Memoriaren Azterketa: Funtzioak, Teoriak eta Alterazioak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Psicología y Sociología

Escrito el en vasco con un tamaño de 23,57 KB

1. Sarrera: Zer da Memoria?

Eguneroko esperientziek erakusten digute memoria iraganeko gertaeren inguruko informazioa gordetzea eta berreskuratzea ahalbidetzen digun gaitasuna dela. Duela gutxira arte, memoria biltegi baten antzera ikusten zen, non etorkizunean beharrezkoak izan daitezkeen gauzak gordetzen diren. Metafora hori, ordea, okerra izan ez arren, ez da nahikoa memoria zer den ulertzeko.

Bransford ikerlariak, hainbat ikerketa burutu ostean, ondorioztatu zuen pertsonek istorioak entzun edo irakurtzean esanahiak eraikitzen dituztela eta eraikuntza horiek direla gogoratzen dituztenak, benetan irakurri edo entzun zutena beharrean. Beraz, memoriak ez du soilik informazioa gordetzen eta berreskuratzen, baizik eta informazio hori eraikitzen eta berreraikitzen duten prozesuek ere badute zeresana.

Gero eta ikerketa gehiagok diote gure oroitzapenak aldatu egiten direla, eraldatuz eta desitxuratuz, hainbat prozesuren bitartez:

  • Aukeraketa: Aspektu oinarrizkoenak gogoratzen dira, gainerakoak ahaztuz edo desitxuratuz.
  • Interpretazioa: Ez dugu gertatu zena gogoratzen, baizik eta gertatu dela uste duguna.
  • Integrazioa: Ikaskuntza berriak aurretiko ezagutzekin konbinatzen ditugu.

Koffkak, Gestaltaren ordezkari batek dioen bezala, "ez ditugu gauzak izan ziren bezala gogoratzen, gu garen bezala baizik."

2. Nola egiten du lan oroimenak?

Oroimena, pertzepzioa bezalaxe, modu ezberdinetan ulertu dute teoria ezberdinek.

Asoziazionismoa

Asoziazionismoaren arabera memoria errealitatearen kopia hutsa da eta gertakizun ezberdinak bertan grabatuta gelditzen dira asoziazioaren legeen arabera. Hau da, oroimena ez da asoziazio edo loturen egitura konplexu bat baino. Lotura horiek osatzeko funtsezko baldintza hurrentasuna da: bi gertakizun asoziatuko ditugu denboran batera gertatzen badira (adibidez, aulki eta mahai kontzeptuak, elkarrekin lotzen baititugu denboran zehar batera esperimentatzen ditugulako).

Asoziazio baten faktore garrantzitsuena honen indarra da. Zenbat eta maiztasun handiagoarekin agertu batera, sendoagoa izango da elementuen arteko asoziazioaren indarra. Teoria honen arabera, beraz, oroimena elementuen arteko asoziazio edo loturaren bitartez osatzen da; denboran zehar errepikatuz indartzen den asoziazioaren bitartez.

Ebbinghausen Ekarpena

Tradizio asoziazionista, Ebbinghaus izan zen memoria metodo esperimentalaren bitartez neur zitekeela frogatu zuen lehena. Esanahirik gabeko silaben bitartez memoriaren inguruko ikerketak garatu zituen eta ondorioztatu zuen zenbat eta gehiagotan errepikatu silaben zerrenda, errepikapen gutxiago beharko zituela hurrengo egunean zerrenda osoa esateko. Hau da, ondorioztatu zuen saiakera eta errepikapen kontzienteak oroimenean eragina dutela. Horrek eragin zuzena du ikaskuntzan: zenbat eta denbora gehiago eskaini informazio berria ikasteari, gehiago gordeko da oroimenean.

Psikologia Arrazionalista

Enfoke arrazionalistaren arabera memoria ez da errealitatearen edo iraganeko esperientzien kopia hutsa; honen arabera gizakiak eraikitzen du bere oroimena.

