Marx: Materialismo Historikoa eta Komunismorako Bidea

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Otras materias

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,87 KB

Marx eta Materialismo Historikoa

Marxen filosofiaren oinarria historiaren ikusmolde materialista da. Bere ustez, edozein gizarteren legeak eta gizartea bera ulertzeko, lehenengo gizarte horren bizi-baldintza materialak (egitura ekonomikoa) ulertu behar dira.

Materialismo Historikoaren Oinarriak

Lana eta Produkzio-Modua

Marxen arabera, lana da gizaki egiten gaituena. Lan egiteko, produkzio-indarrak erabiltzen ditugu gizakiok. Produkzio-indarrak hauek dira:

  • Lan-indarra
  • Lan-objektuak
  • Lan-bideak

Produkzio-indar hauek bereziak dira leku eta garai bakoitzean. Existentziaren sorkuntza ez da lan indibiduala, soziala baizik; lana taldeka eta koordinaturik egiten dugu.

Produkzio-Harremanak eta Azpiegitura

Gizakiok gure borondatetik kanpo dauden harreman batzuetan sartzen gara: produkzio-harremanak deiturikoetan. Hauek ekoizleen arteko harremanak arautzen dituzten legeak, ohiturak, etab. dira. Produkzio-indarrek baldintzatzen dute produkzio-harremanak nolakoak izango diren.

Bien arteko multzoak gizartearen egitura ekonomikoa (azpiegitura) osatzen du, gizartearen oinarria dena.

Gainegitura

Azpiegituraren gainean gainegitura deiturikoa osatzen da, hau da, egitura juridikoa, politikoa, ideologikoa, etab. Beraz, produkzio-indarrek eta produkzio-harremanek produkzio-modua osatzen dute, zeinak gizartearen bizitza politiko eta espirituala baldintzatzen duen.

Gizartearen Aldaketa eta Dialektika

Dialektikaren Metodoa

Marxen arabera, gizartearen egiturak aldatu egiten dira. Aldaketa horiek azaltzeko dialektikaren metodoa erabili zuen:

  1. Tesia: Hasierako gertaera edo egoera.
  2. Antitesia: Tesiari kontra egiten dion baieztapena edo gertaera.
  3. Sintesia: Bien arteko borrokaren ondorioz sortzen den gertaera berria, tesia zein antitesia gainditzen dituena (elementu onak hartu eta txarrak baztertuz).

Aro Iraultzailea

Historian zehar gertatu diren aldaketak ere dialektikaren bidez azal daitezkeela esan zuen Marxek:

Gizarte baten produkzio-indarrak denborarekin aldatu eta garatu egiten dira, berrikuntza teknologikoak direla medio. Garapen horren une jakin batean, ordura arte bat zetozen produkzio-indarrak eta harremanak elkarren aurka jartzen dira, produkzio-harremanek ez baitiete garatzen uzten. Hori dela eta, produkzio-indar berriak erabiltzeko, produkzio-harreman berriak eta jabetza-erlazio berriak behar dira.

Orduan hasten da aro iraultzailea. Oinarri ekonomikoaren aldaketarekin batera, gainegitura osoa irauli egingo da.

Iraultzaren Baldintzak

  • Baldintza Objektiboa: Produkzio-indar eta harremanen arteko kontraesana.
  • Baldintza Subjektiboa: Langileek kontzientzia hartzea eta antolatzea.

Klase Borroka eta Komunismorako Trantsizioa

Marxen arabera, historia produkzio-bideen jabetzak eragindako klase sozialen arteko borrokaren segida da. Jabetza horren arabera, produkzio-modu desberdinak egon dira historian zehar: antzinatekoa, feudalismoa eta kapitalismoa.

Kapitalismoaren Krisia

Marxek, dialektikaren bidez, kapitalismotik hurrengo produkzio-modura, komunismora, nola pasako den azalduko du. Kapitalismoan bi klase sozial daude: langileak eta kapitalistak. Produkzio-bideak bigarrenen esku daude.

Produkzio-indarren aurrerapen eta garapen teknologikoa dela eta, kapitalistek lan kopuru berdinarekin produktu gehiago ekoiztea lortuko dute. Horrek produktu bakoitza merkeago saltzea ahalbidetuko die. Baina, produkzioa areagotu ez duten kapitalisten porrota eragingo du horrek. Ondorioz, kapitala gero eta metatuago egongo da.

Gainera, porrot horrek kapitalista horien langileak langabetu bihurtzea ekarriko du. Langabezia handitzean, pobrezia handituko da, jasanezina den egoerara iritsi arte. Baina langileria horretaz jabetzean, klase-kontzientzia hartu eta iraultza bortitza egingo du.

Proletargoaren Diktadura eta Gizarte Komunista

Horrela, langileek proletargoaren diktadura ezarriko dute. Kapitalistei ondasunak kendu, produkzio-bideak eskuratu eta ondasunen jabetza pribatua murriztuko dute. Iraultza politikoaren ondorioz, erlijioari eta filosofiari buruzko sinesmenak ere aldatu egingo dira.

Proletargoaren diktaduran klase sozialen arteko desberdintasunak ezabatuko dira, eta ondorioz, klase arteko borroka desagertu egingo da. Kontrakoa zapaltzeko indarkeria ez denez beharrezkoa izango, ez da gerrarik egongo.

Hau gizarte komunista izango da, historiaren amaiera, non gizaki guztiak askeak izateko bete beharreko baldintza gizaki bakoitza askea izatearena izango den.

Entradas relacionadas: