Materialismo Historikoa: Marxen Gizartearen eta Historiaren Ikuspegia

Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias

Escrito el en vasco con un tamaño de 8,74 KB

Materialismo Historikoa:

Materialismo historiko eta materialismo dialektiko kontzeptuak oso lotuta daude. Materialismo dialektikoa Marxek duen errealitate materialaren teoria da. Materialismo historikoa errealitate materialaren prozesu historikoa da.

Dialektika eta Errealitatearen Teoria (Hegelen Filosofiaren Eragina)

Marxek buelta eman zion Hegelen dialektikari. Errealitate materialaren dialektikari buruz arituko gara orain, eta ez espirituarena, Hegelen bezala. Existitzen den errealitate bakarra materiala da Marxentzat, eta giza pentsamendua honen ondorio bat da.

Dialektika hegelianoa munduaren interpretazio bat da, eta ezin du mundua aldatu, osatua eta perfektua delako. Marxentzat, dialektikak mundua transformatzeko, hobetzeko balio du. Errealitate materiala etengabeko bilakaera prozesu batean murgilduta dago, eta hori ulertu behar dugu, bai, baina aldatzen saiatu behar gara, era berean.

Marxek errealitatea kategoria sozialetan ulertzen du. Honen oinarria ekonomia da. Errealitatea produkzio-prozesu materiala da. Errealitate naturala eta gizakia, biak produkzio-prozesu material horretan sarturik daude: naturak ez du zentzurik gizakirik gabe, eta alderantziz. Errealitatea, beraz, materiala eta historiko-dialektikoa da.

Materialismo Historikoa

Hau da Marxen filosofiaren ezaugarririk ezagunena. Bitan banatuko dugu: gizartearen egitura eta gizartearen garapen dialektikoa.

Gizartearen Egitura

Marxentzat, garai eta gizarte guztietan hiru egitura bereiz daitezke:

  1. Azpiegitura ekonomikoa
  2. Egitura soziala
  3. Gainegitura juridiko, politiko eta ideologikoa

Azpiegitura Ekonomikoa

Marxentzat, gizarte baten oinarria ekonomia da. Hauek dira haren elementuak: Produkzio-baldintzak: produkzio-prozesu batean beharrezkoak diren elementuak:

  • Giza baldintzak, lan-indarrak edo langileak.
  • Produkzio-baldintza materialak.
  • Produkzio-bideak (lanerako beharrezkoa den guztia).
  • Produkzio-objektuak (produktuak, ekoizpenak).

Produkzio-harremanak: Marxen kontzepturik nagusiena da hau. Lan-indarren (langileen) eta produkzio-baldintza materialen arteko harremanak dira hauek. Produkzio-baldintza materialak lanerako behar den guztia da (kapitala, lehengaiak, makineria eta bukaerako produktua, baita ere). Produkzio-harremanak gizaki langileen eta lanean ari diren gauzen arteko harremanak dira. Jabegoak mugatzen du harreman hau. Sistema ekonomikoa harreman hauen arabera definituko da.

  1. Produkzio-harreman zuzenak: Langilea produkzio-baldintzen jabea da, eta harreman zuzen eta positibo bat dauka baldintza materialekin. Marxentzat, sistema ekonomiko egokia hau da. Ez da alienaziorik ematen, eta gizartea zuzena da. Sistema hau Paleolitoan eman zen, jendea ehizatik, fruitu-bilketatik, etab. bizi zenean. Baina sistema honetan ez dago produkzio-prozesurik; beraz, gizakiak ezin du bere esentzia eratu.

    Marxek sistema komunistarako sistema hau proposatu zuen, non jabetza pribaturik ez dagoen eta langileak produkzioarekin harreman zuzena duen. Jabetza pribaturik gabe, produkzio-baldintza materialak komunitate osoarenak dira, eta ondasunak berdintasunez eta justiziaz banatzen dira.

  2. Produkzio-harreman zeharkakoak: Lan-indarrek produkzio-baldintza materialekin harreman ez-zuzenak dituztenean gertatzen da. Jabetasuna esku gutxi batzuetan dago. Historikoki, hiru produkzio-modutan gertatu da hau: esklabismoan, feudalismoan eta burges-kapitalismoan. Honek klaseen arteko kontrakotasuna ekartzen du, klase-borroka sortuz.

Egitura Soziala

Azpiegitura ekonomikotik ondorioztatzen diren gizakien arteko harremanak dira. Ekonomia kapitalistan, bi klaseren arteko borroka ematen da: burgesia eta proletarioak.

Historia klaseen arteko borrokaren historia da, Marxen ustez: Antzinaroan, esklabo eta hiritarren artekoa; Erdi Aroan, noblezia eta herri xehearen artekoa; eta kapitalismoan, burgesia eta proletarioen artekoa. Aro guztietan, bi klase daude: aberatsak eta txiroak.

Marxen ustez, kontraesanik handiena kapitalismo garaian gertatzen da, eta proletarioen borrokaren bidez gainditu behar da. Horrela, klaserik gabeko gizartea lortuko da. Langileak, noizbait, horrekin kontzientziatuta egongo dira eta sistema ekonomiko hori apurtzeko borrokatuko dira.

Iraultza horren ondorioz, kapitalismoa eroriko da, eta gizarte komunista eratuko da. Bitartean, filosofiak egin dezakeena azken urrats hori ahalik eta gehien hurbiltzea da. Gizarte burges kapitalistan ematen den kontrakotasuna azkena da, eta hori gainditzen denean etorriko den gizarte horretan ez da kontrakotasunik egongo. Berdintasun soziala egongo da.

Gainegitura Juridiko, Politiko eta Ideologikoa

Gizartearen gainetik dauden pentsamolde, instituzio eta antolaketa guztiak dira. Bi multzotan bereizten dira:

  1. Gainegitura juridiko-politikoa: Alde batetik, gizarte batean indarrean dauden legeak eta sistema juridikoak dira (kontratu laboralak, eskubideak, betebeharrak, justizia-sistema, etab.), eta, bestetik, antolaketa politikoa (gobernu mota, instituzioak, eliza) eta gobernuaren tresnak legeak babesteko (polizia, ejerzitoa, etab.).
  2. Gainegitura intelektuala: Gizarte batean dauden era guztietako pentsamoldeak: kulturalak, erlijiosoak, filosofikoak, moralak, etab.

Gainegitura azpiegitura mantentzeko dago. Gizarte bidegabeko batean, gainegitura klase menderatzaileak maneiatzen du. Gizarte burges-kapitalistan, burgesiak kultura, erlijioa, filosofia eta arau moralak kontrolatzen ditu herria apal eta isilik egoteko. Muntai honekin, herriak bere egoera onartzen du, eta ez du borrokarik egiten. Burgesek ez badute ideologiaren bitartez hau lortzen, tresna juridiko-politikoak erabiltzen dituzte.

Gainegitura, Marxen ustez, ekonomian oinarritzen da, eta bakarrik ekonomia edo produkzio-harremanak aldatzen direnean aldatuko da. Horregatik, Marxen ustez, ideiek ezin dute mundua aldatu. Errealitatea aldatzeko, lehenik eta behin, baldintza materialak aldatu behar dira, gutxika, jendea pentsaeraz aldaraziz.

Gizartearen Garapena

Esan dugun bezala, Marxen ustez, historiaren motorra klaseen arteko borroka da, hau da, indar produktibo eta produkzio-harremanen arteko kontraesana. Historikoki, gizarte mota batetik bestera pasatzeko, klaseen arteko borroka bat gertatu da. Hegeli jarraituz, Marxen ustez, egoera batetik (tesia) kontrako egoera ematen da (antitesia), eta haien arteko borroka ematen da. Kontrakotasun hau gainditzerakoan, beste gizarte mota bat agertzen da (sintesia).

Urrats guztiak beharrezkoak dira: feudalismoa garatzea beharrezkoa da kapitalismoa agertzeko, eta hau agertzea ere beharrezkoa gero komunismoa agertzeko. Burges eta proletarioen arteko kontrakotasuna gogorra denean, posible izango da borroka egitea eta gizarte komunista agertzea.

Gizarte zaharrean, gizarte berria etortzeko baldintzak daude. Adibidez, feudalismoan, burgesia sortu zen; hauek borroka egin zuten, eta gizarte kapitalista eratu. Modu berean, gizarte kapitalistan, langileek eramango dute aurrera prozesu hori. Marxen ustez, gizarte komunista azkena izango da, gizarte berri horretan kontradikziorik ez delako emango. Horrek ez du esan nahi historia bukatzen denik; hor hasiko da benetako historia, aurreko beste guztia aurre-historia izango delarik.

Nolakoa izango da Kapitalismoaren Krisia?

Hainbat kontraesan daude kapitalismoaren barnean. Lehenbizikoa produkzio-indarren garapena eta produkzio-harremanen artekoa da, hots, produkzio soziala eta jabetze-formaren artekoa. Baina badira beste kontraesan batzuk ere:

  1. Produkzioa anarkikoa da, ez delako beharren arabera ekoizten, kapitalisten interesen arabera baizik. Horrela, lantegietan antolakuntza handia dagoen bitartean, gizartean desantolaketa osoa dago produkzioari dagokionez.
  2. Makinek superprodukzioa dakarte, baina, horrekin batera, langabezia eta miseria.
  3. Superprodukzioa ez dator bat merkatuen zabalkuntzarekin; gero eta produktu gehiago ekoizten dira, baina ez dago horiek saltzeko merkaturik. Horregatik, kapitalisten arteko lehia egoten da merkatuarekin geratzeko, eta lehia hori irabazteko, kapitalak kontzentratzen dituzte, kapitalisten arteko akordioetara helduz. Ondorioz, kapitalista-kopurua txikitzen da, eta proletarioena, gehitu.

Hau guztiari proletarioen kontzientziazioa gehitu behar zaio. Helburua klaserik gabeko gizartea da, komunismoa ezarriz. Azken hau lortzeko, lehen pausoa botereaz, estatuaz jabetzea da: proletalgoaren diktadura. Diktadura honen eginkizuna produkzio-bideen jabetza pribatua ezabatzea eta ekonomia beharren arabera planifikatzea litzateke, estatua desagertu arte.

Entradas relacionadas: