Materialismo historiko dialektikoa eta klase-borroka
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,87 KB
Materialismo historiko dialektikoa
Iraultza
Dialektika
Marxengan bilakaera historikoak dialektikaren legeak jarraitzen ditu:
- Tesia: Lehenengo unean, edozein prozesuren hasierako planteamendua da.
- Antitesia: Lehenengo egoera horretan berehala kontraesanak agertzen dira, aurkako planteamenduei bidea irekitzen dietenak.
- Sintesia: Aurreko unetatik, behin kontraesanak metaturik, egoera edo gizarte berria sortzen da (aurkakoen suntsipena zerbait berria sortzeko).
Klase-borroka historiaren motor gisa
Marxen ustez, historiaren motorra giza klaseen arteko borroka da; historia errealitatearen kontraesanekin determinaturik dago, kontraesan material ekonomikoekin, hain zuzen ere.
Gizarte-harremanek hainbat egoeratatik igaro behar izan dute, ekoizpen-indarrek eragindako presioak direla eta: esklabotzatik gremioetako feudalismora, eskulangintzako lehen industriak ekarri zuen lanaren zatiketara, eta, azkenik, ekoizpen industrial kapitalistan ugazaben eta langileen artean dauden harreman berrietara.
Hori guztia krisi iraultzaileen eta klase-borrokaren bidez baino ez da gertatu; historia guztia, oinarrizko zentzu materialistan, klase-borroka da.
Iraultza: gizakia liberatzeko baldintza
Gizakiari beraren duintasuna itzultzeko, Marxek zientzia ekonomikoaren ikerketa hori Kapitala deritzon bere obran jaso zuen. Lan hori ez da bakarrik ekonomiazko azalpen teknikoa, baizik eta gizakiaren askapenaren aurka doazen gizarte-egitura ekonomikoen kritika ere.
Sistema kapitalistak dakarrena da langilearen bizitza sufrimenduz betea egotea: gizakia produkzio-katearen barruko katenbegi bat baino ez da, eta haren funtzioa bigarren maila batera pasatzen da (salgai edo merkantzia bihurtzen da).
Kapitalismoaren krisi ekonomikoak
Kapitalismoaren etekinak handitzeko premia edo nahikeriak sistema bera kolokan jartzen du; hau da, gero eta kapital gehiago inbertitzea makinatan, lanegunetako ordutegiak luzatzea, langile kopurua mugatzea eta soldatak murriztea dakar.
- Batetik, makinetako inbertsio-prozesuak kontsumo-prezioak igotzea dakar, baita etekina gero eta baxuagoa izatea ere.
- Beste alde batetik, proletarioen pobretze etengabeak ekoizten jarraitzeko ezintasuna dakar.
Jende langabetu asko egotean, merkatua gainbehera doa (lanpostuen galera eta langile-klasearen eroste-ahalmena murriztea), sistema kapitalistaren beraren porrota eraginez. Honek guztiak sistema kapitalistaren aldizkako krisi ekonomiko tipikoak dakartza.
Krisi ekonomikoetatik iraultza proletariora
Marx konbentziturik dago sistema kapitalistan egin daitezkeen zuzenketak ez direla aski sistemak berak eragiten duen kinka larria gainditzeko, krisian sartzen dena sistema bera baita.
Sistema kapitalista behin betiko bukatzeko, elementu batzuk ezinbestekoak dira: baldintza objektiboak, jendearen bizi-baldintza miserableak, alienazioa eta klase-kontzientzia.
Sistema kapitalistaren barne-krisia ikusita, eta gero eta handiagoa zen langile-klasearen esplotazio-kontzientzia aintzat hartuz, Marxek berehalakotzat zuen klaserik gabeko gizartea eta alienazioak ezabatzea ekarriko zuen iraultza proletarioa.
Iraultza eta klaseen desagerpena
Klase-borrokaren bidez, historiaren akabera edo azken garaia den klaserik gabeko gizarterako bidea egiten da. Marxen ustez, historia horretara doa.
Laburbilduz, materialismo historikoa materiaren bidez historiaz egiten den interpretazioa da; hau da, ekonomiaren bidez edo, zehatzago, ondasun materialen produkzioaren bidez egiten den ikuskera. Produkzio-sistemak giza historia osoa baldintzatzen du, eta historia, klase-borrokaren bitartez, klaserik gabeko geroko gizarterantz doa.