Marx eta Nietzscheren filosofia: Alienazioa eta Supergizakia
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 8,75 KB
Marx: Erlijio-alienazioa
Alienazio kontzeptuaren bidez, bere baitatik zerbait galtzen duen gizakiaren egoera adierazten dugu. Norberaren burua inorentzea, norberaren buruarekiko arrotz bihurtzea. Marxen ustez, gizakia beste izaki guztiengandik bereizten duena lanaren bitartez errealitatea modu sortzailean eraldatzeko gaitasuna da. Erlijioak gizakiari gaitasun hau lapurtzen dio eta, hortaz, gizakia bere buruarentzako arrotz bihurtzen da. Horri deritzo erlijio-alienazioa.
Marxek prozesu hau nola gertatzen den honela azaltzen du: Gizarte bakoitzak bere bizimodua mantentzeko beharrezkoak dituen elementuak produzitzeko hainbat produkzio-indar ditu: lehengaiak, teknologia eta abar. Historian zehar, ordea, produkzio-indar horiek ez dira inoiz egon gizarte osoaren eskuetan, gizarte horietako klase batean baizik. Produkzio-indarren jabetza horrek produkzio-harremanak sortzen ditu, bi klase sortuz: zapaltzaileak (indarren jabeak) eta zapalduak (jabetzarik ez dutenak). Zapaltzaileek zapalduak menperatzen dituzte eta beren esanetara jartzen dituzte. Hori guztia litzateke gizarte baten azpiegitura. Horren gainean eraikitzen ditu gizarte bakoitzak bere gainegitura: erlijioa, balioak, sistema politikoa eta legeak. Horiek guztiek gizarte horren produkzio-harremanak justifikatzeko sortutako elementuak dira. Hau da, ideiak ez dira sortzen gizakiaren arrazoimenak gidaturiko aurrerapenarengatik. Aitzitik, ideiak sortuko dira produkzio-harreman berriak sortzean. Esaterako, Erdi Aroko nekazariari erlijioak esaten dionean zintzoa baldin bada zerura joango dela, nobleen aurka matxinatzeko aukera kentzen dio. Hau da, zapalduari bere errealitatea eraldatzeko aukera kentzen dio. Alienatu egiten du, nobleak bere horretan jarraituko duen bitartean. Hori dela eta, Marxen hitzetan, "erlijioa herriaren opioa da", herria lokartzen duelako, bizi-baldintza ziztrinetatik ihes egin nahi izatea fantasiaz baliatuz. Marxen ustez, erlijioa klase menperatzailearen asmakizuna da, klase menperatua uztarpean edukitzeko. Kapitalismoaren garaian erlijioak geldiarazi egiten du burgesen aurka jabetza suntsitzeko egin beharreko iraultza. Erlijioarekin amaitzeko bizi-baldintza miserableekin bukatu behar da: egungo gizartea desegin, jabetza pribatua ezabatu eta komunismoa ekarriko duen ekintza iraultzailea egin. Komunismoa da erlijioaren amaiera; izan ere, komunismoak gizakia bere esentziaz jabetzea esan nahi du, esplotaziorik ez dagoen mundu batean giza beharra eta behar horren asebetetze osoa emango baita, gizakia lanaren bidez errealizatzen baita.
Nietzsche: Apolineoa eta Dionisiakoa
Gizakiaren baitan bi indar kontrajarri agertzen dira: arrazionala eta sentimenduak. Bi indar hauei Nietzschek espiritu apolineoa eta dionisiakoa deitzen die. Apolo arteen, argitasunaren eta neurriaren jainkoa da, arrazionala; eta Dioniso, aldiz, ardoaren, neurrigabearen eta sentimenduen adierazgarria da. Bi hauen arteko kontrajarritasuna bereizgarria den arren, ezin dute bizi bata beste gabe. Hala ere, Europako filosofia tradizionalistak apolineoari garrantzi gehiago eman dio, eta haren balioak nagusitu dira Mendebaldeko kulturan, dionisiakoen gainetik. Nietzschek hauxe aldarrikatzen du: berarentzat, supergizakia ezaugarritzen duten balioak dionisiakoagoak dira, eta bi joeren arteko oreka berreskuratzen saiatuko da, maila berean egon daitezen. Bere ustez, greziar presokratikoek gizakiaren izaera hau ondo islatu zuten euren tragedietan, bai formalki (musikan dionisiakoa eta testuan apolineoa ikusten du Nietzschek) eta baita istorioetan ere. Joera arrazionalista duenak ez da errealitatearen mugikortasunaz ohartzen, hau da, gezurrean bizi da, eta errealitate aldakor hori baztertuz, sentimenduak eta zentzumenak baztertuz, pertsona gaixoa bihurtzen da, alienatua, dekadentea. Sentitzeari beldurra galdu behar zaio, orain arte mugatu gaituzten erlijio eta pentsamenduak suntsituz.
Nietzsche: Kristautasunaren kritika, Jainkoaren heriotza eta supergizakia
Kristautasunak gure bizitza hurrengo betiereko bizitzaren froga bat dela ulertzen du. Gure ekintzek ondorioak izango dituzte heriotzaren ondoren eta, hortaz, zintzo jokatu behar dugu. Zintzo jokatze hau botere-nahimena, sentimenduak, senak eta bulkadak ukatzean datza. Horrek eragiten duen sufrimenduak merezi du, ondorengo bizitzaren truke. Hortaz, bizitza hau kondenatu egiten du kristautasunak. Nork bere buruan pentsatzea ere bekatu gisa ikusten da eta aurretik jarri behar dira beste guztiak. Kristautasunak gizakiari bere burua ukatzeko agintzen dio, existitzen ez den metafisikako kontzeptuen truke. Gizakia alienaturik gelditzen da, ez den zerbaitetan bihurtu nahian. Horren metafora gisa gizakia gamelu bat izan dela dio Nietzschek, gure kulturaren zama bere konkorrean jasan duen gizakia. Horregatik aldarrikatzen du Jainkoaren heriotza: Jainkoa gure pentsamendutik kentzean, ondorengo bizitza eta abar guztiak ere desagertzen dira eta eskuartean gelditzen zaigun gauza bakarra gure bizitza da, jaiotzetik heriotzara. Geure burua garen horretan ulertzera behartuta gaude. Ez dago beste ezer. Lehoiaren metafora erabiltzen du hemen Nietzschek. Suntsitu behar dira aurreko guztiak nihilismoan erortzeko. Eta azkenik haurra dator. Benetan gure bizitza bakarrik badugu eta gure erabakiak horren arabera hartu behar baditugu, senak eta sentimenduak baztertzeak ez du zentzurik. Gure balio propioak sortu behar ditugu, pentsatuz gure ekintzak etengabe errepikatzea nahi dugula. Hau da Nietzscheren supergizakia, bizitzari baietz esaten diona.
Nietzsche: Nihilismoa eta balioen transmutazioa
Gizakia espezie gisa sortu zenean, nobleen morala zen nagusi. Gizaki onenak bizitzari aurre egiten ziotenak ziren: bulkadak, senak eta sentimenduak asetzeko beldur ez zirenak, bizitzari baietz esaten ziotenak, botere-nahia asetzen zutenak, ausartak, sortzaileak, indartsuak. Beste aldean, hau guztia egin ezin zutenak zeuden. Hauek bizitza krudel bat bizi zuten, jasan ezin zuten sufrimendua sufrarazten zien bizitza. Hauentzat, ase ezin zituzten bulkada eta senak gaiztoak ziren, ezinak sufrarazten zituelako. Hauen artean sortuko dira aszetak, zentzumenak gaitzestean bakea agintzen duten pertsonak. Gizaki ahulen erresumina dela eta, Nietzschek hauen pentsamendua nagusitu dela dio, esklaboen moralera eraman gaituen balioen transmutazioa gertatu zela argudiatuz. Honetan oinarritzen da mendebaldeko erlijioa, filosofia eta abar. Senak jarraitzen dituena gaiztotzat joko da aurrerantzean, Nietzsche iritsi arte. Nihilismoa Jainkoaren heriotzaren ondorioa da. Hau bezalako garai batean bizitzeko bi modu daude: nihilismo aktiboa, euren kabuz balio berriak sortzen dituztenen bizitzeko modua (bere botere-nahiaz baliatzen den supergizakia), eta nihilismo pasiboa: indarrean zeuden balioak desagertu direnez bizitzeko borondatea galtzen dutenen bizitzeko modua. Nihilismo aktiboan kokatuta, balioen bigarren transmutazioa emango da. Esklaboen morala atzean utzi eta supergizaki bihurtu behar dugu, norberak bere balioak betiereko itzuleraren arabera sortzeko.
Nietzsche: Botere-nahimena eta betiereko itzulera
Nietzscheren teorian bi kontzeptu hauek dira gehien eztabaidatu direnak. Alde batetik, botere-nahimena dugu. Nietzschek pentsalari presokratikoak miresten zituen eta, haien artean, modu berezian, Heraklito. Heraklitok errealitatearen izaera aldakorra antzeman zuen eta suaren metaforarekin irudikatzen zuen: etengabe aldatzen da errealitatea. Nietzschek berdina uste zuen eta naturaren motorra botere-nahimena zela defendatu zuen. Botere-nahimena izaki guztiek bizirauteko duten bulkada da. Bi izakiek talka egiten badute, haien botere-nahimenek borroka egingo dute oreka bilatu arte edota hauetakoren bat suntsitu arte. Ez da mendekoak edo ahulak mendean hartzea, nork bere buruan uste osoa izatea baizik, bere buruarenganako sentikizun ziurra, sendoa eta boteretsua, beren nahiak betetzeko. Botere-nahimena sentimendu eta senetan igartzen da, eta gure kulturak gizakiarena zokoratu du, gizaki antinatural bat goratuz eta, ondorioz, gizaki dekadente eta alienatu bat sortuz.
Bestalde, betiereko itzulera dugu. Pasarte batean Nietzschek hurrengo egoera planteatzen du: imajinatu zure bizitza bizi izan duzun moduan etengabe bizi behar duzula. Irribarre ala negar egingo zenuke? Batzuek modu literalean ulertu badute ere, badirudi metafora bat dela, supergizakiak izan beharko lukeen jarreraren isla: Amor fati, ezer desberdina izatea nahi ez izatea, ez iragana, ez etorkizuna. Horrela, erabakiak hartzean, ez dugu pentsatu behar gure ekintza Ongiarekin, Jainkoarekin edota aurrerapenarekin bat datorren, baizik eta ea gure ekintzak etengabe errepikatzea nahi dugun. Horrela, gogora datorkigu sentitzen duguna eta fokoa gure bizitzan jarriko dugu, bestelako helburu metafisikoak baztertuz. Supergizakia, beraz, bere botere-nahiak libreki nahi izan duena betiereko itzuleran egonkortzea nahi eta onartzen duena da.