Materialismo Historikoa: Marxen Analisi Sozioekonomikoa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,64 KB

Materialismo Historikoa: Historiaren Zientzia Marxen Ikuspegitik

Hegelek bezala, Marxek uste zuen gertaera historikoak ez direla kasualitatez gertatzen; aitzitik, barne-logika bat jarraitzen dute, historia lege batzuk jarraituz gertatzen da. Gainera, honetan ere Hegelekin ados, historiari mugimendua ematen dion motorra dialektika da, hau da, aurkarien arteko borroka. Baina, historiaren protagonista zein den finkatzeko orduan, ez dator bat Hegelekin: protagonista ez da espiritua, baizik eta historian agertzen diren gizarte desberdinen baldintza materialak edo ekoizteko moduak. Marx materialista da.

Materialismo Historikoa: Egitura Ekonomikoa eta Gainegitura

Marxentzat, gizarte bat nolakoa den zehazten duena bere ekonomia edo ekoizpena egiteko modua da. Horregatik, gizartearen osotasunari produkzio modua deitzen dio, eta historia produkzio modu desberdinen segida bat da. Hauek dira nagusiak:

  • Antzinako komunismoa
  • Asiarra
  • Esklabista
  • Feudala
  • Burges modernoa

Produkzio modu bakoitza bi egitura handiz osatzen da: egitura ekonomikoa eta gainegitura.

Egitura Ekonomikoa (Azpiegitura)

Egitura ekonomikoa edo azpiegitura da gizartea nolakoa den determinatzen duena. Bertan, baliabide materialak nola ekoizten eta banatzen diren zehazten da. Egitura ekonomikoaren barruan kokatzen dira gizarte baten produkzio-indarrak eta produkzio-harremanak.

Produkzio Indarrak

Produkzio-indarrek gizarte batek ondasunak ekoizteko daukan ahalmena adierazten dute, eta produkzio-bideen eta gizakien lan-indarraren arteko batura dira.

  • Produkzio-bideak: Gizarte jakin batean ekoizpenera zuzendutako baliabideak eta tresnak edo teknologia dira.
  • Gizakien lan-indarra: Gizakiek lan egiteko daukaten gaitasuna da. Adibidez, populazio handiagoa duten gizarteek gizakien lan-indar handiagoa dute populazio gutxiko gizarteek baino.

Produkzio Harremanak

Esan dugun moduan, egitura ekonomikoa produkzio-indarrez gain produkzio-harremanez osatua dago. Produkzio-harremanek pertsona bakoitzak produkzio-sisteman duen funtzioa edo lekua adierazten dute.

Gainegitura Ideologikoa

Produkzio modu orotan, egitura ekonomikoaren gainean gainegitura bat altxatzen da. Gainegitura elementu hauek osatzen dute:

  • Egitura juridikoak
  • Egitura politikoak
  • Gizartekideen kontzientzia (ideologia) eratzen duten ideien multzoa (filosofia, morala, erlijioa, artea, etab.)

Gizartearen gainegitura azpiegituraren araberakoa izango da; hau da, ideiak ekonomiaren araberakoak izango dira. Klase sozial antagonikoetan zatitutako formazio sozialetan, produkzio-harremanak iraunaraztea da gainegituraren zeregin nagusia. Garai bakoitzeko klase dominatzaileak, ekonomiaren egitura (eta, beraz, bere interesak) sendotzeko, gainegitura bere erara eraikiko du. Horrela, gainegiturak egitura ekonomikoan ematen den esplotazio-harremana justifikatu edo ezkutatu egingo du.

Kontzientzia eta Egitura Ekonomikoaren Harremana

Hemen argi ikus dezakegu Marxen materialismoaren zentzua: ez da gure kontzientzia edo arrazoimena gizarte bateko harreman produktibo edo ekonomikoak sortzen eta antolatzen dituena. Aitzitik, justu alderantziz gertatzen da: gizarteko harreman ekonomikoek determinatzen dute kontzientzia, hots, gizarte horretako kideek edukiko dituzten ideiak eta sinesmenak, mundua irudikatzeko modua, azken batean.

Entradas relacionadas: