzi handiko erreformak jarri zituzten abian legegintzan, administrazioan, eta batez ere ekonomia eta finantza arloetan. 1856an konstituzio bat idatzi zuten, baina ezin izan zuten aldarrikatu, eta horregatik “non nata” izena hartu zuen. Gainera, 1855ean desamortizazio zibila eman zen, Pascual Madoz ogasunburu zelarik. Eta, bestetik, burdinbidearen eraikuntza sustatu zuten.

Erlazioa

Espainiaren egoera ekonomiko kaskarra zela eta, finantza sistema zabaldu eta atzerriko kapitala erakarri nahi zen. Hala, burdinbidearen eraikuntza bultzatu zuten progresistek, ogasunaren diru sarrerak handitu, azpiegiturak hobetu eta industriaren garapena sustatzeko. Espainiara oso berandu iritsi zen burdinbidearen eraikuntza, teknologikoki atzeratuta egoteaz gain ez baitzegoen kapitalik. Horrez gain, enpresarien ekimena eta gobernuaren bultzada oso ahulak izan ziren. Progresistek, ordea, burdinbidea funtsezko elementutzat jo zuten herrialdea bultzatzeko. Beraz, burdinbide-elkarte anonimoak osatzeko erraztasunak eskaintzen zituen legedia onartu zuten: testuan azaltzen zaizkigun diru-laguntzak eta inbertsioak bermatu zituzten (8 eta 19. artikuluak), burdinbidea sarerako behar ziren inportazioetan aduana zergak kendu zituzten (30. artikulua). Izan ere, Espainiako ekonomia modernizatzeko beharrezkoa zen burdinbidea, ez baitzegoen bestelako barne-garraiorik. Aldaketa hauen ondorioz, eta Estatuaren zein kanpoko inbertsioei esker, 450km burdinbide eraiki ziren urtero 1856 eta 1866 bitartean.

Dena den, 1866an krisi batek jo zituen burdinbideak, eta bankuak errestan eraman zituen. Gainera, burdinbidearen diseinua ez zen egokia izan: Europako ereduaren ezberdina zen, eta beraz Espainia Europatik bananduta geratu zen. Horrez gain, eredu erradiala zuen, zentralizatua. Beraz, burdinbidearen eraikuntza negozio handia izan bazen ere, ustiapena ez zen errentagarria izan.

Ondorengoak

1856an, Esparterok dimititu eta moderantismoa itzuli zen atzera, eta 1845eko Konstituzioa jarri zen berriz ere indarrean. O’Donell eta Narvaez egon ziren txandaka agintean, eta alderdien zatiketa nabarmenak ezinegon handia sortu zuen. Gainera, hauteskunde iruzurra zela eta, progresistak eta demokratak joko politikotik kanpo geratu ziren. Europako krisiarekin batera, Espainiako egoera politiko-soziala ere gaiztotu egin zen. Krisi honen ondorioz, burdinbidea eraikitzeko erritmoa asko moteldu zen.

Burdinbidearen eraikuntzak garrantzi handia izan zuen Espainiaren industria eta garraioen garapenean. Nahiz eta trazaera eta eredua ez izan egokiena, estatuak modernizaziorako pausu handi bat eman zuen burdinbideari esker. Bestetik, testua oso baliagarria egin zait garaia ezagutzeko, eta ideiak oso modu garbi eta ulergarrian daude adierazita.

Entradas relacionadas: