Marx: Testuinguru Historikoa, Alienazioa eta Materialismoa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
vasco con un tamaño de 17,02 KB
Testuinguru Historikoa
Marxen bizitza eta pentsaera estu lotuta daude garaiko aldaketa ekonomiko eta politikoekin. Marxen garaia aztertzen dugunean burura etortzen den gertakari nagusia Industria Iraultza da, lurrun makinaren sorrera, hain zuzen ere, bai produkzioan baita garraiobide berrietan ere. Hau dela eta, merkataritza handitu zen eta honekin batera aberastasuna. Ondorioz, nekazari, jornalari eta gremioetako eskulangileak fabrika langile bihurtu ziren. Gainera, medikuntzaren hobekuntzak biztanleriaren gorakada ekarri zuen, kontsumoa eta produkzioa honela indartuz. Baina zoritxarrez, industria iraultzak langilearen esplotazioa ere ekarri zuen, iraultza politikoak indartuz.
Langile Mugimenduak eta Marxen Inplikazioa
Langile mugimenduen artean ezagunenak Kartismoa, Blanquistak, Sozialismo utopikoa eta Alderdi Komunista ditugu. Baina guztietan ospetsuena eta odoltsuena, 1848ko otsailean Parisen izan zena da. Marxek gertutik bizi zituen mugimendu hauek eta askotan protagonista ere bazen, adibidez Alderdi Komunistaren sorreran. Inplikazio honengatik erbesteratua izan zen Londresera eta bertan aukera izan zuen ekonomilari klasikoak aztertzeko.
Testuinguru Filosofikoa
Marxen garaian korronte filosofiko desberdinak sortu ziren: Idealismoa, Positibismoa, Utilitarismoa, Bitalismoa eta historizismoa. Baina Marxengan gehien eragin izan zutenak Hegel eta Feuerbach izan ziren.
Hegel eta Feuerbachen Eragina
- Hegel: Harengandik errealitatea prozesu bezala ulertu behar zela ikasi zuen eta prozesu honen legea Dialektika zela.
- Feuerbach: Bere materialismoak, Demokrito eta Leuzipoarenarekin batera eragina izan zuen. Beraz, Marxen Materialismo Historikoak asko zor die filosofo hauei.
Filosofoetaz gain, Darwinen eragina ere izan zuen gizakiaren ikuspegi materialista jorratzeko, baita Smith eta David Ricardorena ere, merkataritzako legeak naturaltzat hartu zituztenak eta erakunde politiko nahiz erlijioso guztien gainetik zeudenak. Lege hori eskuz ikusezin batek gidatzen zuen, eskaintza eta eskariaren legeak eta Librekanbioak.
Marxek ongi ikertu zituen ekonomilari hauen lanak eta gogor kritikatu zituen askatasun ekonomikoarekin justifikatzen ziren langileen lan baldintza menperatzaileak. Langileen bizi baldintzak hobetzeko asmoz sortu zuen bere teoria Marxek, alienazioaren eta gainbalioaren kontzeptuak argituz. Baina Marxek garaiko menperatuekin zuen konpromisoa teorikoa izateaz gain praktikoa izan zen, garaiko langile mugenduetan inplikatu baitzen, bere lagun handia izan zen Frederik Engelsekin batera. Bere pentsamendua esaldi famatu honetan labur dezakegu: “Filosofoek ez dute mundua modu desberdinetan interpretatu besterik egin, hau bera eraldatzea baita gakoa”.
Alienazioaren Teoria
Idealistentzat ezinezkoa da errealitatea den bezala ezagutzea, erreala dena beraientzat pentsamendua baita (hau da, ideia). Horrez gain zerbait ote dagoen eta nolakoa ote den jakitea ezinezkoa baita. Tesi honen aldekoa Hegel izan zen. Baina, zer da errealagoa, zuek edozein pertsonari buruz duzuen ideia edo pertsona hori bera? Zer da errealagoa, politikari batek bere herriari buruz duen ideia edo herria bera? (Idealisten aurkako galderak).
Hegel eta Alienazioa (Idealista)
Hegelentzat ideiak du lehentasuna materiaren gainetik; hau da, lehenbizi ideiak sortzen dira eta gero era materialean adierazten dira. Hau oinarrizkoa da bere lanean.
Feuerbachen eta Alienazio Erlijiosoa (Materialista)
Feuerbachek Kristautasunaren Esentzia liburuan gogor kritikatu zuen Hgelen ikuspegi idealista. Pentsamendutik kanpo dagoen mundu konkretu eta sentigarriaren errealtasun objektiboa baieztatu zuen, materialismoari bideak irekiz. Erreala den bakarra materia da; Espiritua ez da materiaren emaitza. Jainkoaren eta gizakiaren arteko harremana alderantziz ezarri behar da: Jainkoak bere antzera eta irudira egin du gizakia, dio erlijioak; ez, alderantziz da, gizakiak sortu du jainkoa. Kritika honen erdi-erdian alienazioaren nozioa aurkitzen da, gizakia Jainkoarengana alienatzen baita. Bere nolakotasun hoberenak izaki imajinari horretan proiektatzen ditu. Erlijioa, beraz, alienazioa da. Horregatik, Feuerbachentzat erlijioa suntsitu eta desegin beharra dago gizakiak bere burua berreskura dezan eta humanismo berri bat sor dadin.
Marxen Alienazioa: Gizakiaren Ikuspegi Materialista
Marxentzat argi eta garbi ideia gizakiaren emaitza da. Gizakiaren ideia bera ere gizakiek sortutako ideia da; ez baita existitzen gizakiaren definizio orokorrik. Gizakiak bere burua eraikitzen du historian zehar beste gizakiekin batera, hau da, gizartean, eta natura eraldatzen. Beraz, gizakia batez ere, izaki aktiboa da eta bere zeregin garrantzitsuena lana da. Aldi berean, lanari esker eratzen du gizakiak bere gizartea eta bestekin harremanetan jartzen da.
Gizakiaren Alienazioa Langilearen Ikuspegitik
Marxek, beraz, langilearen alienazioan jarriko du arreta, ikusi dugun bezala, gizakia lanaren bidez garatzen baita gizaki bezala; ekoizten dugun horretan gurea den zerbait uzten baitugu: denbora, irudimena, indarra... Baina horrek ez du zertan txarra izan behar ekoizten dugun objektu horiek gureak diren bitartean edo gure bizitza eraikitzeko baliagarriak diren bitartean behintzat. Zoritxarrez, langileek dituzten baldintzetan kontrakoa gertatzen da, hau da, gizakiaren alienazioa.
Lana egiteko bi faktore behar dira: batetik gizakion lan-indarra eta bestetik ekoizpen bitartekoak (lurra, makinak, fabrikak...). Historiaren hasieran, Marxen ustez, ekoizpen bitartekoen jabetza komuna zen (komunismo primitiboa). Baina historian zehar momentu batean ekoizpen primitibo hori pribatizatu dela salatzen du Marxek. Ondorioz, gizakiak bi taldetan banatu ziren: ekoizpen bitartekoen jabeak batetik, eta gainontzeko gizakiak bestetik.
Zer gertatzen da lan egiteko behar diren bitartekorik ez dugunean? Ba gure lan-indarra besterik ez dugula eta bizirik iraun behar dugunez, lan-indar hori ekoizpen bitartekoen jabeei alokatzera behartuak gaudela, eta beraz, gure izatea bera ere.
Alienazio Ekonomikoaren Arrazoia: Gainbalioa
Marxentzat langileek duten jabetza bakarra lan-indarra da, kapitalistari soldata baten truke saltzen dion merkantzia baino ez da. Lan-indarra bere balio propioa bakarrik ez duen merkantzia da, balioa sortzeko ahalmena ere baduelako.
Demagun eguneko hamabi bat ordu lan eginez ari dela langilea, baina sei ordurekin nahiko eta sobran ekoizten duela bere mantenuaren gastuak ordaintzeko. Beste sei ordu horietan langileak sortzen duen produktu ez ordaindu horri, bada, Marxek gainbalioa edo plusbalioa deitzen dio. Beraz langileak beren lan-indarra saltzen dutenean bere esentzia saltzen ari dira eta prozesu honi laneko alienazioa deritzo.
Laneko Alienazio Moduak
- Naturarekiko alienazioa: Gizakiek etengabeko harremana dute naturarekin lanaren edo praxiaren bidez. Lanak natura eraldatu eta giza eremura berenganatzen du. Marxen esanetan naturak sortutako produktuak gizakiaren gorputz ez-organiko bilakatzen dira. Baina soldatapeko langileak dimentsio unibertsal hori galtzen dute, hau da, ez dute natura berea bezala sentitzen; hortaz natura ikuspegi ustiatzaile batetik bakarrik ikusten dute eta ez gure izatea eraikitzeko zaintzea beharrezkoa dugun zerbait bezala.
- Beste gizakiekiko alienazioa: Gizakiak beste gizakiekin lan egitea ezinbestekoa du, horrela gizartea sortuz, beste gizakiak lankide bihurtuz. Kapitalismoan, gizakiak harreman unibertsala galtzen dute beste gizakiekiko, langileen gainbalioa lortzeko elkar esplotatu behar dutelako. Beraz bai jabeak baita langileak ere ekonomiaz gaindiko giza izate oroz gabetua daude, haien arteko harremanak etekinaren menpe baitaude.
Ikusi dugu gizakia ekoizpen modu kapitalistan nola alienatzen den, nola galtzen duen bere esentzia; azken finean, bere lana ez dagokio berari baizik eta erosten dionari, nagusiari. Gizakia zentzu horretan alienatzen da Marxentzat: bere lana saltzera behartzen denean bere esentzia saltzen du eta, beraz, bere izatea galtzen du. Hori baita alienazioa: gizakiaren desrealizazioa, gizakia besterentzea, norberaren galera. Ez baitu bere lana bakarrik galtzen, bere lanaren ekoizpena, bere lanerako behar duen natura eta baita lanaren bitartez gizakiengan sortzen diren harremanak ere.
Alienazio Ekonomikoa Ez Da Bakarra
Izan ere alienazio ekonomikoa ez da bakarra. Beste mota batzuk ere badaude:
- Erlijiosoa: Gizakiak egoera tamalgarri honetan ideia erlijiosoak asmatu ditu kontsolatu eta etorkizunean bizitza hobeago batean esperantza ipiniz. Gizakiak bere benetako errealitatetik ihes eginez.
- Soziala: Aurrekoaren ondorioz gizartea bi kontrako taldeetan banatua geratzen da: nagusia eta buruzagia (burgesa, menperatzailea), langilearen pobreziaz bizi dena; eta langileen taldea (proletarioa, zanpatua).
- Politikoa: Egoera sozial honi ordenu politiko baten agerpena dagokio (estatua), egoera hau sendotu eta mantendu egiten duena. Estatuak bere botere bortxatzaile guztia (armada, polizia) kapital eta jabetza pribatuaren esku uzten ditu. Gutxiengo baten pribilegioak defendatzen ditu gehiengoaren pobreziaren aurka.
- Filosofikoa: Klase menperatzaileak ez ditu bere pribilegioak kanpo bortizaren bidez bakarrik defendatzen; horrez gain hainbat teoria osatzen ditu pribilegio horiek arrazionalki justifikatzeko (filosofia, artea, morala...). Alienazio honen laguntzaz, gizakia egia objektiboak daudela sinistera iristen da, baina errealitatearen isla hutsak dira. Hortaz, pentsamenduak sortzen duen guztia nagusien interesak babesteko erabiltzen da.
Materialismo Historikoa
Materialismo historikoak historia bere baldintza ekonomikoetatik interpretatzen du, Hegelen metodo dialektikoa erabiliz. Baldintza ekonomikoak dira historiaren motoreak, aldaketa sustatzen dutenak.
Metodo Dialektikoa eta Klase Borroka
Metodo dialektikoak dio errealitatea prozesu bezala ulertu behar dela, eta prozesu horren barnean sortzen diren kontraesanak gaindituz garatzen dela. Marxek bi kontzeptu sortuko ditu:
- Gizartea bi klasetan zatitzen da eta gizakiaren historia klase horien arteko borrokaren historia da, hau da, langileen eta nagusien artekoa.
- Bi klase horien arteko borrokaren adierazpena langile mugimendua da eta iraultza sozialista da eta langileriaren diktadurari esker klase horiek ezabatzea da helburua.
Gizakiaren Ikuspegi Naturaletik Historiaren Ikuspegi Materialistara
Mantenu beharrak animaliek eta gizakiek naturarekin duten lehen lotura ezartzen du. Baina horrez gain, gizakiek badute zentzumenezko kontzientzia bat bete beharren eta naturaren artean, lanaren bitartekaritza ezartzen duena gure betebehar horiek asetzeko. Bestalde, lana taldean egiten denez izaki sozialak bihurtzen gara; hor dugu gizartearen sorrera materialaren azalpena, natura gizakia eta gizartea lanaren bidez uztartzen dituena.
Horrenbestez, materialismo marxista bi ideia hauen bidez uztartzen da:
- Gizakiak beste gizakiekin eta naturarekin finkatzen dituen harremanak harreman naturalak dira. Ondoren, gizakiek ondasun materialak ekoizten eta trukatzen dituzte elkarren artean beren behar materialak ase ahal izateko. Horri Marxek bizitzaren ekoizpen soziala deituko dio.
- Harreman horiek azken batean, ideologia eta Estatuaren egitura juridiko-politikoak sortzen dituzte, hau da, gainegitura deitzen dena.
Beraz, Marxen materialismo historikoa historiaren interpretazioa da, materiaren bidez egiten dena. Materialismo historikoaren esanahia honako hau da: giza historia baldintzatzen duena ez da ideia, produkzio-harreman ekonomikoak baizik. “Ez da gizakiaren kontzientzia bere izaera xedatzen duena, alderantzizkoa baizik, izaera soziala da bere kontzientzia determinatzen duena”.
Produkzio Sistema: Egitura Ekonomikoa eta Gainegitura Juridikoa
Egitura Ekonomikoa
Egitura ekonomikoa ekoizpen indarrek eta ekoizpen harremanek osatzen dute.
- Ekoizpen Indarrak: Gizakien lan indarrak eta ekoizpen bitartekoek osatzen dituzte. Ekoizpen indarrak dira historia hasten eta mugiarazten dutenak, eta horrek eragiten ditu une bakoitzeko ekoizpeneko gizarte harremanak.
- Ekoizpen indar jakin batzuek eta une historiko bakoitzari dagozkion ekoizpen harremanek osatzen dute garai horietako egitura ekonomikoa.
Gainegitura
Egitura ekonomiko horren arabera sortzen da gizakiaren gizarte bizitza, eta horrek egitura ekonomikoarekin bat datorren gainegitura juridikoa, politikoa eta kontzientzia moduenak sortzen ditu. Egitura ekonomikoak iraunarazten ditu gizarte arau, sinesmen,...-ak eta muntaia juridiko, ideologiko eta erlijiosoarekin justifikatzen ditu. Indarrean dauden ideia ekonomikoak, noren alde daudela uste duzue?
Ekoizpen Indarren eta Ekoizpen Harremanen Arteko Kontraesana
Marxek garrantzia aitortu zien ekoizpen indarrei, garai jakin bat definitzen duena ez baita zer ekoizten den, baizik eta hura nola edo zein sistemarekin ekoizten den.
Klase Borroka Historian
Historia guztia oinarrizko zentzu materialistan, klase borroka da. Bi klase dira kapitalismoan lehian ari direnak: Nagusiak (burgesak), ekoizpen bitartekoen jabeak, eta langileak, ekoizpen gabe haien lan-indarra besterik ez dutenak. Desberdintasun honetatik sortzen da bi klaseen arteko menpeko harremana, langileak behartuta baitaude haien lana soldata baten truke nagusiei saltzera.
Ekoizpen industrial kapitalistan, langileek ez dute ekoizpen bitartekorik; hau da, ekoizpen bitartekoen jabetza pribatua da eta enpresaburuen esku dago. Honek, sistemak eskatzen duen kapital pilaketa ahalbidetzen du. Baina, nola gertatzen da kapital pilaketa nagusientzat eta pobrezi pilaketa langileentzat? Azterketa horri ekin zion Marxek bere lanik garrantzitsuenean: Kapitala-n. D-M-D' formula erabiliz.
Kapitalismoko Klase Borrokaren Zioa: Gainbalioa (D-M-D')
Bertan D lehengaiak erosteko dirua da, M ekoizpen-bideak eta lan-indarra, eta D' irabazitako dirua edo etekina. Azken hau kapitalistak ordaindu ez duen plusbalioari dagokio. D ezin da hazi bere kabuz, eta ekoitzitakoan “gastatutako” dirua salneurrian berreskuratzen du. Marxentzat, langileek duten jabetza bakarra, lan-indarra, kapitalistari soldata baten truke saltzen dion merkantzia baino ez da. Eta zein da soldataren balioa? Kapitalistentzat, langilea bizirik mantentzeko beharrezkoak diren gauzen balioa.
Lan-indarra bere balio propioa bakarrik ez duen merkantzia da, balioa sortzeko ahalmena ere baduelako. Eta hori bai, lan-indarra erosi eta gero produkzio-bideen jabeak badu hau kontsumitzerik, ustiatzerik. Hau da, eguneko hamabi bat ordu lan eginarazterik adibidez. Baina sei ordurekin nahiko eta sobran ekoizten du langileak bere mantenuaren gastuak ordaintzeko. Bertze sei ordu horietan langileak sortzen duen produktu ez ordaindu horri, bada, Marxek gainbalioa edo plusbalioa deitzen dio.
Honez gain, sistema kapitalistak gainbalioa handitzen ahal du, metodo ezberdinak erabiliz: lanorduen luzapena, lanordu beharrezkoen murrizketa, langile kopurua handitzea... Gainbalioa handitu daiteke, baina kapitalistak ez du hau bere behar edo nahikerietan gastatuko, baizik eta berriro inbertituko du diru hori konkurrentziari aurre egiteko. Beraz, kapitalismoaren barne funtzionamenduak kapitalisten eta langile pobreen arteko ezinbesteko gatazkara zeraman.
Kapitalismoaren Krisien Kausa
Ez da zaila irudikatzea zer-nolako krisia aurreikusi zuen Marxek. Enpresaburuen arteko borrokak ahalik eta ekoizkin kopuru handiena ahalik eta salneurri txikienean ekoiztea izango du beti helburu. Hasieran, krisi hori gainditzeko, merkatuak zabaltzera saiatuko dira, globalizazioa alegia. Baina behin-behineko irtenbidea baizik ez da hori. Berehala, merkatu berriak ere salgaiez beteta egongo dira. Orduan, noski, enpresek ezin izango dituzte salgaiak saldu eta, jakina, kapitala lortu behar dutenez ezin izango dute ekoizpena hobetu. Ekoizpena hobetzen ez badute, sistematik kanpo geratuko dira, eta behin hori gertatuta ezin izango dituzte makinak berritu ezta lanik eskaini ere, langabezia sortuz. Langileek orduan, erosteko ahalmena galduko dute, eta ezin izango dituzte lehen erosten zituzten gauzak erosi. Hala, kontsumoa murriztuko da eta mozkin txikiagoak izango dituzte enpresek, inbertitzea ezinezkoa izan arte eta honela, fabrikak itxi arte. Prozesua berriro hasiko da, eta horrela behin eta berriz. Ondorioz, zenbat eta langabetu gehiago, orduan eta txikiagoa izango da merkatua.