Marx: Gizakia, Alienazioa, Materialismoa, Komunismoa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias
Escrito el en vasco con un tamaño de 8 KB
Marx: Gizakia, Alienazioa eta Komunismoa
Marxen filosofiaren arabera, gizakia izaki natural eta materiala da, eta ez du azalpen erlijioso edo jainkozkorik behar bere jatorria azaltzeko. Gizakiaren esentzia, Marxek dioenez, pentsamendua baino gehiago lana da. Marxentzat, gizakia homo faber (egile praktikoa) da, homo sapiens (pentsamenduzkoa) baino gehiago. Gizakiak ingurunea moldatzen du lanaren bidez, eta lan hori da gizakiaren esentzia.
Alienazioa
Alienazioa Marxen filosofiaren kontzeptu garrantzitsuenetako bat da. Marxen arabera, alienazioa gizakiaren despersonalizazioa da, eta egoera horretan gizakiak bere burua objektu bihurtzen du. Alienazio ekonomikoa lanaren bidez gertatzen da, non langileak ez duen bere lanaren produktua kontrolatzen, eta ekoizpen-prozesuarekiko lotura emozional edo intelektualik ez duen. Kapitalismoan, langileak deshumanizatu egiten dira, eta beren lana ez da beren esentzia berreskuratzeko bide bat izan beharrean, alienazioa indartzeko mekanismo bat baizik.
Alienazio Ekonomikoa
Marxen arabera, kapitalismoan langileak produktuarekiko, lanarekiko, naturarekiko eta beste gizakiekiko alienazioa pairatzen du. Kapitalismoak langilea esklabo bihurtzen du, eta langilea ez da bere buruarekin identifikatzen bere ekoizpen-jardueran. Produkzio-baliabideen jabetza pribatua da alienazio ekonomikoaren jatorria, eta Marxen arabera, jabetza pribatua abolitu behar da alienazioa gainditzeko.
Alienazio Ideologikoa eta Erlijio-alienazioa
Marxek ideologiak gizartearen errealitatearen distortsioak direla dio. Ideologiak, klase nagusien interesak defendatzeko, zapalduei errealitatea deformatzen dieten ideiak eta sinesmenak zabaltzen dituzte. Erlijioa, ideologia baten parte bezala, alienazio-tresna garrantzitsua da; erlijioak gizakiak mundu materialetik ihes egin eta bestelako mundu batean justizia bilatzera bultzatzen ditu, bere egoera eraldatu beharrean. Marxek erlijioa "herriaren opioa" bezala deskribatu zuen, proletarioen sufrimendua arintzeko eta haien egoera iraunarazteko erabiltzen delako.
Ondorioa: Marxek uste zuen alienazioa gainditzeko beharrezkoa zela harreman sozialak eta produkzio-baliabideen jabetza eraldatzea. Horrela, langileek beren esentzia berreskuratuko lukete eta bizitza hobea lortuko lukete.
Materialismo Historikoa
Marxek materialismo historikoa proposatzen du, historiaren interpretazio zientifiko bat. Horren arabera, historiaren bilakaera ezin da ulertu ideia edo sinesmenen arabera, baizik eta gizartearen bizi-baldintza materialen eta ekonomiaren arabera ulertu behar dela. Marxen ustez, historia dialektikoki garatzen da, hau da, gizartean beti dauden aurkako indarren borrokak eta kontraesanek bultzatzen dutela bilakaera historikoa. Hala, Marxek Hegelek planteatutako ikuspegi idealista alboratu eta ikuspegi materialista bat eskaintzen du.
Egitura Ekonomikoa eta Gainegitura
Marxek gizartean bi egitura bereizten ditu: egitura ekonomikoa eta gainegitura. Egitura ekonomikoa da gizartearen funtzionamendua eta bizimoduaren oinarria, eta bertan sartzen dira produkzio-baliabideak (lurrak, tresnak, lantegiak) eta ekoizpen-harremanak (lana eta jabetza nola antolatzen diren). Gainegitura, berriz, ideiek, erakundeek, legeek eta sinesmenek osatzen dute, eta horiek guztiek egitura ekonomikoaren eragina jasotzen dute. Marxen arabera, egitura ekonomikoa dela gizartearen pentsamendu eta ideologia guztiak baldintzatzen dituena.
Gizartearen Bilakaera eta Kapitalismoa
Marxen ustez, gizartearen bilakaera produkzio-moduen aldaketen bidez gertatzen dela, eta giza historia komunismo primitiboan hasi zela, ondoren esklabotzan, feudalismoan eta kapitalismoan garatuz joan zela. Kapitalismoa zen Marxen garaiko gizartearen sistema nagusia, eta sistema horretan produkzio-baliabideen jabetza pribatua zen nagusi. Hala ere, Marxek sistema kapitalista desegingo zela aurreikusi zuen, krisi ekonomikoak eta klase-borroka handiagoak sortuko zirelako.
Iraultza Marxen Ikuspegitik
Iraultzak, Marxen ustez, langile-klaseak kapitalismoaren aurka borrokatzean eta klase-kontzientzia garatzean sortuko ziren. Langileek burgesiaren sistema politiko eta juridikoaren aurka antolatu behar zutela zioen, eta horrela gizartea eraldatuz komunismoa ezarriko zutela. Horretarako, langile-klaseak estatuaren kontrola hartu behar zuela, eta horren bidez kapitalismoaren amaiera eta produkzio-baliabideen sozializazioa lortuko zirela. Marxek adierazi zuen iraultza hori ez zela erraza izango, burgesiak baliabide asko zituelako bere sistema defendatzeko, eta horregatik iraultza bortizki eta indarkeriaren bidez gertatuko zela. Marxek uste zuen trantsizio hori ez zela luzea izango eta iraultzaren ostean komunismoa ezarriko zela, non produkzio-baliabideak sozializatuko zirela eta langile-klasearen askapena lortuko zela.
Komunismoa
Marxek komunismoa kapitalismoaren alternatiba gisa proposatu zuen, eta hau sistema bat dela, non produkzio-baliabideak (lurrak, lantegiak eta makinak) gizartearen jabetzakoak izango diren. Kapitalismoa sistema ezegonkorra dela, bere barne-kontraesanek suntsituko dutela eta langileriaren indar eraldatzaileak horretan eginkizuna izango duela. Marxek uste zuen sistema kapitalistak porrot egingo zuela eta horrek gizarte berri bat sortzea ekarriko zuela: komunismoa. Gizarte horretan klase-bereizketak desagertuko direla eta kapitalisten eta langileen artean esplotaziorik ez dela izango. Alienazioa amaituko dela eta gizarte berri horretan gizaki guztiak berdinak izango direla. Marxen arabera, klase sozialak desagertuko direla eta horrekin batera klase-gatazka ere amaituko dela. Komunismoan estatua ere desagertuko litzatekeela, ez baita beharrezkoa izango klase menperatzaileak ezabatu direnean.
Komunismoan, ez du esan nahi denek berdin bizi behar dutenik. Marxek aberastasuna guztien artean banatzea eta produkzio-baliabideen jabetza pribatuarekin lotutako esplotazioa desagertzea defendatzen zuen. Hala ere, Marxek argi esan zuen gizartean behar bereziak dituztenek arreta berezia jaso behar dutela. Marxek bere ideiak sintetizatu zituen esaldi ezagun baten bidez: "Bakoitzarengandik haren ahalmenen arabera, bakoitzari bere beharren arabera". Horrela, komunismoak ez du guztientzako bizi-maila berdina bermatzen, baina gizarte guztientzat bidezkoena izango litzatekeela.
Marxismoaren Eragina Munduan
Marxen ideiek mundu osoko hainbat iraultza sozial eta politiko inspiratu dituzte. SESBen, Txinan, Kuban, Vietnamen eta beste hainbat herrialdetan Marxen oinarrian eraiki ziren erregimenak. XX. mendearen bigarren erdian mundua bi bloketan banatu zen: mendebaldeko kapitalismoaren blokea eta SESBen lideratutako komunismoaren ekialdeko blokea. Hala ere, 1990eko hamarkadan SESBen desegitearekin, Marxismoaren garaia amaitu zela uste izan zen. Hala ere, beste batzuek defendatzen dute Marxismoaren printzipioak oraindik bizirik dirautela, klase-menperakuntzak eta langile-klasearen borroka oraindik indarrean daudelako.
Marxismoaren Kritikak eta Alderdi Positiboak
Marxismoaren inguruan hainbat kritika egon dira. Adibidez, Marxek ingurumenaren egoera eta naturaren ustiapenaren arazoa ez zituen kontuan hartu, eta hori XXI. mendeko gizartearen erronka handienetako bat da. Beste batzuek Marxen ikuspegi antropologikoa kritikatu dute, giza desberdintasunak ekonomian oinarrituta azaldu eta egitura ekonomiko bat aldatuz gero giza natura ere aldatuko zela ulertzen zuelako. Hala ere, Marxen planteamenduek gizartearen injustizia eta zapalkuntzaren aurkako borroka sustatu zuten. Langile-klaseak bere kontzientzia hartu zuen, eta horrek hainbat lorpen sozial lortzea ekarri zuen, hala nola gizarte-segurantza, lan-esparruan egindako murrizketak eta langile-klasearen erosteko ahalmena handitzea. Horregatik, alderdi sozialistak eta komunistak, bai eta sindikatuak ere, oraindik existitzen dira mundu osoan eta Marxen printzipioek indarrean dirau. Hala ere, momentuz Marxen aurreikuspenak ez dira bete, kapitalismoak gainditu egin baititu bere krisiak eta gizarte komunista ez baita iritsi oraindik.