Materialismo Historikoa eta Iraultza: Marxen Teoriaren Azterketa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,1 KB
Materialismo Historikoa
Karl Marxek historiaren interpretazio materialista garatu zuen, Hegelen idealismo dialektikoa baztertuz. Haren ustez, historiaren bilakaera baldintza materialek eta ekoizpen-sistemek eragiten dute, ez ideiek edo pentsamendu abstraktuek. Horri materialismo historikoa deritzo.
Marx-en Gizarte Eredua
Marxek gizartea bi egituratan banatzen du: egitura ekonomikoa eta gainegitura.
- Egitura ekonomikoa: Oinarrizko maila da, eta bertan kokatzen dira produkzio-indarrak (baliabide materialak, lurrak, fabrikak, lan-tresnak...) eta produkzio-harremanak (lanaren eta jabetzaren antolaketa).
- Gainegitura: Egitura ekonomikoaren mende dago eta ideiak, sinesmenak, legeak, ideologiak eta erakunde politikoak barne hartzen ditu.
Beraz, Marxen arabera, gizarteko egitura ekonomikoak baldintzatzen du haren pentsamendua, lege-sistema eta erakunde sozialak, eta ez alderantziz.
Historiaren Motorra: Klase-Borroka
Ondorio argi bat du honek: historia ez dute ideiek gidatzen, baizik eta ekoizpen-moduek. Hau da, gizartearen eboluzioa baldintza ekonomikoen aldaketen araberakoa da. Aldaketa horiek ekoizpen-indarren eta produkzio-harremanen artean sortzen diren kontraesanak direla eta gertatzen dira.
Marxen arabera, historiaren motorra klase-borroka da. Historian zehar, ekoizpen-modu desberdinak egon dira:
- Komunismo primitiboa
- Esklabotza
- Feudalismoa
- Kapitalismoa
Beti egon dira klase dominatzaileak eta esplotatuak, eta bien arteko gatazkek sistema ekonomikoen aldaketak eragin dituzte.
Kapitalismoaren Kritika eta Komunismoaren Ikuspegia
Gaur egungo sistemaren oinarria kapitalismoa da, non ekoizpen-baliabideen jabetza pribatua burgesiak duen eta langile klasea (proletarioak) soldatapean esplotatzen duen. Hala ere, Marxen ustez, kapitalismoak bere baitan dituen kontraesanengatik (produkzioaren gehiegizko zentralizazioa, langileen alienazioa, eta esplotazio gero eta handiagoa), azkenean sistema horrek gainbehera egingo du.
Kapitalismoaren amaierak komunismoaren sorrera ekarriko du, hau da, klase-borrokaren desagerpena, produkzio-baliabideen jabetza kolektiboa eta gizarte berdinzaleago bat.
Iraultza Historikoa
Marxek kapitalismoaren egitura ekonomikoa aztertu zuen eta haren kontraesanek krisi ekonomikoak eragingo zituztela aurreikusi zuen. Krisi horiek langabezia handitu eta gizartean ezinegona eta gatazkak sortuko zituzten. Marxen arabera, kapitalismoa autosuntsitzera bidean dago, baina bere gainbehera ez da automatikoa izango; langileriaren indar iraultzailea ere beharrezkoa da.
Langileriaren Rola eta Klase-Kontzientzia
Langile-klasea da kapitalismoak inposatzen duen esplotazioa ulertzen duen bakarra, burgesiak, aldiz, interes materialek itsutzen baitituzte. Horregatik, proletarioek burgesen ideologia faltsuak gainditu behar dituzte, erlijioan eta burgesen sisteman duten konfiantza baztertuz.
Langileek klase-kontzientzia eskuratu behar dute, beren egoera eta zapalkuntza kapitalistaren mekanismoak ulertuz. Herrialde industrializatuetan proletarioak garatuago daudenez, han sortuko da mugimendu iraultzailearen abangoardia.
Kapitalismoaren Gainditzea eta Trantsizioa
Langileek komunismoaren alde borrokatzean ez dute soilik beren interesak defendatzen, gizadi osoa askatzeko prozesuan parte hartzen dute. Hala ere, kapitalismoa ez da erraz gaindituko, burgesiak estatuz, armadaz, poliziaz, lege-sistemaz eta ideologia hegemonikoz baliatzen baitira beren boterea mantentzeko. Horregatik, Marxek pentsatzen zuen kapitalismoaren amaiera bortizkeriaz bakarrik lor daitekeela.
Komunismorako trantsizioan, proletarioen diktadura ezarri behar da kapitalismoaren erabateko suntsipena bermatzeko. Marxen ustez, trantsizio hori aldi baterako izango da, eta behin burgesia garaituta, produkzio-baliabideak sozializatu eta komunismoa ezarriko da, zapalkuntza eta klaseen arteko desberdintasuna amaituz.