Materia: Substantzia Puruak, Nahasteak eta Banantze Teknikak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Química

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,6 KB

Substantzia Puruak

1. Zer dira substantzia puruak?

Substantzia puruek zenbait propietate espezifiko dituzte, hala nola dentsitatea eta urtze- eta irakite-tenperaturak.

Adibidez: ura edo gatz arrunta.

2. Substantzia puru konposatuak

Metodo kimikoen bidez substantzia sinpleagotan deskonposa daitezkeen substantzia puruak dira.

Adibidez: ura. Elektrizitatea aplikatzen badiogu, oxigenoan eta hidrogenoan deskonposa dezakegu.

3. Substantzia puru sinpleak

Substantzia sinpleagotan deskonposatu ezin diren substantzia puruak dira.

Adibidez: hidrogenoa eta oxigenoa ezin dira substantzia sinpleagotan deskonposatu, eta beraz, substantzia sinpleak dira.

Nahasteak eta Disoluzioak

4. Zer dira nahasteak? Motak eta adibideak

Nahastea zenbait substantzia puru konbinatuz sortutako materia da. Substantzia horiek prozedura fisikoen bidez bana daitezke. Bi mota daude:

  • Nahaste homogeneoak (edo disoluzioak): Itxura uniformea dute. Hau da, lehen begiratuan ezin da ikusi substantzia batez baino gehiagoz osatuta daudela.
    • Adibidez: Kafea eta airea.
  • Nahaste heterogeneoak: Ez dute itxura uniformerik. Argi eta garbi ikus daiteke substantzia batez baino gehiagoz osatuta daudela.
    • Adibidez: Granitoa edo ura + olioa.

5. Zer da disoluzio bat?

Disoluzio bat bi substantziaz edo gehiagoz osaturiko nahaste homogeneoa da.

6. Disoluzio baten osagaiak eta desberdintasunak

Disoluzio baten osagaiak Disolbatzailea eta Solutua dira. Bien arteko desberdintasun nagusia proportzioan datza:

  • Disolbatzailea: Disoluzioetan proportziorik handiena duen osagaia da.
  • Solutua: Disoluzioetan proportziorik txikiena duen osagaia da. Bat baino gehiago izan daitezke.

7. Disoluzio motak (kontzentrazioaren arabera)

Disoluzioak solutu kantitatearen arabera sailkatzen dira:

  • Diluituak: Solutu kantitate txikia duten disoluzioei esaten zaie.
  • Kontzentratuak: Solutu kantitate handia duten disoluzioei esaten zaie.
  • Aseak: Solutu gehiago hartu ezin duten disoluzioei esaten zaie.

9. Zer da disolbagarritasuna?

Disolbatzaile jakin batean disolba daitekeen gehieneko solutu kantitatea da. Hortik aurrera, disoluzio asea lortuko dugu.

10. Disolbagarritasuna eta tenperaturaren erlazioa

  • Solidoak: Solidoen disolbagarritasuna tenperatura igo ahala handitzen da. Hori dela eta, errazagoa da kakaoa esne berotan disolbatzea.
  • Gaseak: Tenperatura igo ahala, gasen disolbagarritasuna txikitu egiten da.

11. Nahaste Homogeneoak Banantzeko Teknikak

Kristalizazioa

Likidoetan disolbatutako solidoak banantzeko erabiltzen da. Disoluzio horren ura lurrunduko dugu, eta ontziaren hondoan, solidoko kristalak geratuko dira. Horretarako, laborategian, kristalizadore bat erabiliko dugu.

Destilazioa

Disoluzio batean nahasitako likidoak banantzeko. Destilagailu izeneko tresna bat erabiltzen da. Prozesua honako hau da:

  1. Nahastea matraze itxi batean sartu eta irakiten hasten den arte berotu behar da. Irakite-punturik txikiena duen osagaia izango da lurruntzen hasten den lehena.
  2. Lurrun hori hozte-hodi batean zehar igaroaraziko dugu, hozteko. Hotzak gasa kondentsatzen du, eta likido-egoeran jasotzen da.
  3. Lortutako likidoa substantzia purua da.
  4. Nahastea berotzen jarraituz gero, hura osatzen duten likido guztiak lortuko ditugu, irakite-tenperaturaren arabera.

12. Nahaste Heterogeneoak Banantzeko Teknikak

Baheketa

Zenbait tamainatako solidoak banandu ditzakegu. Bahe bat erabiltzen da. Alerik txikienak bahearen zulotxoetatik igarotzen dira, eta handienak, bahean geratzen dira.

Iragazketa

Likido batean disolbatuta ez dagoen solido bat banan dezakegu. Solidoa ezin da iragazkian zehar igaro. Likidoa, berriz, beheko ontzira igaroko da.

Banaketa magnetikoa

Osagaietako batek propietate magnetikoak dituenean (burdina) erabiltzen da. Iman bat erabiltzen da.

Dekantazioa

Dentsitate desberdineko bi likido nahastezin banantzeko; olioa eta ura, esaterako. Horretarako, inbutu berezi bat erabiltzen da: dekantazio-inbutua.

Prozesua:

  1. Nahastea jalkitzen utzi.
  2. Balbula irekitzean, dentsitaterik handiena duen likidoa aterako da; alegia, ura.
  3. Balbula itxi eta bigarren likidoa beste ontzi batean jasoko dugu.

Entradas relacionadas: