Marxen Materialismo Historikoa eta Gizartearen Eraldaketa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,38 KB
Materialismo Historikoak historiaren bilakaera zientifikoki ikertu nahi du, iraultzarako tresna teorikoak emateko helburuarekin.
Materialismo Historikoa: Marx eta Hegelen Ikuspegiak
Hegelen historiaren ikuspegitik abiatu zuen bere kritika. Biek kontzepzio dialektikoa dute: errealitatearen kontraesanen bidez (tesiak eta antitesiak) dator gizartearen garapena. Prozesu bat da errealitatea, dialektikoki eraldatzen doana. Hegelentzat Izpiritu Absolutua zen garapenaren motorra, errealitatea perfekziora daramana. Marxen ustez, aldiz, gizakiak materiarekin duen harremana da motorra, eta zehazki, produkzio-modua. Finean, historiaren motorra egitura ekonomikoa litzateke.
Hegelek kontzientziak errealitatea determinatzen duela zioen; beraz, historiaren etapa desberdinak garai bakoitzeko pentsamoldeek determinatzen dituztela. Marxen ustez, produkzio-modu bakoitzak determinatzen du garai historiko bakoitza.
Gizartearen Egitura: Azpiegitura eta Gainegitura
Hori ulertzeko Marxen gizartearen egituraren azterketa ezagutu behar da. Gizartearen oinarria Azpiegitura da, eta produkzio-indarrek (ekoizpen-bitartekoak eta lan-indarra) eta produkzio-harremanek (esplotaziozkoak edo elkarlanekoak) osatzen dute.
Gainbalioaren erauzketa kapitalismoan
Kapitalismoan, esplotazio-harremanak erreproduzitzeko fenomenoa gainbalioaren erauzketa da. Burgesiak langileari egindako lanaren (ordaindu gabekoa) erauztean datza, eta ekoizpen-bitartekoen jabetza pribatua da hura gertatzeko baldintza.
Gainegitura, bestetik, geruza juridiko-politikoak osatzen du. Gainegitura forma ideologikoek osatzen dute, sistema bermatzen duten burgesiaren aldeko mekanismoek. Azpiegitura eta Gainegituraren arteko harremana dialektikoa da (elkarrekiko eragina), baina egitura ekonomikoaren eragina determinantea da. Beraz, errealitatea da gizakien kontzientzia determinatzen dituena.
Historiaren Garapena eta Klase Borroka
Gizartearen garapen historikoa produkzio-harreman espezifiko batzuk produkzio-indarren garapenerako oztopo bihurtzean gertatzen da, berrikuntza teknologikoen ondorioz. Orduan, bien arteko sintesia diren jabetza-harreman berriak sortzen dira, eta Azpiegituraren aldaketa horrek Gainegitura iraultzea dakar. Logika horretan garatzen da klaseen arteko borroka, beti ere elementu objektiboak (kontraesan materialak) eta subjektiboak (klase-kontzientzia) ezinbestekoak izanik. Kapitalismoaren kontraesanak gero eta gehiago azaleratzen diren heinean, auto-suntsiketara kondenaturiko sistematzat hartzen zuen Marxek.
Horren aurrean, jabetza-harremanen aldaketa proposatzen du Marxek: iraultzaren bitartez, ekoizpen-bitartekoen jabetza langileek eskuratzea eta gainbalioaren desagerpena gauzatzea defendatzen du, esplotazio-harremanak akabatuz.
Iraultzaren Etapak Komunismorantz
Iraultza horrek hiru etapa izan behar ditu:
- Une politikoa (proletargoaren diktadura)
- Une ekonomikoa (etapa sozialista)
- Une soziala (komunismoa)
Laburbilduz, Marxek gizartearen egituraren oinarrian egitura ekonomikoa dagoela zioen, historiaren garapenerako determinantea dena. Aldaketa horiek modu dialektikoan gertatzen dira, horrek posible egiten duela klaserik gabeko eta zapalkuntzarik gabeko gizartearen eraikuntza: komunismoa.