Marxismoa: Klase Borroka eta Gainbalioa Aztergai
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,89 KB
3.1.2. Marxismoa
Marxismoa Karl Marxek eta Friedrich Engelsek 1840ko hamarkadatik aurrera landutako ideologia da. Ideologia hori propagandako lanetan biltzen da, adibidez, Alderdi Komunistaren Manifestua lanean (1848); baina baita azterlan zehatzetan ere, Kapitala izenekoan, esate baterako. Marxismoaren ekarpen teoriko zabaletik, bi puntu azpimarratuko ditugu:
- Klase Borroka: Gizartea klase arteko borrokatzat hartzea, kontrako interesak dituzten eta beren nagusitasuna bermatu nahi duten klaseen arteko borrokatzat, alegia. Gizarte kapitalistan, borroka klase burgesaren (ekoizpen-bideen jabeak) eta langile-klasearen edo proletarioen (lan-indarraren jabeak) artean gertatzen da. Marxen ustez, kapitalismoaren garapenaren ondorioz, gero eta langile gehiago behar dira eta langile horiek gero eta gehiago esplotatzen dira. Beraz, ezinbestekoa da gizarte burges zapaltzailea suntsituko duen iraultza abian jartzea. Langileek boterea lortzeko prozesuak fase hauek izango ditu:
- Langileak gizarte-klasea direla konturatu behar dute.
- Ondoren, langileen alderdiak antolatu behar dira. Marxek munduko langileei elkartzeko deia egin zien. Izan ere, nazionalitateen gainetik klasea elkartzen bada, gizarte kapitalista suntsitzeko aukera izango du.
- Langileen Diktadura eta Komunismoa: Langileek boterea lortutakoan, jabetza pribatua kenduko dute, esplotazio kapitalistaren oinarria baita, eta horren ordez, jabetza kolektiboa jarriko dute sektore ekonomiko guztietan. Azkenik, langileek klaserik eta estatu zapaltzailerik gabeko gizartea ezarriko dute, eta bertan kide bakoitzaren behar guztiak asebeteko dira (komunismoa).
Bigarren puntu garrantzitsua langileen miseriaren arrazoia gainbalio kontzeptuaren bidez azaltzea da. Gizarte kapitalistan lana beste edozein salgai bezalakoa da eta, beraz, merkatu-balioa dauka. Langileak bere lan-indarra saltzen dio kapitalistari, soldata baten truke. Lanaldian langile bakoitzak produktu kopuru jakin bat egingo du, baina enpresaren jabeek, soldata emateko orduan, ez dute egindako hori guztia kontuan hartzen: bizirik irauteko behar duen kopurua besterik ez diote ordaintzen. Horren ondorioz, "balio plusa" sortzen da, gainbalioa; hots, langileen soldataren eta produktuaren prezio osoaren arteko aldea, kapitalistak hartzen duena. Marxen iritziz, gainbalioak kapitalistak langilea zenbateraino esplotatzen duen adierazten du, eta gizarte kapitalistaren egitura ekonomikoaren ondorioz sortzen da. Gainbalioak kapitala metatzearen prozesua azaltzen du, eta Marxen ustez, langileen esplotazioan eta miserian oinarritzen da.
Marxen eragina oso garrantzitsua izan da. Haren ideiak alderdi sozialistaren eraketan agertu ziren eta 1917ko Errusiako Iraultzan gauzatu. Horrez gain, pentsamendu marxistak eragin handia izan du gizarte zientzietan: ekonomian, historian, soziologian, etab.