Bartletten Kritika

Ikerlari garrantzitsuenen artean Bartlett dugu, Ebbinghausen lana kritikatu zuen oroimenaren beste ikerlari bat. Bartletten arabera zentzurik edo esanahirik gabeko materiala aztertzeak errepikapenezko mekanismoen funtzionamendua baino ez du azaltzen, oroimenaren ezaugarri funtsezko bat kontuan izan gabe: esanahia. Berak zentzua eta esanahia zuen materiala erabili zuen bere esperimentuetan: subjektuek marrazkiak nahiz istorioak gogoratu behar zituzten. Esperimentuetan ikusi ahal izan zuen nola istorioek subjektuaren itxaropenekiko koherenteak izateko joera zuten, xehetasun batzuk alde batera uzten ziren, beste batzuk gehitu… hau da, subjektuak rol aktiboa zuen oroitzapenak osatzean. Beraz, Bartlettek ondorioztatu zuen oroimena aurretik ezagutzen denaren eta kanpotik datorren informazioaren arteko interakzioaren menpe dagola.

Psikologia Kognitiboa

Psikologia kognitiboak ildo beretik jarraitzen du. Oroimena ez da soilik iraganean atzemandakoak erreproduzitzera mugatzen, baizik eta oroitzapen propioak eraikitzera irits daiteke. Gizakiak informazioa bere aldez aurretiko ezagutzen (eskema pertsonalak) arabera interpretatzen duela dio, eta horrela bere oroitzapenak sortzen dituela. Oroitzen dugunak hainbat egituraketa eta interpretazio jasaten ditu norberaren eskemen bitartez, oroitzapenaren hainbat aspektu aukeratuz eta beste batzuk ahaztuz.

Esan daiteke oroitzapenak bizitakoak baino gehiago eta gutxiago daukala: gehiago, interpretazio lan bat dutelako atzean; gutxiago, gertakari garrantzitsuak aukeratu eta interesatzen ez zaiguna ezabatu egiten dugulako.

3. Oroimenaren Funtsezko Prozesuak

Gizakiok munduaren gure irudikapena eraikitzeko eta berritzeko funtsezko hiru prozesu kognitibotan oinarritzen gara: pertzepzioa, ikaskuntza eta oroimena. Ikaskuntza esperientziaren bitartez munduari buruzko ezagutzak eskuratzean datza, eta oroimena ezagutza horiek finkatzean eta gogora ekartzean.

Oroimenak oinarrizko hiru funtzio ditu:

  1. Informazio berria jasotzea.
  2. Zentzua izan dezan antolatzea.
  3. Beharrezkoa denean berreskuratzea.

Oroimenari buruz hitz egiten dugunean, honako hiru prozesu hauei buruz ari gara:

Kodetzea

Informazioa jaso eta gordetzea esan nahi du, adibidez, testu baten ideia nagusiak jasotzea. Giza gogamenak kode ezberdinak erabiltzen ditu informazioa kodetzeko:

  • Kode bisualak (irudiak).
  • Kode akustikoak (soinuak).
  • Kode hitzezkoak (hitzak edo hizkiak).
  • Kode semantikoak (hitzen esanahiak).

Kodetze semantikoa gerora hobeki ezagutzen da kodetze bisuala edo akustikoa baino.

Biltegiratzea

Informazioa behar izan arte gordetzen du. Informazioa kontzeptu, eskema eta egituratutako ezagutza-unitateetan antolatzen da.

Berreskurapena

Beharrezkoa denean oroitzapenak berreskuratzean datza. Ezin direnean biltegiratutako datuak berreskuratu, oroimenak huts egin digula ohartzen gara.

4. Oroimenaren Egitura eta Funtzionamendua

Richard Atkinson eta Richard Shiffrinek oroimena azaltzeko biltegi anitzen teoria garatu zuten, eta euren artean komunikatzen diren eta elkarri eragiten dioten hiru biltegi daudela aitortu zuten:

  • Oroimen sentsoriala: Sentsazioak erregistratzen ditu estimuluen ezaugarri fisikoak ezagutzea ahalbidetzen du.
  • Iraupen laburreko oroimena (IL): Orainaldian behar dugun informazioa gordetzen du.
  • Iraupen luzeko oroimena (ILuz): Munduari buruz ditugun ezagutzak gordetzen ditu, aurrerago erabili ahal izateko. Gure datu-base iraunkorra da.

Atkinson eta Shiffrinen arabera, biltegi bakoitzak ezaugarri ezberdinak ditu bai biltegiragzeko gaitasunari dagokionez, bai informazioa gordetzen duen denborari dagokionez eta baita egiten duen prozesaketa motari dagokionez ere. Hala ere, ez da ulertu behar burmuinean memoria bakoitzari dagokion egitura fisiologiko bat dagoenik; bereizketa hiru memoria sistema ezberdin azaltzeko erabilgarria delako egiten da, besterik ez.

4.1. Oroimen Sentsoriala

Kanpoko ingurunetik (irudiak, soinuak, usainak, zaporeak eta gauzen ukimena) datorren informazioa erregistratzen du denbora oso labur batez (segundo batez); une hori nahikoa da informazioa iraupen laburreko oroimenera igortzeko. Zentzumenen oroimenak estimuluen ezaugarri fisikoak aztertu eta sentsazioak erregistratzen ditu. Estimuluen ezaugarri fisikoak, euren forma, kolorea, intentsitatea, erabakigarriak dira informazioa erregistratzeko.

4.2. Iraupen Laburreko Oroimena (IL)

Zentzumenen oroimenean biltegiratutako informazioa, hein batean, iraupen luzeko oroimenera pasatzen da, iraupen laburreko oroimenetik igarota. Iraupen laburreko oroimenaren funtzioa informazioa antolatzea eta aztertzea (aurpegiak ezagutu, izenak oroitu) eta gure esperientziak interpretatzea da.

  • Informazioa modu bisual eta akustikoan kodetzen da iraupen laburreko oroimenean, eta, hein txikiagoan, ikur semantiko moduan. Orainaldirako eta etorkizuneko arazoekiko garrantzitsuak diren ezagutzan eta oroitzapenak uztartzen dituen lan-oroimen bat da.
  • Gaitasun mugatua du. Esperientzia berriek iraupen laburreko oroimenean dauden oroitzapenak aldatu ditzakete.
  • Iraupen laburra du, 18 eta 20 segundo bitartekoa. Informazioa modu logikoan interpretatzen eta antolatzen bada, denbora luzeagoz gogora daiteke.

4.3. Iraupen Luzeko Oroimena (ILuz)

Iraupen luzeko oroimenak ezagutza mota ezberdinak ditu: mundu fisikoa, gizartearen eta kulturaren errealitatea, gure oroitzapen autobiografikoak, hizkuntza eta kontzeptuen esanahiak. Bertan, informazioa ondo antolatuta dago eta, beharrezkoa denean, informaziorako sarbidea errazten du.

  • Informazioa semantikoa da, materiala hitzezkoa denean, eta bisuala informazioa irudiak edo grafikoak direnean. Kode semantikoen bidez, biltegiratutako ezagutza ugariren artean harreman esanahidunak sortu daitezke.
  • Gaitasun mugagabea dauka, ez dira ezagutzen bertan biltegiratu daitekeen informazioaren mugak, baina ez du berreskurapena bermatzen. Liburutegi handi batean, leku okerrean galduta dagoen liburu batekin gertatzen den bezala. Informazioaren antolaketa oso garrantzitsua da gero berreskuratu ahal izateko. Dena den, iraupen luzeko oroimenak ia bere bizitza propioa daukala esan daiteke: nahi gabe oroitzen eta ahazten ditu gauzak.
  • Iraupenari dagokionez, edukiak minutu batzuetan, urte batzuetan edo norbanakoaren bizitza osoan zehar mantentzen dira han.

Iraupen luzeko eta iraupen laburreko oroimenen arteko harremana bi noranzkokoa da. Iraupen laburrekora iristen den informazioaren parte bat galdu egiten da, baina beste bat iraupen luzekora iristen da; bertan, antolatu eta biltegiratuko da. Bertan biltegiratutako informazioa berreskuratzeko, berriz ere iraupen laburreko oroimenera transferitzea beharrezkoa da. Ikasten dugun oro iraupen laburreko oroimenetik pasatzen da, baina bertatik pasatzen den informazio guztia ez da iraunkorra.

5. Iraupen Luzeko Oroimen Ezberdinak

Iraupen luzeko oroimena ikaskuntzak denboran zehar irautea da. Gure oroimeneko ezagutza antolatuei esker, errealitateari zentzua eman eta etorkizuna aurreikusi dezakegu. Egiten ditugun jarduera guztietan parte hartzen du oroimenak: bizikletan ibiltzean, jakiak prestatzean, hitz egitean edo pentsatzean. Ikus ditzagun iraupen oroimen mota ezberdinak.

5.1. Oroimen Deklaratiboa eta Prozedurazko Oroimena

Larry Squire neuropsikologoaren arabera iraupen luzeko bi oroimen sistema handi daude: deklaratiboa eta prozedurazkoa. Bi oroimen mota horien arteko ezberdintasunak ondorengoak dira:

  • Deklaratiboa (Zer): Kontzeptuak, gertakariak edo datuak biltegiratzen ditu. Honen esker ekar ditzakegu gogora iraganeko esperientziak eta gure bizitzako gertakizunak (senitarteko bat gogoratzeko edo astean zehar zer jan dugun jakiteko balio du, adibidez). Modu kontzientean eskuratu daitekeen informazioari buruzkoa da oroimen mota hau.
  • Prozedurazkoa (Nola): Gaitasun edo trebetasun motor edo kognitiboei buruzko oroimena da, "gauzak nola egiten diren" dakiena. Ezagutza hau esperientziaren bidez eskuratzen da (bizikletan ibiltzea, adibidez), inkontzientea da eta esfortzu handirik gabe ikasten da.

Oroimen deklaratiboaren historia nahiko gaztea da. Bere historia 1957ko H.M. pazientearen ikerketetan oinarritzen da; horietan bi gai argitu ziren: zer osagaik osatzen duten memoria, eta garunaren zein lekutan aurki dezakegun memoria deklaratiboa. H.M. pazienteak epilepsia larria zuen lobulu tenporaletan, eta epilepsia hori kontrolatzeko, lobulu horiek ebaki zitzaizkion bi hemisferioetan.

Epilepsia kontrolatzea lortu zen, baina ustekabeko zerbait gertatu zen: hamaika urte lehenagoko oroitzapen asko galdu zituen, ez zuen azken bi urteetako ezer gogoratzen, eta ez zen oroitzapen berririk sortzeko gai. Hala, haren memoria deklaratiboa kaltetuta geratu zen. Harrigarria bada ere, trebetasun motorrak gordetzen dituen memoria gorde zuen. Bizikletaz joatea, hizkuntza erabiltzea eta abar beste era batera gordetzen diren trebetasunak dira, ez baitira datuak edo gertakariak, baizik eta egiteko moduak. Memoria horri prozedura-memoria edo memoria inplizitua deitzen zaio. Horrela, agerian geratu zen funtzio desberdinak eta anatomikoki independenteak zituzten bi memoria-bloke handi zeudela.

5.2. Oroimen Episodikoa eta Semantikoa

Endel Tulving psikologoak bi oroimen deklaratibo mota ezberdintzen ditu: oroimen episodikoa eta oroimen semantikoa.

  • Oroimen Episodikoa: Oroimen "autobiografikoa" da, denbora eta leku batean kokatutako datak edo gertakari konkretuak biltegiratzen ditu. Bizitzako gertakariak eta ikaskuntzaren inguruabarrak gordetzen ditu. Oroitzen dituzu zure eskolako irakasleak? Non izan zinen oporretan udan?
  • Oroimen Semantikoa: Hizkuntzaren, esanahien eta munduaren ezagutza biltegiratzen du, ikaskuntzaren inguruabarrak kontuan izan gabe. Kontzeptu abstraktuek osatzen dute batik bat. Hitz baten esanahia edo uraren formula kimikoa oroimen semantikoaren bi adibide dira.

Informazioa biltegiratu eta berreskuratzeko moduak ere ezberdinak dira bi memoria mota horietan. Oroimen epsiodikoak subjektuaren bizipenak edo gertakariak ordena tenporal batean gordetzen ditu. Oroimen semantikoak, berriz, informazioa hizkuntzaren arabera antolatu eta gordetzen du; modu logiko baten arabera biltegatuz.

5.3. Oroimen Esplizitua eta Oroimen Inplizitua

Duela gutxira arte, oroimena eta kontzientzia gauza bera zirela uste zen. Gaur egun badakigu batzuetan, gauzak ikasten ditugunean, ez garela jabetzen nola ikasi ditugun. Oroimena esplizitua edo inplizitua izan daiteke, informazioa biltegiratzeko eta oroitzeko bere moduaren arabera.

  • Esplizitua: Zerbait modu intentzionalean gogoratu nahi dugunean martxan jartzen duguna da. Gertakariei, lekuei edota pertsonei buruzko ikaskuntzak dira, ezagutza kontzientea eskatzen duena. Ikaskuntza akademikorako, medikuarenera joan behar dugula gogoratzeko edota autoaren matrikula gogoratzeko erabiltzen duguna da.
  • Inplizitua: Oharkabean gertatzen dena da, gauzak konturatu gabe eta behin ikasita esfortzu handiegirik gabe gogoratzea ahalbidetzen digu. Bizikletan ibiltzea, eskiatzea edo autoa gidatzea, adibidez. Oroimen inplizituak ikaskuntza konplexuak hartzen ditu barnean, hitzez adierazi ezin ditzakegunak. Adibidez, haurrek arau gramatikalak erabiltzen ikasten dute, nahiz eta ez diren horiek adierazteko gai.

6. Informazioaren Berreskurapena

Oroitzapenak ez dira informazioen edo esperientzien kopia zehatzak; izan ere, berreskurapen-unean memoriak berriz lantzen ditu oroitzapenak. Ezagutzea beti oroitzea da, baina ez izan ginena edo jakin genuena, baizik eta garena eta orain dakiguna.

Paleontologo batek hezur zatietatik abiatuta dinosauro baten existentzia ondorioztatzen duen antzera, pertsonok gure egungo esperientzietan oinarritutako informazio zatiak uztartzen ditugu gure iragana eraikitzeko. Makina bat gauza ikas ditzakegu, baina zertarako balioko luke ez bagenituzke oroituko?

Informazioa hobeto oroitzen dugu esanguratsua denean eta ondo antolatuta dagoenean, baina oroitzapenean eragiten duten beste faktore batzuk daude:

  • Hobeki oroitzen ditugu emozioei dagokienez esanguratsuak izandako gertakariekin lotutako gauzak; esate baterako, maite dugun pertsona baten heriotza.
  • Oroimena testuinguruaren araberakoa da. Ahanztura oroimeneko edukietara heltzeko ezintasuna da, oroitzapenaren suntsipena baino gehiago. Oroitzapen baten berreskurapena errazagoa da ikaskuntza jazo zen testuinguru berean gertatzen bada.
  • Aldarteak eta oroitzapenak eragin nabarmena dute. Oroimenak ez ditu berdin prozesatzen estimulu guztiak, hobeki gordetzen ditu gauza interesgarriak, berriak eta zirraragarriak. Aldarte batean bizitakoa hobeki oroituko da aldarte hori berrezartzen denean.
  • "Oroimeneko zuloak" betez oroitzen dugu. Batzuetan, presazko ondorioak ateratzen ditugu eta gertatu ez diren gauzak baieztatzen ditugu, gure oroimena salbatzeko ahaleginean. Efektu horrek ondorio larriak izan ditzake epaitegietan esku hartzen duten begizko lekukoengan, euren oroimenek izan dezaketen fidagarritasun eskasa dela eta.

7. Ahanztura

"Dena oroituko bagenu, ezer oroituko ez bagenu bezain gaixo egongo ginateke", esan ohi zuen William Jamesek. Noizbait oroimenean egon zena eta dagoeneko ez dagoen hori ahanztura da eta paradoxa bat dirudien arren, oroimenaren osasun ona ahanzturaren menpe dago.

Ahanztura zera da, izenak, gertakariak edo ezagutzak oroitzeko ezintasuna. Informazioaren asetasunagatik edo berreskurapen-akatsengatik gertatzen da, nahiz eta dena oroitzea ezer ez oroitzea bezain larria litzatekeen.

Psikoanalisten arabera, ahanztura babeserako mekanismo psikologiko bat da: gogamena esperientzia mingarriengandik babesten da horiek modu aktiboan kontzientziatik kanporatuz eta gauza desatseginak edo historia emozional negatiboak ahaztuz. Iragana ezin da berriz idatzi, baina haren eragina mendera daiteke.

Ahanztura oroimena bezain garrantzitsua da: izan ere, egunero egiten ditugun ekintza guztiak oroitzeak alferrikako datu asko biltegiratzea lekarke. Jorge Luis Borges idazle argentinarrak bere ipuinetako batean "Funes el memorioso" ipuinean, erabateko oroitzapenera kondenatua zegoen pertsona baten tragedia aztertu zuen.

Beste idazle handi batek, George Orwellek, 1984 izeneko bere eleberrian gizarte totalitario bat deskribatu zuen, non alderdi gobernatzaileak bere hiritarrak lema honen bidez menderatzen zituen: "Iragana kontrolatzen duenak etorkizuna kontrolatzen du. Oraina kontrolatzen duenak iragana kontrolatzen du". Gobernuak Egiaren Ministerio bat zeukan eta hark idatzitako historia eta oroitzapenaren esperientzia erreala aldatzeko gaitasuna zeukan.

Ahanzturaren Arrazoiak

Ahanzuraren arrazoiak askotarikoak dira:

  • Garunaren lesio edo endekapena: Ahanztura pertsona batek garuneko lesio bat daukalako edo alterazio neurologikoen ondorioz (Alzheimerren gaixotasuna, adibidez) edo alkoholikoen Korsakoff sindromeagatik gertatzen da.
  • Errepresioa (ahanztura motibatua): Informazioa aztoragarria edo mingarria delako, pertsonak ahaztu egiten du. Sigmund Freuden ustez, oroitzapen tristeak edo desatseginak erreprimitzea larritasunaren aurkako defentsa-mekanismo bat da. Hala ere, ezabapena ez bezala -zerbaitetan ez pentsatzeko saiakera kontzientea- mekanismo inkontzientea da.
  • Interferentzia: Pertsona batek bizitako esperientzien arteko lehiagatik gertatzen da. Bi interferentzia mota ezberdindu daitezke: aurreranzko interferentzia, zeinaren bidez ikasitako informazioak ondorengo ikaskuntza zailtzen duen (adibidez, zuzenbidea ikasi duen ikasle batek legedi berrira egokitu behar duenean), eta atzeranzko interferentzia, ikaskuntza berri batek iraganeko informazioa oroitzea eragozten denean.
  • Testuinguru desegokia: Zaila da informazioa berreskuratzea beste ingurune batean ikasia izan denean. Egoera batean eskuratutako oroitzapenak pertsona hori egoera horretara bueltatzen denean bakarrik itzultzen dira, ez daude eskuragai beste egoera batean. Mozkor dagoenean dirua edo alkohola ezkutatzen duen edale bat ez da gai non ezkutatu zuen oroitzeko edanda ez dagoenean.

8. Oroimenaren Alterazioak

Oroimenaren alterazioak iraupen luzeko oroimen-prozesuetan (kodetzea, biltegiratzea eta berreskuratzea) zehazten dira eta amnesia gisa kalifikatzen dira.

Ahanzturaren kausak normalean arreta-urritasunarekin (larritasunaren edo arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmenduaren ondorioz), kodetze-ezarekin (materialaren kodetze desegokia), biltegiratze-defizitarekin (narriadurren edo interferentziaren ondorioz) edo berreskurapen-akatsekin (interferentzien ondorioz) lotu ohi dira.

Oroimenaren alterazio mota asko daude. Nahasmendu batzuk arinak dira, adibidez prosopagnosia (aurpegiak oroitzeko ezintasuna) eta déjà vu fenomenoa (zerbait aurretiaz bizi izan duzun sentsazioa). Haatik, beste batzuk akats larriak eta iraunkorrak dira; besteak beste, amnesiak, hipermnesiak eta paramnesiak.

1. Amnesia

Amnesia oroimena neurri batean edo erabat galtzea da, arazo neurologiko bat dela eta (erorketa istripu bat) edo kausa psikologikoen ondorioz. Amnesia mota hauek ezberdindu ditzakegu:

a) Aurreranzko Amnesia edo Finkapenezkoa

Informazio berria eskuratzeko eta gertakariak oroitzeko ezgaitasuna da, garuneko lesio baten edo endekapenezko gaixotasun baten ondorioz, adibidez, Alzheimerra dela eta. Aurreranzko amnesia duen pertsona batek gauzak non utzi dituen edo norekin hitz egin berri duen ahazten du. Alabaina, aldez aurretik ikasitako ohiturak nola gauzatu oroitu daiteke (prozedura-oroimena).

Oliver Sacks neurologoak bere El hombre que confundió a su mujer con un sombrero lanean, alkoholismo kronikotik eratorritako amnesia bat duen paziente baten kasua aipatzen du, delirio konfabulatorio batean bizi dena, zeinak mundu eta nortasun bat sortzea derrigortzen duen, ahanzten ari den mundua eta izaera ordezkatzeko.

b) Atzeranzko Amnesia

Iragana oroitzeko ezintasuna da, garuneko lesioaren aurretik gertatutakoa oroitzeko ezintasuna. Kortex tenporalean edo lobulu tenporaletan izandako kalteengatik. Pazienteak ez du oroitzen bere lehengo bizitza, baina gaitasun berriak ikasi ditzake.

c) Disoziaziozko Amnesia

Bortxaketen, torturen edo sexu-abusuen biktimek denbora luzez disoziaziozko amnesia bat izan dezakete traumarekiko, horrek esperientzia traumatikoa oroitzea saihesten die.

d) Dementzia Senila

Funtzio intelektualen pixkanakako gainbehera da, eta lehenengo sintomak oroimen-arazoak izaten dira, garunaren nahasmendu baten ondorioz. Dementzia senilak 65 urtetik gorako pertsonen %10-15ari eragiten dio.

e) Amnesia Funtzionalak

Pertsona baten bizimoduak haren oroimenari eragin diezaioke: estresak, larritasunak eta emozio negatiboek eragin nabarmena dute oroimenaren prozesuetan. Adibidez, zenbait ikasle zurian, pentsatu ezinik, geratzen dira azterketa batzuetan, batez ere ahozkoetan. Ildo beretik, aktoreek beldur eszenikoarengatik euren rola ahaztu dezakete.

2. Hipermnesia

Gertakariak gordetzeko eta gogora ekartzeko gaitasun oso handia izatea da, pertsona arruntek baino askoz handiagoa. Pertsona batek anfetaminak hartzen dituenean edo nahasmendu maniako-depresiboa daukanean azaltzen da.

3. Paramnesia

Oroipen faltsuak sortzea da, gertatu ez den zerbait gogoratzea. Paramnesia duen pertsona batek oroitzapen faltsuak egiazkotzat ditu eta bizi ez dituen gauzak bizi izan dituela uste du.

Entradas relacionadas: